Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Beste harrokeria bat

Beste harrokeria bat

xme 2005/05/06 08:00

(Neure lanean argitaratzen ditudan liburuen egileei elkarrizketak sartu ohi ditut hemen. Gaur, berriz, neu naiz idazlea, eta Karmele Jaiok egin dizkit galderak. Zuen onginahiak barkagarri egingo duelakoan)

Xabier Mendiguren Elizegi: «Istorioen asmatzaile naizen aldetik, iturrietara itzultzea izan da liburu hau»

Autobiografia eta saiakeratik hurbil dauden obrak argitaratu ondoren, fikziora itzuli da Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964) Bihotz Gosetien kluba liburuarekin. Gogoa zuela aitortu digu. Bost narrazio labur eta luzeagoak bildu ditu maitasunaren nahi eta ezinaren gaiaren inguruan. Umorez zipriztindutako istorioak dira, autorearen begi-keinu batekin irakurlearen konplizitatea pizten dutenak.

Ipuinetik nobelarako bidean doazen bi testu luze eta beste hiru ipuin laburrek osatzen dute Bihotz Gosetien Kluba liburua. Nola sortu da liburu hau? Aspaldi idatzitako lanak bildu dituzu ala espresuki idatzi dituzu liburu honetarako?

Iaz idatzitako lanak dira ia osorik, 2003 hondarrean idatzitako gauzaren bat ere baden arren. Kasu honetan ez nuen liburua aldez aurretik planteatu. "Perikitoen bakardadea" Administrazioa euskaraz aldizkariaren eskari bati erantzunez idatzi nuen (eguberri giroko zerbait eta neurri jakinekoa eskatu zidaten). "Une egokia, hitz egokiak" ere Berria-ko udako ipuinetarako idatzi nuen. Hala ere, horiek dira laburrenak. Besteak, luzeago direnak, neure kasa sortu nituen. Banituen testu gehiago ere garai berean sortuak, Txalapartaren Lehenengo aldia libururako idatzitako ipuin bat, esaterako. Momentu batean ikusi nuen material narratibo dexentekoa neukala, horrekin zer egin hasi nintzen pentsatzen eta, buelta asko eman ondoren, ipuin batzuk baztertu eta besteak utzi, bilduma hauxe osatu nuen, orain daukan egiturarekin.

Autobiografia eta saiakeratik hurbil dauden liburuak idatzi ondoren fikziora itzuli zara. Bueltatzeko gogoz zeunden? Non ikusten duzu erosoago zure burua?

Gogoa nuen, bai. Garai batean nik uste ase egin nintzela fikzioaz, edo espresio-bide berriak esperimentatu nahi nituela, eta hortik sortu ziren Errekarteko koadernoa eta Arbelaren gainean. Fikzio izanda ere oroitzapenetik dexente dutenak ere atera ditut azken aldian: Gure barrioa 1975, Uda betiko balitz... Ez dakit bide hori betiko itxita dagoen, baina iruditzen zitzaidan pasatzen ari ote nintzen, norbere baitan arakatze hori literatura egiteko bide zintzoa iruditu arren zilborkerian eror nintekeela, eta ni, azken batean, istorioen asmatzaile bat naiz. Iturrietara itzultzea izan da, alde horretatik, liburu hau.

*Iturrietara itzultze hori dela-eta, gorabehera sentimentalak dira nagusi liburuan; hain zuzen, aurreko ipuin bilduma batzuetan ere gai nagusia izandakoa (Sei ipuin amodiozko bilduman adibidez). Zergatik egin duzu hautu hau? Eroso sentitzen zara bihotzarekin zerikusia duten gai hauek jorratzen?*

Gai eternala da, ezta? Horrexen inguruan egin nituen neure lehenengo istorioak orain dela 20 urte; aldez edo moldez beti agertu da nire idazlan askotan, eta protagonismoa osoarekin itzuli da orain; berrogeiko krisiagatik izango da igual (barreak).

Protagonisten ase ezina

Ipuinetako protagonistak euren bihotzen gosea ase nahian dabiltza, eta nahi eta ezinaren arteko borroka islatzen da istorio bakoitzean. Gizakion bihotzak ase-ezinak direla uste duzu? Bihotz gosetien klubekoak al gara denok?

Bruce Springsteen-en kantu ezagun baten leloa ipini dut liburuaren atariko: "Everybody's got a hungry heart" (Denok dugu bihotz goseti bat). Zure galderarentzako erantzuna izan daiteke hori. Dena dela, ez daukat teoriarik giza arimaz, maitasunaz edo beste ezertaz. Besterik gabe, kontakizunak asmatu ditut, eta nire istorio horietako protagonistek ase ezin bat bizi dute, neurri batean gizon-emakume guztiok sentitzen duguna, edo noizbait sentitu izan duguna. Asealdiak ere izaten dira gure bizitzan, baina narraziorako aberatsago eta interesgarriagoa da, dudarik gabe, insatisfazio batetik abiatzea.

**Umorez zipriztinduta daude ipuinak. Zenbait egoera tragiko barregarri bihurtzen dituzu, egoera “patetikoetan” aurkezten dizkiguzu zenbait pertsonaia eta aldi berean, lortzen duzu irakurlea hauekin identifikatu eta bat egitea. Honelako gaiak lantzeko orduan eta identifikazio hori lortzeko umorea lagungarri izan daitekeela uste duzu?**

Identifikazioa ez da nahita bilatutako baliabidea izan. Nik neuk, ukitu autobiografikoa duten lanetatik aparte ere, joera nabarmena dut lehen pertsona erabiltzeko fikzioetan, testuari indarra eta benetakotasuna eransteko bitarteko moduan; liburu honetan, ordea, sarrerako ipuintxoa kenduta, hirugarren pertsonan kontatu ditut beste guztiak. Identifikazioa beste nonbaitetik dator: lehentxeago esan dizudan moduan, sakonean begiratuz gero, denok izan ditugu noizbait halako edo antzeko bihozminak, denok sentitzen gara, neurri handiagoan edo txikiagoan, maitasun beharrean. Biologiak berak dakar hori. Umorea, berriz, ez dakit nahita bilatu dudan ala oharkabean etorri zaidan, baina ezinbesteko osagaia da liburu honetan, baita nire obra gehienetan ere; ez dakit zauriak goxatzeko ukendua den edo gauzak erlatibizatzeko tresna; irakurlearekin identifikatzeko balio dezake, zuk diozun bezala, edo igual gehiago haren konplizitatea bilatzeko, begi-keinu bat egingo bazenio bezala.

Istorio gazi-gozoak

Umorez kontatzen badituzu ere, gehienetan pertsonaien desgraziak aipatzen dira. Desgrazien kontakizuna errazagoa al da pozez eta baikortasunez betetako istorioaren kontakizuna baino?

Zoriontasun hutsak, irrika pertsonal moduan zentzua izan arren, nekez sortuko du literaturarik; azken batean gatazkaren bat behar duzu kontatzeko. Hala ere, poz eta baikortasunez beteriko istorioak ez dira inondik ere gutxiestekoak, eta meritu handia dauka, ñañokerian erori gabe, istorio baikor bat txukun idazten duenak. Nik, neurez, kontu ilunagoetarako joera daukat, ordea: garai batean amaiera tragiko samarrak asmatzen nituen, "happy end" bat ez zela ezeren amaiera iruditzen zitzaidan; gaur gazi-gozoak dira nire istorioak, mikaztasun puntu batekin baina bukaera irekiarekin hala ere; dena dela, nik uste nahita ere ezingo nukeela ipuin gozo eta positibo bat egin, sinesgaitza irudituko litzaidake.

Bakardadea, sedukzioa, jelosia eta horrelako gaiak irakurleak erraz errekonozitu ditzakeen testuinguruetan gertatzen dira. Badago, adibidez, preso duen mutil lagunari bisita egitera beste senide batzuekin autobusez doan emakumearen istorioa, gure herrian aski ezaguna den egoera bat.

Gai horrekin bueltaka ibili nintzen bolada batean, hortik zerbait idatz ote nezakeen. Bisita baten inguruko antzerki-lan bat egin nahi nuen, baina mingarriegia egiten zitzaidan situazioa, ez nekien nola jokatu behar zuten pertsonaiek, zer pentsatuko eta esango zuten. Bisitan doanaren ikuspegia interesatzen zitzaidan batez ere, eta, haren buruan sartzen joateko-edo, poema batzuk idatzi nituen, argitaratu ez ditudanak, gero ipuin hau, "Trip", eta azkenean ausartu nintzen antzerkia idaztera, bisita bera agertzen duena: "Amodioaren ziega" du izena, eta "Heroien gaua" izeneko beste teatro-lan batekin batera plazaratu zuen iazko udazkenean Artezblai argitaletxeak.

Aurretik idatzitako ipuinekin alderatuz, zer elementu berri aurkituko ditu irakurleak ipuin hauetan? Ba al dago alde handirik?

Igual irakurleak berak esan behar luke, edo kritikoek. Ni istorio on batzuk sortzen ahalegindu naiz. Hortik aurrera, ez dut uste niri dagokidanik halako baloraziorik egitea.

Erraz irakurtzen diren ipuinak dira. Zer nabarmenduko zenuke estiloari dagokionez?

Niretzat beti izan da inportantea irakurgarritasuna. Argumentu erakargarriak asmatzea, istorioak erritmo egokian kontatzea... Eta estiloari dagokionez, zer esanik ez. Hau da, esan nahi dudana ahalik eta indar handienarekin eta ñabardura guztiekin esan, baina irakurleak lehen begi-kolpean harrapatzeko moduan. Irakurri eta ulertzen ez dena, niretzat ez da aberatsago edo konplexuagoa: da gaizki idatzia.

etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.