Ardi gaixoak
Nire bulegoko mahaiaren parean leihoa daukat, benetako pribilegioa gaur egun, eta, luxua areagotzeko, bertatik belardi-puska bat ikusten dut, non ardiak ibiltzen diren tarteka belarra jaten. Azken egunetan ez ditut ikusi; beraz, pentsatzekoa da mendi aldeko larreetara eramango zituela artzainak.
Izan ere, maiatzaren batean "larreen irekitzea" ospatu zuten Larraitzen; egun berean eta kilometro gutxira, artzainaren edo ardi-gaztaren eguna egin zuten Idiazabalen. Horrelako jaialdiak, gero eta gehiago, baserritar, artzain edo arrantzaleen izenean baina kaletarrentzat antolatutako ikuskizun hutsak direla esango nuke. Baserrian jaio eta haren miraz bizi diren gizaseme edadekoak honen errapeak eta haren adarrak komentatzen ibiliko dira, baxoerdien artean; guraso gazteak beren haurrekin joango dira, egun-pasa kulturala egitera, "begira ttottoa, begira ardia"...
Ez dezadan barne turismoa kritikatu ordea. Gaur ardiak ditut hizpide; Aralarren ibiliko dira beharbada nik leihotik ikusten nituenak, harategirako bidea hartu dutenak alde batera utziz gero, noski. Izan ere, ardiak zenbat maite ditugun-eta hasten garenean, badirudi ahaztu edo ezkutatu egiten dugula zertarako nahi eta maite ditugun: haien umeak jateko eta amek nori eman ez duten esne horrekin gaztak egiteko.
Azken hauteskundeetan alderdi animalista bat aurkeztu zen (hori izan daiteke hurrengoan ezker abertzalearentzako estalki-babes-helduleku edo dena delakoa?), eta kartelen bat ikusi nuen, txekor, ardi eta zerri batzuk agertzen zituena, "Ez gaitzzazu jan" leloarekin. Hala ere, pentsatzen jarrita, gure planetak hartu duen jende-betekada hartu eta gero, oilo, ardi, behi eta abarrak gure probetxurako hazi eta hiltzeari utziko bagenio, izango al lukete inon libre bizitzerik? Zooetan eta erreserba naturalen batean ikusi beharko genituzke seguru asko, baina gaur gure menpean dauzkagunak baino hobeto biziko lirateke, dudarik gabe.
Espezie okerra eta makurra da gurea, beste guztientzat. Okerra, akabatu, mutilatu, torturatu egiten ditugulako; eta makurra, animaliok asko maite ditugula uste dugulako. Ez dut otsoa imajinatzen bere otsokumeei esaten: "Begira ardia, ze polita; egin maitea-maitea".
"Eta honek zer nahi du orduan?", galdetuko dit baten batek. Ez daukat erantzunik ordea, eta bai kontraesan larriak: atzo, adibidez, arkumea jan nuen bazkaltzeko, eta on askoa zegoela esan behar.
Kalekumearen ikuspegia, Xabier. ;-)
Beleari ipurbeltz deitzen dion kalekume zozo honek, baditu bere konklusioak aterata aspalditik.
Ez dakit ze tributan, Afrikan, animalia hil baino lehen barkamena eskatzen diote. "barkatu animalia, baina biziko bagera, hil egin behar zaitugu", eta akabatu egiten dute.
Ondo iruditzen zait. Nik ere berdin egingo nuke.
Nik ardiak maite ditut, baina ez bakarrik hil ondoren haren haragia jaten dedalako. Bizirik daudela ere maite ditut. Politak dira, eta pozik jasotzen dituzte laztanak. Zergaitik ez laztandu?
Kontua da, nik nere burua animalia gisa ulertzen dedala. Ez ardiak baino gehiago, baina bai, superbizipenaren burruka honetan, indartsuago.
Belarrak, sufritzen ote du? Ardiek belarra jaten dute.
Indian badago kasta bat, ibilian erratza pasatzen juten direnak xomorrorik ez zapaltzeko. Eta ahal dan aire gutxien hartzen saiatzen dira, bakteriak edo dana dalakoak ez hiltzeko.
Nere ustez, konparazioak egiterakoan oso kontuz ibili behar da. Ezin dira maila berean ipini ardia eta pertsona. Txingurria eta pertsona. Ez batek besteak baino garrantzi haundiagoa duelako, baizik eta ardia edo txingurriaren larruan egon gabe, ezinezkoa zaigulako haiek sentitzen dutena jakitea. Eta jakin gabe ere, igerri, igertzen diot nik, ardiek, edo txingurriek, ez dutela guk adina sufritzen inundik inora. Izan ere, gu beti gera konsziente etorkizunaz, eta iraganaz. Eurak oraina baino ez dute bizitzen, zorionekoak.
Beste kontu bat da, ondo diozun bezela, animaliak torturatzea bizirik dauden bitartean, granjetan. Grabea, eta kaltegarria, behar degunaren hirukoitza jatea.
Neurriz jan beharko genuke. Baina konplikatua da. Ardiak ere ez du neurririk izaten. Aurrean duen guztia jaten du. Animalia gehienak bezelaxe.
Desorden pixkabatekin, baina bota ditut batzuk. Gai polita da, guztiz filosofikoa.