Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Itsasoa bete mosu

Itsasoa bete mosu

xme 2005/05/11 08:00

(Begoña Bilbao hil dela-eta, haren oroigarri Berria-rako idatzitako artikulua)

Badira pertsonak, ezagutu bezain laster bere maitasuna, gizatasuna, eskuzabaltasuna ezagutarazten dizutenak. Begoña Bilbao horietakoa zen.

Ez naiz oroitzen noiz ezagutu nuen, baina betidaniko senide, auzo, laguna nuela sentiarazten zidan, eta halaxe sentitzen dut orain ere. Adineko emakumea zen ordurako, baina adinean sartzearekin batean bigarren gaztaro batean sartu zen. Seguru asko inoiz ez zion utzi gazte izateari, horrenbestekoa zen haren indarra, haren ilusioa, haren poza...

Bere istorioen bitartez suma dezakegu ume-garaiko Bermeo hartako giroa: kresalaren bizia eta frankismoaren gezia. Besteren ahotik entzun nuen lehenengoz Begoñak Lupe alaba kantariarekin Euskal Herrian barrena egin zituen ibileren berri, euskal kantu berriaren sasoian batera eta bestera, ama neska koxkorraren zaindari. Begoñak berak kontatuta dakizkit Bermeon gau eskola bat sortzeko eta alfabetatzeari bultzada emateko izan zituzten borrokak, guardia zibilekin ez ezik hainbat euskaldun epel eta txepelekin, bere senar zenaren laguntzaz beti.

Familia hazi eta gero egin zuen gaztetan ezin izan zuena: karrera bat ikasi, euskal filologia. Berari zor zaio Bermeoko euskararen bilketa handia, baita udaletxetik hizkuntzaren alde egindako hainbat lan ere. Baina horrez gain, horren gainetik beharbada, sortzaile sentitzen zen: bazuen istorioak asmatzeko nahi bat, bere oroitzapen, sentimendu eta ideiak adierazteko.

Gezurra esango nuke idazle handia zela esanez gero, baina asmatu zituen istorio eder eta hunkigarriak ("Isuritako ura ez da batzen" ipuin miragarri hura, esaterako). Bihotza neurtuko bagenio, berriz, demasa zuela ohartuko ginateke, neurriz gainekoa.

Agurtzerakoan esaten zenidan bezala esango dizut nik ere, Begoña: itsasoa bete mosu.

Patxi
Patxi dio:
2005/05/17 03:11

Ze ilusioa Markos!

Batekin konformatzen naiz. Izan ere... Denboraz ez bainabil batere aberats.

Edozein, Xabierrek aipatzen duen hori bazenu primeran. Gustora asko jasoko det, helbide honetan:

Patxi Iraeta Legazpi kalea, 14 20700 Zumarraga

Patxi
Patxi dio:
2005/05/15 03:41

Telebistan ikusi nuen, ezagutzen ez nuen emakume hau, jun dan egunean, eta oso gertukoa sentitu nuen. Berandu ezagutu det. Izena berriz ez zait berehala ahaztuko, eta inoiz bere obraren batekin topo egiten badet, oso ondo gogoratuko det.

Itsasoa bete mosu. Sekula entzun gabe, baina entzuten dedan aldioro, emozionatu. Igual inoiz euskeraz entzun dedan esakerarik politena.

Eskerrikasko Begoña.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2005/05/16 15:08

patxi, etxean badauzkagu Begoña Bilbaoren liburu batzuk, nora bidaliko dizkizut?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.