Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ondarea goratu, ondarea izorratu

Ondarea goratu, ondarea izorratu

xme 2005/05/16 08:30

(Atzo San Isidro, baserritarren patroia; gure artean geratzen diren baserritar apurren eta bereziki nire osaba Mielen ohorez, horra "Goierritarra" aldizkariaren azken alean idatzi dudana)

Zuek imajinatu herriko agintari-jendeari galdetzen diogula zer pentsatzen duen gure ondareaz; zehatzago esanda, zer iritzi duen euskal baserriaz, adibidez. Ahoa bete gozo hasiko lirateke: gure aberastasun kulturala, edertasun arkitektonikoa, nortasun espirituala, arbasoen ekarria, esentzien gordailua, ohituren kutxa, euskararen habia

Hori dena maila abstraktuan geratzen da. Mamirik gabeko ideia bat dela esan liteke, Aberria edo Iraultza diren bezala. Har dezagun orain baserri jakin bat, zehatz eta egiazkoa. Ez dakit lehengo dohain horiek bere horretan jarraitzen duten; badakigu, ordea, familia bat daukagula bertan, duela mende batzuetatik hona, eta zenbait abere ere bai; ez asko, dena dela, gaur behiek ez dute diru askorik ematen-eta, ez haragitarako, ez esnetarako gobernatuta ere.

Ekonomiaren aldetik desastre hutsa, beraz. Baina pagotxa ere izan liteke baserria, beste era batean aprobetxatuz gero. Baserri hau ez dago basoan galduta, etxeak ere badauzka aldamenean. Mendiaren eta herriaren arteko mugan dagoela esan liteke. Muga hori ez da mugiezina ordea: baserria botatzen badugu, eta bere tokian etxebizitzak egin, bere garaje, dendetarako etxabe eta abar guztiekin, egundoko negozioa egin liteke.

Orain imajinatu hasierako agintaria, alde batean baserria duela, eta bestean konfiantza osoko etxegileek egindako planoa, urbanizazio plan berriekin; galdetu diezaiogun berriro, zertan den gure gurasoen herentzia eta guztion ondasunarekiko errespetua. Diskurtsoa apur bat aldatuko litzaioke: aurrerapenari ateak ireki beharra, iragan zaharkituan gelditu ezina, gazteen etxebizitza-premiak, herri moderno baten garapena Eta esan gabe utziko lituzkeenak: lurra mugitzen den tokian dirua mugitzen da, eta haretxek ematen digu, maitia, bihotzian poza. Bihotzean poza, eta botoen poltsa.

Hau dena ez da ipuina, hainbat tokitan eta alditan gertatutakoaren kronika baizik. Eta azkena, Beasainen: arau subsidiario berrietan, hiri-lurrak bihurtzen dira nekazaritzako hainbat sail, eta Errekarte Haundi baserria bota. Ez dakit zenbatgarren mendean eraikitakoa, liburuek diotenez Karrera arkitektoen jaiotetxea, baita San Martin Loinazkoaren sortetxea ere Martin Mendizabal historialariaren ustez. Udalari bost axola Aita Santua bertan jaiota ere, turismorako etekinik ematen ez badu behintzat. Aita Santua ez baina nire aita jaio zen han, eta hori dut protesta egiteko arrazoi bat; baina etxekoak ez banitu ere berdin-berdin egingo nuke aldarri: bada garaia txikizioa gelditzeko, eta zutik geratzen diren baserri apurretatik bakar bat ere ez botatzeko. Gure historiaren, kulturaren eta benetako zibilizazioaren izenean, amen.

asel
asel dio:
2005/05/16 15:00

amen, bai, amen batean botako dituzte hirigintza modernorako oztopo diren baserri guztiak, batzuen amen zein aiten jaio lekuak izan eta atzean mendeetako historia izan. Sosari so. Baserriak oso polit geratzen dira Txomin Agirreren liburuetan, euren ezaugarri jator guztiekin. Argazkietan ere bai, euskaldunok zer ginen kontatzeko. Eta postaletan, postaletan batez ere. Etorri eta kontazazu... Errekarte Haundi bota dute ala botatzekotan dabiltza? Beasain barruan geratzen zaizuen (edo zitzaizuen) etxe polit bakarretarikoa! elkartasuna adierazteak zeozertarako balio badu... ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.