Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Altxatzen ez denean

Altxatzen ez denean

xme 2005/05/17 08:00

(Gaur Berria-n ateratako artikulua, Philip Roth-en "El animal moribundo" (Alfaguara, 2002) eta Gabriel García Márquez-en "Memoria de mis putas tristes" (Mondadori, 2004) nobelei buruz)

"Bigunak gogortu ta / gogorrak bigundu" sententzia erabatekoaz definitu omen zuen gizonezkoaren zahartzaroa Artxanberri bertsolari zaldibiarrak. Burmuina ez dakit nik gogortzen edo biguntzen diren organoetan sartu beharko genukeen; beste gorputz-atal batzuen aldean luzaroago eusten dio sasoiari, nahiz eta beheraldia saihestezina izan.

Liburu bi ekarri nahi ditut aipu honetara, beste horrenbeste idazle handirenak. Bata Gabriel García Márquez (Aracataca, Kolonbia, 1928), XX. mendeko gaztelaniazko idazle unibertsalena, 1982ko Nobel sariduna, eta bestea Philip Roth (New Jersey, AEB, 1933), idazle estatubatuar-judutarren tradizio joriko emaitza gorenetakoa, Nobel saria irabazteko urteroko hautagaia.

Ez dago esan beharrik zenbateraino diren bata zein bestea idazle handi eta miresgarriak; ohore ofizialez gainera, nik neuk gogoz irakurri eta dastatu ditut haien hainbat liburu, eta adinak ez die erasan oraindik beren gaitasun intelektualei: hor daude, erakusgarri, García Márquezen gaztetako urteetako autobiografia potoloa, edo Roth-en trilogia txundigarria, Estatu Batuen mende oso bateko erretratua osatzen duena.

Azken aldiko liburu bana daukate, ordea, nire ustez behintzat beren ibilbidearen duin ez direnak, eta, estu jarriz gero, lotsagarri samarrak ere badirenak. Bata, kolonbiarraren azkena, iazko liburu salduenetakoa: "Memoria de mis putas tristes", 109 orritxoko nobelatxoa, di-da batean irakurtzen dena, erraz eta eroso, baina ez halako ondoez bat gabe: "diru gehiago behar ote zuen Márquez-ek?", galdetzen dio irakurleak bere buruari, garbi baitago prestigio handiagoa behinik behin ez diola ekarriko. Izatekotan kontrakoa.

Nobelaren argumentua, aditzez bada ere, ezaguna izango duzue askok: 90 urte betetzean, gizaseme batek bere buruari opari egitea erabakitzen du, neskatxa birjina batekin oheratzea (Delgadina xarmanta izango da kazetari krakatsu horren biktima). Gaia hasieratik emateko teknika sarritan erabili du Márquezek (oroit, esaterako, "Heriotza iragarritako baten kronika"), eta badu aski baliabide eta abildade erritmoari eta interesari eusteko. Baina dena oso ahula eta merke antxekoa delako irudipena geratzen zaio irakurleari.

Estatubatuarraren nobelak, berriz ("El animal moribundo", "The Dying Animal"), beste gizonezko adindu bat aurkezten digu, David Kepesh kritikari, irakasle eta intelektuala, zaharra izan arren neskatxa gazteak limurtzeko gaitasuna galdu ez duena, eta hain zuzen horietako batekin "Consuelo Castillo kubatar jatorriko ikasle gaztearekin" izandako harremanaren kontaketak osatzen du Rothen lantxo hau (bere ohiko eleberrien aldean askoz laburragoa).

Hemen ere Rothen prosa ahaltsua eta pertsonaien barrunbeetan sakontzeko ahala aurki ditzakegu, istorioa garatzeko ofizioarekin batean. Baina berriz ere lehengo galdera: ze nezesidade, daukan obra bikaina edukita, erdipurdiko ale hau eransteko...?

Eta kezka bat, bi lanen kointzidentziak eragin didana: idazle horien bizitza pribatuan sartzeko batere asmorik gabe, ez ote da susmagarria, noiz eta gainbehera fisikoaren aldian sartuta behar dutenean, beren obran horrelako lan bat txertatzea, non aguretutako gizona oraindik ere balentria sexualak egiten dabilen?

Auskalo guk ere nola eta zertan amaituko dugun baina, oraingo adin ertainaren talaiatik begiratuta, Marik edo Ortzik edo dena delakoak libra gaitzala horrelako mutikokerietatik.

&&&

Honaino egunkariko iruzkina. Ez dakit gogoan izango duzuen orain dela egun batzuk aipatu nuen filma: Nelly et Monsieur Arnaud Castet-ek egina. Han ere agurearen eta emakume gaztearen arteko maitasuna planteatzen zen, baina kasu honetan, askotan esan eta errepikatu denaren kontra, zinema gertatzen da literatura baino sakonago eta zintzoago, Nobelak Nobel.

etiketak: Liburu kritikak
hec
hec dio:
2005/05/17 16:17

Harrituta geratuta naiz gaurko BERRIAn Xabierrek Phillip Rothi buruz dioenean. "Ze nezesidade, daukan obra bikaina edukita, erdipurdiko ale hau eransteko...?". Pena emango lidake Xabierren hitz horietan fidatu, eta baten batek liburua ez irakurtzea erabakiko balu. XM aholkulari ona da ia beti, baina "ia" horri heldurik, neure desadostasuna erakutsi nahiko nuke eta liburu horren irakurketara bultzatu. Izan ere, EL ANIMAL MORIBUNDO ez baita "erdipurdiko" niretzat. Ene aburuz bikaina da, eta sekulakoa irakurri nuenean eskaini zidaneko plazera.Roth-en beste zenbait lan baino gusturago irakurri nuen, behintzat. Gustu kontua izango da.

Patxi
Patxi dio:
2005/05/17 13:42

Luis Buñuelek zioen bere autobiografian, desiatzen zegoela libidoa behingoz noiz itzaliko zitzaion. Sexu egarriak arazoak baino ez zizkiola ematen. Jubilazio lasaia nahi zuela berak.

Beharbada ase aseta zegoelako, Marquez eta Roth ez bezela?

Beharbada Viagrak kalte kolateralak eragiten ditu artisten burmuinean?

xme
xme dio:
2005/05/18 20:09

hec-ek arrazoia izango du bere komentarioan. Nik uste arkeriaren kontua izan zela asaldatu ninduena, eta Garcia Marquezekiko kointzidentzia kritika hori idaztera eraman ninduena. (Zuzentasun politikoan erori ote naiz ni ere?) Dena dela, Roth-en liburuak irakurtzea merezi du, eta bere obra gehienak baino atseginagoa da, hori ere egia da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.