Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ezin denean ezin da

Ezin denean ezin da

xme 2005/05/10 09:25

Neska gazte eta eder bat da Nelly, gauzak oso ondo ez doazkiona: gainbehera doa senar ganorabakoarekiko harremana, eta diruz ere larri dabil, lan egiten zuen argitaletxea itxi eta gero. Halako batean, kasualitatez, Arnaud jauna ezagutuko du, berak baino 35 bat urte gehiago dituen erretiratu dotore bat, epaile eta negozio-gizona izandakoa, trukean ezer eskatu gabe laguntza eskaintzen diona.

Horrela abiatzen da "Nelly et Monsieur Arnaud", Claude Sautet-en filma, joan den astean telebistan eman zutena. Maitasun-harreman bat sortuko dela pentsa dezake ikusleak; izan ere, zenbat aldiz ez ote dugu pantailetan ikusi emakume gaztea gizaseme helduarekin txoratuta? Alderantzizkoa ez bezala. Emakumea banintz sutan jarriko nintzateke: egunero entzun eta entzun zein sexyak diren Sean Connery, Paul Newman, Robert Redford... Mesedez! Adinak bere mugak ditu, eta zimurrak zimur dira beti, begi urdin batzuk inguratu arren.

Hau ez da ohiko film amerikarra ordea. Lankide-harreman bat sortuko da neska gaztearen eta gizon zaharraren artean, honen oroitzapenak orrazten eta makinaz jartzen lagunduko baitio hark. Horrez gain, adiskidetasun moduko bat loratuko da bi arima bakarti samar horien artean, eta sumatzen da Arnaud txorrotx eta ttenttea (Michel Serrault) maitemintzen ere ari dela Nelly malenkoniatsuarekin (Emmanuelle Beart).

Pelikulak baditu beste zenbait hari: Nellyk editore ligoi batekin daukan afera laburra eta beste, baina muina agurearen pasio isil hori da: bera ohartzen da inor baino hobeto bere grinaren zentzugabekeriaz, eta inola ere ez luke barregarri edo negargarri aritu nahi. Hitz gutxiz eta dotorezia handiz kontatzen digu Sautet-ek amodio ezinezko honen historia, eta kontraste nabarmena egiten du gogoan ditudan zenbait libururekin. Baina horretaz, hurrengoan hitz egingo dizuet.

etiketak: zinema
Gari
Gari dio:
2005/05/13 10:17

Artikulu hau irakurrita filma sujerentea iruditu zait eta andreari komentatu diot: "Ikusi nahi nuke filma hori Eibarrera ekartzen dutenean". Berak ezetz, aspaldiko filma dela eta telebistan eman berri dutela. Orain joan naiz IMDBra eta kontxo! 10 urte ditu filma horrek!

Eskerrik asko ekartzeagatik Xabier. Bideoklubean bilatu behar... (ez da egongo, seguru)

Patxi
Patxi dio:
2005/05/15 04:43

Neskazaharrak erridikuloa deritzo bere egoerari, eta, erruki pixkat ematen du gaxuak.

Pentsatzen jartzen bagera berriz, gizakia horixe da ia beti, neskazaharra, mutil gaztearekin maiteminduta. Oso gutxitan aurkitzen du gizakiak bere maitea dan horren aldetik pareko ordainik.

Maizago gertatzen da, konformatzea datorrenarekin.

Eta askotan, asmatu ere bai, konformatzen.

Beste batzuk eutsi egiten diote maitasun sentipen sakon horri, eta ametsetan bizi dira etengabe. Alper alperrik sufrituz, hamaika sentipen zoragarri baztertuz, erabat beteko dituen maitasun guztiz oso horren esperantzan.

Beren buruan baino esistitzen ez dan maitasun oso orbainik gabekoa.

k
k dio:
2005/05/11 00:58

Bada, zineman dago orain "Ladies in Lavender" edo "La última primavera" deritzan filma, non kontrako egoera ematen den. Cornuallesen bizi diren bi atso (bata neskazaharra, bestea alarguna) mutiko bat aurkitzen dute hondartzan, naufragoa, antzaz. Nahiz eta hizkuntza bera hitz egin ez (mutikoa poloniarra da) apurka-apurka mutikoak emakumeen bihotza eskuratuko du, eta neskazaharraren kasuan mutilarengan sentitzen duena maitasun maternala baino gehiago halako inpultso erotikoa ere badagoela esan daiteke. Noski, haien arteko harreman sentimentala ezinezkoa da, emakumeak ez du saiatuko ere, badaki erridikulua dela bere egoera, baina hala ere ezin bere sentimenduei uko egin. Oso filma xamurra eta polita. Gomendagarria oso.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.