Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Martin Etxeberria: "Ibiltzen ikasten ari den haurra bezala nabil zalantzan"

Martin Etxeberria: "Ibiltzen ikasten ari den haurra bezala nabil zalantzan"

xme 2005/05/13 09:01

Anaia Xabierrekin batean nobela bat plazaratu ondoren (“Itxoidazu Café de Passy-n”, poema-liburu bat idatzi du Martin Etxeberriak (Zarautz, 1974), bakarka: “Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin”; egunerokotasuna eta gertukoarenganako kariñoa bindikatzen dituen poema-sorta, bizitzarekiko kezka eta zalantzak ezkutatu gabe baina.

Urte batzuk igaro dira aurreko poema-liburua plazaratu zenuenetik ("Katiluaren ipurdia", Alberdania, 1999). Bitarte honetan segitu duzu poesia idazten, ala isilaldi baten ostean hasi zara berriro?

Bitatik izan da. Poesia idazten jarraitu dut, tantaka batzuetan, zaparradaka besteetan, eta isilaldiak ere tartekatu ditut ekaitzen artean. Nolanahi ere, buruan izan dut beti poesia liburu berri bat osatzea, nahiz eta horretarako presa berezirik ez hartu. Alde batetik, anaiarekin batera haur literaturan hainbat ipuin eta kontakizun idazten aritu naizelako, eta, batez ere, atera berri den gure azken eleberriak ere (niretzat lehendabizikoak) denbora dezente kendu digulako. Bestalde, poesia mailan bigarren liburua ateratzeko garaian, garbi neukan, beste generoetan gertatzen den bezala bestalde, ezin dela atera ateratzeagatik, eta bigarren honek lehendabizikoaren aldean garapen bat edo balio erantsi bat behar zuela.

Badira, normala den bezala, aurreko liburuarekiko jarraipen-ildoak: maitasunaren gaia, esaterako, edo estiloaren soiltasuna. Badira desberdintasunak ere, forman nahiz edukian. Zein azpimarratuko zenuke?

Nik uste, aurreko liburuarekin alderatuz, liburu honetan (edo nire bizitzan beharbada, eta liburua da horren isla) galduta egotearen kontzientzia areagotu egin dela nabarmen, eta horrek formari nahiz edukiari eragiten diola. Izan ere, hori da nire iritziz liburuaren ildo nagusia: galduta nagoela eta nengoela konturatu naizela eta, horren ondorioz, bizitzara eta hurbilekoenera egiten dudan ihesa. Kontzientzia horrek eragiten du askotan hitz egitea maitasunaz, egunerokotasunaren printzak maiz azaltzea eta liburuan zehar maiz gailentzen den tonu inozo hori, azken batean, ibiltzen ikasten ari den haurra bezala oinarrizkoenera eta hurbilekoenera helduta nabilelako balantzan. Formari buruz, beste hainbeste: estilo aldetik aurrekoan baino aniztasun gehiago dago: badira poema oso narratiboak, badira poemak naif tankerakoak, haiku tankerakoak, estiloaren soiltasuna biluztasun bihurtzen den poemak... Ezinbesteko heterogenotasun bat dago forman, galduta egotearen kontzientzia eta ihesa ildo nagusi dituen edozertan dagoen bezala.

Lirismotik ihesi zabiltzala esan liteke, hizkuntza arrunta bilatuz eta eguneroko bizitzako elementuak sartuz; poesia hor non geratzen den galde lezake baten batek...

Ez daukat ideiarik ere. Besteak beste, poesia non geratzen den edo non dagoen edo non bazkaltzen duen arrastorik txikiena ere ez dudalako. Ez dakit ziur poesia zer den ere. Izan ere, ni poemak idazten saiatzera mugatzen naiz, ez poetikari buruz hausnartzera.

Talde eta mugimenduetatik aparte

Narratiba liburuak idatzi dituzu anaiarekin batean, eta orain ere ari zarete halako proiektu batean; poesiazkoak, berriz, bakarka. Azalpenen bat...?

Beno, asko egon daitezke beharbada, bai teknikoki eta bai bakoitzaren joerak kontuan hartuta. Dena dela, inoiz planteatu ez dugun gauza bat da hau. Ez zaigu horretarako gogorik sartu edo ez dugu horren beharrik sentitu, beste hitz batzuetan esanda. Azken batean, oraingoz behintzat poesia nire buruaren aurkako gerra bat bezala sentitzen dut, odoltsua eta luzea, eta ez dakit hor zauritu gehiago sortzea komeni den.

Joera ohikoetatik aparteko poesia iruditu zait zurea. Talde eta mugimenduetatik ere urrun samar ote zabiltzan errezeloa dut. Non dituzu erreferentziak poesia idaztean?

Erreferentzia bat baino gehiago ditut, eta horrek maila batean erreferentzien indarra galtzea dakar. Baditut gustuko idazle asko (Bukowski, Carver, Luis Garcia Montero, Mohamed Dibb, Ungaretti...), baina ez dut uste bereziki inoren zantzua dagoenik nire idazkeran, zoritxarrez. Bestalde, talde eta mugimenduetatik urrun samar ibili baino gehiago, erabat aparte nagoela uste dut. Ez txarra dela uste dudalako, baizik eta, besterik gabe, aparte nagoelako. Dena dela, ez dut uste guzti honek beste munduko idazle orijinala bihurtzen nauenik ere. Idazle pertsonala besterik ez nau bihurtzen, gehienera jota. Baina beno, egia esan, nor ez da pertsonala?

Bestalde, gaurko moda hori dela-eta, ez al duzu zuk ere errezitaldirik antolatu behar?

Ez dut horretarako asmo berezirik. Orain, egokituz gero edo norbaitek ardo bat hartu ondoren eskatuz gero ez dut uste ezezkorik emango dudanik ere. Bestela, nire liburua irakurtzeko idatzi dut, besterik ez.

etiketak: Editore lanak
xme
xme dio:
2005/05/16 10:26

Ez dakit nor izan litekeen artikulu horren egilea. Ni ez behintzat.

Sentitzen dut laguntza handiagoa eman ezina.

Edorta
Edorta dio:
2005/05/13 13:38

Aupa Xabier. Galderatxo batekin nator zeuregana. Aspaldi irakurri nuen artikulu polit bat "Egun-on-Buenos-dias" efektoari buruz, eta hedabideetan daukagun elebitasun faltsuari buruz eta Euskal Herriko leku izendegiaren erabilera maltzurraz (Santurce-Santurtzi, Vitoria-Gasteiz eta Bilbo-Bilbao bezalakoak...) eta abar. Artikulu kritiko eta kaustikoa zen...baina ez dakit norena, Hasier Etxeberria, Iñigo Aranbarrri, zurea??? Gustatuko litzaidake birrirakurtzea baina ez dakit nondik hasi. Nondik bila dezakedan? Aurretik eskerrak emanez,

besarkada bat.

Edorta Arana

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.