Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Harrokeria barkatzen badidazue

Harrokeria barkatzen badidazue

xme 2005/05/03 09:17

(Igandean Goierriko Hitza-n ateratako artikulua)

Idazle apala naiz ni baina, harrokeria barkatzen badidazue, sari potolo bat irabazi nahiko nuke oraintxe, Ibarretxek edo, oraindik hobeto, Suediako erregeak ematen dituen horietakoa. Kazetariak etorriko litzaizkidake handik eta hemendik, eta Beasainen bertan ere omenaldi koxkor bat egingo lidakete akaso, udaletxean.

Hitzaldi bat egin beharko nuke, eta nire herria zenbat maite dudan adierazi bertan. Oraintxe bertan, laudorioaren ordez purrustada eta salaketa botako nieke, ordea, gure alkate jaun txit agurgarriari eta berarekin bat datozen udalbatzako kide guztiei.

Zergatik? Arau subsidiario berriengatik. Herrian etxeak non egin, parkeak eta zerbitzuak non jarri, industriarako lurra non utzi erabakitzen duen plana izaten da hori, udalak hartu beharreko neurrietan inportanteena, seguru asko. Ba, arau berri horietan, orain arte nekazaritzako-lurtzat jotako hainbat sail, urbanizagarri deklaratu nahi dituzte, eta, horrenbestez, etxebizitzak eraikitzen hasiko dira aurki.

Normala da hori, neurri batean, herriak hazteko joera daukanez gero. Baina presio urbanistikoari eusten ere jakin behar du udalak, zentzuz jokatzen eta ekonomiaren eta ekologiaren arteko oreka bilatzen; eta, alde horretatik, aldrebeskeria itxuragabeak egin behar dituzte Beasainen. Besteak beste, San Martin elizara bitarteko bide guztian etxeak egin, orain arte paraje natural izandakoa inguru urbano bihurtuz. Eta, niri min berezi eta partikularra ematen didana, Errekarte Haundi baserria bota. Beasainen geratzen den kale-baserri bakarra, eta nire oroitzapenen habia.

Hori dena esango nuke, Stockholm-en nahiz Beasainen, eta munduaren aurrean lotsagarri ez geratzeko atzera egingo luke beharbada gure herriko udalak. Tamalez ez didate halako saririk emango, baina horrek ez du ezertan gutxitzen esan dudanaren arrazoia.

Patxi
Patxi dio:
2005/05/04 03:39

Zure herriko udalak ez luke atzera egingo. Aberrazioen langa zabalik dago, eta ez dago itxiko duenik.

Beti bezela, lau katuk erabakitzen dute 20 milaren partez, eta danak isilik. Kontra egonda ere, isilik. Hauxe da gure sistima.

Jendea honetaz konturatzea ez litzake gutxi... Zuk behintzat, bete dezu zure partea gauzak aldatze aldera, eta hori, Xabier, apenas inork kontrarik egiten ez duenean... Asko da.

asel
asel dio:
2005/05/03 17:06

Seguru nago holako saria jasotzeko beste meritu batzuk ere badituzula (argi dago sariketarako dirua ipintzen duena inmobiliariaren bat bada, jai duzula), baina aitatu duzun guztia behar den tokian botatzeko eta batzuk lotsarazteko baino ez bada ere, eman behar dizute! Ea lotsa horretaz kutsatzen diren beste hainbat udaletako alkate eta zinegotziak ere. Kolore batekoak zein bestekoak izan, kasu honetan bai, askok egin behar lukete gorrira... aurpegian behintzat! Gure herriek ez lukete geratzen zaien euskal nortasun apurra galdu behar. Behar den tokian, saria jasotzeko nire aldeko botoa baduzu ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.