Sahara okupatuko Agdaym Izik kanpamentua
Azaroaren 9an hilabete egingo da Mendebaldeko Sahara okupatuan Agdaym Izik kanpamentua eraikitzen hasi zela. Bertan 20.000 lagun inguruk salatu nahi dute bizi duten egoera: euren herrian bigarren mailako hiritarrak dira.
Baztertuan euren herrian, ezin dute gehiago. Lehengo Espainia pean, orain Marokok okupatuta. Hildako bat ere izan da, Nayem El Garhi 14 urteko nerabea, poliziak hila. Ekintza desesperatua dela diote, beste ezer ezin dutelako egin.
Zapalduta eta baztertuta daude. Inori ez dio axola herri honekin gertatzen diharduena. Kazetari espainiar bi jotzen dituzte, aktibista kanariar batzuei ere jipoia ematen diete abuztuan, baina ez da ezer gertatzen. Espainiako gobernuak mutu segitzen du. Inork ez du ezer esaten Mohamed VI.aren diktaduraz, dena onartzen diote. Zein botere ezkutu dauka Marokok?
Blog honetan, behitzat, lekutxo bat beti egingo diegu.
Bilbon
Txinkirrikitxin, atzo nintzen Bilbora... diño ume kanta ezagunak. Tira, atzo ez, eguenian izan nintzan. tomate berdetan be ez, HABEn azterketen birzuzenketan. Tomatiak ez, baiña igual bai examen berdiak...
Azterketana, baiña ez da gaixa, Bilbon ikusittakua da kontau gura dodana. Bilbon, edo hobeto esanda, Gran Vian, bertatik ez nebalako urten.
Antentziñua emon zestazen gauza askok. Alde batetik, moderno ugari ikusi nittuan, traje eta korbata artian. Harritzekua, Bilbon jentia oso ondo janzten dalako, baiña oso konbentzional. Moderno hónek artista estilokuak ziran: artistia naiz eta erakutsi egingo detsuet klasekuak. Erropa diferentiekin, sonbreua buruan. Beti emon izan deste barregura pixka bat, baiña, halan da be, asko gustatzen zait ikustia zelan janazten diran, ze kolore inposible daroien alkarren onduan. Hirixari ikutu politta emoten detse, desbardiña. Ze litzake bestela Londres?
Moderno askoz gain, eskaliak be mordua. Haluzinau egin dot. Halakorik! Gizon bat hankak erakusten, guztiz deformiak zittualako, terriblia ikusteko, begiradia beste nonora zuzendu bihar izan neban. Mezu kurriosua be ikusi neban eskale beten kartelian. Txakurrakin zeguan mutila eta hauxe ziñuan: "Argi tienen otitis. Una ayuda para sus medicinas". Txakurrari berari baiño erruki handixagua eukiko gentsalakuan-edo. Gizarte honen adierazgarri.
Pelaje askotako jentian artian, turistak mapiakin, eta erretratu kamarak paparrian. Diskutitzen eta monumentueri begira. "Mira, el Carlton. Ya sabremos dónde hemos ddejado el coche?"
Bittartian, bihargiñen manifa bat, bestiok dendan erosten ezer pasauko ez balitza moduan. Denda barrutik entzutzen ziran manifestarixen zaratak. Neri lotsa apur bat be emon zestan konsumo hutsian jardutiak bestiak biharra galtzen daben bittartian, baiña disimulua zan nagusi saltakixan barruan.
Hori bai, paisaje erdelduna. Oso erdelduna. Madril edo Murtzian egongo bagiña moduan. Martxan jarri izan balebe merkatarien euskera plana, letrero batzuk, behintzat, euskeraz egongo litzakez, eta gure ingurua "geuriago" sentiduko geunke.
Halan da be, zelan gustatzen jatan Bilbo! Tira, baltza eta zikiña zanian gustokua neban, oin zelan ez!
"Martzelino" jertsea
Badakizue badagoela "martzelino" izeneko jertse bat? Behintzat, nire inguruan hala esaten diote trikota mota bati. Normalean, puntu ingelesez egina, kremaileraduna, idun zabalekoa (lotuta dagonean lepo luzea eta zisnea edo zamora dena), poltsiko birekin. Normalean, beltza, grisa edo berde kakia izaten da. Langileek eramaten dutena. Azalpen honekin asmatu duzue zein den?
![]()
By Brocco from Madriz, Spain (Marcelino Camacho Uploaded to Wikipedia by Petronas) [CC-BY-SA-2.0]
Martzelino deritzo jertse horri Marcelino Camachori esker. Iparraldekook eta gazteok ez duzue jakingo nor den Camacho. Gizon hau sindikalista handia izan zen trantsizio sasoian, eta komunikabideetan sarri azaltzen zen, beti antzera jantzita, traje barik, jertsearekin (moda hori ez zuen Evo Moralesek hasi). Horregatik, eta berak beti eramaten zuelako horrelako bat hasi zitzaion pullover horri horrela deitzen.
Badirudi, emazte Josefina Semperrek egiten zizkiola kartzelan egon zen sasoian, hotz handia pasatzen zutelako bertan. Beraz, Camacho eta jertsea bat dira gure imajinarioan. Hori dela eta, jakinda zer gertatzen den arroparekin, pertsona batek asko erabiltzen badu, bere izena ematen zaiola janzki horri, edo idun horri (Mao eta Zamora lepoak, esaterako); Camachok bere ekarria egin dio modari.
Izena eta izana bat datoz sueter horrekin; izan ere, hainbat lanbidetako beharginek erabili izan dute, beroa eta erosoa delako: sindikalistak izena eman dio langileendako beroki bati.
Jertse hau, duela urte batzuk, modan ere egon zen. Nik gris bat izan nuen; tira, ahizparena zen, baina puntu ingelesak asko ematen duenez, handiegi gertau eta oparitu egin zidan. Gustura janzten nuen, erabilera asko zeukalako: udazkenean, jaka; negu gorrian, lotuta lepoluze; grisa zenez, edozein arroparekin ondo zetorren,... Ederra, berba batean. Erabiltzeari laga nion desagertu egin zitzaidalako, eta inoiz ez nuelako berreskuratu. Penaz, sarri gogoratu dudalako.

Baina zergatik pasatu da moda hau? Dagoeneko oso langile gutxi ikusten dira arropa honekin, lehengoaren aldean. Artikulurako prentsatzen hasi nintzenean, konturatu nintzen forro polarrak hartu diola lekua. Eta hori berori aipatu zidaten Elena Lakak (Zer erantzi kideak) eta ahizpak (martzelinoaren jabeak); gure artean -eta bakoitzak bere aldetik- horrelakorik komentatu barik, gainera.
Bai, merQuechuak kendu dio espazioa janzki honi, lanerako arropen dendetan ikusten den bezala, ia jertse guztiak forru polarrak dira.
Dena dela, uste dut martzelinoak izan duela eboluzio bat modan. Trikota asko daude antzekoak, beharbada finagoak, ez hain sendoak, diseinu gehiagorekin eta aldaketa batzuekin: poltsiko barik, kolore gama zabala, beste puntu batzuk...
Kalamuako parlamentua” Eibarko mahai-jokoa aurkeztu genuenean ikus genezakeen bezala: argazkian sei lagun eta lau martzelinodun, edo hobeto esanda, jertse horren bariazioekin.

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Leire Narbaiza
Ostiralean hil zenez sindikalista handia, nire txaketa harekin gogoratu nintzen, eta Zer erantzirako ezin aproposagoa izan zitekeela pentsatu nuen. Horrela, Camacho gogoan, gurera ekarri. Inoiz pentsatu ote zuen arropa-sail batean agertuko zenik? Edota beroki bati izena eman zionik? Zenbat gauza bitxi gertatzen diren! Jarraitu Camacho ukabila gora, jertsea jantzita guri argi gorria emanez!
Anjel Lertxundiren hitzaldia Elgoibarren
Pasa den astean Anjel Lertxundik hitzaldia eman zuen Elgoibarren "Elgoibarko izarrak" antolatutako "Euskara ala ezkara" hitzaldi zikloaren barruan.
Betiko moduan, iluntzean izan zen; beraz, ezin izan nintzan joan. Baina internet eta teknikari esker ikusi eta entzuteko aukera izan dut. Ze ondo! sistema zoragarria, joan ezin izan ginenontzat primerakoa. Orain, antolatzaile guztiak animatuz gero, ez dut bat bera ere galduko. Ez dakizue zein pozik nagoen.
Izan ere, Lertxundik oso gauza interesgarriak dioz hizkuntzaren gainean, planifikazioaz eta estrategiaz. Baita irakurketaz eta euskarazko zinemaz ere. Berriro ikusi edo entzun behar dut ideia guztiak ondo mamitzeko.
Inork nahi balu behean jarri dut entzun dezazuen, merezi du eta. Luzea da, baina jaitsiz gero zatika entzun liteke. Nik horrela egin dut eta egingo dut. Disfrutatu!!
Anjel Lertxundi “Euskara, nire errepublika” hitzaldia Elgoibarko Kultur Etxean from berrigorri on Vimeo.
Amama Kilkerra eta uraren zikloaren sorrera
("Instituto lingüístico de invierno" blog interesgarritik hartuta, moldatuta eta itzulita)
Ayoreo herriaren uraren zikloaren sorreraren kondaira da hau. Ayoreo herria Paraguai eta Bolivia artean bizi da, Mendebaldeklo Chaco-n. Eurek elezahar bat daukate uraren sorrera azaltzeko. Hauxe da:
Hasieran, Direjná izeneko kilker bat zen Ayoreo-en amama. Bera zen uraren jabea, eta edonon
![]()
egonda ere, euria ere bazegoen. Ilobek joateko eskatu zioten. Esan eta egun. Orduan hasi ziren beroa eta lehortea. Amama Kilkerra bigarren zeruan bizitzea erabaki zuen, eta bertatik gai da euria bidaltzeko, norbaitek bere historia kontatzen duenean.
(Idatzi orduko euria botatzen hasita zegoen, e!)
Elezahar hau hartuta animazio film labur bat egin dute urarekin dagoen arazoa azaltzeko, baita pribatizazio eta merkantzia bihurtze arriskuez ohartarazteko ere. Hemen behean dago, merezi du ikustea!
Abuela Grillo from Denis Chapon on Vimeo.
Egileak Bolivia, Danimarka eta Frantziakoak dira. Zortzi artista boliviarrek sortu dute: Alejandro Salazar, Susana Villegas, Cecilia Delgado, Joaquín Cuevas, Miguel Mealla, Román Nina, Salvador Pomar y Mauricio Sejas. Zuzendaria frantsesa da: Denis Chapon. Produkzioa Danimarkari esker egin zen, bertako animazio eskola baten:The Animation Workshop. Musika Luzmila Carpio boliviarrarena da.
Era polita uraren kontsumoaz ohartzeko eta kontzientzia pixka bat lortzeko. Honekin lotuta, artikulu bat atera dute Argian: Zainzuriak nola agortu dituen Peruko iturriak. Interesgarria eta hausnartzeko balio duena, eta gure kontsumo ohiturak aldatzeko.
Izarren argia
Domeka iluntzean "Izarren argia" filma ikustera joan gara. Eskerrak joan aurretik lagun bati otu zaiola sarrerak hartzea, izan ere, hainbat sartu ezinda geratu da, areto txikian eman baitute. Ez dakit, hainbesteko propaganda egin ostean, areto handia ez erabiltzea ere.
Bagenekien film gogorra ikustera gindoazela, benetan gertatu zela gure etxetik 20 kilometrora eta oraindik protagonistetako batzuk bizirik daudela. Bagenekien negar egingo genuela. Eta halaxe izan da. Baina uste genuena baino latzagoa gertatu zaigu.
Izarren argia / Estrellas que alcanzar "Trailer" from Mikel Rueda on Vimeo.
Gerrako emakumeendako kartzela, mojek daramatena; horrek esan nahi duen guztiarekin. Jainko eta katolikotasunaren izenean dena dago ondo, dena da zilegi. Moja eskoletan ibili garenok ondotxo dakigu zelako ankerrak eta okerrak izan litezkeen euretako batzuk. Hori horrelako testuinguru batean jarrita, itzela izan liteke. Eta horrela izan zen. Are gogorragoa egin zait mojen abituan armarria ikusi dudanean: mertzedariak! Gainera, behin baino gehiagotan enfokatu dute, ez ahazteko moduan. Barruak nahastu zaizkit; izan ere, hamar urte pasatu nituen euren eskolan, asmatzeko pista gehiago ere banituen: abitu zuriak eta kartzeletako lana.
Pasarte asko gogorrak, malkoak dariola egon gara. Hala ere, filmaren pasarte batzuk, kartzelaldiko egunerokotasuna, adibidez, uste dut ez direla hain gogor agertzen. Beharbada, momentu dramatikoei indarra emateko. Baina momentu dramatiko horiek, oso-oso tragikoak dira, larregikoa, zoritxarrez.
Tragikotasuna lotuta dago amatasunarekin; izan ere, espetxera ume eta guzti bidaltzen dituzte emakumeak. Seme alabak dira txantajerako bidea, eta sufrimenduaren ardatza. Ez da ahaztu behar andrazko askori haurrak ostu zizkietela, eta beste familia batzuei eman; baina Argentinan Videlaren sasoian moduan.
Emakumeen pelikula bat da, gizonak ez dira apenas agertzen, euren bizitzako errutinetatik urrun daude, ez daude bertan. Klara Badiolak, Itziar Lazkanok eta Barbara Goenagak oso ondo egiten dute lan, eurak dira protagonistak, baina nahiko korala dela esan genezake. Oso eder agertzen dira, mojen tokekin ondo egotea gaitza da, baita makillaje barik eta sufrimendu aurpegiarekin ere. Horrekin ere haluzinatu egin dut.
Baina makillajeri gutxi erreparatu ahal izan diogu. Batez ere amaieran. Izugarria da, izua sortzen duena, alegia. Hirurok malkotan, kredituak jartzen hasi direnean. Bertan laga izan bagintuzte, nik hamar minutu luze egon nintekeen negarrez, nahiz eta hasieran bizirik irten zirenetako batek esan digun: "Ez duzue negar egin behar, egin behar duzuena da gu ez ahaztea". Baina ezin eutsi malkoei.
Altxatu gara, eta hall-ean, oraindik malkoak irteten zitzaizkigun. Hori bai, elkarri begiratu, eta barre zoroak ere egiten zigun alde, baina malkotan. Negar eta barre, ezin geldituta. Gauza kuriosoa. Barruan horrelako sosegu eza, tristura eta estutasuna.Eta ezin gara kexatu, pelikulan ikusi dugulako. Zorionez ez zaigu bizitzea tokatu, eta berriro ez dakiola inori toka espero dut.
Dena den, merezi du ikustea eta jakitea zer gertatu zen Saturraranen, gure etxetik gertu, duela 70 urte. Joan zaitezte, eurek guk gogoratzea merezi dute-eta
Udal Euskaltegietako murrizketak
Udal Euskaltegietara murrizketak etorri dira. Gerrikoa estutu behar omen dugu guztiok, eta 2010-2011 ikasturtean %12,4 murriztuko dute gure aurrekontua. Euskaltegi guztiei ematen zaien aurrekontua, berriz, %6 moztuko da.
Zertan igarriko da hau? Irakasleen kontrataziotan. Hau da, plantillakoak direnek baino ez dute klaserik emango. Beraz, izena eman duten hainbat ikasle kalean geratuko da. Euskara ikasi ezinda.
Eudelek salatu duenaren arabera, 59 irakasle kaleratzea ekarriko luke neurri horrek. Ez dute ondo azaltzen. Seguru aski, irakasle horiek langabezian egongo ziren udan; izan ere, behin behinekoak direlakoan nago (batzuk 15 urtean, edo gehiago, lan honetan). Oso larria da, kontuan izanda, iaz kontrakoa geratu zela, behar beste irakasle kontrata zitezkeela, alegia. Horri esker, egin nuen lan iaz.
Larria izan liteke irakasle horiena, jakina. Baina ez da are larriagoa hizkuntza ofiziala ikasteko aukera barik gelditzea? Ez gara, bada zerbitzu publikoa? Eta, gainera, bokazio horrekin ez gabiltza? Kalitatearen aldeko lan guztietan ez dugu gure Mision-vison-valores-en hori defenditzen? Orduan?
Pasa den urtean, krisia dela eta, euskaltegietako matrikulak gora egin zuen. Jendea animatu egin zen euskara ikasten. Eta aurten hauxe. Nire iazko ikasleen erdia kalean geratu da. Badakizue zelako mina ematen duen horrek? Euskarentzako galdutako jendea da, berriro ere martxan jartzen eta motibatzen kostatuko zaiena kontuan izanda.
Gasteizko gobernua noraezean dabilela uste dut euskara irakaskuntzari dagokionez. Ez dakite zer egin, eta udal euskaltegiak patata beroa dira euren eskuetan. Baina errua ez da eurena huts-hutsean: Lehengo hautsek ekarri dituzte lohiok! Udal euskaltegiak sortzetik dira arazo, inprobisazioaren iturritik ezin litekeelako ezer ganorazkorik atera-eta. Nagusi biren morroi, neurri zorrotzak, ordutegi zurrunak eta epe laburrean jarrita pentsamendua. Sekula ez gaituzte iraunkor nahi izan, eta hona hemen emaitzak.
Baina ez dute merezi euskaldungaiek zerbitzu publiko iraunkor eta gaur eguneko beharrizanetara egokitutakoa? Ikasleei begiratzen diena eta ez ratioei, orduei edo diruari?
Irentsitako azken liburuak
-"Galerna" Iratxe Esnaolarena. Liburu hotza, urruna, zelanbait esateko. Atmosfera berezia du, baina distantzia ikaragarria sortzen du irakurle eta istorioaren artean, nire ustez.
-"Aulki-jokoa" Uxue Alberdirena. Planteamendua asko gustatu zitzaidan, zaharrak gazte izan direla azaltze hori, beti ez direla horrelakoak izan. Hala ere, zerbait falta zaiola iruditu zitzaidan. Beharbada, gehixeago sakontzea edo. Ez dakit.
-"Ahaztuen mendekua" Alberto Ladron Aranarena. Nobela beltza, intriga sortzen du, eta irakurlea harrapatu. Historia eta memoria ere nahastuta daudenez, are interesgarriago bihurtzen du trama. Gustura irakurtzen ditut Ladron Aranaren liburuak.
-"Zulo bat uretan" Iñigo Aranberrirena. Liburu bikaina. Historia korapilatsua, oraina eta iragana nahasten duena. Gaur egungo astakeriak (Itoizko urtegia) iraganeko sarraskiekin (gerra zibila). Asko gustatu zait, nahiz eta baztuetan hiztegi zaila (oso zaila) darabilen, preziosistegia, beharbada.
-"Vikingoen sorterria" Xabier Mendiguren. Ipuin luzez edo nobela laburrez; nahi den moduan, osotautako liburua. Oso ondo idatzia, hizkera argi eta onarekin. Istorioak gure inguruko edozein herritan gerta litezke, pertsonaiak ezagut ditzakegu, jende naturala da. Baina hainbatetan gertatzen dena ez da ohiko. Batzuetan aho bete hortz lagatzen gaituzte istorioek. Errealismoa zein gordina izan zitekeen, horratik!
-"Katu jendea" Eider Rodriguezena. Ipuin liburu honetan istorioak arruntak dira egunerokoak, baian denak dute zerbait berezia. Ondo idatzia.
-"Hygiène de l'assasin" Amelie Nothomb-ena. Nothomben lehen liburua, eta zer esan berari buruz? Idazten duen guztia da berezia. Oraingoan Literatura Nobel saridun berezi bat hilzorian dago. Inoiz ez du elkarrizketarik eman, eta hiltzear dagoenez, kazetariek egin diezaiokete elkarrizketa hori. Hala ere, banan banan, etxetik botatzen ditu, galdera desegokiak iritzita. Izan ere, munduan inork ez ditu bere liburuak irakurri, hain estimatua den arren.......Laburra, baina intentsua!
-"La hija del partisano" Louis de Bernières-ena. Pertsona desastre bik topo egiten dute. Neskak gizonari bere bizitza kontatzen dio, zatika, poliki. Baina gaitza da desberdintzea egia eta gezurra. Gustura irakurri dut.
-"La casa de los amores imposibles" Cristina López Barrio-rena. Maitasun liburu bat, ederra, gainera. Badakit maitasun liburuak oso desprestigiatuta daudena, lehen nobela beltza egon zen moduan, bestalde. Poesiaz beteta, familia baten istorioa, emakumeek kontatuta. Eta tartean madarikazio bat. Gaztelan kokatuta, baina Latinoamerikako usainarekin. Asko gustatu zait.
-"Hor hago Kevin?" Kevin Herediarena. Lau zatitan dago banatuta liburua. Lehenengoarekin asko disfrutatu nuen eta promesa asko zekartzala uste nuen. Hurrengo biak nahiko "kortapedos" izan ziren, espero nuena ez zidatelako eskaini. Eta amaierakoa...tira. Hori bai, asko gusttau zitzaidan hainbat katurekin egindako pasarteak. Batzuetan letrak testuan txertatuta, eta beste batzuetan letrak ekintzan sartuta. A! Ustezko Kevin Herediaren argazkia ere oso ondo landua. Mister Euskadi (idazle atala) irabazteko moduan dago :-)
-"Rapsodia gourmet" Muriel Barbery-rena. Liburu originala. Hilzorian dagoen gizon bat bere bizitzari errepasoa egiten dio, eta une bakoitza jaki edo edari konkretu batekin lotzen ditu, baita bere ingurukoa pertsonak ere. Bitxikeria bat gustura irakurtzen dena.
-"Maldito karma" David Safier-ena. Barregarria, dibertigarria, originala. Istorio zoroa, sinesgaitza, baina umorez betea. Une onak pasatzeko burua larregi nekatu barik.
-"La quinta mujer" Henning Mankell-ena. Nobela beltza, Kurt Wallander ikerlariaren sagako beste liburu bat. Interesgarria, kateatzen duena, pertsonaia sinisgarriekin. Eta hori eskertu egiten da. Gustuko dut saga hau, bai horixe!
-"Zazpi etxe Frantzian" Bernardo Atxagarena. Liburu desberdina. Emakumeak urruneko izakiak dira, nahiz eta giltzarri izan istorioan. Istorio tragikoa historia tragikoan. Gustatu zait.
-"Kearen truke" Aritz Gorrotxategirena. Nobela beltza, planteamendu interesgarri batekin: "Gero"-ren bigarren zatiaren bila hainbat hildako azaltzen dira. Erdian edo, indarra galdu, eta zerbait falta du.
-"Los monstruos de Templeton" Lauren Groff-ena. Historia pertsonal batetik AEBetako herritxo baten historia azalduta, era atseginean. Pertsonaia zoro eta bitxi asko. Beharbada, atzera aurrera gehiegi dabiltza, eta pertsonaiekin galtzeko arriskua dago.
-"El libro del aire y de las sombras" Michel Gruber-ena. Gustura irakurri dut, nahiz eta horrelako hamaikatxo egon.
Udazkenak zer ekarriko digu?
Goizetan erritual berezia egiten dut: esnagailuak jo bezain laster, irratia isiotzen dut. Ez naiz berehala jaikitzen; izan ere, erlojuak bost minuturo jotzen du bere pi-pi-pi higuingarri hori. mesanotxeko lanparatxoa pizten dut bigarrenean, eta beharbada altxatu. Ia beti eguraldiaren iragarpena entzun arte egoten naiz ohean.
Bost minutuko tarte horietan, batzuetan, loak hartzen nau, edo erdi lo egoten naiz. Sarri irratian entzundakoa ametsarekin nahasten zait, eta ez dut jakiten egia ala gezurra den. Askotan, irrati-notizia eldarnio bihurtzen zait.
Beste batzuetan, ostera, berriak kolpetik esnatzen naute. Hori gertatu zitzaidan pasa den asteartean. Sarekada baten 9 atxilotu, eibartar bat tartean, Aniaiz, oso gertukoa. Horrelakoetan beti pentsatzen dut ez dela itzartzeko erritualik egokiena, egun osoa (edo astea) txarto pasatzeko modua baino ez delako izaten. Albisteak adiago entzun, telefonoa dantzan jarri, interneten sartu....hori armosuarekin batera etortzen da.
Lanerakoan, guardia zibila ikusi, baita erregistroa kanpotik filmatzen ziharduten telebista kamerak ere. Guztiz mediatikoa, zirkua. Egun osoan berrien zain. Etxerakoan, kasualitatez bere familiakoak ikusi. Jota, normala den moduan. Arratsaldean, gainera, funerala, Gernikan. Egun konpletoa!
Atxiloketak iraun duen egunetan erregistroak hainbat lekutan. Atxilotuta ez zeuden pertsona askori, benemeritaren inkautazioak: ordenagailuak, argazki kamerak, sakelako telefonoak, musika CDak, dirua.... dena itzuliko ei diete, baina noiz? Ateak lurrera botata, "los hombres de Harrelson" bezala (ariete eta guzti) goizaldean guardia zibilak (polizia guztien artean beldurgarrienak) esnatu. Ikara eta izua gorputzean gaua etortzen den bakoitzean. Ttakun-ttakun irrati libreak ezin du emititu gazte lokala miatu eta ordenagailu berriak eraman zietelako. Eibarko Arrate Kultur Elkarteko bulegoak arakatu eta hankaz gora jarri zituzten bost orduz.
Okerrena, baina, atxilotuak inkomunikatuta egon zirela asteburura arte. Abokatuek epaileari protokoloa betetzeko eskatu zioten arren, uko egin zion. Entzutegi Nazionaletik pasatutakoan tortura basatiak salatu zituzten. Grande-Marlaskaren belarriek argizari tapoi itzela daukate, entzungor egin baitie salaketei. Argi dago tribunal horretan ez dagoela justiziarik.
Hau guztiau uda amaieran, udazkenaren atarian, ETAren komunikatu biren artean. Abisua bota du gobernuan. Ez daude treguan, ez entzunarena egin dute, jarrera gogorrak erakutsiz. Ez dakit pose bat den (hala bada, gogorregi ari dira jokatzen), ala segituko duten bide latz honetatik. Egia esan, esperantza handirik ez daukat, baina itxaropen izpi bat geratzen zait.
Baina hau da eman behar duten erantzun bakarra? ala pose bat da? Espero dut gauza puntual bat izatea, bestela une latzak bizi beharko ditugu. Goizetan esnatzea albisteak entzutean (edo, okerrago, poliziaren danbatekoaz) gogorra izango da benetan. Espero dut oker ibiltzea, une saminak tokatuko zaizkigu, ostantzean.
Post data: Gaur Asiskon bineta ikusi dut Argia aldizkarian. Harira datorrelakoak hemen jarriko dut:
Arrateko jaixetako hutsuniak
Arrateko jaixak Eibarko jarik onenak dira, duda barik. Hantxe, zelaixan, libre, danok dibertitzeko prest. Badira urte batzuk aldaketarik barik, eta baten batek esango dau bihar ez dabelako ez dala kanbixorik egitten. Ni ez nago konforme. Aspaldixan gabiz gauza batzuk eskatzen, bestela ikustia besterik ez dago gaurko egunez 2008xan idatzi nebana, baita 2007xan be!
Gauzak ez dira aldatu. Uste dot hiru dirala premiñazkuenak: Dantza solte txapelketia orduz aldatzia, autobusek ordutegixa luzetzia eta alkoholemia kontrola Krabeliñen jartzia.
Hiru eskari urtero-urtero entzutzen diranak Arraten. Atzo be eguna erdi hasrre amaittu genduan, goiz juan bihar horrekin, erdi burrukan illaran jartzeko, baitta ertzantzaren kontrolakin be. Urtia juan eta urtia etorri, beti bardin amaitzen dogu, madarikatzen.
Iñork preguntauko dau zergaittik aldatu bihar dan dantza solte txapelketia. Lehen, eguerdi partian izaten zan, eta erromerixia bostetan hasten zan. jakiña, erromerixia txapelketian atzetik hasten da, zazpiretan. Hasi orduko, zelaixa hustutzen hasten da; baiña ez dantza egitteko gogo gitxi dagualako, ez. Hurrengo eguna bihar eguna da, eskola guztiak hasten dira martxan, eta azkeneko autobusa 9retan da! Lekua nahi izan ezkero, 8,30etan edo, juan bihar illaran jartzera. Bestela, hantxe Arraten gaupasa! Hain goiz juan bihar tokixa hartzera, erromerixia 11ak arte danian!!
Esaten deskue autobusa erabiltzeko, baina juanak 1,9 euro balio dau. Juan-etorrixak, horretara, 3,8. Krabeliñen aparkatziak? Euro 2!!!!! Zertan gabiz? Karuagua eta goiz bajau bihar! Hau antolatzen dabenak pantsau dau iñoiz horretan?
Eta amitzeko, alkoholemia kontrola. beti esan dot kontrol hórren alde naguala, era razional baten, baiña! Ez arratietan moduan. Arrate bezperan kontrola bariantian jarri zeben. Bariantian! Arratetik 8 kilometrora! Urteran tokixa daguanian! Arrate egunian Iturburun zeguazen, bidia hobetzen dan lekuan, beste batzuetan transformadorian be jarri izan dira. Zertarako, baiña? Izorratzeko, ez dakta zalantzarik.
Hirugarrenez idatzi dot honen gaiñian, eta espero dot azkena izatia!

