Izarren argia
Domeka iluntzean "Izarren argia" filma ikustera joan gara. Eskerrak joan aurretik lagun bati otu zaiola sarrerak hartzea, izan ere, hainbat sartu ezinda geratu da, areto txikian eman baitute. Ez dakit, hainbesteko propaganda egin ostean, areto handia ez erabiltzea ere.
Bagenekien film gogorra ikustera gindoazela, benetan gertatu zela gure etxetik 20 kilometrora eta oraindik protagonistetako batzuk bizirik daudela. Bagenekien negar egingo genuela. Eta halaxe izan da. Baina uste genuena baino latzagoa gertatu zaigu.
Izarren argia / Estrellas que alcanzar "Trailer" from Mikel Rueda on Vimeo.
Gerrako emakumeendako kartzela, mojek daramatena; horrek esan nahi duen guztiarekin. Jainko eta katolikotasunaren izenean dena dago ondo, dena da zilegi. Moja eskoletan ibili garenok ondotxo dakigu zelako ankerrak eta okerrak izan litezkeen euretako batzuk. Hori horrelako testuinguru batean jarrita, itzela izan liteke. Eta horrela izan zen. Are gogorragoa egin zait mojen abituan armarria ikusi dudanean: mertzedariak! Gainera, behin baino gehiagotan enfokatu dute, ez ahazteko moduan. Barruak nahastu zaizkit; izan ere, hamar urte pasatu nituen euren eskolan, asmatzeko pista gehiago ere banituen: abitu zuriak eta kartzeletako lana.
Pasarte asko gogorrak, malkoak dariola egon gara. Hala ere, filmaren pasarte batzuk, kartzelaldiko egunerokotasuna, adibidez, uste dut ez direla hain gogor agertzen. Beharbada, momentu dramatikoei indarra emateko. Baina momentu dramatiko horiek, oso-oso tragikoak dira, larregikoa, zoritxarrez.
Tragikotasuna lotuta dago amatasunarekin; izan ere, espetxera ume eta guzti bidaltzen dituzte emakumeak. Seme alabak dira txantajerako bidea, eta sufrimenduaren ardatza. Ez da ahaztu behar andrazko askori haurrak ostu zizkietela, eta beste familia batzuei eman; baina Argentinan Videlaren sasoian moduan.
Emakumeen pelikula bat da, gizonak ez dira apenas agertzen, euren bizitzako errutinetatik urrun daude, ez daude bertan. Klara Badiolak, Itziar Lazkanok eta Barbara Goenagak oso ondo egiten dute lan, eurak dira protagonistak, baina nahiko korala dela esan genezake. Oso eder agertzen dira, mojen tokekin ondo egotea gaitza da, baita makillaje barik eta sufrimendu aurpegiarekin ere. Horrekin ere haluzinatu egin dut.
Baina makillajeri gutxi erreparatu ahal izan diogu. Batez ere amaieran. Izugarria da, izua sortzen duena, alegia. Hirurok malkotan, kredituak jartzen hasi direnean. Bertan laga izan bagintuzte, nik hamar minutu luze egon nintekeen negarrez, nahiz eta hasieran bizirik irten zirenetako batek esan digun: "Ez duzue negar egin behar, egin behar duzuena da gu ez ahaztea". Baina ezin eutsi malkoei.
Altxatu gara, eta hall-ean, oraindik malkoak irteten zitzaizkigun. Hori bai, elkarri begiratu, eta barre zoroak ere egiten zigun alde, baina malkotan. Negar eta barre, ezin geldituta. Gauza kuriosoa. Barruan horrelako sosegu eza, tristura eta estutasuna.Eta ezin gara kexatu, pelikulan ikusi dugulako. Zorionez ez zaigu bizitzea tokatu, eta berriro ez dakiola inori toka espero dut.
Dena den, merezi du ikustea eta jakitea zer gertatu zen Saturraranen, gure etxetik gertu, duela 70 urte. Joan zaitezte, eurek guk gogoratzea merezi dute-eta
Iban, Eibarren gaur dakak aukeria, gaiñera ikuslian eguna dok. Bai ña aldez aurretik komeni dok sarreria hartzia, areto txikixan emoten dabelako. A! eruan paiñelua, malkuendako.
Piku, errezoia dozu, errez egitten dogu negar, eta errezago ahazten dogu. Dana dala, hau ikusi eta gero, jende gitxiagori ahaztuko jaku, eta Saturraraneri beste era batera begiratuko detsagu hamedik aurrera.
Laztan haundi bana!