Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Udal Euskaltegietako murrizketak

Udal Euskaltegietako murrizketak

Leire Narbaiza 2010/10/05 00:17
Ikasturte berrian ikasle asko kalean.

Udal Euskaltegietara murrizketak etorri dira. Gerrikoa estutu behar omen dugu guztiok, eta 2010-2011 ikasturtean %12,4 murriztuko dute gure aurrekontua. Euskaltegi guztiei ematen zaien aurrekontua, berriz, %6 moztuko da.

Zertan igarriko da hau? Irakasleen kontrataziotan. Hau da, plantillakoak direnek baino ez dute klaserik emango. Beraz, izena eman duten hainbat ikasle kalean geratuko da. Euskara ikasi ezinda.

Eudelek salatu duenaren arabera, 59 irakasle kaleratzea ekarriko luke neurri horrek. Ez dute ondo azaltzen. Seguru aski, irakasle horiek langabezian egongo ziren udan; izan ere, behin behinekoak direlakoan nago (batzuk 15 urtean, edo gehiago, lan honetan). Oso larria da, kontuan izanda, iaz kontrakoa geratu zela, behar beste irakasle kontrata zitezkeela, alegia. Horri esker, egin nuen lan iaz.

Larria izan liteke irakasle horiena, jakina. Baina ez da are larriagoa hizkuntza ofiziala ikasteko aukera barik gelditzea? Ez gara, bada zerbitzu publikoa? Eta, gainera, bokazio horrekin ez gabiltza? Kalitatearen aldeko lan guztietan ez dugu gure Mision-vison-valores-en hori defenditzen? Orduan?

Pasa den urtean, krisia dela eta, euskaltegietako matrikulak gora egin zuen. Jendea animatu egin zen euskara ikasten. Eta aurten hauxe. Nire iazko ikasleen erdia kalean geratu da. Badakizue zelako mina ematen duen horrek? Euskarentzako galdutako jendea da, berriro ere martxan jartzen eta motibatzen kostatuko zaiena kontuan izanda.

Gasteizko gobernua noraezean dabilela uste dut euskara irakaskuntzari dagokionez. Ez dakite zer egin, eta udal euskaltegiak patata beroa dira euren eskuetan. Baina errua ez da eurena huts-hutsean: Lehengo hautsek ekarri dituzte lohiok! Udal euskaltegiak sortzetik dira arazo, inprobisazioaren iturritik ezin litekeelako ezer ganorazkorik atera-eta. Nagusi biren morroi, neurri zorrotzak, ordutegi zurrunak eta epe laburrean jarrita pentsamendua. Sekula ez gaituzte iraunkor nahi izan, eta hona hemen emaitzak.

Baina ez dute merezi euskaldungaiek zerbitzu publiko iraunkor eta gaur eguneko beharrizanetara egokitutakoa? Ikasleei begiratzen diena eta ez ratioei, orduei edo diruari?

Jozulin
Jozulin dio:
2010/10/05 12:37

Inoiz baino errazago zeukan EUDELek: Jaurlaritzak ez duela dirurik eman nahi? Neuk ordainduko dut, garrantzitsuena euskara baita eta bla bla bla. Baina arazoa da EAJk ez duela sekula sinestu euskalduntzearen sistema publikoan, publiko guztia -jakin badakigunez- dirua gastatzeko baino ez delako. Eta horrela gabiltza UEak sortu zirenetik... EAJk ez ditu inoiz nahi izan, baina ez du sekulan onartu nahi izan. Bide batez, ez du sinestu sare publikoan... ezta "kontzertatuan" ere, jakina.

Nerea Azkarate
Nerea Azkarate dio:
2010/10/05 16:16

Patata beroa! oraintxe esan duzu ondo. Izan ere, Jaurlaritzak udalei pasatzen die patata, eta udalek, berriz, zorrez itota, Jaurlaritzari. Ez naiz kontu hauetan aditua, baina uste dut Jaurlaritzari dagokiola -benetan euskalduntzean eta euskal kulturan sinesten badu-, euskaltegien finantziazioa. Euskaltegi batzuetan ezin badira irakasle gehiago kontratatu -nahiz eta taldeak egiteko adina ikasle egon- hurrengo urtean ikasle gutxiago animatuko dira, eta hurrengoan gutxiago... Iaz sekulako gorakada izan zen euskaltegietan, eta aurten jendea kalean laga behar? Panorama latza, etorkizunari begira

jotairri
jotairri dio:
2010/10/05 15:44

Amatiñoren galderari, beharbada "zertarako sortu zituen?" erantsi beharko genuke, edo argiago esanda zer/nor itotzeko?". Ustezko "publikotasuna" zertan den beste baterako utziko dugu haria ez desbideratzearren.

Jozulin
Jozulin dio:
2010/10/05 16:30

Arrazoi duzu, Amatiño, EAJk sortu zituen, eta egongo zen orduan -orain ere apika- sinestuta egingo zuenik, ez diotsut ezetz. Baina sortze beretik tratatu ditu nahi/maite ez zuen semealaba lez: irenduta, hazi ezinik. Eta semea edo alaba etxetik kanpora bidaltzeko gogoa izan badu ere, ezin izan dio horixe bera bere buruari onartu. Orain, PSEk eskaini dio EAJri (EUDELen bitartez) primeran geratzeko aukera: ordain dezatela udalek Jaurlaritzak nahi ez duena. Baina ez, ez dute egingo. Eta ez esan dirurik ez dagoela. Kontua da zelan banatzen den.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/06 16:38

Segurutik ematen dituzun datu guztiak zuzenak izango dira eta ni ez naiz nor letra txikian sartzeko, 27 urte baitira HABE utzi nuela. Ezer gutxi dakit oraingoaz baina dezente, nik uste, ordukoaz.

Nere asmoa besterik zen. Neri ez zaizkit batere gustatzen txakur handiko esaldi borobil eta arolak, eta uste dut garbi geratu dela ez nengoela oker, alegia: 1- Ez da egia "EAJk ez duela sekula sinestu euskalduntzearen sistema publikoan". 2- Ez da egia zuk gustuko ez duzun tratu-motaren bat "sortze beretik" izan denik.

Nik nire jestioa defenditzen niharduen, ez beste inorena. Hortik aurrera, izan ongi eta zorte on.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/05 23:22

Tira, Jozulin, lehen eta behingoz argitu dugu ez dela egia, zuk besterik esan arren, "EAJk ez duela sekula sinestu euskalduntzearen sistema publikoan".

Orain diozu, bai "baina sortze beretik tratatu ditu nahi/maite ez zuen semealaba lez". Hori ere ez da egia.

Jozulin
Jozulin dio:
2010/10/06 23:40

Penaz geratzen naiz zure iritzia jakin gabe, baina ulertzen dut hitz egin nahi ez izana. Ondo izan.

Benito
Benito dio:
2010/10/05 03:09

Azkenengo berbetan dago galdera azken batean: ikasleei begira jartzea, ez ratioei, orduei, kontrolari eta zenbakiei. Eta akaso horretarako ez da dirua arazo (bakarra).

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/05 14:26

EAJk ez badu sekula sinestu euskalduntzearen sistema publikoan... nork sortu zituen ba euskaltegi publikoak?

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/07 00:22

Ez, ez, ez da hitz egin nahi ez izana. Ez dakit. Benetan ez dakit zer gertatzen ari den. Ez nuke inor mindu nahi baina... beste arlo batean dihardut aspaldi-aspaldian. 27 urte joan dira geroztik eta, seguru gero, egoera guztiz bestelakoa izango dela. Eta, jakina, hemen ere, gutxienez bi parte egongo dira. Gutxienez...

Txadonak
Txadonak dio:
2010/10/05 15:54

Zergatik ez digute ezer esan? Zergatik ez dugu gure etorkizuna (irakasleona eta ikasleena) jakin urrira arte? Esango dute zenbat irakasle geratu diren langabezian? Esango dute zenbat ikasle lotuko diren eskola barik? ERE bat da? Zergatik ez dituzte kaleratzen plantillakoak ez diren politikoak?

Jozulin
Jozulin dio:
2010/10/06 13:37

Ea ba, utz ditzagun semealaben inguruko metaforak eta goazen diruetara: Udal euskaltegi batek eduki ditzake HABEk mugatzen dion ikasle kopurua baino gehiago baina kasu honetan udalak ordainduko luke. Kasu horretan, baina, harrigarriena da HABEk isuna (sic) jarriko diola euskaltegiari ikasle gehiago izateagatik, herritar gehiago euskalduntzeagatik; hurrengo urteko dirulaguntzetan kenketa izango du. Eta hau, Amatiño, egia lazgarria da eta gertatu da EAJ jaurlaritzan (eta udal gehienetan) egon denean, 1991etik hona. 1985etik nabil lanean Udal Euskaltegietan eta esan diezazuket ezagutu dudala euskalduntzean sinesten duen zinegotzi jeltzalerik, baina gehiago izan direla euskalduntzea bost eta zerbitzu publikoak beste bost zitzaienak. Bestalde, eta amaitzeko, zer iruditzen zaizu HABE eta EUDELen jarrera (orain)?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua