Udazkenak zer ekarriko digu?
Goizetan erritual berezia egiten dut: esnagailuak jo bezain laster, irratia isiotzen dut. Ez naiz berehala jaikitzen; izan ere, erlojuak bost minuturo jotzen du bere pi-pi-pi higuingarri hori. mesanotxeko lanparatxoa pizten dut bigarrenean, eta beharbada altxatu. Ia beti eguraldiaren iragarpena entzun arte egoten naiz ohean.
Bost minutuko tarte horietan, batzuetan, loak hartzen nau, edo erdi lo egoten naiz. Sarri irratian entzundakoa ametsarekin nahasten zait, eta ez dut jakiten egia ala gezurra den. Askotan, irrati-notizia eldarnio bihurtzen zait.
Beste batzuetan, ostera, berriak kolpetik esnatzen naute. Hori gertatu zitzaidan pasa den asteartean. Sarekada baten 9 atxilotu, eibartar bat tartean, Aniaiz, oso gertukoa. Horrelakoetan beti pentsatzen dut ez dela itzartzeko erritualik egokiena, egun osoa (edo astea) txarto pasatzeko modua baino ez delako izaten. Albisteak adiago entzun, telefonoa dantzan jarri, interneten sartu....hori armosuarekin batera etortzen da.
Lanerakoan, guardia zibila ikusi, baita erregistroa kanpotik filmatzen ziharduten telebista kamerak ere. Guztiz mediatikoa, zirkua. Egun osoan berrien zain. Etxerakoan, kasualitatez bere familiakoak ikusi. Jota, normala den moduan. Arratsaldean, gainera, funerala, Gernikan. Egun konpletoa!
Atxiloketak iraun duen egunetan erregistroak hainbat lekutan. Atxilotuta ez zeuden pertsona askori, benemeritaren inkautazioak: ordenagailuak, argazki kamerak, sakelako telefonoak, musika CDak, dirua.... dena itzuliko ei diete, baina noiz? Ateak lurrera botata, "los hombres de Harrelson" bezala (ariete eta guzti) goizaldean guardia zibilak (polizia guztien artean beldurgarrienak) esnatu. Ikara eta izua gorputzean gaua etortzen den bakoitzean. Ttakun-ttakun irrati libreak ezin du emititu gazte lokala miatu eta ordenagailu berriak eraman zietelako. Eibarko Arrate Kultur Elkarteko bulegoak arakatu eta hankaz gora jarri zituzten bost orduz.
Okerrena, baina, atxilotuak inkomunikatuta egon zirela asteburura arte. Abokatuek epaileari protokoloa betetzeko eskatu zioten arren, uko egin zion. Entzutegi Nazionaletik pasatutakoan tortura basatiak salatu zituzten. Grande-Marlaskaren belarriek argizari tapoi itzela daukate, entzungor egin baitie salaketei. Argi dago tribunal horretan ez dagoela justiziarik.
Hau guztiau uda amaieran, udazkenaren atarian, ETAren komunikatu biren artean. Abisua bota du gobernuan. Ez daude treguan, ez entzunarena egin dute, jarrera gogorrak erakutsiz. Ez dakit pose bat den (hala bada, gogorregi ari dira jokatzen), ala segituko duten bide latz honetatik. Egia esan, esperantza handirik ez daukat, baina itxaropen izpi bat geratzen zait.
Baina hau da eman behar duten erantzun bakarra? ala pose bat da? Espero dut gauza puntual bat izatea, bestela une latzak bizi beharko ditugu. Goizetan esnatzea albisteak entzutean (edo, okerrago, poliziaren danbatekoaz) gogorra izango da benetan. Espero dut oker ibiltzea, une saminak tokatuko zaizkigu, ostantzean.
Post data: Gaur Asiskon bineta ikusi dut Argia aldizkarian. Harira datorrelakoak hemen jarriko dut: