Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / "Martzelino" jertsea

"Martzelino" jertsea

Leire Narbaiza 2010/11/04 16:40
Sustatuko Zer erantzi atalerako idatzitako artikulua.

Badakizue badagoela "martzelino" izeneko jertse bat? Behintzat, nire inguruan hala esaten diote trikota mota bati. Normalean, puntu ingelesez egina, kremaileraduna, idun zabalekoa (lotuta dagonean lepo luzea eta zisnea edo zamora dena), poltsiko birekin. Normalean, beltza, grisa edo berde kakia izaten da. Langileek eramaten dutena. Azalpen honekin asmatu duzue zein den?

Marcelino Camacho
By Brocco from Madriz, Spain (Marcelino Camacho Uploaded to Wikipedia by Petronas) [CC-BY-SA-2.0]

Martzelino deritzo jertse horri Marcelino Camachori esker. Iparraldekook eta gazteok ez duzue jakingo nor den Camacho. Gizon hau sindikalista handia izan zen trantsizio sasoian, eta komunikabideetan sarri azaltzen zen, beti antzera jantzita, traje barik, jertsearekin (moda hori ez zuen Evo Moralesek hasi). Horregatik, eta berak beti eramaten zuelako horrelako bat hasi zitzaion pullover horri horrela deitzen.

Badirudi, emazte Josefina Semperrek egiten zizkiola kartzelan egon zen sasoian, hotz handia pasatzen zutelako bertan. Beraz, Camacho eta jertsea bat dira gure imajinarioan. Hori dela eta, jakinda zer gertatzen den arroparekin, pertsona batek asko erabiltzen badu, bere izena ematen zaiola janzki horri, edo idun horri (Mao eta Zamora lepoak, esaterako); Camachok bere ekarria egin dio modari.

Izena eta izana bat datoz sueter horrekin; izan ere, hainbat lanbidetako beharginek erabili izan dute, beroa eta erosoa delako: sindikalistak izena eman dio langileendako beroki bati.

Jertse hau, duela urte batzuk, modan ere egon zen. Nik gris bat izan nuen; tira, ahizparena zen, baina puntu ingelesak asko ematen duenez, handiegi gertau eta oparitu egin zidan. Gustura janzten nuen, erabilera asko zeukalako: udazkenean, jaka; negu gorrian, lotuta lepoluze; grisa zenez, edozein arroparekin ondo zetorren,... Ederra, berba batean. Erabiltzeari laga nion desagertu egin zitzaidalako, eta inoiz ez nuelako berreskuratu. Penaz, sarri gogoratu dudalako.

null

Baina zergatik pasatu da moda hau? Dagoeneko oso langile gutxi ikusten dira arropa honekin, lehengoaren aldean. Artikulurako prentsatzen hasi nintzenean, konturatu nintzen forro polarrak hartu diola lekua. Eta hori berori aipatu zidaten Elena Lakak (Zer erantzi kideak) eta ahizpak (martzelinoaren jabeak); gure artean -eta bakoitzak bere aldetik- horrelakorik komentatu barik, gainera.

Bai, merQuechuak kendu dio espazioa janzki honi, lanerako arropen dendetan ikusten den bezala, ia jertse guztiak forru polarrak dira.

Dena dela, uste dut martzelinoak izan duela eboluzio bat modan. Trikota asko daude antzekoak, beharbada finagoak, ez hain sendoak, diseinu gehiagorekin eta aldaketa batzuekin: poltsiko barik, kolore gama zabala, beste puntu batzuk...

Kalamuako parlamentua” Eibarko mahai-jokoa aurkeztu genuenean ikus genezakeen bezala: argazkian sei lagun eta lau martzelinodun, edo hobeto esanda, jertse horren bariazioekin.

null
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Leire Narbaiza

Ostiralean hil zenez sindikalista handia, nire txaketa harekin gogoratu nintzen, eta Zer erantzirako ezin aproposagoa izan zitekeela pentsatu nuen. Horrela, Camacho gogoan, gurera ekarri. Inoiz pentsatu ote zuen arropa-sail batean agertuko zenik? Edota beroki bati izena eman zionik? Zenbat gauza bitxi gertatzen diren! Jarraitu Camacho ukabila gora, jertsea jantzita guri argi gorria emanez!

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua