"Nork", Andoni Egañaren heriotzaren ikerketa komikiratua
Andoni Egañak azkenean 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzea erabaki du. Parte hartu eta nola gainera!, nagusitasun osoz gailendu da finalean. Baina, agurra kantatzera doala, mikrofonoarekin elektrokutatua hil da. Istripua? Hilketa? Hilketa bada, nor izan da? Hori argitu beharko dute lau detektibe zein baino zein bereziagok...
Istorio hau dakarkigute Xabi Paya gidoilariak eta Patxi Gallego marrazkilariak Bertsolari aldizkariaren 100. zenbakia ospatzeko egin duten Nork komikian. Amezketako aguazila (Fernandoren abenturetakoa), Bertsocop (erdi bertsolari erdi robot), Jesika Fletxeberria (amona sudurluzea) eta Amaia Ezpeldoi (Itxaro Bordak sortutako detektibea) Egañaren heriotza argitzen saiatuko dira, susmagarri andana ikertuz: euskal idazleak, sukaldariak, bertsolariak, Conquis-tarrak, Olentzero, Txan magoa... Bidean, euskal munduko ehunka jende ospetsu asko ezagutuko ditugu marrazkietan, Bertsozale Elkarteko katakunbetako bilera sekretuen berri izango dugu, eta beste gauza ugari.
Argi dagoenez, umorezko istorioa da, eta benetan barrez lehertzekoa suertatzen da. Euskararen kultur munduko erreferentzia eta pertsonaia ugari agertzen dira eta euskalkien trataera ederra du. Eta atal batzuetan sexualki oso esplizitua da. Hauetan guztietan, Patxi Gallegoren aurreko Pololoak lana dakarkigu gogora. Hark hasitako bidea urratzen jarraitzen da hemen, gure euskal mundu txiki honetako gaiak tonu umoretsuan lantzea, eskertzekoa dena. Behar ditugu horrelako lanak. Eta gainera, kasu honetan zenbait pasartetan bertsotan hitz egin edo pentsatzen dute pertsonaia batzuk. Ez dago gehiago eskatzerik.