e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
Gaurko egunez duela 25 urte, 1982ko apirilaren 23an, Sir Clive Sinclair jaunak gaur egun informatikari garenetako asko horixe bera bihurtzearen arrazoia aurkeztu zuen: Sinclair ZX Spectrum ordenagailua.
Berau izan zen ordenagailuei etxeetarako atea ireki ziena, prestazio oso onak eskainiz prezio eskuragarrian (garairako, noski), PC-a baino lehenago. Irudiko gomazko tekladun teklatu hori zen guztia, ordenagailua, teklatua, memoria, txartel grafikoa... Telebista arruntetara konektatzen zen eta ez zuen disko gogorrik, egindako lana magnetofoi batera konektatuta kasetetan gordetzeko aukera ematen zuen. 8 biteko mikroprozesagailua zeukan eta 48K-ko memoria besterik ez, eta gainera horietatik 16K sistema eragilearentzat ziren (Basic editore eta interprete eta guzti!) eta beste 8K memoria grafikoarentzat. Beraz, norberak idatzitako programa eta datuentzat 24K besterik ez ziren gelditzen, Word-eko dokumentu huts batek okupatzen duena baino gutxi gehiago, pentsa! Gaur egun, edozein Hello World programak megatik gora okupatzen du... Baina memoria horretan eta 8 kolorerekin pantaila ugaritako 3D jokoak ere egiten ziren! Hori bai dela ingeniaritza... Gainera oso joko onak ziren, nik oraindik ordukoen nostalgia dut, oraingo guztiak berdinak iruditzen zaizkit.
Nik 1984ko udan ezagutu nuen, 13 urterekin. Familia guztia egon ginen hilabetez Londresen oporretan, hango familia batekin etxe-trukea eginda, eta hangoen lagun batzuen etxean ezagutu nuen Spectrum-a. Jet Set Willy apartarekin jolasteko aukera izan nuen. Maiteminduta geratu nintzen harekin! Handik hilabete batzuetara aitak erosi zigun bat, etorkizuna ordenagailutan zegoela-eta (eskerrik asko, aita!). Harekin hasi nintzen programatzen, eta gaur arte...
Gero, jada PCa geneukanean, hura erabiltzen ez genuela-eta bota egin genuen, egindako programa guztiekin batera, eta oraindik damu naiz... Nire lagun batek baditu oraindik bi Spectrum gordeta, baina ez dizkit saldu nahi. Edonola ere, malenkoniak jota egonez gero, garai haiek gogora ditzakegu nahi badugu (kasetea kargatzeko itxaron beharrik gabe gainera!), PC-rako Spectrum emuladoreak eta Spectrum-erako jokoak erraz lor baitaitezke interneten. Hain ordenagailu maitatua izaki, oso bizirik dago bere retro scene-a...
Aspalditik dut Spectrum-ari blog honetan artikulu-sorta bat dedikatzeko asmoa, eta zin dagit noizbait egingo dudala, komikien atalak denbora gehiago uzten didanean...
Nobedade interesgarriak Bartzelonako Komiki-Azokarako
Bihartik igandera bitartean izango da Bartzelonako Komiki-Azoka, Espainiako komiki-azokarik garrantzitsuena, eta urtero legez komiki-argitaletxeek nobedade mordoa aurkezteko aprobetxatuko dute. Hain zerrenda zabalean beti egoten dira gauza gutiziagarriak, baina aurtengoan, nire irudikoz behintzat, beste batzuetan baino gehiago. Alde batetik Alan Moore nire komikigile gogokoenaren lau lan berri edo berrargitalpen aurkeztuko dira, eta bestetik klasiko handi batzuen edizio osoak. Hona hemen nobedade interesgarrienen zerrenda, guztiz pertsonala noski.
- Absolute Watchmen , Alan Moore eta Dave Gibbons (Planeta): Inoizko komikirik onenaren 20. urteurrena ospatzeko iaz atera zuten edizio berezi hau azkenean iritsi da gurera! Tamaina handiagoa, kolore bermasterizatua eta 50 orri gehiago material gehigarriarekin! Eta hemen askoz merkeago (75 dolar USAn, 35 euro hemen)!
- The League of Extraordinary Gentlemen 2 , Alan Moore eta Kevin O'Neill (Planeta): Lan honen lehen bolumenaren bidez ezagutu nuen Alan Moore. XX. mendearen hasieran kokatutako super-heroi talde berezi baten abenturak dira (Mina Harker, Nemo kapitaina, Allan Quatermain, Jekyll eta Hyde, gizon ikustezina...), urte batzuetako atzerapenez bada ere azkenean iritsi dena.
- Top Ten, Alan Moore eta Gene Ha (Norma): Iban Zaldua idazle, komikizale eta blog honetako kolaboratzailearen bidez ezagutu nuen aspaldi Alan Mooreren lan hau, internetik jaitsita irakurri nuena. Jende guztiak super-botereren bat duen hiri bateko polizia-komisariako abenturak kontatzen dira, umore ukitu finarekin. Honek ere urte batzuk behar izan ditu hemen kaleratzeko, pentsa, bere prekuela iaz erosi nuen frantsesez!

- Todo Paracuellos, Carlos Giménez (Mondadori): http://www.lacarceldepapel.com blog apartaren Mis tebeos favoritos sailkapeneko lehen 20en artean dagoen Espainiako komiki bakarra, egilearen ustetan Espainiako inoizko komikirik onena. 6 albumak ale bakarrean erosteko aukera eta oso prezio onean. 17,95 eurotan saltzen da liburu- eta komiki-dendetan, eta hori berez oso ongi badago, inork ulertzen ez duen arrazoiren batengatik , zentro komertzial batzuetan 9,95 eurotan saltzen da, eta %5eko deskontua eginda 9,45 eurotan gelditzen da, ia prezio erdian! Nik hala erosi dut Carrefour-en, ezkerreko irudian ikus daitekeen bezala.
- Persepolis Integral, Marjane Satrapi (Norma): Nire komiki gogokoenetako baten lau albumak 25 eurotan lortzeko aukera, ez galdu!
- El fotógrafo 3, Emmanuel Guibert, Didier Lefèvre eta Frédéric Lemercier (Glènat): Didier Lefèvre argazkilariak MSF-ko talde batekin Afganistanen pasatako abenturak kontatzen dira serie eder honetan, benetako argazkiekin lagunduta. Ez dakit istorioa hirugarren ale honetan amaitzen den edo ez, baina ez dut uste besterik izango denik, Lefèvre berriki zendu baitzen bihotzeko batez, Angoulêmeko komiki-azokan Ezinbestekoei Saria jaso eta bi egunera.
- Lupus 4, Frederik Peeters (Astiberri): Beñat Irasuegi adiskide eta kolaboratzaileak ezagutarazi zidan azken aldian sari mordoa jasotzen ari den serie hau, tartean, aurrekoa bezala, Angoulêmeko Ezinbestekoei Saria.
- Alan Moore: The Complete Future Shocks, Alan Moore (Kraken): Bai, Moore-ren lan gehiago oraindik! Kasu honetan, bere hasierako lanen bilduma bat da, baina ziur interesgarria dela.
Goza dezazuela!

