e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Xabiroi"-ren 4. alea atera da
Ikastolen Elkartea Xabiroi bere komiki-aldizkaria etxera bidaltzen hasi zait, beste batzuetan blogean berari buruz hitz egin izanagatik esker onez, eta nik ere, mesedea itzultzeko, irakurleoi jakinarazi nahi dizuet 4. alea atera dela. Gogoratu liburudendetan ere eros dezakegula.
Blog honetara e-mail bidez harpidetzeko aukera
Blogek duten abantaila handienetako bat, zalantzarik gabe, RSS bidez harpidetu ahal izatea da, horrela Bloglines moduko zerbitzuei esker blog piloa jarraitzea ahalbidetzen delako. Halere, badago hainbat jende horrelako gauzak konplikatuak iruditzen zaizkienak, edo ez dutenak horrelako zerbitzu baten alta ematea blog bakarragatik edo pare bategatik, edo... Horregatik, eta nire RSS jarioa ostatatzen duen FeedBurner enpresak eskaintzen duen zerbitzu berriaz baliatuz, aurrerantzean blog honetara e-mail bidez harpidetzeko aukera egongo da. Horretarako, nahikoa da menuko "Harpidetza" atalera joatea, han nahi dugun atalean (blogeko artikulu guztietan, komikiei buruzkoetan, informatikari buruzkoetan, gogoetetan edo erantzunetan) gure e-posta helbidea sartzea eta "Ados" sakatzea, eta aurrerantzean, aukeratutako atalean zerbait berria publikatzen denean, e-mail bidez bidaliko da abisua. On egin!

