"Watchmen" 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen artean, "Time" aldizkariaren arabera
Berriz ere La cárcel de papel-en bidez jakin dut Time aldizkari entzutetsuak 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen zerrenda egin duela, eta bertan komiki bat sartu dela: Alan Moore gidoilari handiaren eta Dave Gibbons irudigilearen Watchmen maisulana, zein bestela? Nobela grafiko zoragarri horretaz duela gutxi egin nizuen berba blog honetan, inoizko komikirik onena bezala aurkeztuz, eta horra non denborak (Timek ;-) arrazoia eman didan.
Zerrenda ordenik gabe eman dute Time-en, baina webgunean irakurleek euren puntuazioa eman dezakete, eta puntuazio horren araberako sailkapenean 8. postuan ageri da Watchmen une honetan, eta duela egun batzuk 3. ere egon zen!
The Lord of the Rings nire beste nobela gogokoenetako bat ere hirugarren postuan dago orain, duela gutxi lehena egon ondoren. Pixka bat harritzekoa ere bada, zerrendako beste obren itzala ikusita. Ez dut esan nahi Watchmen edo The Lord of the Rings-ek merezi ez dutenik, baina agian komikien eta genero fantastikoaren zaleak gazteagoak garela eta interneten gehiago ibiltzen garela izango da?
Bide batez, Sir Arthur Conan Doyle-ren Sherlock Holmes liburuen zerrendan laugarren postuan daukala esango dizuet, nik ere asko atsegin dudan liburu bat, blog honen irakurleek jakingo duzuenez (bestela irakurri hau, hau eta hau).
Zerrenda honek zein kultura gutxi dudan konturatzeko balio izan dit, izan ere zerrenda horretako 8 besterik ez ditut irakurri ! (beste mordoska baten filmak ikuisi ditut, baina ez da gauza bera): George Orwell-en Animal Farm, Raymond Chandler-en The Big Sleep, Evelyn Waugh-en Brideshead Revisited (hau nire liburu eta telebistako serie gogokoenetako bat da), J. D. Salinger-en The Catcher in The Rye, F. Scott Fitzgerald-en The Great Gatsby, J. R. R. Tolkien-en The Lord of the Rings, Ernest Hemingway-ren The Sun Also Rises eta Alan Moore eta Dave Gibbons-en Watchmen.
Eta kasualitatea, zortzi horietatik guztiak ingelesez ditut irakurriak, Watchmen izan ezik. Ingelesez irakurtzeko aukera ona izan daiteke (entzuten, Olentzero? ;-) oraintsu atera den Watchmen: The Absolute Edition, Watchmen-en 20. urteurrenaren karira ateratako luxuzko edizio berezi bat, zirriborroak eta horrelako estra pilo batekin...
(eta hau kontatzeak pozten ez nauen arren, zintzoa izan beharra daukat eta kontatuko dizuet, baina ez inori esan e!: mihi gaiztoek diote 75 dolar balio dituen edizio berezi hau ateratzea ez ote den izango Time-ek Watchmen zerrenda horretan sartu izanaren arrazoia, Watchmen-en argitaletxe DC Time-en talde berekoa baita...)
Merci beaucoup, Monsieur Leturiá. Irakurritakoan, esangotsut zer iruditu.