Ikastolen Elkarteak komiki-aldizkaria atera du
Ikastolen Elkartea-k komiki-aldizkari bat atera du, Xabiroi, bere ikasleen artean banatzeko oraingoz. Egile ezagun eta garrantzitsuek sinatzen dituzte bertako lanak. Ale bat nire eskuetara iritsi da eta itxura ona dauka. (Ez, ez naiz ikastolako ikaslea, 3 urteko semeari eman diote, berak ez dut uste oraingoz asko aprobetxatuko duenik, baina nik ziur baietz!)
Azken aldian puri-purian dagoen gaia da haur eta gazteen irakurzaletasun eza, eta berau nola sustatu. Baina erantzuna begien aurrean izan dugu beti. Azken urteetan komikia genero txikitzat hartu eta ez bultzatzen, baizik eta gaitzesten, hasi izana izan da irakurzaletasunaren galeraren arrazoietako bat nire ustez (nahiz eta ez bakarra, noski).
Behintzat Ikastolen Elkartea konturatu da horretaz eta konponbidean jarri du arazoa komiki-aldizkari bat atera eta doan banatuz bere ikasleen artean. Horrela atera du "Xabiroi" aldizkaria, komikiz osatuta egongo dena eta 33.500 aleko tirada izango duena.
Lehenengo alea iritsi zait eta asko gustatu zait. Oso anitza izango dela dirudi: gazteenei nahiz helduxeagoei gustatzeko modukoa, komiki batzuk umorezkoak, beste batzuk abenturazkoak, beste batzuk helduentzakoak...
Izen ezagunek nahiz berriagoek egingo dituzte bertako lanak. Ezagunak aipatzearren, Asisko eta Markok umorea landuko dute; Harkaitz Canok helduentzako moduko genero beltzeko istorio baten gidoia egingo du; Juan Luis Landa eta Joxean Muñozek euren El ciclo de Irati istorio ederraren jarraipena egingo dute, abentura, historia eta mitologia nahasten dituen istorioan; eta Raquel Alzate barakaldoarrak (aurtengo Bartzelonako Komiki Jaialdian egile berriari ematen zaion saria irabazi berri du, Patxi Lurrak blog honetan kontatu zigun bezala ) istorio surrealista eta poetiko bat egin du lehen ale honetan.
Lehen ale hau aurkezpenekoa da. Hurrengoetan, umorezko tira edo istorio laburrez eta beste atal finkoez gain, istorio luzeak izango direnen 8na orri egongo dira (El ciclo de Iratiren jarraipena izango den Saiak, Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren Piztia otzanak eta Dani Fanoren TeleATOI: harbi aluzinogenoak espazioko abenturak). Sei aleren ondoren, istorio luze hauen bildumak argitaratzeko asmoa dute.
Aurkitzan diodan eragozpen bakarra bere maiztasuna da: hiru hilean behin aterako da, gutxitxo nire gusturako (eta irakurzaletasuna benetan bultzatzeko ere bai, nire ustez).
Ikastolen Elkarteko webgunean jarri duten prentsa oharrean deklarazio hau egiten dute: "Oro har, komiki gutxi argitaratzen da, gazteentzat gutxiago, eta euskal komiki-egileek euskaraz sortua are gutxiago. Zulo hori betetzen laguntzeko asmoz sortu du Xabiroi Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, kalitate handiko gidoiak eta irudiak dituzten komikiak euskaraz sortzeko, eta nerabeek eskura duten literatura grafikoa indartu eta anizteko. (...) Eduki guztiak euskaraz garatuko dira, eta komikietan erabiltzen den berezko hizkuntza euskaraz sortzeko ahaleginean aurrera pausoa eman nahi da. (...) Xabiroi hazteko bokazioarekin jaio den publikazioa da, orrialde gehiago edukitzen duen heinean, euskal komiki-egileen sorkuntza aberatsari ate gehiago zabalduko dizkiogu, dudarik gabe." Asmo bikainak! Ongi etorri Xabiroi!
Zu adoptatuko zaitut, if you don?t mind. Holan bi txori tiro bakar batez. Kar, kar, kar!