Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
Euskal blogosferan, zorionez, jada ez da notizia blog berriak martxan jartzea. Hala ere, uste dut bi blog hauen sorrera anunziatzeko modukoa dela, esparru berriak ukitzen baitituzte. Lehena ezkontza-bidaia baten kronika da (blog hau martxan jarri bakarrik ez, jada utzita ere badago, bidaia amaitu baitute), eta bestea fraide baten bloga. Ari da poliki-poliki euskal blogosfera alor guztietara zabaltzen...
Ezkondu behar zuten lagun batzuekin, Iñaki eta Maiderrekin, egon ginen ezkontza-eguna baino pixka bat lehenxeago. Eztei-bidaia Turkiako Kurdistanera egitekoak ziren. Esan ziguten idatziko zigutela e-postaz handik, ahal bazuten, senide eta ezagun guztiei idaztea ez baita erraza ziberkafean egoten zaren denboran. Orduan nire neskalagunak proposatu zien blog baten idaztea kronika, eta ahaide eta lagunei blogaren helbidea emateko, eta beraiek animatu. Turkistan izena aukeratu zuten blogarentzat (euren senide batek Turkia eta Kurdistan hitzak nahastuz nahigabe asmatutakoa). Ireki nien bloga blogger-en eta erakutsi nien posteatzen eta flickr-era argazkiak igotzen. Probatuko zutela ea nola zihoan gauza, ongi ez bazihoan beti zeukaten bide hori uztea eta posta elektroniko tradizionalera itzultzea...
Ba kristoren arrakasta izan du blogak. Kronika polita idatzi dute, ez dute izan arazorik interneterako konexiodun toki-publikoak aurkitzen (herrialde pobreetan, horrelako gehiago daude ia hemen baino, etxeetan jende gutxiagok baitu ordenagailua, guk Tailandian duela urte batzuk konprobatu ahal izan genuenez). Euren lagun eta senitartekoak hor egon gara egunero blogean sartzen, gauza berriak irakurtzeko irrikitan! Eta beraiekin komunikatzeko ere tresna egokia izan da, blogean bertan erantzunak idatzita. Erantzun asko egon dira, eta horietan kuxkuxeatzen ere saltsa sortzen zen. Gizartearen gehiengo handi-handi batek hitza entzun bai baina blogak zer diren ere ez dakienean, lagun hauen familietan jende helduak ere izan du blogekin kontaktua, idatzi ere egiten zuten. Amona harrituta zegoen hango argazkiak ikus zitzakeelako. Ezkontideek ere oso esperientzia polit eta arrakastatsua izan dela esaten dute (eta horregatik eman didate baimena orain horren berri emateko).
Iñaki eta Maider beraien laguna den fraide batek ezkondu zituen, Koldok. Fraide honek ere jarraitu ditu beraien abenturak blogaren bidez eta ideia gustatu, nonbait. Artean besteak bidaian zirela, berak ere blog bat irekitzea erabaki zuen, eta baita egin ere. Horrela sortu zen Fray Koldo bloga. Hau oraindik berria da, zein bide egiten duen ikusi behar.
Euskal blogosfera, zabal hadi lau haizetara!