Zorionak niri!!!
Gaur San Prudentzio eguna izateaz gain nire 34. urtebetetzea ere bada, eta nire neskalagun bedeinkatuak kristoren oparia egin dit: komiki batzuk erosi dizkit. Aupa!
(A ze esaldi kristaua gelditu zaidan sarreran: San Prudentzio, bedeinkatua, kristorena... Azken asteotako bonbardaketa mediatikoaren eragina nonbait, Ratzinger Z, badakizue...)
Berriz ere, beti egiten duen legez eta nik ez bezala, bete-betean asmatu du Alaitzek. Hona zein komiki oparitu dizkidan (bide batez, erran dezadan irakurri ahala hemen komentatzen joango naizela, noski):
- Hasteko, dagoen komikirik onena oparitu nahi zidan. Nik argi daukat niretzat behintzat inoizko komikirik onena Watchmen dela eta oso-oso zaila izango du beste edozein komikik postu hori kentzea (laster hemen horri buruz hitz egiteko asmoa daukat). Hala ere, interneten googleatzen ibili zen eta jende askok Batman: El regreso del señor de la noche aipatzen zuela ikusiz, hori erosi zidan. Oso aukeraketa ona, honi buruz beti oso ondo egin didate berba. Frank Miller-ena da, Sin City bikainaren egilea. Komikizale guztion ahotan dabil orain azken honetan oinarritutako Sin City filma, Robert Rodriguez-ek Frank Miller beraren laguntzarekin zuzendu duena, filmera eramatea ederto lortu omen du eta (bai komikietako teknikak orokorrean, bai komiki honen giro iluna, bai dena). Berriki estreinatu dute AEB-etan, arrakasta handiarekin publiko zein kritika aldetik.
- Jarraitzeko, aurten Angoulêmeko festibala irabazitako Marjane Satrapi-ren Poulet aux prunes oparitu nahi zidan, baina ez zuen aurkitu (ez dut uste Espainian oraindik argitaratu denik). Baina horren ordez egile beraren Bordados oparitu dit. Chapeau!
- Eta horrekin guztiarekin nahikoa izango ez zelakoan edo, "dendan aurkitutako beste liburu bat" ekarri dit, ez dakiena gustatuko ote zaidan: El gran libro de Charlie Brown. Nola ez zait gustatuko Charles Schulz-en Snoopy-ren tira piloa duen liburu potolo hori?
Beno, bukatzeko, blog honen irakurleen artean bereziki komikizalea ez den norbait balego (izango da informatika atalagatik edo laguntzat naukalako jarraitzen duenik) etxean traban dituen komikirik daukana (txikitakoak oraindik dituelako, norbaitek oker oparitu izan dizkiolako...), jakin dezala atzeratutako opariak onartzen ditudala! ;-)
(Alaitzek akabatu egingo nau blogean berriz aipatu dudala jakiten badu... Beno, ez du bloglines-en harpidetzarik, beraz ea lehenbailehen idazten dudan zeozer gehiago hau portadatik desager dadin...)
Jolin, zenbat erantzun zorionak emanez! Ez zen hori bilatzen nuena... Baina orain titulua begiratu eta "zorionak niri!!!" ikusita, harridura ikur horiekin, egia da agindua ematen duela!
Hala ere, egia esan ilusioa ere egiten du. Eta pertsona baten erantzuna (Filoblogia eta Sobre ruedas -eko Ricardo ) lehenengo aldiz jaso dut, horrek ere ilusioa handia egin dit, ez bait nekien Ricardok irakurtzen ninduenik.
Orain zorretan izango naiz zuokin guztiokin, ez baitut uste zuek zuon blogetan horrelakorik idatziko duzuenik... Nik euskal blogosferako "kronika arrosa" inauguratu izanaren lotsa eraman beharko dut aurrerantzean.
A, eta zorionak ugari, baina komikiak, ezta bat ere!!! ;-)