Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
Atzo Elgetako Espaloia kafe antzokian antolatu zen blogari euskaldunen topaketan egon nintzen, eta asko gozatu nuen bertan, jarraian kontatuko dizuedan legez. Esperimentu bat egiteko asmoarekin joan nintzen, haren fotokronika telefono mugikorraren bidez (inongo ordenagailuren laguntzarik gabe) egiteko asmoarekin. Lortu ere lortu nuen (blog hau jarraitzen duzuenok ikusiko zenuten bezala), eta nola egiten den eta horretaz zein balantze egiten dudan kontatuko dut hemen.
Euskal Blogs&Beers Elgetan
Inoiz izan gabe nintzen Elgetako Espaloia kafe antzokian. Martxan jarri zutela jakin nuenean, harritu egin nintzen. Elgeta ez da Bilbo, mendian galdutako herri txikitxo bat da. Pentsatu nuen kafe antzokia izen pretentziosoa jarritako taberna-elkarte txiki bat besterik ez zela izango. Eta funtzionatuko zuen zalantza handiak nituen.
Atzo hara sartzean guztiz harrituta gelditu nintzen. Lokala oso handia eta txukuna da, Bilbokoari ezer enbidiatzekorik ez diona. Azpiegitura ederra dute gainera, eszenatoki handia, pantaila erraldoia, wifi sarea, ordenagailuak... Eta gainera jende asko zegoen bertan, blogileok artean iristear ginela. Ez dute meritu makala Iban eta besteek, hori aurrera ateratzea lortzea!
Gero ilunkera guztian oso gustura egon nintzen. Blog hau idazten dudanetik beste blogari batzuk ezagutu ditut zibernetikoki, izan ere blogak irakurri eta berauetan erantzuteko ohitura handiena guk geuk blogariok daukagu, eta halako konplizitate bat sortzen da guztion artean, koadrila txiki bat sortzen da, blogarion koadrila. Baina koadrilakide horietako asko ez nituen pertsonalki ezagutzen, eta horregatik bakarrik merezi izan zuen gauak.
Baina hori baino gehiago ere izan zen. Hemen agertu izan dut kezka ez dakidala ea nire bloga inork irakurtzen ote duen (monoblogoa ote den), eta han ziurtatu nuen gutxienez beste blogari batzuk ere irakurtzen dutela. Oso polita da jendeari entzutea "A, zu zara beraz Igor! Banuen gogoa zu ezagutzeko!".
Eta horrez gain, ikusi nuen euskaldun jendearen artean badagoela komikien munduarekiko interesik. Sinestezina badirudi ere, bost pertsona ezberdinekin egon nintzen komikiei buruz berba egiten! Batzuekin, gustuko ditugun komikien berri elkarri ematen egon nintzen. Orain zerrenda handia dut eMulen bilatzeko! Eskerrik asko batez ere Iban batelaria, Elena eta John "Bixen" Whitechapel Etiam kapitainari.
Zer gehiago eska daiteke? Chapeau antolatzaileei!
Moblogging-a zer den
Moblogging hitza mobile phone (telefono mugikorra) eta blog hitzen arteko jokoa da. Telefono mugikor batetik blog baten artikuluak idaztea da moblog egitea. E-mail bat idazten da posta elektroniko jakin batera klabe konkretu batekin, eta automatikoki titulutzat e-mail horretako gaia eta edukitzat mezuaren edukia duen artikulu bat agertuko da publikatuta blogean. Beraz, moblog egiteko telefono mugikorretik e-mailak bidaltzeko aukera izan behar dugu.
Nola egin nuen
Eibar.org-eko blogak Zope-rentzako CoreBlog produktuan oinarrituta daude, eta CoreBlog-ek moblog egiteko aukera ematen du, baina badirudi oraindik inork ez duela probatu. Beste batzuk posteatzeko asmoa zutela banekien, argazki kamerak digital eta ordenagailu eramangarrien bidez. Eta ni saltsero hutsa naizenez, probatu nahi izan nuen ea egin zitekeen hainbeste mobidarik gabe, telefono mugikor sinple batekin, ekitaldia zuzenean emanez. Ez dut asmorik normalean moblogean aritzeko (nire bloga ez da aktualitatea jasotzen duten horietakoa), probatzeagatik egin nuen.
Eibar.org-en blog bat ematen dizutenean, moblog egin ahal izateko datuak ere ematen dizkizute: posta elektronikoko helbidea eta klabe sekretua. Helbide horretara testu hutsezko e-mail bat bidali behar da (ez HTML edo RTF), mezuaren edukiko lehen lerroan klabe sekretua idatzi behar da, ondoren bi lerro jauzi eta gero artikuluaren edukia izatea nahi dugun testua. Postaren gaia izango da artikuluaren tituluan agertuko dena. Eta posta elektronikoak irudi bat erantsita badu, irudi hori artikuluaren hasieran agertuko da.
Baina posta elektronikoa blogean artikulu gisa publikatuta agertzeko, blogari esan behar zaio begiratu dezala posta elektroniko berririk ote dagoen publikatzeko. Hori egiten da nabigatzaile baten blogaren helbidea eta ondoren "/receive" idatziz. Eibar.org konfiguratuta daukate gauero hori egin dezan, baina bestela nahi duzunean eskuz egin dezakezu.
Beraz, Alaitz neskalagunari telefono mugikorra eskatu nion (argazki kamera dauka) eta bertan MMS (Multimedia Message System) aktibatzeko eskatu nuen. Horrela e-mailak irudi eta guzti bidaltzeko aukera nuen. Aurrez apur bat praktikatu nuen @, letra larriak eta xeheak, lerro jauziak eta horrelakoak nola idatzi ikasteko (lerro jauzientzat espazioa jarraian sakatuta eduki behar da).
Gero bidaltzen nuena lehenbailehen blogean publikatuta ager zedin, "receive" egiteko WAP aktibatu nuen mugikorrean. Arazoak ematen zizkidan, eta orduan WML orri bat sortu nuen blogean "receive" egin zezan, baina horrela ere ez. Orduan konturatu nintzen arazoa baimenena zela. CoreBlog-en erabiltzaile anonimoak ezin du "receive" egin, orduan erabiltzaile izena eta pasahitza eskatzen ditu, eta horrek ez du WAP-en funtzionatzen. Orduan etxeko ordenagailua piztuta utzi nuen 10 minutuz behin "receive" egiteko konfiguratuta.
Moblogging-aren balorazioa
Esperientzia polita izan da probatzeko. Eta aukera polita izan daiteke moblogging-a blog mota jakin batzuentzako: eguneroko detailetxoei argazkiak atera eta testu txiki batekin zuzenean argitaratzeko, edo kazetari-kronika batez ere bisualak denbora errealean egiteko.
Baina bestelako blogentzat bere desabantailak ere baditu. Nagusia, noski, mugikorren teklatuetan idaztea oso astuna dela. Horregatik, artikuluaren testua oso laburra idazten nuen. Hala ere, uste dut badaudela mugikorrei jartzeko teklatu txikiak. Horrelako zerbaitek asko lagunduko luke.
Idazten nuenaren testua laburra izateaz gain, sinplea ere bazen, hau da, kurtsibarik, estekarik edo horrelakorik gabe, ez bainuen aurrez probatu ea zein formatutan onartzen duen mugikorretatik datorren testua (testu hutsa, egituratua edo HTML). Agian testu hutsa besterik ez du onartzen? Hori horrela balitz, beste desabantaila bat liteke...
Beste desabantaila bat blogari jasotzeko agindua eman beharra da. Moblogging-arekin argazki kamera, portatila eta internet konexioaren ordez telefono mugikorra soilik behar dugu. Baina gero idatzitakoa ez bada automatikoki publikatuta agertzen, eta horretarako interneterako konexioa duen ordenagailu bat behar badugu... Baina hau ere konpondu liteke CoreBlog produktuaren iturburu kodean "receive" egiteko baimena ematen bazaio erabiltzaile anonimoari.
Eta bukatzeko, azken desabantaila argazkien kalitatea da, nabarituko zenutenez. Gure mugikorrarenena behintzat ez da batere ona. Bereizmen txikia du, zoom egiteko aukera du baina ez da benetako zoom-a, argazki txikiagoa egiten du aukeratutako zonaldean (lehen bi argazkiak dira horrelakoak). Eta argitasuna ere ez zait gustatu (tira, horrekin jokatzeko aukera ere ematen du, baina ez nuen probatu, beraz agian hori nire errua da eta zerbait hobe daiteke). Nik ez dakit mugikorren kameren kalitatea beti horrelakoa den edo askoz hobeak ere badiren...
Tira, behintzat noizbait kaletik noala gertakari historiko baten lekuko izatea tokatzen bazait, badakit mugikorra gainean eramate hutsa nahikoa dela zuzenean nire blog xume honetan argazki-kronika egiteko!
Orain arte ez dot sekula telefonotik (edo e-postaz) mezurik gehittu nere blogian. Ez neban uste interes berezirik zekanik. Nik hobeto gobernatzen dot ordenadora, telefono mugikorra baino. Hortaz, zertarako telefonua erabili?
Baina domekan Igor ikusi neban biharrian. Telefonua hartu, "klas"! erretratua etara, "pi-pi-pi-pi" telefono dei bat egin, eta "taka!", argazkixa eta mezua bere blogean argitaratuta! Milagrua aizuek! Milagrua!
Bidaietarako, esate baterako, egokixa. Ez ordenadore, ez kamarak deskargatu bihar... mobillakin erretratua etara, bialdu, eta publikauta: "begira, begira, nun nagon! Enbidixia, ezta?"