"30 X 30 - Gure komikiaren tamaina (1976-2006)" liburura atera dute
Gasteizko Atiza komikigileen elkarteak , Michelena Inprimategiarekin batera, 30 X 30 - Gure komikiaren tamaina 1976-2006 liburua kaleratu du. Bertan euskal komikigintzaren azken 30 urteotako historia kontatzen digu Juan Manuel Díaz de Guereñuk, horretarako 30 egile aukeratuz. Oso liburu interesgarria, beraz. Hilabete honetako TMEO-rekin batera banatu dute, beraz TMEO salgai dagoen liburudenda eta kioskotan erosi daiteke.
Liburua Atiza elkarteak iazko abenduko Crash Comic jaialdirako paratutako liburuaren izen bereko erakusketan oinarritua dago, zeinaren komisario Díaz de Guereñu bera den eta otsailaren 14a arte irekita egongo dena Gasteizko Zuloa gunean.
Liburuak lau atal ditu: lehenengoan azken 30 urteotako euskal komikigintzaren historia kontatzen zaigu; bigarrenean hautatutako 30 egile horiek egindako irudi batzuk agertzen zaizkigu, egileen aipu batzuekin batera; hirugarrenean 30 egileon biografiak daude; eta laugarrenean Euskal Herriko komiki-baliabideen gida bat ikus dezakegu (komikidendak, argitaletxeak, aldizkariak, fanzineak, elkarteak, azokak, lehiaketak...). Bide batez, Crash Comic jaialdiaren web gunean ere aurki ditzakegu liburuaren 2. eta 3. atalak.
Bertan agertzen diren 30 autoreak hauek dira (ez dut estekarik jarriko, goian aipatutako helbidean, egileen informazioaz gain, estekak ere bai baitatoz):
- Josemari Alemán Amundarain
- Antonio Altarriba
- Alvarortega
- Raquel Alzate
- Angel Benito Gaztañaga
- Miguel Berzosa
- Iñaki Cerrajería
- Mauro Entrialgo
- Dani Fano
- Nacho Fernández
- Roberto Garay
- Gregorio Muro Harriet
- Iñaki G. Holgado
- José Ibarrola
- Javier de Isusi
- Kini
- Juan Luis Landa
- José Manuel Mata
- Antton Olariaga
- Luis del Olmo
- Alex Orbe
- Santi Orúe
- Pedro Osés
- Alex San Vicente
- Simónides
- Santiago Valenzuela
- Mikel Valverde
- Bernardo Vergara
- Jon Zabaleta
- Jesús Zulet
Elkarte txiki eta baliabide handirik gabekoek liburu bat atera nahi dutenean, edizioa eta banaketa arazo izaten dira, eta hala izan da liburu honekin ere. Astigarragako Michelena Inprimategiari esker lortu da argitaratzea, urtero bere bezero eta lagunen artean banatzeko editatzen duen monografikoetarako aukeratu baitzuen. Hala, liburua bada denboratxo bat atera zela, baina zirkulu itxian banatzen zen. Nik Atiza elkartera bertara jo nuen nola lor zitekeen galdetzeko, eta Mauro Entrialgok berak esan zidan TMEO aldizkariaren hurrengo alearekin banatzeko asmoa zutela (jende bera mugitzen baita Atizan eta TMEOn), eta prezio nahiko sinbolikoan. Eta hala da, ez baita erraza koloretan eta guzti dagoen liburu bat gaur egun 5 eurotan lortzea. Ez dago ez erosteko aitzakiarik, beraz!
Euskal komikigintza apur bat gehiago ezagutzeko ezinbesteko liburua, Juanmaren jakituria infinituak dakarkiguna. Lastima gaztelaniaz soilik egotea!
Fitxa |
---|
Izenburua: 30 X 30 - Gure komikiaren tamaina (1976-2006) Egilea: Juan Manuel Díaz de Guereñu Argitaletxea: Atiza eta Michelena Inprimategia Urtea: 2006 Lege gordailua: SS-1477/06 |
Gasteizen ikusi ahal izan nuen erakusketa eta liburuaren formato antzekoa zuen, baina bertan lan originalak eta argitaratuak agertzen ziren eta liburuan argitaratutakoak daude nagusiki: hau ez da txarra, liburu formatu honetan originalak ez lirateke berdin apreziatuko, eta liburuko irudiek komikigileen garapena eta marrazteko teknika guztiak erakusten ez badituzte ere interesgarriak dira.
30x30 liburuaren alde positiboena komikilarien biografia, iritziak eta irudiak biltzea da. Ipurbeltzek ere 1977-2002 bilduma argitaratu zuen aldizkarian publikatu izan duten autore askoren datuak eta iritziekin. Bi lan hauekin Euskal komikilari guztien datu-basea osatzen hasteko oinarri ona daukagu.
Komikilarien iritziak oso pertsonalak dira, komiki mundua ezagutzeko baliagarriak. Ez dute esaten nola lortu dituzten: beraiei hitz batzuk eskatuta, elkarrizketa zabalagoen parte diren...
Erakusketan, euskaraz argitaratzen duten komikilarien textuak euskaraz zeuden soilik, baina liburuan euskaraz dagoen bakarra Olariagaren textua da (ez dakit irizpide honen zergaitia...): bi eredu hauek ez dira positiboak nire ustez, horrela elebakarrentzat euskarazko komikigintza ezezaguna izaten jarraituko baitu, komikigintzan (ere) mundu paralelotan biziko bagina bezala.
Komikilariak aukeratzeko orduan 30 inguru aukeratu behar ziren eta dauden guztiak merezí zuten bertan egotea. Beste asko egon daitezkeela dio autoreak, eta aniztasun eta kopuru hori deigarria dela.
Komikilari eta gidoilari hauen aipamena hari gisara erabiliaz Komikigintzaren azken 30 urteotako ibilbidea kontatzen da: autoreak behin baino gehiagotan 30 hauek baino komikilari gehiago daudela aipatzen duen arren, narrazioa osatzerakoan marrazkilari eta komikigintzako esperientzia batzuk ez dira agertzen, eta historiotik kanpo geratzen badira panorama desitxuratua geratzen zaigu.
Batetik izenburua bera dimensiones de nuestra historieta da, nahiz eta sarrerako testuan estos ejemplos constituyen algunas dimensiones aipatzen den, eta nire ustez honek izan beharko luke izenburua: hau da, 30 hauetan ez dauden beste komikilariak aukeratuta historio berdina kontatuko litzateke? Ez dut uste, eta nire subjetibitatetik ikusita, gabezi nabarmenenak hauek dira:
Aldizkarien kasuan ere, uste dut aipagarria dela batez ere Nabarran komikiek duten rola, baita bere garaian Ardi Beltzan izan zutena. Eta beste aldizkari batzuetan ere badute bere lekua: 7kan, Argian, Aizun...
Pertsonalki, Asiskoren izena aipatzeaz gain honi tarte gehiago ez eskaintzea eta Alvarez Rabo ez aipatzea hutsune handiak dira.
Azken urteotako gertaera nabarmenen artean Astiberri, Getxoko Komiki Azoka... daude, baina ez da kontuan hartzen segur aski azken urteotako euskal komiki salduenak (Mauro Entrialgoren atzetik noski) Zaldi Eroa eta Patxi Gallegorenak izan direla: ez daukat datu zehatzik, baina Durangon oso salduak izan ziren, edizio bat baino gehiago agortu da...
Xabinaitorren kasua aipatu beharrekoa litzateke ere, komikiak kalitate handia baitu marrazki eta gidoian, eta oihartzun mediatiko handia lortzen ari baita.
Euskarazko komikigintzan pausu handia eman da bi lan hauekin, eta nire ustez marketing on batekin urtero diru galerarik gabe euskarazko 2 edo 3 komiki berezi merkaturatzeko aukera badago. Zaldi Eroaren eta Gallegoren lanek izan duten arrakastarekin produktu berrientzako ateak zabaldu direla pentsatzen dut, eta aprobetxatu beharra dago. Lan hauen kalitatea apartekoa da: agian urte askotan behin ematen diren fenomenoak dira, baina txanpa aprobetxatu beharra dagoela uste dut.
Euskarazko aldizkarien edo euskal kulturarekin harremana duten medioen kasuan azken urteetan komikigintzak atentzio handia lortzen ari da: Berriak Olariaga eta Orozen elkarrizketa argitaratu zuen, Argian eta Aizun Zaldi Eroa, Montorio-Ólariaga-Exprai Nabarran, 7kan Mauro eta Valverde... Nabarran eta 7kan komikigintzari buruzko monografikoak irakurri ditut. Hau liburuan aipatu beharko litzatekeela uste dut.
Espero dut moda hutsa ez izatea, nire ustez posible da presentzia hori mantentzea, gurean komikilari eta komiki interesgarriak baitaude: komikilari asko beste margolari, antzezle, zinema zuzendari, idazle... batzuen mailan daude, eta jendeak hauen iritziak gogoz irakurtzen dituela uste dut.
30X30 liburua eskuratzeak merezi du, prezioak ere laguntzen du, eta batez ere komikilariak hobe ezagutzeko oso baliagarria da, baina egiten zaigun kontakizuna ankamotz geratzen dela uste dut. Beste 30X30 egingo balitz, teorian historia berdina beste komikilariekin kontatzeko aukera egongo litzateke, baina nire ustez aipatu ditudan elementuak (eta La Comictiva edo beste esperienztia batzuk) integratzen ez badira ateratako argazkia ez da erabat erreala izango.