Igande goiza Getxoko Komiki Azokan
Igande goizean izan nuen Getxoko Komiki Azoka bisitatzeko aukera. "Azoka" izenak nobedadeak ezagutzeko aukera iradokitzen du, baita 2. eskuko komiki zaharrak aurkitzeko aukera. Getxoko Azokan komiki erakusketak daude, autore batzuen sinadura lortu eta marrazki bat egiten dizuten bitartean hitz batzuk trukatzeko posibilitatea duzu, hitzaldiak entzun...
e-gorren oharra: Lehengo egunean Iñaki Otamendi dabilenharria-k, blog honetako kolaboratzailea bera, erantzunetan utzi zuen Getxoko Komiki Azokara egin zuen bisitaren kronika eta azoka horri buruzko bere iritzia. Mezuari oso interesgarri eta mamitsu iritzita, portadako artikulu gisa ere jartzea erabaki dut.
"Komikizaleon" topagune izateko handiegia zela iruditu zitzaidan: ziur nago Bilbo inguruko zale porrokatuenak jada elkar ezagutzen dutela, eta beraientzat azoka topagune egokia izan daitekeela, baina kanpotik joaten garenontzat giroan sartzea ez da hain erraza (gainera tabernarik ez zegoela uste dut...).
Badirudi Bizkaian (edo Bilbo handian...) komikiak baduela sare eta girotxo bat: autoreak, zaleak, fanzineak, elkarteak, dendak, editorialak... eta hauetan dauden pertsonak estatu mailako beste sareekin harremanetan daudela nabari da. Baina sare honetatik kanpo gauden zaleontzat zailagoa da giroa modu horretan bizitzea, eta zaila da "zale pasibo" papera gainditzea.
Inpresio hau nire baldintzen araberakoa da noski, ez neukan azoka ikusteko denbora gehiegi eta: lehendabiziko ordua burua komikietatik altxatu gabe pasa nuen, argitaletxe eta dendetako eskaintza ikusi, komikiak begiratu, ale zaharren kaxetan bilaketa azkarrak egin... eta gainontzeko ordu eta erdia lasaiago eman nuen.
Lehendabiziko bueltaxka hori egin eta informazio guztiaren digestioa egin ondoren, azokaren giroari erreparatu nion. Egunero 7000 pertsona pasa omen dira bertatik... Nik gaztetxo, ume eta familia asko ikusi nituen, gizonezko helduak (50 urtekoak El Guerrero del Antifaz komiki bila, 40 urtekoak Totem eta antzekoen bila, 30 urtekoak Spidermanen aleen bila...), beren buruari freaki deitzen dioten batzuk... Freaki izan gabe komikizale asko ere. Baina eguneroko 7000 horietatik mordoxka bat Azoka Ekologikora, Aisialdi Azokara, Zine Azokara.... edo beste batera berdin berdin joango liratekeela uste dut. Komikiarentzat ona al da aisialdi munduan normalizazio hori lortzea? Nire ustez komiki mundua horrela bi poloetan kokatzen da, zaleen gutxiengoa batetik eta kontsumo gizartea bestetik, eta egoera hau ez da ona nire ustez, "getho"aren abantailarik gabe eta merkatuaren legepean baitago.
Denda eta argitaletxeez aparte, Mangaren inguruko elkarte batzuk zeuden, rol jokuei buruzko beste batzuk, Bizkaialdeko fanzine pare bat eta Ondarruko Luterl taldea: talde hau saltsa askotan dabilela ikusten zen, ez soilik komikian, eta erreferentzia interesgarria iruditu zitzaidan.
Komikien prezioari dagokionez, aipatu dudan bezala komikia kontsumoaren zikloan sartu dela nabari da: bigarren eskukoak 1 eta 2 euro bitarte, baita batzuk 3 eurotan ere, eta orain dela urte batzuk 125-175 pezetetan lor zitezkeen gauza interesgarriak... Asterix, Tintin, Mortadelo eta antzekoak 7tik gora... Helduentzako komikiak 12tik gora gehientsuenak... Hausnarketa gai zabala da azken urteetan egon den prezioen gorakada hau: arrazoien artean nire ustez batetik haur eta gazteetan komikiak irakurtzen genituen belaunaldiak orain dugun kontsumorako gaitasuna, komikia ere kontsumoaren sarean sartu izana, eta bestalde euroaren borobiltzearen eragina. Ondorioen artean batzuk pozgarriak, komikilariak hontaz bizitzeko aukera izanik komiki gehiago irakurri ahal izango ditugulako, argitaratzeko aukera gehiago, aniztasun gehiago omen dago... Baina nire ustez komikiaren "itxura" eta estetika liburuarena da geroz eta gehiago, eta uste dut istorio eta marrazki on batzuk ez dutela beti "produktua" garestitzen duten "itxura" garestirik behar.
Hitzaldietan sartu-irten azkarrak egin nituen. Albert Monteys eta Manel Fontdevillaren hitzaldian egon nintzen: ez naiz El Jueves-en irakurlea, beraz ez nintzen hitzaldian erabat barneratu, baina komikiak nola egiten zituzten jakitea polita izan zen: egunerokotasuna, aktualitatea, gidoiak...
Erakusketak nahiko kaxkarrak: Monteys eta Fontdevillarenak ez zuen kronologiarik edo klasifikaziorik, emakume komikilariena oso basikoa, autorearen informazioa eta kitto (liburu batean argitaratua dagoen lana da, baina liburua ez nuen ikusi salgai...). Marvel-en komikiei buruzkoa aldiz gustatu zitzaidan, garapen bat ikusten zen...
Sinaduren atalean, Sandra V eta Javier de Isusi-renak jaso nahi nituen. Sandraren 2003ko komiki "ilun" bat nuen, pertsonen arteko harremanen inguruan... eta orain Los juncos komiki autobiografikoan haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroko gertaerak jarri ditu... Komikia tristea den arren bizitza ederra zela esan zidan... Baita komikia zirriborroetatik zuzenean eraman dutela argitaletxera. Irakurtzen hasi naiz eta asko gustatzen ari zait, gainera estetika eta diseinu polita dauka eta merkea da (10 euro gaur egun komiki batengatik ez da erraza).
Isusiren kasuan La pipa de Marcos irakurri nuen aspaldi, baina lagun bati oparitu nion eta berriz erosi ondoren sinatzeko eskatu nion. Los viajes de Juan Sin Tierra izenburupeko bigarren alea La isla de Nunca Jamás salgai jarri behar zuten Getxon, baina arazoren bat egon zen eta ez ziren iritsi... Bitxikeri bat aipatzearren, nire aurrean Xabiroiren portadarekin kamuflatutako La isla de Nunca Jamás komikiko ale bat sinatu zion pertsona bati... Beno, komertzioaren misterioak...
La pipa de Marcos Txiapasen gertatzen da noski, eta asko gustatu zitzaidala esan nion: pertsonalitate propioa duen "Vasco" izeneko pertsonai bat eraiki du, jarraikortasuna izango duena, komikiaren gaia interesgarria da, herrien arteko harremanak eta elkartasuna lantzeko modua... Erritmoa ere, oso mantsoa da baino horrek errealismoa ematen dio. Ale berria, La isla de Nunca Jamás, Nikaraguan gertatzen da, Joxe Ripiauk abestutako Ometepe uhartean (badugu beraz komikia eta euskal rocka sailean beste erreferentzia bat...), eta Vasco protagonista Brasiletik ere pasako omen da eta Lurrik Gabekoen borrokaz jardun genuen.
Sandra eta Javik ez zuten ilara handirik, Rakel Alzatek aldiz luzea zeukala iruditu zitzaidan...
Mauroren sinadura ere lortu nahi nuen: ezagutzen duzue Drugos el acumulador pertsonaia? Ezinbestekoa iruditzen zait gauzen "bildumak" egiteko zaletasuna dugunontzat. Blogei buruz hitz egin behar zuen, baina arazo pertsonalak medio ez zen mahaira agertu.
"Mundo Blog: cómic e Internet" zen gaia, eta hitzaldira berandu sartu nintzen (ez nuen denbora asko...) eta bukatu baino lehen atera: interneten gertatzen diren ezaugarri orokorrak (anonimotasuna, orri batetik bestera azkar saltatzeko gaitasuna, internetera etengabe engantxatuak daudenak egiten duten "zarata"...) komikien gaian ere errepikatzen omen dira, eta ez zitzaidan gauza berririk esan zutenik iruditu. Interesgarriena "fanzineen desagerpena-blogen sorrera" fenomenoari buruzko hitzak izan ziren, eta etorkizunean fanzineak itzuliko direla uste zuten gehienek. Blogak irakurlearekin duzun harreman "zuzena" eskaintzen dizutela esan zuten, fanzineetako irakurleekin zailagoa omen da... baina seguraski nonbait bilduko balira pertsona berdinak izango liratekeela uste zuten gehienek; oso zaleen arteko harremanak zirela uste zuten, jende berria zaletzeko webgunerik ez zegoela esan zuten...
Euskal Herriko Komikizaleon topagunea omen den honetan euskaraz argitaratutako komikigintzak islada tristea izan zuen Getxon: ez nuen Xabiroi ikusi (aurkeztu zuten azokan eta lehendabiziko alea doan hartu zitekeen sarreran, baina gainontzekoak ez zeuden salgai), Ipurbeltz ez zen ageri, Zaldieroa edo Xabinaitoren alerik ez... Penagarria. Sauré eta Astiberrik euskaraz argitaratu dutena euren stand-etan bakarrik zegoen.
Arrazoiak? Batetik antolatzaileak ez dute euskarazko komikiarekiko inongo harremanik, arrotza zaie mundu hori (webgunean euskal kultur munduko esteken aipamenik ez zegoen hasieran) (e-gorren oharra: orain badaude, baina hori Iñaki Otamendik berak esan dielako da). Bestetik, ez dago euskal komikiaren inongo estrukturarik. Eta betiko arrazoia noski: azoka komertzioa denez eta euskara komertziala ez omen denez...
Gazteleraz egiten den euskal komikiak ere ez zuen isla berezirik: ez dut esaten lauburutxo bat jarri behar denik portadan edo ikurrin baten gainean zabaldu komikiak, baina interesgarria izango litzateke gure herriko autoreek aurten zer argitaratu duten erakustea edo ale zaharrak berreskuratzeko aukera izatea.
Eta hitzaldi, erakusketetan.. berdin, Euskal Herriko erreferentzia bakar bat ez eta danak gazteleraz noski. Antolatzaileen gustuen araberakoak izan zirela uste dut, eta argi dago beraien erreferentzia estatua dela. Bakoitzak bere erreferentziak aukeratzeko eskubidea du noski, baina azoka bakarra dagoenez...
Nire inpresio hauetako batzuk ezberdinak izango lirateke azokan goizez ordu pare bat eta arratsaldez beste pare bat egoteko aukera izango banu: giroan gehiago barneratu ahal izango nukeen, jende gehiagorekin hitz egin... Baita azokara norbaitekin joan izan banintz ere... Gustura egon nintzen dena den, komikiak erosi nituen, ikuspegi gaurkotu bat lortu nuen... Komikiarekin gozatu eta sufritzeko beste aukera bat izan zen.
Aupa Iñaki! Ni ere han izan nintzen igande goizean, ze pena lehenago ez jakitea, horrela elkar ezagutuko genukeen...
Ni ere oso denbora gutxirekin joan nintzen, ordu pare bat besterik ez, eta postuak ikusi, erosketa batzuk egin eta erakusketak gainbegiratzeko denbora besterik ez nuen izan, ez hitzaldi ez sinadura ez ezer... Zu baino are gutxiago murgildu nintzen giroan, baina hala ere egia da, zuk diozun bezala, ez dela erraza zale pasibo baino gehiago izatea, inor ezagutzen ez baduzu edo taldean ez bazoaz behintzat.
Prezioarenean ere arrazoi duzu, oso garesti daude komikiak. Eta egia da nik edizio on bat eskertzen dudala, baina tapa gogorra edo paper satinatuak ez dit ezer esaten, eta horiek dira prezioa gehien igotzen dutenak...
Bestalde, ni ere harritu ninduen La isla de Nunca Jamás ez egotea. Arraroa Astiberrik, Bilbokoa izanda, Getxorako ez ateratzea, gainera hala izango zela ulertua nuen...
Eta euskararen presentziari buruz, ez dut ezer gehitzeko zuk jada esandakoari, benetan penagarria!