Herria eta larrua
Deigarri gertatzen da zelan gailentzen zaion Exkixurenean herriarenganako jorana sexuzko grinari. Gurutzek gogor erakarriko du Exkixu artean birxina, bero-bero jarriko du.
Gehienek, gose mota hori aseko lukete eta gero gerokoak. Are gehiago, gertu geundeke gure joera politikoak bikote-kidearenetara moldatzeko, pixka bat behintzat. Alegia, espeziearen iraun nahia, gizabanakoaren grina erabiltzen baitu bitartekari eta mozorro gisa, taldearenari nagusitzen ohi zaio.
Esate baterako, behin batean, Ondarroako traineruan zebilen arraunlari batek, arras erradikala, Bartzelonako diskoteka batean ligatu egin zuen. Berehala sumatu zion neskari polizia usaina, baina desioa nagusitu eta poliziaren autoan larrutan egin zuten. Neskak guanteran zeraman pistola, eta txorta-ostean arraunlariari erakutsi egin zion.
Iraunkorragoa eta ospetsuagoa izan zen Lekunberriko emakume karismatiko baten (bertako ezker abertzalearen gidari naturala) eta autobiaren obra zaintzera etorririko gizon polizia baten artekoa. Harritu egin gintuen buruzagi abertzalea kuartelillora ezkontzeak.
Alderantziz dabil ordea Exkixu: politikan bat etortzea ezinbesteko baldintza du maitasuna behar bezala egiteko. Gurutzeren epeltasunak eta beldurrak Exkixuren zakila zimurtuko dute.
Estilo ariketa
Zabaldu dizut nire etxea, zabaldu dizut nire intimitatea, eman dizut nire bihotza, erakutsi dizkizut nire argazkiak biluzik, nire konfidantza osoa eman dizut, nire bizitza zure esku jarri dut, zuregatik kolokan egon da nire familia zoragarria, daukadan guztia eta naizen guztia izan da zurea, nire ordenagailua barne...
Eta, egia esan, ulertzen dut halako ez-ustekoak gogorra izan behar duela zeu lako lagun delikatu batentzat...
Baina orain, burua argiago, nire maitasuna mespretxatu duzula sentitzen dut.
Nik nire burua ukatu dut, dena utzi dut, badakizu nola nabilean lanean, zuregatik.
Baina zuri axola zaizun gauza bakarra da: "Armendariz da? Ala ni naiz? Esan egia!!"
Egia bakarra da nik asko maite izan zaitudala, asko, eta zuk badakizula, badakizu oso ondo, eta garrantzi handiagoa ematen diozula halako ergelkeria penagarri bati nire maitasun ikaragarriari baino.
Hau da nire azkeneko mezua. Banoa betirako, lotsatuta, nazkatuta eta negarrez.
Agur. Erruak maitasunari irabazi dio.
Patxiren bloga
Hemen argitaratzen dituen erantzunak ez bezalakoak dira "Begietatik": http://www.begietatik.blog-city.com Patxiren blogeko idazkiak: hemengoak bizkorrak, barregarriak, argiak; "Begietatik"ekoak, berriz, ilunabar lasai eta malenkoniatsu bati dagozkio.
Zumarragako funtzionarioak, bestalde, ederki menperatu du argazkiak blogean kokatzeko teknika konplikatua eta ume bakartiak itsaso magikoari begira eta antzekoak ditu gustuko.
Zergatik da hain ona Patxiren bloga? Estilo bat duelako, musika berezi bat dariolako, kutsu goibel eder batek barnebiltzen duelako guztia, testuak zein argazkiak.
Jesukristo, pelmadaren goresle
Jesukristoren nortasunaren enigma asko ez da behar bezala deskiribildu, ilunpean datza oraindik.
1-Indar okupatzailearen aurkako komando armatu bateko kide gisa ezagutu dugu. Soldadu erromatarrek Jesusen dizipuluak atxilotu zituztenean iskiluz ederki horniturik zeuden San Pedro eta enparauak. Komando barruan, hala ere, Jesusek bake-bideak jorratu zituzkeen, etsaia maitatzea eta beste masaila ipintzea, ETAren baitan, ETAtik irten barik, etengabe su-etena eta politika aldeztu dutenen antzera.
2-Beste zerbait ere aldeztu zuen Jesukristok: seta zein tema, eskatzeko orduan. Arrakasta handiz erabiltzen da ikastetxeetan aprobatzeko eta nota hobeak lortzeko. Dena den, Jesusek, agintari bigungarri legez, ez zuen irakaslearen figura erabili, baizik epailearena. Otoitz etengabe egitea zein eraginkorra den adierazteko, parabola hau kontatu zuen (Lukas 18): bazen behin epaile normal bat, "ez Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona", aski alferra epaiak argitaratzeko orduan.
Hiri berean emakume alargun bat bizi zen, epaileari "egidazu justizia etsaiarekiko auzian" eskatu ziona. Jaramon handirik ez epaileak ordea. Baina hain setati jarri zen alarguna, hainbeste bider joan zitzaion bisitan epaileari, honek, azkenik, amore eman eta gogoeta hau egin baitzuen: "ez diot Jainkoari beldurrik, ezta gizakiari ere begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri zaidanez, egiodan justizia, etengabeko buruhausterik eman ez diezadan."
Jesusen esanetan, epaile zuzengabeak bezala, Jainkoak ere ezingo ditu gau eta egun deiadarka ari zaizkion plastak jasan eta "berehala egingo diela justizia diotsuet".
3-"Soinujolearen semea"-n Daviden traizioak ezinegona eragin omen dio hainbati. Edozein gisaz, Daviden traizioaren eta Daviden kristautzearen aldiberekotasunak Atxagaren aurkikuntza garrantzitsu bat ematen du, Jesukristoren bizialdiaren funtsa traizionatzea eta traizionatua izatea izan baitzen: bere sendia traizionatu zuen aurrena, juduen Jainkoa eta juduak hurrena; gero, Judasek traizionatu zuen Jesus; eta azkenik gurutzean Jainkoak berak.
Halatan, kristau izatea, Jesukristoren imitazionea, uste baino korapilatsuagoa da: eskatzen baitu, ezagunagoak genituen beste jarrerez gain, militaristak bakera erakartzen ahalegintzea (baina militaristen artean bizitzeari utzi gabe), gogait eragite militantea eta traizioaren erdigune bilakatzea.
Garbitu nuen, nirea baitzen
Oso polita gaur "Berria"n Luis Karlos Garciak Pilar Sanpedrori eginiko elkarrizketa, "Amodioaren mitoaren aurka" izenburukoa. Hemen dago:
http://www.berria.info/hemeroteka/inprimatzeko.php?htmla=BERRIA/y2004/m10/d20041020/p00017015.html
Enigma handia da zergatik maite ote duen zenbaitetan herriak tiranoa, edo errege kokolo bat.
Antzera, nolatan nahi izaten dute emakume batzuek, luzaro mehatxuak eta jipoiak pairatu dituztenek, erasotzailearekin bizitzen jarraitu? Izan ere, lagunak on egiten digutenen artean aukeratzen baditugu ere, "sarri askotan gertatzen da emakumeok bikotea sortzea batere onik egiten ez diguten eta atsekabetuta nahiz min fisiko eta psikikoak jota uzten gaituztenekin." Zergatik gertatzen dira "sufrikarioz betetako amodio penagarri horiek?" Nondik nora andre askoren (batzuk aski helduak eta oso argiak) etengabeko umilazioa onartu behar hori?
Diru katea garrantzitsua izaten da, baina ez gutxiago lotura emozionala. Sanpedrok uste du badela gure gizartean maitasunari buruzko filosofia ezkutu bat, halako hondamendiak ahalbidetzen dituena, eta beraz kritikatu beharrekoa.
Sanpedroren esanetan, gizarte osoak beharko luke terapia, "gailendu dituen kontzeptu, mito eta abarrek ematen baitiote bide emakumeen aurkako indarkeriari". Zehazki, amodio erromantikoak (eleberriek, telebistek eta filmek, besteak beste, sustatuak) genero indarkeriari laguntzen ei dio.
Tristan eta Isolda, Romeo eta Julieta, Leturia eta Miren... mendebaldean ez zaio lekurik egin maitasun zoriontsuari. Gure arteko lirikak ez du plazera, lasaitasuna, begirunea edo poza goraipatu; hain gutxi epikak. Aitzitik, sufrikariozko pasio gisa izan da amodioa irudikatua.
Sanpedroren iritziz, horrek badu zerikusirik "biolentziaren espirala" deitu denarekin: erasotzaileak bikote-kidea gaur jipoitu eta bihar inoiz baino gehiago maite duela ziurtatuko dio. Ziklikoak izaten baitira genero indarkeriaren ibilbideak.
Sanpedrok, bestalde, Ana Karenina, Madame Bovary, Melibea eta antzekoen kasuak ikertu ondoren, amodioa haien bizitzan oinarri zein helburu dela nabaritu du, haien izaeraren eta bizimoduaren muina. Aldiz, inguruan dituzten gizonen bizitzetako zati baino ez da izaten. Gaur egun ere, emakume askok sentitzen du maitasunik gabe bizitzak ez lukeela batere zentzurik.
Sanpedroren ustetan, haatik, belaunaldi berriak ikuspuntu errealista, materialista eta pluralistagoekin hezi beharko genituzke, eta azpimarratu bikote-kidea aukeratzeko orduan txiripak eta arbitrarietateak duen garrantzi erabakigarria; inork ezin duela albokoa beti eta guztiz ase; maitasuna ezin dela sakrifizioan oinarritu; eta norberaren asmoak eta ilusioak ezin direla bikote-kidearen menpean jarri.
EGOERA EZIN ULERTU
Sukaldarien aurkakoa eta antzekoak egiten dituztenek badakite euskal gizartea trinkotu eta abertzale izateke kalitate demokratiko txukun bat behintzat nahi dutenak ere separatista bilakarazten dituztela.
Orduan?
Okupazio indarren atxilotze berehala arbitrario nabaritua, tortura basatia, torturapean botarikoetan oinarritu salaketak eta brunetearen lintxamendu itzelak...
Atzo Mikel Aramendik adierazi zuen Auzitegi Nazionaletik "El Mundo"rako filtrazio bideak aski ezagunak direla honez gero.
Zeintzuk dira?
Antzerki krudel horrek sozialistak gobernuan egotearekin ez duela zerikusirik dio zenbaitek, eta Galindorena eta Roldanena aipatu eraso faxistaren osagai barik presoak hurbildu aurreko aperitifa izan dela.
Auskalo.
Zer esan nahi du Amagoia Ibanen "sukalde batzuk ederki ari dira lanean" horrek?
Igel potolo bi, zinemara
Cilineren "Gauaren muturrerainoko bidaia", Matias Mugikaren euskaratze lan itzelari esker Igela argitaletxearen "Literatura" saileko bosgarren perla bilakatua, Francois Dupeyron-ek, Donostiako zinemaldiak erakutsi berri duen "Inguilizi"ren zuzendariak, behinola Urrezko Maskorra irabaziak, hartu du bere gain. ("Inguilizi"ren gaineko D.J. Mendigreenen iruzkin zuhurra, hemen: http://www.sustatu.com/1095524053; baita hemen ere: http://www.eibar.org/blogak/mendiguren/categorylist_html?cat_id=8)
Igelaren sail bereko seigarren liburua duzu Truman Capoteren "Odol hotzean", euskal idazlerik onenetako batek, Xabier Olarrak, euskaratua. Dagoeneko bizpahiru aldiz zinemaratu badute ere, Douglas McGrath-ek ez-ohiko alde batetik helduko dio "Every Word Is True" delakoan: errealitatea eleberrian sartzeagatik egin zen ospetsu, besteak beste, "Odol hotzean" liburua; oraingoan Truman Capote bera sarraraziko du fikzioan McGrath-ek, garrantzi handia izango baitu filman gazte hiltzaile biekin idazleak izan zuen harremanak.
SALBA GAITZAZU, NANOBOT
Tomateak gero eta karratuagoak dira, kaxetako espazioa hobeki aprobetxatzeko, eta dirudienez laster izango dira zeharo karratuak.
Ildo berean, atzo Eneko Astigarragak bere blogean iragarpen txundigarri baten berri eman zigun (http://www.eibar.org/blogak/prospektiba/52): 2020 urte inguruan, ordenagailuak ez ditugu mahai gainean jarriko, ez digute tokirik kenduko, kanpoan beharrean barruan eramango baititugu, edo eramango gaituzte, burmuinetan itsatsirik, garunarekin bat eginik. Sakonagoa izango da gure neuronen harremana "Nanobot" konputagailuarekin, gure jainkoekin, amaginarrebarekin edo telebistarekin baino.
Halaber, 2030 urte inguruan erdietsiko da alde biologiko handirik izan ez dadin hogeita hamar urteko gizaki baten eta ehun eta hogeiko baten artean: giza gorputzaren biokimika birprogramatu ahalko dugu.
Halako miragarriak entzunda eszeptizismoa nagusitu ohi da, telebistaren, koheteen eta interneten iragarpenen aurrean bezala behinola.
Hala ere, Astigarragarentzat sinesgarri samarrak dira eta Astigarraga bera ere sinesgarri samarra da.
Ondorioetako bat: Mendebaldean luzaro ezagutu izan dugun lehia gogorrak, hitzezko sendabideen eta pilulen artean, buru gaixotasunak, depresioak eta halakoak sendatzeko buruzagitza eta lehentasuna lortzeko, pilulen alde egingo du, baina itxuraldaturik. Geroak euskarri materialari eragingo dio, gizakiaren eta makinaren arteko fusioarena eta manipulazio genetikoarena izango da. Horrek mutazio txundigarri eta izugarriak ekarriko dizkio giza endari.
Bazen ordua!
Nik behintzat "Nanobot" bat lehenbailehen erosi eta nire barne-muinari aplikatuko diot, ea interesanteago bihurtzen naizen.
EUSKAL EDITORE DESPISTATUEI
Argitaletxe ausart hori, agur:
Oso kezkatuta nago, honez gero zuek zaretelako kultura talde abertzale ia bakarra Txillardegi aldez edo moldez omendu ez duena. Euskaltzaindia bera ere animatu da, atera kontuak.
Ordea, hutsune harrigarri hori urtea amaitu aurretik bete genezake: badut liburu bilaka daitekeen testu bat, 65 mila karaktere, Txillardegiren obraren azterketa berritzailea, Durangorako argitara zenezaketena.
Erantsita bidaliko nizueke, nahi bazenute.
Eskerrik asko aldez aurretik.
SENARRAREKIN KONTUZ IBILI BEHAR DA
Argentinako emakume batek txataren bidez maitasun harreman sutsu bat zuen gizon batekin.
Orain senarra salatu du, maitalearekin larrutan egitera behartu zuelako. Senarrak argazkiak atera zizkien, dibortzio-epaiketan erabiltzeko asmoz.
Senarra luzaro egon zen abagunearen zain. Egun batean, emazteari Interneteko saioa ixtea ahaztu eta senarrak berak jarraitu zuen emaztearen zibermaitalearekiko elkarrizketa beroa, emaztearena eginez.
Halako txataldi zenbaiten ostean, senarrak etxera gonbidatu zuen emaztearen maitalea, baita honek onartu ere. Gizajoaren ez-ustekoa! Senar sumindua baitzuen aiduru, andreari itxarotera behartu zuena.
Emaztea etxeratu bezain laster, senarrak errebolberra atera eta maitalearekin txortan egitera behartu zuen, berak argazkiak ateratzen zizkien bitartean. "Argazki hauekin dibortzio epaiketan kakaztuko haut" bota zion emazteari, etxetik alde egin baino lehen.
Hau emaztearen bertsioa da, noski, polizian jarri duen salaketaren araberakoa.
