Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Manatik esentziara, magiatik zientziara

Manatik esentziara, magiatik zientziara

mzap 2005/05/19 08:05

Hitzen eta gauzen arteko harremanari buruz gizakiek ez dute beti berdin pentsatu. "Magiko" ohi deritzon aroan (gaur egun ere bizirik dirauena) onartzen baitzen zenbait kasutan esentzia bat (edo, zehazkiago, esentzia magikoez ari garenez, "mana" delakoa) existi zitekeela esentzialki desberdinak ziren existentzietan. Gure artean, nolabait esateko, inork ez ditu nahasten, eguneroko bizitzan, gizaki bat eta katu bat. Baina magiak uste du aztia gai dela katuaren arima, katuaren manazko esentzia hori, giza gorputz batean sartzeko. Katua aldi berean gizaki genuke.

Filosofo grekoek aurkitu zutenean katu oro beti eta nonahi dela katu, eta ezin dela izan, inoiz eta inon, katu ez den zerbait, Kojeveren ustez okerbideokin guztiokin amaitu egin zuten behin betiko. Errusiarrak dioenez, esentziaren eta existentziaren arteko lotura askaezinaren aurkikuntza zinez iraultzailearen ostean, grekoek magiaren aukera bera desagerrarazi zuten, aipatu loturaren ezeztapenean oinarritzen baita magia. Ordea, filosofo grekoek gorde egin zuten antzinako aztien aurkikuntza handia, hau da, errotiko bereizketa alde batetik existentziaren (haientzat "profano" eta guretzat "enpiriko"), eta, bestetik, manaren (antzinakoentzat "sakratu" eta guretzat "ideal", "ulergarri" eta "esentzial") artean. Filosofoek magia ukatzeaz batera, hortaz, "mana" adigaia "esentzia" bilakatu da. Egitez, grekoen esentziaren eta aztien mana magikoaren artean ez dago alderik, ez bada esentzia erabat zehazturiko existentzia batean gauza daitekeela soilki, mana, aitzitik, aztiak nolabaiteko askatasunez aukeraturiko edozein gauzatan existi litekeen bitartean. "Mana" adigaia, filosofo grekoek "esentzia" adigaira "igoa", zientziaren oinarri duzu.

Dena den, Kojevek tradizio beneragarriak ez arbuiatzea aholkatzen digu. Eta, iraupenari dagokionez, tradizio magikoak marka guztiak hautsi ditu. Baina, guztiz beneragarria izan dadin, tradizio batek izan behar omen du ez bakarrik oso antzinakoa, baizik ahalik eta desinteresatuena. Ordea, magia beti egon izan da gizakien interesen mende. Filosofia ez bezala, magia funtsean da interesatua. Hau dela medio, filosofo grekoek magia ezeztatzeari onargarri deritzo Kojevek, magiaren antzinatasuna gorabehera. Batik bat kontuan harturik grekoen magia ezeztatzeak izaera dialektikoa izan zuela, ez zela guztizko gaitzespena izan: aitzitik, esentziak bere baitan gordetzen du mana, eta filosofiak magia.

etiketak: globalizazioaz
markos zapiain
markos zapiain dio:
2005/05/23 11:42

bai, hori litzateke Kojeveren pentsaeraren itzala: gure gizarteek normaltzat eta ez erotzat hartzen dutenaren arbitrariotasuna eta historikotasuna Foucaultek azpimarratu zuen behar bezala, Nietzscheren iradokizunetan oinarrituz;

aldiz, Kojevek, Sokrates, Platon, Kant eta Hegelen ildotik, gizaki garen aldetik berdintzen gaituenari eman zion garrantzia eta mundu mailako estatu bakar bat aldarrikatuko zuen, homogeneotasun ekonomikoa lortzeko bide bakar gisa

agian horregatik zaizkie garrantzitsuak HERRIAK Nietzscheri, Deleuzeri eta Foucaulti eta Hegel eta Kojeverentzat berriz ESTATUA

azken hauek diferentzia SINTESI handi batean integratu nahiko dute; Nietzschek eta ostera diferentzia librearen alde egingo dute, sintesi dialektikorik gabe eromenari begirune eta maitasun handiagoz hurbildu zaizkio noski diferentzialistak

D'Saux
D'Saux dio:
2005/05/20 00:17

Gaurko magia biharko zientzia, biharko magia etziko zientzia, "del maná mama la ciencia".

_____________________________magiaren lerro infinitua__________________________________ ___________________________________________ _________________...

------------------------------------------- -------------zientziaren lerro infinituak zapaltzen du------------------------------- ------------------------------------------- -----------------------------...

Zoroetxeetan daude atxilotuta, beraiek katu direla uste dute, guk burutik daudela eta berunezko zapatez jantzi

Haiek magiaren lerroaren gainetik dabiltza, gu zientziaren lerroan kulunka

Beraien denborari aurreratu ote dira...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.