Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Karenaz Kalakan

mzap 2007/11/09 17:17

Asteazkeneko Kalakan etxean erditzea eskubide edo luxu ote den galdetu ziguten. Eskubidearen aldeko arrazoi bat adierazi nuen: ospitalean erditzeak karena edo ume-zorroa ebats diezazuten arriskua dakar. Gaur egun karena oso estimatua da kremak eta makillajeak egiteko; hori dela eta, ospitaletan sistematikoki lapurtu izan dute.

Ordea, Josebe Etxeberria emaginak jakinarazi zigun bere ospitalean, beste askotan legez, karena bota egiten dutela, eta egundo eta inon eta inork ez duela ostu.

Aurreko beste Kalaka batean ere, Downing Streeteko Akordioari buruzko zerbait esan orduko Joseba Arregik gogor gezurtatu zidan. Horrelakoetan, trebetasun dialektikorik ez dugunok isildu egiten gara. Are gehiago, Arregi bezalako pertsona heldu batek bere argumentuak su berezi horrekin botatzen badizkizu, pentsatzen duzu irakurritakoa ez zenuela zuzen ulertuko, eta aitzina.

Gerora, Imanol Muruak zehazki azaldu digu Akordio hartan Arregik zer interpretatu zuen gaizki; eta, ondorioz, Kalakan aldeztu zuenak ez duela oinarri zientifikorik.

Ospitaleetako karena-lapurreten kasuan, aitzitik, nire ikuspuntua indartzeko informazio bila ibili naiz baina deus ez. Beharbada ez nuen Egunkarian irakurriko, baizik eleberriren batean. Dena den, garbi oroitzen naiz kliniketan infiltraturiko gaizkile bandek ohean eseri eta karenez inguraturik antolatzen zituztela beren ekintza zitalak.

Hori bai, ezin fidagarriagoak dira karena berriki Alemanian errauskailuetan baliatu izan dutela dioten iturriak. Errekuntza azkartzeko erabili dute, hilik jaioriko umekiekin batera. Ez dakit gaur egun ohitura horri eusten ote zaion.

Kalakan proposatu nahi baina ezin izan nuena: umea etxean erdituta errazago izango zaigu karena gordetzea, eta zibilizazio tekniko industrial honek harrapa gintzan baino lehen karenarekin egiten zena berreskura genezake: batetik, amarentzat oso osasungarria ei da umeari bularra ematen dion bitartean karena frexkoa jatea; bestetik, karenaren patua eta umearena uztarturik omen daudenez, bagenuke ohitura polit hau errekuperatzea (Afrikako zenbait herritan bizirik dago): karenari kotoizko alkandora eta txapela jantzi, eta, soka batez lotuta, etxe ondoko zuhaitz batean, tentuz aukeratua, eskegi, ondoren ahal bezain luzaro eta gozoro zaintzeko, horrela ume errealari, karenaren bikotekide ohiari, benetan lagunduko baitiogu.

Ali Baba, Errealaren itxaropen bakarra

mzap 2007/11/08 11:27

Hedabideek jaramon zipitzik egiten ez badiote ere, hiriburutik urruti dabilelako ziur aski, bistan da Eibar K.E. dela Gipuzkoako futbol talderik onena, azken urteotako ibilbideak frogatzen duenez. Txinatarrak ohartu dira. Eta, diru kontuak eta inbertsioak oraindik aipatzen ez diren arren, eibarkoa dugu euskal futbol taldeen artean Txinan peña bat ireki dioten lehenbizikoa. Shangain aurkeztu zuten joan den larunbatean.

Bestalde, Errealaren gainbehera tamalgarria dela-eta hain daude zaleak goibel, uste baitute, jendaurrean aitortzen ez duten arren, apur bat altxatzeko ohiko baliabideak eta legezkoak ez direla aski, ezinbestekoak direla lapurreta eta magia.

Halatan, Alibaba.com webgunean eman dute balizko txinatar inbertitzaileek, Lighthouse Consulting Limited konpainiakoek, bere enpresaren berri.

Gomazko ahateei buruz ikaragarri dakien eibartar batek, Luistxo Fernandezek, jakinarazi digu, hain zuzen, bi milioi ahate gomazko behar izanez gero Alibaba.com-en aurki ditzakegula. Webgune eta maila berean baitaude gomazko bi milioi ahate eta Errealaren biziberritzea.

Horri guztiari buruzko informazio eta iritzi jakingarriak, Iturrirenean.

Kirol munduko bidegabekeriarik nabarmenenetakoa da futbol profesionalari horrenbeste diru publiko ematea. Eta ez dirudi Ekialdetiko mugimendu horren antzekoek ohitura hori konponduko dutenik.

Ontsa desaktibatzeko Amets Arzallusen bidea

mzap 2007/10/05 15:35

Irentze kimikoa oraingoz ez da batere fidagarria.

Aurrerantzean ere arazoak ekarriko ditu noski. Alde batetik, betikoak: jainko laztana, berriro nahastu gara, zikiratu berri duzun hori ez da etorri belarriko mina sendatzera baizik.

Edota morroi bat desbarrabildu eta hamar urteren buruan erruduna ez zela bera, benetako errudunaren hazia antzekoa izaki nahasi egin zirela. Barkatu, lagun, gero arte.

Dena den, zenbait kasutan halako tragediak saihets litezke.

Esaterako, joan den astean Amets Arzalluzek zakila handitzea erabaki zuen. Kontsultara joan, eta Igor Elortza adituak metodo batzuk eskaini dizkio: Abadiñoko sokatiralariek tiraka; antzaren ordezkoak behar dituzte Lekeitio aldean…

Baina Elortza, gero, Arzalluzi hedatu beharrekoa ikusteko galtzak jaitsarazi eta seko harrituta gelditu da: Arzalluzek izugarria dauka, luze-luzea! Horrelako fenomenoekin irentze kimikoa beharrean errazagoa eta garbiagoa litzateke zakila korapiloz lotzea.

freebatasuna

mzap 2007/10/05 15:11

Zikira nazazu, mesedez

mzap 2007/10/04 22:06

Pederasta mota baten eta gizartearen arteko harremanak ez du konponbiderik, tragikoa da. Espetxeak gizartea bolada baterako lasai dezake. Dena den, gizarteari galdetuz gero, beharbada pederasta espetxeratzea ez, hiltzea hobetsiko luke, merkeago baitzaio.

Bestalde, espetxeak gizartearen kezka apur bat arindu arren, pederasta bera ez du inolaz ere hobetzen. Barruan okertu egiten da presoa, pederasta bezala beste edozein. Gainera, berriro espetxera dezaten beldurrak ez du kikilduko, behin espetxetik irtenda umea berriro biolatzeko orduan.

Berriki, kimikoki zikiratu duten bat, espetxetik irten orduko zakilaz ezin eta makila batez bortxatu du neskatxa.

Sokratesen garaiko Atenasen, pedofiloek ez zuten bere burua hiltzen. Platonen “Sinposioa”n, Fedroren eta Pausaniasen hitzaldiak pederastiaren apologia garbia dira.

Gizartearen jarrerak eragin handia du nork bere sexualitatearekin nola jokatu erabakitzeko orduan. Hobeki esanda, ia ez dago erabakitzeko aukerarik. Sexualitatea gozatu egiten da edo bestela pairatu eta disimulatu.

Gaur egun, pederasta asko bere buruaz lotsatuta eta izututa dago. Arestian Salamancan gizon batek zakila ebaki eta komuneko zulotik bota du. Esan du bekaturako bultzada saihesteko egin duela.

Pederasta horiek Jainkoa madarikatzen dute, edo bere patuaren aurka matxinatzen dira, eta kimikoki irentzea eskatzen dute.

Beren benetako nahia, bere nortasun osoa egituratzen duen joera, ezin baitute legearekin eta argiarekin adostu. Nik benetan nahi dudana zigortuta dago. Gainera, nik benetan nahi dudana nazkagarria da, sexu-kideak ezin bainau era gutxi gorabehera librean onartu. Iren nazatela, bai.

Bere buruaz atseden hartu nahi duen pederasta

mzap 2007/10/03 08:49

Badira pederasta eta bortxatzaile nolabait esateko feudalak, ziur baitira agintea eta dirua ukanik menpeko sendiaren ume txiroa bortxatzeko eskubidea dutela. Ezinezko zaie inongo enpatiarik sentitzea ez biktimarekin ez inorekin. Horietakoa bide zen Sadeko Markesa, haurraren eta emakumearen gorrotatzaileen artean txapeldun. Espainiako noble bat ere izan da berriki, pederasta porrokatu, familia pobreen umeen erabiltzaile. Jaiotza zaie bereziki higuingarri, umegintzarekin zerikusia duen edozer. Hori dela eta, gurago izaten dute uzkia alua baino, utikan eme zein ama. Neskarengan ere, nahiago mutila oroitarazten duen zuloa.

Estatusak salbatu izan ditu. Estatus babesle horixe bilatzea izan liteke Elizan horrenbeste pederasta sartzeko arrazoietako bat.

Baina bada halaber bere burua pairagaitz zaion pederasta. Udan Suitzan bost urteko neskatxa bat, Ylenia, bortxatu eta hil zuten. Errudunak berehala egin zuen bere buruaz beste.

Pederasta mota horrek pentsatzen du munstro okaztagarri bat dela, baina ezin du eragotzi. Horrela dago egina. Bere nahirik sakonena umea bortxatzea da.

Hasiera batean, errua besteri leporatuko dio, Jainkoa madarikatuko du, Patua, Geneak, Gizartea, Haurtzaroa. Zergatik egin ninduzuen ume-sexuaren zale itsu?

Baina errua azkenik bere buruaren aurka bideratuko du. Jaio ez banintz hobe. Gizarteak onartu egiten ditu giza nortasunak erabakitzen dituzten hainbat irrika: trepalaritza politikoa, ospetsu izatea, diru pilatzea, sexu heterosexuala, artelanik bikainena burutzea. Ordea, gizarteak zigortu egiten du pederastaren nortasunaren funtsa, bere oinarrizko desira. Are gehiago, beste edozein gaizkilek baino bortizkiago pizten du pederastak giza talde ororen funtsezko grina, hots, lintxatzeko joera. Jon Mirandek “Haur besoetakoa”n dioenez: “Bere irrikari amore emanaz, bazekien bere hondamendira lihoakeela, bere erruz… hala ziotson gizarteko eginbideak bederen”. Halaber, Madeleine desagertu berria zela, Robert Murat salatu zuten, pederasta omen zelako, inongo frogarik ez zegoen arren. Gizabanako pederasta da inguruotako gizarte pederastarentzat lintxagai gogokoenetakoa.

Ez baita harritzekoa pederastak, nazkaturik, bere buruaz atseden hartu nahi izatea. Hain zuzen, goi-mailako estatus babesle bat bilatzearekin batera, baliteke hori izatea kastitatea exijitzen duten sektek eta erakundeek horrenbeste pederasta erakartzeko beste zergatiko bat. Pederasta horrek bere buruaz libratuko duen inguru edo erakunde bat behar du, edozein sexu harremani uko garbia larderiaz ezarriko diona, esaterako Eliza Katolikoa edota Euskal Idazleen Elkartea.

Pedofilia eta euskara

mzap 2007/10/01 18:31

Pedofiliak milaka aurpegi ditu, oso infiltraturik baitago gure gizartean. Ez da soilik turismoa Tailandiara edota AEBetako Eliza. Historiako porno-izarrik arrakastatsuenak, Time aldizkariak XX. mendeko estatubatuarrik esanguratsuena izendatua, Traci Lords, artista bikaina, jenio bat, hamazortzi urte bete baino lehen egin zituen bere film ia guztiak, hamalau urtez edo lehenago hasirik.

Bestalde, euskararekin eta pedofiliarekin alderantziz jokatzen du euskal gizarteak. Euskararen alde dagoela aldarrikatzen du jendaurrean baina gero pribatuan ia beti paso egiten du.

Aldiz, pedofiliaren aurka dagoela dio baina gero etxean eta telebistan hamalau urteko porno-izarrez beteriko filmez gozatzen du. Hilabete honetan, esaterako, Euskaltelek eskainirik: Jovencitas obedientes, Belladona sometida por sementales, Inocente y complaciente, Violada por un Cowboy, 6 culos vírgenes en la garras de Max, Abusando de 2 en 2, Dilatando culos inocentes, La fiera de mi niña, Rabos duros para culitos tiernos, Rocco el follador de niñatas, Inexpertas jovencitas, Culitos taladrados, Papá ya soy mayor.

Batetik neska protagonista hartzailearen adin txikia nabarmentzen dute, eta bestetik abusua, bortxatzea, gaztetasunaren zulatzea eta taladratzea.

Horrela, alderantziz jokatzen badu ere euskal gizarteak euskarari eta pedofiliari dagokionez, edonola ere, ematen du helburu orokorra aldez edo moldez popatik ematea dela, dela euskarari, dela gaztetxoari.

Bukatzeko, pedofiloa erreprimituta baldin badago, okerrago gabiltza gerontofiloak: irail honetan, adibidez, Euskaltelek ez digu eman film bakar bat baino: “Orgías de la tercera edad”. Ez da goi mailakoa, ez zaitu Arrate Egañaren liburuek bezala gogoeta sakonetan murgiltzen, baina ikus daiteke.

Kontranalisiaren bezperan

mzap 2007/09/30 18:22

Mayorengan zoragarriena da nola garaipen ikusgarriak erdietsi ondoren, sailkapen orokorrean gailurrean doala, etapa arrunt batean berrogei minutu galtzen dituen katastrofikoki, zaleen lilura zigortuz eta pitzatuz.

Izan ere, lilura mota hori oso txarra da, ergeldu egiten zaitu.

Zaleak beti esne mamitan zituzten Indurain eta Amstrong baino pizgarriagoa da Mayoren suediar dutxa, gozokeriaren arriskua ziplo uxatzen baitu.

Biak egiten ditu basatiki eta primeran Mayok: eman eta kendu, liluratu eta desliluratu.

Behin batean bazen atzeratu harroxko bat, hogeita hamar bat urte zituenean larrua lehenbizikoz jotzen hasi zena.

Galduko ez bazen, neskak zer egin zehaztu behar: “orain sartu, oso ondo; orain atera; orain barrura berriro; kanpora…”.

“Kaka zaharra, erabakiko duzu behingoz zer arraio egin behar dudan, sartu ala atera?”

Aurkakoen aldiberekotasuna edo txandakatzea norabide bakarra baino osoagoa da.

Horregatik ez zen liluratzeko Indurainen era Mayoren joan-etorria bezain heldua.

Bestalde, azken urteotako sorgin ehiza ikaragarria izan da. Gure gizarteotako petxero gogokoenetakoa da zaleak liluratu ondoren kale egiten duen kirolaria.

Berriki Lekeition Mayo taberna batean sartu eta kuadrilla batzuek isekaz “Epo! Epo!” garrasi egin diote.

Inkisizio berri batek hainbat txirrindulari errugaberen karrera suntsitu du.

Kontranalisiaren emaitza gorabehera, askok jarraituko dugu Mayo lehen bezainbeste miresten.

Ahaleginak ahalegin, berebat, eta mehatxuak mehatxu, txirrindularien ohiturak zeharo garbitzeak ez dirudi batere erraza.

Gero eta prometeikoagoa da gure gizarte osoa, eta txirrindularitza aitzindari.

Ez litzateke erosoagoa eta lasaiagoa agintariek eta arduradunek dopina nolabait onartzea?

Hau da, etapa irabazleari kazetariak normaltasun osoz galdetzea:

“Zorionak, Urlia, zer moduz, zer hartu duzu gaur?”

“Ba ematen du asmatu dudala. Nandrolona eta Epozko koktel bat egin dit medikuak, eta gero Tourmaleta igo baino lehen osaba Pernandoren odol frexkoa sartu dut zainetik, pare bat litro”.

“Zorionak, txapeldun, eta segi horrela”.

Ziber-zonbiak Ekialdera doaz

mzap 2007/09/21 16:35

Gure munduak honezkero erakutsia du tesiaren eta antitesiaren ostean sintesia barik protesia etortzen dela: 2002an hedabideek jakinarazi ziguten Kevin Warwick lehenbiziko ziberrantropo bilakatu zutela. Oxfordeko ospitale batean, Warwicken neuronen sistema sare informatiko bati konektatu zioten. Lehenbiziko gizakia izan da, bost zentzumenetatik igarotzen ez diren datuen bidez zuzenean elikatua. Hainbat adituk uste du etorkizunean ez dugula burmuinaren ordezko ordenagailua izango, baizik burmuinaren eta ordenagailuaren arteko konbinazioa.

Gainean dugun etorkizun horren beste aldaki bat: 2002ko maiatzean txip bat aplikatu zitzaion sagu baten garunari. Urrutiko kontrol baten bidez saguaren ibilbidea erabaki daiteke, jostailuzko kamioiena bezala. Gizakiarekin antzeko zerbait egitea oso erraza litzateke. Saguaren zein gizakiaren “borondatea”, halatan, sagutik edo gugandik kanpo dagoen makina batek egingo du bere.

Hasierako urratsak ditugu noski. Ez dakigu saguak zer usteko duen. Beharbada pentsatuko du bere norabide eta lastertasun aldaketak askatasunez aukeratzen dituela. Edo baliteke zerbait txarto dabilkiola sentitzea. Denborak aurrera egin ahala, ziurrenik, saguak legetxe gizakiok ere, kanpoko makinak egindako aukerak barruko behar edo gurari edo sentimendu intimo gisa biziko ditugu.

Nolanahi ere, agintari eta arduradunek oraingoz sagu horiek zeregin bitan erabiltzeko asmoa dute: batetik, lurrikaretan edo hondamendietan harri pusketek bizirik harrapaturiko gizakiak bilatu eta laguntzeko.

Bestetik, terroristengana giza bizirik arriskuan jarri behar izan barik hurbildu ahal izateko.

Asel Luzarragaren bigarren eleberria Karonte da, zientzia fikzioko thriller eusko japoniar bat. Horrela hasten da: Amets Olazar protagonista zenbait hilabetez ospitalean koman egon ondoren badator bueltan etxera, ekin dio berriro bizitzeari. Arraro sentitzen du bere burua ordea. Bere buruaren gaineko zalantzak, larridura metafisiko batek, sarritan atsekabetuko du Amets nobelan: “Nor naiz ni? Gai ote naiz nire burua gobernatzeko? Nire bizitza erabakitzen duten aukerak, era librean egiten ote ditut?”

Amets Olazarren izaerak Joseba Sarrionandiaren zenbait libururen izenburuak gomutarazten ditu: "Ez gara gure baitakoak", "Ni ez naiz hemengoa", "Han izanik hona naiz". Luzarragarenean dena den arazo nagusia ez da erbesteratuak sorlekuarekin eta bizileku berriarekin lituzkeen harreman zailak. Zerebralagoa baita: zerbitzu sekretuek Ametsen komaldi luzea bere garunetan txip batzuk itsasteko erabili dute.

Proiektu erraldoi batzuek zientziak aurrera egin dezan eskatzen dute, eta zenbaitetan ordenagailuko simulazioek ez dute balio. Benetako gizakiak behar dira. Zerbitzu sekretu espainolek Amets jarri zuten nazioarteko proiektu garrantzitsu horietako baten arduradunen eskuetan.

Proiektuaren helburua gizaki guztien burmuinetan prozesagailu ñimiñoak jartzea da, jaiotzetik. Ikasi beharrekoa sortzetik beretik izango dute umeek gogoan. Proiektuaren arduradunek umea jaio orduko aukeratu ahal izango dute zertan izango den aditu. Diru mordoa aurreztuko da hezkuntzan. Eta, batez ere, arduradunek giza pentsamendua gura legez moldatu ahal izango dute.

(Bada listo mota bat beti barre egiten diona konspirazioaren edozein aipameni, umekeriazko paranoiatzat joz. Baina ezin da ahaztu Historian konspirazioek ondorio oso errealak ekarri dituztela sarritan: Fredric Jameson-ek azpimarratu duenez, esaterako, berrogeita hamarreko hamarraldian Los Angeles-eko garraio publikoa ez zuen "merkatuaren berezko logikak eta joerak" suntsitu, baizik konfabulazio batek, errepidegintzako enpresarioak, auto fabrikatzaileak eta zenbait erakunde publiko tarteko.)

Harira: Amets Olazar ospitalean hil egin zen. Komaldi luze hura faltsua izan zen. Zerbitzu sekretu espainolek hilabete horiek Ametsen burmuineko zati kaltetuak kentzeko erabili zituzten, bere pentsamendu guztiak ordenagailu batera jaitsi, datu berriak ezarri, memoria birkargatu eta nanobot batzuk garunetan txertatzeko. Gero, nanobot horiek kanpoko prozesagailu batekin konektatu eta honen esanetara jarri zituzten. Eleberrian barrena prozesagailuaren bidez erabiliko dute Amets (hots, nanobotak). Prozesagailuak kontrolatuko du bizi berria.

Kezkagarri bezain liluragarriak dira Asel Luzarragak giza etorkizunari begira erakusten dizkigun aukerak. Jim Carrey eta Kate Winslet protagonista dituen "The Spotless sunshine" ("Olvidate de mí") filman, bulego arrunt batean lagun jakin bati loturiko oroitzapen guztiak ezabatzeko aukera ematen dizute. Oroitzapenek leku zehatzak betetzen dituzte garunetan. Informatika programa baten bidez, bezeroa ordenagailura konektatu eta ezabatu egiten zaizkio.

Giza autonomiaren lilura humanista ilustratua gero eta gehiago ari da hondoratzen. Luzarragak iradoki duenez, aurki jaitsi eta igo ahalko ditugu ez soilik oroitzapenak, baizik orobat adimen gaitasunak eta giza gogo osoa. Kableen bidez konektatuta edo konexio barik, garen guztia ordenagailura jaitsi eta pen drive batean sartu ahalko dugu. Horra hor zu zeu zaren guztiaren kopia, pen drive batean. Gure arima kopiatu, ebaki eta itsatsi ahalko dugu.

Aukera hori zabaldu osteko lehen urteetako errakuntza eta akatsak aldi berean zoragarri eta aberrante izango dira. Ziur aski epe luzera balbulen txertatzeak, protesi sinesgaitzak, genomaren ukitzeak, xiringazko ereintzak, robotak eta antzekoak artez irtengo dira. Baina badatoz hamarraldi batzuk total nobeleskoak: neurokirurgialariek eta enparauek probak eta esperimentuak egingo dituzte eta maiz sartuko dute hanka. Munstro talde berri bat agertuko da, kaltetu baztertu berriak. Horietako asko biolentzia itzel batek mugituko ditu. Arduradunak moldatuko dira hala ere ia denak garaiz akabatzeko; baina ez den-denak.

Luzarragaren literatur trebetasun handiarentzako elikagai egokia inondik ere.

Edozelan ere, Asel Luzarraga lako ziberzonbi bat baino ezin zitekeen konekta Amets Olazar hil biziaren mamu mundu ilunarekin "Karonte"ren bikaintasunak nabaritzen duen bezain era perfektuan.

Bukatzeko, “Ziber-zonbiak Ekialdera doaz” izenburuaren zergatia: “Karonte”ko protagonistak bezala, Asel Luzarraga garunetan mikrotxip batzuk txertatu eta Bizkaitik Asiara joango da. “Karonte”koak Japoniara, Luzarraga berriz Laosera. Bertan bizitzera gainera. Jatetxe bat ipiniko du. Miso zopa udon eta txahalkiarekin eskainiko dute besteak beste.

Perturren kasuaz

mzap 2007/08/31 00:51

1998ko abuztuaren 31n "Tiempo" aldizkariak Sáenz de Santamaría jeneralaren adierazpen batzuk jaso zituen. Testuingurua, PSOEren aurkako PPren erasoa, GAL aitzakia.

Jenerala, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren zuzendari ez ezik, Espainiako Gobernuaren Ordezkari EAEn izan zena, harrituta eta suminduta ageri zen PPkoen hipokrisiagatik eta zinismoagatik, eta Anasagastiren kezka bakarra GAL zelako: "Anasagasti zergatik ez ote da Argalaz eta Perturrez eta beste hainbestez ere kezkatzen?"

Alegia, sozialistak baino lehen ere, UCD, AP eta PPko jendea zebilenean agintari, Espainiako Gobernuek legez kanpoko hilketa ugari bultzatu zituzten. Siglak erabili zituen gerra zikinak -Triple A, BVE, GAL- hamabi urte inguru iraun zuen.

Datu ezaguna ziur aski. Baina indar berezia du Sáenz de Santamaríaren ahotan entzunda eta Pertur hitzez hitz aipatuta. Jeneralak, bizirik bagenu, baleukake noski zer kontatua Amigori eta Aramendiri.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.