Anorexiaz
Anorexia nesken artean da nagusi, eta mehetzeko grina konpultsiboa du bultzatzaile; bigorexia berriz mutilen artean, eta giharrak sendotzea eta edertzea du helburu.
Gaur egun dirudienez eritasun horiek sendatzeko orduan gehien asmatzen duena Carole Dewambrechies anderea da.
Honen iritziz, anorexikoaren arazoa ez da soilik hazkurria eta pisua, kiloak; askoz ere zabalagoa da, eta sakonagoa. Larridurari eman behar zaio garrantzia, ez janariari. Lacanen esanetan, anorexikoaren berezitasuna ez da ezer ez jatea, ez da jateko jardueraren ezeztatzea, baizik ezereza jatea. Ezerez horri esker, amaren menpeko zen umeak aurrerantzean ama menpean izango du. Giltza ez denez gutxiegi jatean bilatu behar, sendabidearen lehenbiziko helburua gaixoa apur bat mugiaraztea izango da ezerezarekiko harreman arriskutsu horretatik.
Ordea, anorexikoak ikaragarrizko borondatea erakusten du bere sintomari lotzeko eta atxikitzeko. Halatan, inguru guztia kutsatuko du angustiaz. Aldiz, bere arazoa angustia eza da batez ere.
Badaude jaioberrien angustiak amari lotuak; baina nerabezaroan lotura ez da amarekikoa, baizik gizartearekikoa, bertan arrakastatsu diren irudi eta publizitatearekikoa, gizarteak gazte horiei buruz esaten duenarekikoa. Zer nahi du gure gizarteak neska gazteak eta mutil gazteak izatea, zer proposatzen die? Galdera horien erantzun beldurgarriak zolitasun handienaz barneratzen dituztenak amilduko dira anorexian.
Gaixo horiek jende arrunta baino sentiberagoak izaten dira. Gizarteak batez ere publizitatearen eta modaren bidez ezartzen dizkigun gorputz ereduak berdintzeko nahikeriak amilduko ditu. Uste dute eredu horien antzeko izanik bizimodua erraztuko zaiela, jendeak gehiago maiteko dituela, berehala aurkituko dutela ametsetako bikotekidea.
Ez da egia haatik. Benetan erakargarri, psikologoek diotenez, bere burua sakonkien onartzen duena da, izan dadin lodi zein argal, txiro nahiz aberats, etorkin bezala bertoko.
Ostera, jendeak berehala nabari du perfekzio fisikoaren bila obsesionaturik dabilenarekin elkarbizitza ezin dela izan histeria konpartitu bat baizik: beti ordena zuriaren xerka, bizitzak ezinbestean dakarren zikinaren arbuio zaratatsua.
Anorexia sufritzen duen gaixoaren senideen kezkarik latzena da, anorexiaren benetako jatorria ezin ezagutzea. "Nik huts egin ote det?" Galdetzen diote beren buruari gurasoek, anaia-arrebek. "Txikitan ez nion behar adina atentzioa eskeini? Abandonatuta euki det?" "Gogorregia izan naiz berarekin?"
Hortik zehar entzun nuen teoria bat hartu nuen nik gogoan: anorexikoak ez dauka bere bizitzaren kontrola, indarge, hauskor sentitzen da etengabe, zerbaiti eutsi behar dio etsi-etsian. Kontrola dezakeen gauza bakarrari heltzen dio, bere gorputzari, pisuari.