Bertikaletik horizontalera
Gure gaztaroan kulturaren adierazpenik indartsuena kontrakultura zen. Lehenagoko belaunaldien aurka egituratu zen. Orain berriz belaunaldien arteko aurrez aurreko gatazkari muzin egiten zaio oro har eta nerabeek gugandik ihes egiteko bide eragingarriagoak erabiltzen dituzte, gatazkak estu lotzen baititu aurkakoak. Orain ezikusi dotore bat da nagusi: dirua eskatu eta lehenbailehen alde.
Bestalde, Aristotelesek bere buruari galdetzen dio nola bultzatu ikastera berez zale ez dena. Helduen, arbasoen eta gizartearen aurrean itxura ona eman nahi dutenak ikusten ditu Filosofoak ikasteko gertu, herabetasun edo “laidos” hori dutenak. Gaur egun ordea lotsatzeko gaitasuna duten gazteak taldekideen aurrean lotsatuko zaizkizu baina deus gutxi gurasoen, irakasleen eta helduen aurrean.
Era berean, oraingo gazteek gurea baino autonomia handiagoa dute gurasoengandik etxe barruan, mugikorrari eta txatari esker besteak beste. Gurasook ez dugu inolaz ere sartzerik esparru sekretu horietan, ezin ditugu kontrolatu.
Gure alabek esaterako eskura eta kontrolpean dute etxe osoa; ez bakarrik gure tiraderak eta armairuak eta irensgailuaren sabela; gure mugikorrak eta ordenagailua ere bai. Aldiz, gu ezin gara inondik inora haien mugikorretan edo ordenagailuan sartu, egundoko harresiak baitituzte eta pasahitz esoterikoak.
Aitzitik, gune opaku horiek lagunez gainezka izaten dituzte, ia beti adinkideak.
Izan ere, mundu osoan aldiberekotasun horizontala nagusitzen ari zaio arbasoengandik datorkigun lerro bertikalari. Hamalau urteko euskal nerabe batek hurbilago du Minnesotako, are Bonbayko beste edozein nerabe, aitite eta amuma baino: denek dakite gutxi gorabehera ingelesez, txikitandik ikusi dute The Simpsons, Dragoi Bola eta Shin Chan... Eta hedabideek sakonkiago eragiten diete guri baino. Mugikorraren eta interneten erabiltzea garunen mutazioa ekartzen ari da.
Berebat, hiri handietan odola garrantzia galtzen ari da herentzia emateko orduan. Gero eta maizago uzten zaio seme-alabei beharrean lagunari edo telebistako aurkezle gogokoenari.
Oso orokorra da mugimendu hori. Jendarte tradizionalean, dirudienez, funtsezkoa zen jatorrirantz atzera egiten zuen lerro bertikala; hiri modernoetan berriz garaikideekiko harremana da nagusi.
ontxe bukatu dotala George Orswellen 1984 zoragarria pentsetan dot zuk markatutako ildoari jarraituz eguneratu behar leitekeala haren mundua. Orwellen elebarrian Alderdiak suntsitzen eban familia loturak, baina oin zuk beste ikuspegi bat emon dostazu, ta gizarte barriaren piramide barri bat, non goiko erpinean gaztetxo ahalguztidun eta inork inoz muga ezarri bakoak dagozan... ze urrun nik amestutako anarkia solidarioa..... laosen be ez ete da eredu bera ezarriko, denpora kontua baino ez ete da... momentuz nire beerlao dastatuko dot utopia posible dala sinestuz ;-)