Girard eta giza desira
Dirudienez beste barik onartzen da badela aurrena bikotea eta gero bestea, hirugarrena, bikoteari kanpotik iristen zaiona.
Horrela gertatzen ote dira gauzak benetan?
René Girard filosofo kristau bikainak dioenez, bestea, hirugarrena, bikotearen osagai da berez, bikotea osatzen den unetik beretik.
Kontuan hartu behar baita nola dabilen giza desira. Ez dugu desiratzen, gezur erromantikoak uste bezala, gure kabuz eta bakarka. Aitzitik, gure nahia beti mimetikoa da, nobeletako egiak adierazi legez. Soilik desiratuko dugu beste batek desira duela sentitzen duguna, edo lezakeela. Ez dago erabat autonomoa litzatekeen desiratzailerik. Horixe erakusten dute On Kixotek, Madame Bovaryk, “Gorria eta Beltza”k, “Senar eternala”k, “Denbora galduaren bila”k eta Shakespeareren obra osoak.
Gure bikotekidea izango dena ez zaigu aurrena desiragarri eta ondoren desiratu; aldiz, aurrena aldez edo moldez desiratua dela egiaztatu eta ondoren bilakatuko zaigu desiragarri.
Bestalde, Girardek azpimarratu du inork ez duela berez desiragai izateko dohain misteriotsurik; orobat, edonor bihur liteke desiragai, mimesiaren bidez.
Girardenzat, maitasunak ez ditu maitalea eta maitea zuzenean lotzen. Desiraren egitura triangeluarra da beti: desiratzailea dugu, maitalea; gero hirugarrena, bestea, bitartekaria; eta azkenik maitea, desiratua.
Hirugarren hori, bitartekaria, maitaleak bolada jakin batean prestigio berezi batez hornitu duen idoloa litzateke, eta bere aldakiak: gurasoak, adiskide ospetsuren bat, irakasle bat, artistaren bat, pertsonaia eder bat, egiazkoa zein alegiazkoa. Beti da behin-behinekoa, igaro egiten da, besteren bati lekua utziz.
Hona Girarden esanetan nondik datorkion bitartekariari prestigioa: desiratzaileak irudikatzen du bitartekariaren desira autonomoa dela, desiratzailearena ez bezala. Desiratzaileak ikusten du bere desirak kontingenteak eta aldakorrak direla, eta bitartekariarenak alderantziz sendoak direla imajinatzen du, hirugarren horrek badakiela zer nahi duen (jakina, ez da egia).
Alde batetik, desira mimetikoari buruzko Girarden teoriak argitzen du zergatik maite dituen horrenbeste jendek nartzisoak: hauek beren burua biziki desira baitute, desiratu ageri dira beti eta beraz desiragarri. Eragiten duten desiraren lehenbiziko bitartekariak izaten dira. Beren baitan itxiak izate horrek, besteenganako ezaxola horrek, beregaintasun bikain batez apaintzen ditu kanpotik aztertzen dituenaren begietara.
Bestetik, teoria horrek jelosia desiraren garapen normal eta osasuntsuan txertatzen du. Jelosia ez da sortzen jatorrian harmoniatsua omen zen maitasun harreman batean kanpoko hirugarren maltzur batek supituki muturra sartzen duelako.
Izatez, esan bezala, desiren mimetismoak gehienetan jadanik maitatuak direnak maitatzera bultzatzen gaitu; ondorioz, abstrakzio txar baten ondorioz bereizten ditugu alde batetik maitasuna eta bestetik lehiakide mimetikoak, maitasun horren beraren idoloak eta bitartekariak. Abstrakzio txarra, ilusioa eta hipokresia. Horrenbestez, jelosiazko maitasuna ez litzateke maitasun anormal, donge edo perbertso bat.
Alferrik da, Freuden antzera, jelosia azaltzeko orduan jeloskorraren eta bere lehiakidearen arteko erakartze homosexual baten hipotesia erabiltzea. Girarden iritziz, erakarpen homosexual hori ez baita ezein datu natural funtsezko, baizik mekanismo mimetikoaren etapetako bat, lehiakide miretsiarenganako liluraren etapa.
Horrela, Girardenean homosexualtasunak esentzia bat izateari utziko dio, ez da diferentzia baten esentzia izango; aitzitik, jokabide logiko bilakatuko da, lehia mimetiko baten erotizatze.
Girarden ustez, desira homosexuala ez da berezia. Eta berezitasun femeninorik ere ez dago, desiratzeko moduari dagokionez behintzat.
Milesker emaniko informazioagatik. Ez dut "Choses cachées.." liburua irakurri. Saiatuko naiz aurkitzen. Eta Charles Ramonden "Le vocabulaire de Girard" liburua ere. Zuk aipaturikoa, homesexualidadeari buruz, Girarden teoriarekin ondo ezkontzen dela iruditzen zait. Izan ere, ez al zaizu iruditzen bere teoria giza harremanen inguruan gertatzen den edozerri aplika dakiokeela? Horrek, iruditzen zait miresgarritasuna sortarazten duela, baina aldi berean, ez al zaizu iruditzen nahikoa ahul suertatzen dela, sakoneko analisia egiteko orduan. Milesker berriz ere.