Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Adio oinarri adio

Markos Zapiain 2010/07/08 17:47
ALDIRI arkitekturari buruzko aldizkariarentzat idatzia http://www.unibertsitatea.net/blogak/aldiri/

Elkarrizketan eta irakurketan, arreta postmodernoa litzateke solaskidearen edo idazlearen hitz guztiak maila berean jarriko lituzkeena, oro har gutxiesten direnak barne, hala nola funtzio fatikoari dagozkionak edota lapsusak. Era berean, arkitektura filosofikoki postmodernoa oinarririk gabeko arkitektura litzateke, euskaraz hitzez hitz adierazi bezala, alegia, harri nagusitzat ez duena ezinbestean oinean legokeena jotzen, antzeko garrantzia ematen diona bizkarreko, besoko edo belarriko harriari, edota zuhaitz puntakoari.

Laurogeiko hamarraldian egon zen batez ere postmodernitatearen auzia boladan, hiesa ezagutzen hasi ginelarik. Lyotardek “La condition postmoderne” (1979) eta Vattimok “Il pensiero debole” (1983) argitaratu ondoren puztu zen eta bete zituen hedabideak. Sasoi hartan aski zen edozein idazkik postmoderno hitza erakustea irakurle zentzudunak ezikusia egin eta ahaztu zezan. Une jakin batetik aurrera norbaiti postmoderno deitzea artaburu deitzearen pareko bilakatu zen, intelektual deitzea bezain iraingarri.

Etiketen arteko gatazka ematen baitzuen, gatazka hutsala horrenbestez, eta egokiagoa zirudien etiketen inguruan eztabaidatu beharrean arazo filosofikoetara zuzenean jotzea. Gainera, inork ez zekien zehazki nor zen postmoderno, eta kemena alferrik galtzen zen postmodernitatea zer ote zen zehazteko ahaleginetan: etiketa apur bat definitzen hasterako akiturik zinen, benetako auziei ekiteko ezgai.

Batzuentzat Lyotard eta Vattimo ziren postmodernoak (Baudrillard eta Lypovetsky eransten zieten ostegunetan); beste batzuen ustez, ostera, Deleuze, Foucault eta Derrida ziren postmoderno nagusiak; eta askorentzat Nietzsche eta Heidegger ziren zinezko postmoderno bakarrak, eta agian baita Lévi-Strauss ere pixka bat.    

Nolanahi ere, beren burua jendaurrean lotsa barik filosofo postmodernotzat jotzera ausartu direnak Lyotard eta Vattimo izan direnez, bi pentsalari horiengan oinarrituko da idazki hau, nahiz eta  postmodernitatearen ildotik oinarria zokoratuz amaitu nahiko lukeen.

Lyotard, 50-60ko urteetan ekintzaile politiko marxista izan bazen ere, 80koetan filosofo postmoderno ez marxista bilakatu zen. Sasoi hartan, marxismoak eta beste ideologia handi batzuek ekar zezaketen arrisku totalitariotik errotiko bereiztea adierazi zuen postmodernitateak. Harrokeriaren aurkako ihardukia ere izan zen. Lyotardek, Vattimok, Joxe Azurmendik zein Rubert de Ventósek hurbil eta eguneroko bizitzan ezagutu zituzten ekimen handiko ahohandiak eta listo erasokorrak, joera zutenak oinarrituegi zegoen hainbat pentsamolde (kristautasuna, ilustrazioa, idealismoa, marxismoa eta zientifismoa, besteak beste) egia bakar-oso gisa erabiltzeko. Honelaxe kontatu du Joxe Azurmendik:

“Zein egon ote da, denak gizon-emakumea hobetu behar horretan beti hain hisiaren hisiatua? Erraz imajina genezake, lehen eta gehien interesatuak mandarinak izan direla, menekoak txintxo-txintxo eta oso moralak nahi zituztenak, ezen ez teatro, arte, filosofia, erlijio haietan bere askatasun bidea oso noizbait bakarrik deskubritu ahal izan duen manupeko jende gaixoa. Eta problemarik gabe onartuko genuke, bai batek eta bai besteak haiek denak baliatu izan dituztela euren interesen alde, eta ez derrigor zilegitasunik gabe. Frankismoa da froga bat erlijio giza hobetzaile interesatu horrena. Erreakzioa kristautasun sozial(ista, marxista) militante bat izan zen, laster aldagoi antierlijiosoa bilakatu zena: Seminarioan ikasitako dotrina aristoteliko-tomista estriktotik, lagun batek esan ohi duenez, tomismo-leninismo are estriktoagora, gizakia eta gizadia guztiz hobetzeko -“salbatzeko”- asmo sendoz beti ere.” (“Azken egunak Gandiagarekin”, 91-92)    

Ohar bedi Azurmendiren pasartean, ortodoxia batetik kontrakora betiko amorruari eutsiz igarotzeko ohituraren deskribapena ez ezik, postmodernitateari loturiko beste gai garrantzitsu bat ere ageri dela: Nietzschek ilustratuei, demokratei, sozialistei eta anarkistei leporatu zien gizakia hobetzeko mania. Aipatu modernoek kristau ideala hautsi zuten hautsi, baina aldi berean idealaren formari eutsi behar izan zioten: ezin mundua eta gizakia bere horretan onartu, eta proiektuen eta iraultzen bitartez mundu egokiago batera heltzeko bideak asmatu zituzten; Nietzscherentzat, ihesbide hutsak. Arbuio eta bikoizte horren aurka jo dute halaber postmodernoek.

Freudi buruzko hitzaldiari dagokion bibliografia

Markos Zapiain 2010/07/05 16:05

“Modernitatearen auziaz” UEUko ikastaroko Freudi buruzko hitzaldiaren oinarrian BIBLIOGRAFIA hauxe dago:

 

FREUD

Psikoanalisiaren aurkezpena

Ilusio baten etorkizuna

Egonezina kulturan

Cinq psychanalyses (gaztelaniaz lau liburu desberdinetan sakabanatuta daude bost tratamendu psikoanalitikoen kontakizunak, Alianza Bolsillon; bestela, bilatu interneten Doraren kasua, Hans txikia, Schreber presidentea, Arratoien gizona eta Otsoen gizonari buruzko informazioa)

 

ERICH FROMM

Askatasunetik iheska

Gizarte osasuntsua

 

HERBERT MARCUSE

Eros eta zibilizazioa

 

HEIDEGGER

Artelanaren jatorria eta beste

 

CATHERINE CLÉMENT

Vies et legendes de Jacques Lacan

 

MICHEL ONFRAY

Le Crépuscule d'une idole. L'affabulation  freudienne

Filosofia UEUn. Modernitatearen auziaz

Markos Zapiain 2010/07/03 12:26

Modernitatearen auziaz: aro modernoaren proiektu filosofikoen giltzarriaz.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 24 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 117,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 99,00 €. Bazkideak: 88,00 €
  • Matrikula-epearen hasiera: 2010(e)ko maiatzaren 10a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2010(e)ko uztailaren 11a

Moderniaren kontraesan eta problemak pentsatu behar dira berriz, gaur egun ditugun arazo etiko, filosofiko zein politiko sakonak hobeto uler ditzagun. Horretarako, autoreka, moderniaren bilakaera ulertzen joango gara. Lehen modernitatea, Descartesengandik Humerenganaino doana, eta bigarrena Kantengandik Nietzsche arte doana bereizi egingo ditugu. Gaur egun puri-purian dago modernitatea/postmodernitatea eztabaida: batzuek modernia gainditu dugula diote, beste batzuek postmodernian gaudela, eta beste batzuek oraindik moderniatik atzera egin dugula esan eta Erdi Aroan gaudela diote. Horrek erakusten du modernia berriz pentsatu egin behar dela, handik baitatoz gaur egun ditugun arazo filosofiko, etiko zein filosofikoak.

Irakasleak

Helburuak

  1. Moderniako autore paradigmatikoenak ezagutuz, moderniaren ikuspegi osatu bat ematea izango da ikastaroaren helburua.
  2.  Moderniako kontraesanak ulertuz, ikaslea gai izatea gaur egungo problema etiko eta filosofikoak hobeto ulertzeko eta identifikatzeko.
  3. Unibertsitatean moderniaren inguruan dagoen formazio gero eta eskasagoa osatzea, ahal den heinean.

Edukiak

  1. Modernia: sarrera eta lehen modernitatea. Ernazimendua,lehen modernitatearen autore giltzarriak landuko dira: Descartes eta Hume. Arratsean eztabaida bat egingo da.
  2. Bigarren modernitatea. Lehen bidea (historia). Bigarren modernitateko autore paradigmatikoenak landuko dira: Kant, Hegel, Marx eta Freud. Egun honetan eztabaida edukia ematearekin batera partekatuko da.
  3. Moderniaren bukaera. Bigarren bidea (Metafisika). Moderniaren bukaera ekarri duten pentsalari paradigmatiko bi, Schopenhauer eta Nietzsche landuko dira. Gero modernia eta askatasuna azkeneko eduki kritiko gisa emango da. Arratsalderako eztabaida librea izango da.

Metodologia

Irakasleak autore bakoitza aurkezteko saioetan haien testuen irakurketa eta azalpen batzuk partekatuko ditu. Aurretik, eskola hasieran galdera batzuk banatuko dira, autoreari buruzkoak. Horrek, aurretik autoreari buruz pentsatzen duguna paperean idazteko esfortzua eskatuko du, geroago, idatzi dugunetik ikasi dugunera egindako jauzia ikus dezagun. Beraz, autoreei buruzko klaseetan eztabaida eta edukia partekatuko dira, irakaslearen arabera. Eztabaida “libreak”, horretarako propio diren hitzaldietan egingo dira, hau da, lehen eta hirugarren eguneko arratsaldeetan.

Nori zuzendua

Filosofian interesa duen edonori zuzendua dago. Beraz, ez da jakintza maila berezirik behar ikastaroan parte hartzeko. Hori bai, eskatzen da Modernitatearen auziaz liburuari aurretik begiradatxo bat botatzea. Horrela, denok eduki minimo batzuekin egoteak klaseetako azalpenak erraztu eta gidatuko ditu.

Egitaraua

2010-07-19

09:00-09:30 Ikastaroaren aurkezpena.
  • Jon Jimenez Martinez
  • Andoni Olariaga Azkarate
09:30-10:00 Testuingurua eta terminologia.
  • Jon Jimenez Martinez
  • Andoni Olariaga Azkarate
10:00-11:00 Ernazimendutik moderniara. Descartes.
  • Jon Jimenez Martinez
12:00-13:30 David Hume.
15:00-17:00 Hume eta Kant etikan: fundamentazioaren auziaz.

2010-07-20

09:00-09:30 Sarrera. Moderniaren bideak I (Historia).
  • Andoni Olariaga Azkarate
09:30-11:00 Inmanuel Kant.
11:30-13:00 Hegel.
15:00-16:30 Humboldt: Antropologia filosofikoa eta hizkuntzaren teoria.
16:30-18:00 Modernitatea eta Freud.

2010-07-21

09:00-09:30 Sarrera. Moderniaren bideak II (Metafisika).
  • Jon Jimenez Martinez
09:30-11:00 Schopenhauer eta Nietzsche. Moderniaren bukaera.
  • Andoni Olariaga Azkarate
11:30-13:00 Modernia eta askatasuna.
  • Imanol Galfarsoro Madariaga
15:00-16:30 Moderniaren ondorioak eta kontraesanak pentsatzen. Eztabaida irekia.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikula orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon dela adierazten du. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.org (Irati)

Schwarzenborgi bisita

Markos Zapiain 2010/06/25 21:59

Goizeko 8:30etarako behar nuen Portugaleten, Nautikan, selektibitaterako. Arratek hurbildu behar ninduen baina bezperan autoa matxuratu eta garaiz iritsi ahal izateko hotel batean lo egin behar izan nuen Portugaleten bertan.

Egun hartako selektibitateko lanak amaitu ostean, arratsaldeko zortzietako autobusa hartu nuen Bilbotik Iruñera. Hurrengo goizean genuen Zizekekin hitzordua, Baluarten, 10etan; Gorka Bereziartuak eta biok elkarrizketa bat egin behar genion Argia aldizkarirako. (Arraroa egin zitzaigun, arratsaldeko 18:30etan hitzaldia eta goizaz geroztik elkarrizketak ematen ibiltze hori, hitzaldia prestatu beharrean.) Elkarrizketara egokitzearren, autobusean Zizeken hitzaldi bat entzun nuen mp3an, The Ambiguity of Obscenity, youtuben daukazu.

10etan Zizek ez zen agertu. Arkitektura-jardunaldi batean zegoen bere hitzaldia kokatua eta prentsa-arduradunak, arrosaz jantziriko makillaje-zakuak, ez zekien nor zen Zizek. Dei batzuk egin ostean esan zigun hoteleko gela itxita zuela eta ez molestatzeko txartela zuela atean zintzilik, lanean ari omen zen. (Gero jakin genuen goizeko 6etan iritsia zela Los Angelesetik eta lo zegoela.)

Gorka Bereziartua eta biok alderrai ibili ginen Iruñean, pentsatuz ziurrenik ez genuela elkarrizketarik lortuko. Zizekena Berriarako betetzen ari zen Iñigo Astizekin joan zen Gorka bazkaltzera eta ni, berriz, hotelera, selektibitateko azterketak zuzentzera.

Guk selektibitatean genuen mailarekin alderatuta, bistan da oraingo gazte euskaldunek jauzi kualitatibo handi bat egin dutela aurrera eta gora. Hobetuz doa euskal arraza, alegia, euskaraz idazteko trebetasuna. Hori bai, gaur egungo ikasleek Veleiako ostrakek bezain nekez bereizten dituzte ergatiboa eta nominatiboa. Zuzenketa entretenigarri egiten duten bitxiak ere aurkitzen dituzu: “Ortega eta Gasset”, “Cognito ergo sum”…

Bien bitartean, Gorka Bereziartuak kontatu duenez, bazihoazen bazkal ondoren bera eta Iñigo “Baluarterantz Sarasate pasealekutik, eguna alferrik galdu izanaren sentsazioarekin, eta nor ikusiko oinez izozki bat jaten? Bai, Zizek.

Iñigo hurbildu zaio aurrena. Ni atzetik. Eta berarekin joan gara kongresu jauregiraino hizketan, elkarrizketa lotu nahian: Iruñea Espainia ote den galdetu digu; eta erantzuna aditu duelarik, bihar goizerako jarri dugu hitzordua. ’Terrorist meeting’ esan du berak, umorez. Horrela esanda bitxia da. Are bitxiagoa han, Baluarte kanpoan dagoen kafetegian, gorbata inportante askori (Vicente Verdurena, kasu) bizkarra emanda: “I want to talk to basque terrorists’. Bitan, hirutan errepikatu du.

‘Barka izozkia izorratu badizugu’ esan dio Iñigok agurtzeko.
’Barkatu zuek niri, elkarrizketa atzeratu izanagatik; jo nazazue, egidazue ttu, nahi baduzue’.”

Zizeken hitzaldia arratsaldeko 18:30etan zen. Aurreko hitzaldia 18:00ak aldera amaitua zen. Aretoa hustu egin zen. 18:15etan sartu nintzen, bigarren ilaran eseri eta hiru metrora eduki nuen Zizeken bizkarra, agertokiaren eta lehen ilararen arteko korridorean, hitzaldiari azken ukituak ematen.

Iñigo Astizek bikain jaso zuen hitzaldiaren mamia Berrian.

Iruinseme ospetsu batek aurkeztu zuen Zizek (bide batez bere burua ere luze eta zabal aurkeztu zuen:  “Slavoj presentó su tesis en 1981, y, lo que son las casualidades de la vida, también un servidor presentó su tesis aquel mismo año…”); Zizeken hitzaldiaren osteko eztabaidan moderatzaile aritu behar zuen, baina kexuzko imintzioak egiten hasi zen segituan, Zizekek berak hartu baitzituen bere gain moderatzaile lanak, iruinseme ospetsua zereginik eta berbarik gabe utzirik.

Zizekek hitzaldia eman bitartean lehenbiziko ilaran arkitekto espainol goitiar batzuk zeuden ezin ozenkiago berriketan eta barre algaraz, ez Zizek ez hitzaldiari adi geundenok existituko ez bagina bezala. Hizlariari begiratu ere ez zioten egiten.

Geroxeago, Jose Maria Fidalgok, CCOOko buruzagia izanak (gizon garai bizardun hura, Confidencial batzuek ziotenez PPren satorra), hitzaldi erdian zutitu eta gure aurrekoei (lehenbiziko ilarakoei) goraki jakinarazi zien: “Oyes, que nos vamos pa fuera a echar un cigarrillo”; hiru urrats egin eta berdin, parean egokitzen zitzaizkionei: “Oyes, que nos vamos pa fuera a echar un cigarrillo”. Lau bider berdin-berdin; baina laugarrenekoek entzuna zuten aurreneko jakinarazpena, eta bigarrena, eta hirugarrena! Baita Zizekek ere!

Nola ez dugu ba independentzia nahiko!

Behin amaituta, Gorkarekin berriz ere alde zaharrera, Iñigo Astiz eta beste ultzamar batzuk topatu eta gaueko kontuak. Gorka eta Iñigo erretiratu ondoren Angel Errok eta Ibon Egañak erruz edanarazi zidaten eta bide txarretik eraman Iruña la nuiten barrena.

Biharamun goizeko 10etan genuen elkarrizketa. Artean itsatsirik neukan txamarran eta bihotzean Egañaren eta Erroren xarma. Zizek zeharo puntual agertu zen. Enparantzatik kafetegira gindoazela, ziurtatu zidan psikologoek jakinarazi diotela bere heldutasun maila hamabi urte inguruko nerabearenari dagokiola, eta denborak aurrera egin ahala atzez doala, heldutasuna murriztuz. Erantzun nion adin psikologikoa gorabehera ez nuela imajinatzen hain begi argiak zituenik, hain urdin eta ederrak, Deleuzeren begien kolorearen antzekoagoak Lacanenenarenak baino.

Orduan ohartarazi zidan nire arropa eta begirada kontuan hartuta bistan dela elkarbizitza-ereduren bat aukeratu behar izanez gero Epikuroren lorategia hobetsiko nukeela, bakea eta maitasuna, askatasun indibiduala begirunez harturik; jarrera hori oso arriskutsua iruditzen zaio ordea, eta berak agintea eskuratu bezain laster berreziketa-esparru batean itxiko omen ninduke, ea Gulagean zerbait ikasi eta zuzentzen naizen, zeren zinezko komunitatea, giza talde etikan zintzoa, zorrozki egituratu eta diziplinaturiko komandoa baita, bizia emateko gertu kausa zuzen baten alde.

Kojèveren liburu bat neraman besapean eta jakinarazi zidan adituek orain uste dutela Kojève ez zela KGBren espioia izan; sobietarrei informazio apur bat pasatzen zien, bai, baina mendebaldeko haren buruzagiak jakinaren gainean omen zeuzkan.   

Liburua Kojèveren “Esquisse d’une phénoménologie du droit” zen. Azaldu nion euskal konstituzioa idaztean liburu hori aintzat hartuta mamituko ditugula zuzenbideari loturiko atalak. Galdetu nion ea bere ustez edozein konstituziok behar ote duen jarrera filosofikoren bat azken inspirazio gisa, ea idatz daitekeen konstituzio bat freudo-marxista edota hegelo-lacaniarra, ea zein hastapen litzatekeen ezinbesteko konstituzio hegelo-lacaniar batean.

Orduantxe etorri zen Gorka Bereziartua, Zizekentzako Coca-Cola light bat zekarrela, berarentzat kafe hutsa eta niretzat Coca-Cola arrunta.     

Zizeki egin diezaiokezu galderarik xumeena eta etenik bat ere gabe erantzun ahalko lizuke orduak joan orduak etorri. Hegelen esanetan, edonondik has daiteke egia osoa dioen sistema filosofikoaren adieraztea, biribila baita: edonondik hasita ere behin itzulia buruturik beti helduko zara abiapuntura. Zizekek ere infinituki luza lezake egiaren adierazpena, baina, eteten diogunez, ezin jakin abiapuntura helduko litzatekeen edo beste norabait. Dena den, Zizekek Hegelengandik adina edaten du Lacanengandik, eta Lacanentzat, Hegelentzat ez bezala, egia ezin da osoa izan.

Edozein gisaz, bere mintzo joria galdera edo iruzkin batez etenarazten diozunean, galdera edo iruzkinik ergelena izan arren, begirunez isildu eta goi mailako arretaz entzuten dizu. Ia baldintzarik gabe dago solaskidearen alde; basque terroristekin bederen eskuzabala eta oparigilea da.

Elkarrizketa hartan ulertu nuen norbaitek karisma duela esaten denean adierazi nahi den ezaugarrietako bat. Elkarrizketak aurrera egin ahala ohartu nintzen galderak egitean ni ere modu konpultsiboz hasten nintzela sudurra ukitzen eta elastikoa azaletik desitsasten eta abar, hots, Zizeki lotsagarrien zaizkion keinuak derrigortuta bezala imitatzen.

Gure elkarrizketa amaiturik Hodei Etxarte eta Iñigo Astizen txanda. Gorka Bereziartua eta biok La Hormiga Atómicara hartu genuen, ezin pozago. Liburu-dendan agurtu nuen Gorka, idazle zoli bezain lagun zoragarri.

Gero, Iruñetik Bilborako autobusean, esertoki ia guztiak libre zeuden arren, 15 eta 16garrena betetzen genituenak elkarren ondoan joan ginen. Emakume heldu eder bat zen, arkitektura-jardunaldietako prentsa-arduradun kutsu opusianokoaren kontrafigura; Zizeken arreba izan zitekeen. Liburu bat zeraman baina ez zuen irakurtzen.

Arbizu inguruan Arratek deitu zidan eta, besteak beste, esan nion Berriak Zizeken hitzaldiaren muina zekarrela, Iñigo Astizek idatzia, eta igandekoak Iñigo Astizek eta Hedoi Etxartek Zizeki eginiko elkarrizketa ekarriko zuela.

Eskegi eta alboko andreak, euskaraz: “Iñigo Astiz horixe da gure semearen lagunik onena. Escudero, Mikel Escudero. Semearekin bazkaldu behar dut orain Bilbon.”

“Hara kasualitatea. Bart arratsean Iñigorekin ibili nintzen Curia karrikan, Ultzamaz eta bertako bentako mamiaz, Lizasoz eta Arco Iriseko hippiez solasean.”

Emakumeak Eleni du izena. Atenastarra sorkuraz, Iruñean sustraiturik bizi da, euskaldun sentitzen du bere burua goitik behera, euskaraz primeran daki eta solaskide argi bezain sakona da; gozamen betea bilakatu zidan Bilborainoko bidea.

Selektibitateko berrogei bat azterketa neuzkan artean zuzentzeko eta oso nota altuak ipini dizkiet.     

 

Zizek: "Unibertsaltasunaren indarra zuek zarete, euskaldunak, ez Espainiako Estatua"

Markos Zapiain 2010/06/25 16:44
Gorka Bereziartuarekin batera Argia aldizkarirako eginiko elkarrizketa

Coca-Cola light batekin eseri da mahaian. Opus Deiren hirian gaudela entzun eta Francoren krudeltasunaz galdezka hasi da. Irakurria duela, gaiztoegi italiar faxistentzat ere. Garrotea. Salvador Puig Antich. “Gogoan dut, bai”. Eta elkarrizketa erraz doa, 
ia konturatu gabe ordubete pasatzeraino.


Esan izan duzu ezkerrak historian izan duen bekaturik handiena galtzeko gogoa izan dela. Desira horrek esplika dezake egun bizi dugun alternatiba falta?

Hori esan nuen, batez ere, gaur egungo Mendebaldeko ezker akademikoari buruz. Nik uste dut beraiek, sekretuki, gozatu egiten dutela euren bizimodu akademiko erosoarekin unibertsitateetan. Eta aldaketa beharraz hitz egiten duten arren, benetan ez dute nahi: iraultza gustatzen zaie baina oso-oso urrun gertatzen bada, Nikaraguan edo orain Venezuelan, beraien bizitzak benetan aldatzen ez dituen lekuetan. Uste dut Frankfurteko Eskolarekin hasia zela hori; ezker akademikoa oso kritikoa zen bere gizartearekin, baina kritika kultural abstraktu bat zen, eta ez zeukan benetako engaiamendurik. Oso posizio harroa da, eta nik horri esaten diot, Hegeli jarraituz, Arima Ederra: posizio erosoa daukazu, oso kritikoa, baina hala ere erabat integratuta zaude gizarte horretan. Eta orokorrean, uste dut hori egia dela “ikasketa kulturaletako ezker” horren kasuan.

Baina baita gure kasuan ere, ezta?

Bai, baina ez genioke gure buruari errua gehiegi bota behar. Arazoa erradikalagoa da. Adibidez: Greziako finantza-krisia daukagu, eta nire inguruko batzuk gogobeteta daude, “begira, desordena publikoak, iraultza hasten ari da”… Ez! Nola? Zer nahi dute Grezian protestan ari direnek? Pribilegio zaharrak ez galtzea. Eta hemen batek izan behar du onestagoa: ez da kapital handiak ongizate-estatua desegin nahi duela; hori gertatzen ari da, baina ez jende gaizto batek desiratzen duelako; hori gaurko kapitalaren joera da, globalizazioarekin. Baina niretzat oso tristea zera da: ezker pragmatikoak eskain dezakeen guztia lotuta egotea ongizate-estatu zaharrari. Ezkerra, zentzu horretan, gaur egungo indar kontserbadorea da. Eta Greziakoa hain tristea da… Ados, komunista batzuek iraultza eskatzen dute, baina ez du ezer esan nahi. Gura duten bakarra pribilegio zaharrak mantentzea da. Ez al da tristea benetako programa alternatiborik ez edukitzea? Ezta maila globalean kapitalismoarekin kritiko direnek ere. Gogoratzen Seattle eta Porto Alegreko mugimendua duela bost-hamar bat urte? Noski, polita zen, denak batera zeuden han, protesta mugimendua zen. Baina inperialismoaren kontrako esaldi orokor batzuk kenduta, edo ekologiaren alde… ez zeukaten programa alternatiborik. Arazo larria da. Ez dut uste defini dezakegunik zer nahi dugun [azken hiru hitzak mahaian kolpe txiki banarekin lagundu ditu]; posizio negatiboa da funtsean. Uste dut garai arraroan bizi garela. Antonio Gramscik lerro eder batzuekin azaltzen zuen: zaharra hiltzen ari den eta berria jaio ez den garaiotan, munstro itxurako gauzak azal daitezke.

Zein dira munstroak?

Iruditzen zait fundamentalismoa bezalako fenomenoak ere espezie horretakoak direla. Zaharra hiltzen ari da, berria ez da jaio oraindik. Beraz, nire ustez, potentzialki oso arriskutsuak diren garaiak bizitzen ari gara. Europan gertatzen ari da mundu guztia arduratu beharko lukeen zerbait: orain arte, herrialde arrunt batean, tentsio politikoa izaten zen ezker moderatuaren eta eskuin moderatuaren artean. Bi alderdi handi egoten ziren eta horietatik aparte beste marjinal batzuk: alderdi faxista txiki batzuk, ekologista batzuk… Baina orain eszena diferentea ari da sortzen: alderdi zentral teknokratiko handi bat ari gara ikusten, liberala, popularra… nahi bezala deitu; eta gero, alderdi kontserbadore, nazionalista bat, etorkinen aurkakoa. Indartsuago eta indartsuago ari dira bihurtzen: begira azken bozak Holandan, Belgikan, Ekialdeko Europa katastrofea da… Beraz, aukera bakarra da nolabaiteko kapitalismo neutral teknokratikoa ala eskuin mutur proto-faxista. Eta uste dut hori dela ezkerraren gainbeherarengatik ordaintzen ari garen prezioa. Badakizue Walter Benjaminek esaten zuena? Faxismo bakoitza huts egindako iraultza baten adierazgarria da. Eta hori literalki egia da herrialde arabiarretan. Zergatik daukagu orain fundamentalismo islamiarra? Ezker arabiar sekularra desagertu zelako. Beraz, den bezain itsusia izanda, fundamentalismo hori, neurri batean, seinale ona ere bada: esan nahi du badagoela aldaketarako potentziala, baina ez dugula erabili eta horren prezioa ordaintzen ari garela.

Eta nola egiten da potentzial hori hartu eta ezker muturreko mugimendu bihurtzeko?

[Barre egin du] Horretan baikorra eta ezkorra naiz aldi berean. Baikorra, argi baitago gaur egungo krisi-fenomeno hau guztia ikusita, arazo asko —ez bakarrik finantza mundukoa, baita ekologikoa ere, edo jabego intelektualarena…— ezin direla konpondu kapitalismoaren barrutik. Krisiak sortzen dira behin eta berriz. Orain AEBetan ikusi dugu: jendeak esaten dit “erotuta zaude, nola esaten duzu gaur egun komunismoa beharrezkoa dela?”; eta nik esaten diet, “begira Louisiana inguruko petrolio-isuria”. Obama oso ahula izan da kontu horrekin. Arazo legal bihurtu du, British Petroleumek ordaindu behar duela esaten hasi da… Erridikulua da! Katastrofe globala ari da izaten, ezin dituzu lege-joko horiek egin, erruduna nor den bilatzen hasi. Eta ezin duzu jokatu esanez “konpainia pribatuekin tratuan ari gara”. Mobilizazio orokor bat egon behar zen. Konturatzen al gara nolako erronka dugun aurrean? Isuriak jarraitzen badu habitat osoa aldatuko da inguru horretan, jendeak bizilekuz aldatu beharko du… Edo, erronka handiagoak oraindik: irakurri dut beroketa globalaren eraginez Errusia iparraldean, Siberian, klima osoa aldatzen ari dela. Permafrosta biguntzen ari da. Hori ona da hango nekazaritzarako, baina noski, munduko beste leku batzuetan basamortua zabaltzen ari da; eta etorkizunean antolatu beharko ditugu populazioen leku-aldatze handiak, milioiek mugitu beharko dute hemendik hara… Nork antolatuko du hori? Ezin diozu merkatuari utzi. Ekologiak behartzen gaitu ekintza berri, erradikal, herritar eta masiboetara; eta horiek ezin ditugu utzi ez merkatuaren, ezta estatuaren esku ere. Horrek guztiak behar bat sortzen du, nik oraindik komunismo esaten diodan zerbaiten beharra, hain zuzen ere.

Baina, aldi berean, ez dut uste oraindik prest gaudenik ekintzarako. Eta horretan ezkorra naiz. Nire lagun asko katastrofistak dira. Pentsatzen dute katastrofe ekologiko pare bat gehiago behar ditugula, edo desordena publikoak. Nik diot baietz, baina katastrofeak eta krisiak beti fenomeno anbiguoak direla. Zabal dezakete aldaketarako espazioa, baina, era berean, krisi bat dagoenean jendearen erreakzioa izaten da are kontserbadoreago bihurtzea.

Shock doktrina.

Hori da. Argi dago, adibidez, finantza krisiak erakutsi duela merkatu libreko liberalismoa mitoa dela. Mundu guztiak daki orain nazio-estatuak geroz eta indartsuago bihurtzen ari direla —eta honetan ez nator bat nire lagun Toni Negrirekin, ze berak uste du nazio-estatuak desagertzen ari direla—.

Baina zerorrek esan izan duzu globalizazioa txarra dela Alemania bezalako estatuentzat.

Globalizazioaren benetako biktimak nire ustez, bigarren mailako potentziak dira, Europako nazio handiak, berbarako. Espainia, Alemania, Ingalaterra… Globalizazioak esan nahi du Eskoziak independentzia nahi duela edo behintzat autonomia handiagoa; zuek, euskaldunek, ere bai… Hori, berez, fenomeno ona da. Banatu nahi duten entitate berri horiek ez dute bakarrik nazio-estatu zaharra lortu nahi, entitate autonomo berri bat baizik, espazio libre askoz gehiagorekin, baita kulturan ere. Hori oso fenomeno interesgarria da. Globalizazioak ez du esan nahi denok hanburgesak jaten ariko garela, esan nahi du errazagoa dela, zuentzat adibidez, nazioartean zuen identitatea adieraztea. Hori da globalizazioaren alde ona. Beraz, aukera hori erabili beharko genuke [erakuslearekin mahaiari kolpetxoak eman dizkio]. Ez dugu kontserbadoreak izan behar, ezta horren beldurrik eduki ere.

Eslovenian ez duzue itzuli nahi Yugoslaviaren antzeko estatu batera.

Ba al dakizue zein zen tragedia hor? Esloveniarren artean gehiengoak ez zuen nahi erabateko independentzia. Konfederazio moduko bat nahi zuten, baina, badakizue nork bultzatu gintuen erabateko independentziara?

Milosevicek.

Molosevicek, hori da. Lagunartean eztabaidatzen dugunean Eslovenia independentearen heroiari monumentu bat egitekotan, nori egin beharko geniokeen, ondorioztatzen dugu Milosevici egin beharko geniokeela [barre egin du]. Ikusi genuenean biolentzia populistaren logika hura, jakin genuen gerra etorriko zela. Eta ideia zen: “Goazen kanpora, dena lehertu baino lehen”. Horretan Mendebaldea oso naifa izan zen, ez zuten ikusi bazetorrena.

Ezkerreko jendeak ere ez. Tariq Ali eta…

Ezkerrekoak izan ziren okerrenak. Tariq Alirekin gatazka eternoa daukat: ez dakit, nik erabiltzen badut argudio modura pakistandarren ergelkeria edo alferkeria… Jainkoarren! Anti-arrazismoaren oinarrizko araua da ez erabiltzea klixe arrazistak arrazoi politiko gisa, esloveniarren berekoikeria erabili zuten bezala. Bizirauteko bidea izan zen. Gerra bazetorrela ikusi genuen, argi zegoen mundu guztiarentzat, Mendebaldeko begirale ergelentzat salbu, gerra izango zela. Yugoslavia hondoratu zutenak ez ziren izan esloveniarrak eta kroaziarrak, Milosevic izan zen. Kargua hartu zuen momentuan Titoren Yugoslavia hil egin zen eta aukera bakarra genuen: agian Yugoslavia berria eraikitzea, demokratikoa, autonomia handiagoarekin, konfederatua… ala Milosevicek irabazten du eta bihurtzen da, guk ironikoki esaten genuen moduan, Serboslavia. Urte garrantzitsuenak Milosevicen aurrenekoak izan ziren, 1986tik 1989ra. Milosevicen kontra zeudenak saiatu ziren, desesperatuki, bertsio alternatibo bat negoziatzen; eta katastrofea izan zen armadak eta botere zentralak Milosevicen alde egin zutela. Garbi zegoen beraz, mundu guztiarentzat, bukatua zela dena. Tragedia grekoen antza zeukan: bazetorrela ikusten genuen eta ezin ezer egin.

Jürgen Habermasek esaten zuen serbiarrek bakarrik eraiki zezaketela benetako herrialde demokratikoa… Hemen gauza bera esaten dute espainiarrei buruz.

Ez naiz harritzen Aznarrek publikoki esan izana Habermas izendatu beharko luketela Espainiako filosofo ofizial, abertzaletasun konstituzionalaren ideiarengatik… Hori da Habermasen mugarik argiena: badauka beldur erabat faltsu hori, nazio txikiei espazio gehiago emateak ekarriko duela nolabaiteko proto-faxismoa, demokraziarentzat arriskua eta abar. Eta beraz onartu zuen nazionalismo serbiarraren gaixotasun handiena —eta harrigarria da Milosevicen kontra zeuden demokrata-ustezko askok akats bera egin izana—: pentsatzea serbiarrak zirela Yugoslavia ohiko nazio bakarra, estatu bat eraikitzeko gaitasunarekin; gainontzeko nazioak ez zirela kapaz horretarako.

Euskaldunok, nola artikulatu dezakegu gure borroka partikularra komunismoaren borroka unibertsalarekin? Kale itsua da bien uztartzea?

Ez! Inola ere ez! Hain zuzen ere, uste dut Europar Batasunaren barruan bertan, zenbat eta Europa indartsuagoa izan, hainbat eta handiagoa izango dela zuen autonomia-espazioa. Europa batuagoa dagoen neurrian, gehiago izango da erregioen Europa eta ez hainbeste nazio-estatuena. Oso paradoxa polita da: Espainiako estatutik erabateko autonomia nahi duzuen neurrian, zuen babesa espazio unibertsal gorena da. Ez zeniokete beldurrik izan behar Europari. Kontuz Habermasen jarraitzaile diren ezkertiar faltsu horiekin: esaten dute Europar Batasuna Nazioarteko Diru Funtsaren tresna dela, nazioarteko kapitalarena, eta beraz ezkerraren zeregina dela nazio-estatu indartsuetara itzultzea; uste dute nazio-estatu indartsuak bakarrik salba dezakeela ongizate-estatutik gaur egun salba daitekeena. Lehenik eta behin: ildo horri jarraitzen badiozu, zeure burua aurkituko duzu Europako eskuin erradikalarekin batera, nazio-estatu indartsuagoen alde baitaude, beti etorkinen arriskuaz ohartarazten eta abar.
ni hegeliarra naiz: unibertsaltasunaren alde nago. Baina unibertsaltasunak ez du zure partikulartasuna zokoratzen; kontua ez da zure partikulartasunari uko egitea; alderantziz, zure partikulartasuna ikusi behar duzu unibertsalean parte hartzeko bide bezala. Ezker unibertsalistaren ideia faltsua da gure identitateaz ahaztu behar dugula, inor ez baita bizi espazio abstraktu batean. Dialektika hemen oso argia da: Europa unibertsala bezalako espazio hierarkikoa daukazularik, eta horren azpian nazio-estatuak, unibertsaltasunaren aliatuak dira nazio-estatuen subiranotasun osoa barrutik azpi-jaten dutenak. Hain zuzen ere zuek, espainiar nazio-estatuari kontra egiten diozuen neurrian, unibertsalagoak zarete. Hori izan behar da zuen argudioa. Unibertsaltasunaren indarra zuek zarete, ez Espainiako estatua. Eta uste dut hori ezinbestekoa dela Europa batuarentzat. Eta nik oraindik badut esperantza Europan ze, gainontzean bi eredu daude: liberal-anglosaxoia eta Txina, Japonia eta abarretako kapitalismo autoritarioa. Nik ez dut bizi nahi aukera bakarrak horiek diren mundu batean [barre egin du]. Baina Europa bakarrik elkartuko da, erregioen Europa bihurtzen bada, ez du funtzionatuko oinarrizko unitatea nazio-estatua den bitartean.

Zure ama-hizkuntza esloveniera da, baina elkarrizketa hau ingelesez ari gara egiten; zure liburuak ere hala publikatzen dira… Nola daramazu hori?

Gauza bera da: nire lagun askok pentsatzen zuten ingelesa inperialismoaren organoa zela, ingelesaren kontra zeuden. Ni ez. Zuena bezalako egoera batean, hain zuzen ere, espainiera eta zuen hizkuntza egonda, ona da hirugarren hizkuntza bat edukitzea, ingelesa legez; neurri batean unibertsaltasun-espazioa da, ingelesarekin mugitzen baldin bagara, espainiera bihurtzen delako gainontzeko hizkuntza guztien arteko beste bat, zuenaren maila berean. Ingelesak aukera ematen dizue Europako beste parte batzuekin hitz egiteko Espainiaren bitartekaritzarik gabe. Oso pragmatikoak izan beharko genuke horretan. Tipikoa da Frantzian, adibidez, nola nazionalista frantsesak ingelesaren kontra dauden. Zergatik? Frantziar estatu handi bat nahi dutelako. 
Nik ez daukat problemarik ingelesarekin ze, gaur egun ari da bihurtzen garai bateko latinaren antzeko zerbait: Singapurren hitz egiten dute, Txinan, Indian… ez da gehiago Ingalaterrako jendearen tresna, unibertsala bihurtzen ari da; horrek esan nahi du askoz askeagoa zarela ingelesaren esparruan, non besteen berdina zaren. Berriz diot, saihestu egiten dut akats hori, hau da, esatea “itzul gaitezen nazio-estatuen subiranotasun osora”. Badakizue noiz hasiko naizen Europan sinesten? Zuek, euskaldun modura, gai izaten zaretenean konektatzeko Europako beste erregioekin, ez Espainiako estatuaren bidez, zuzenean baizik. Hori izango da benetako Europar unibertsaltasuna praktikan.

Titular bat eman diguzu esaldi horrekin…

Bestela manipulatu dezakezu, nahi duzun bezala… Manipulazioan sinesten dut, dena onartzen da politikan [barre egin du].

Gaiez aldatzeko: iaz Londresen On the idea of communism kongresua egin zenuten…

… barka moztea: lagun batek kongresu horri buruzko karakterizazio ona egin zuen. Esan zidan Woodstock bezalakoa izan zela: izar zaharrak joan ziren, euren kanta zaharrak jotzera [barrez]. Zoritxarrez egia zen!

Kongresu hartan hitz egin zenuen gizarte komunista batek artistei eman beharko liokeen trataeraz, Franz Kafkaren Josefin kantaria narrazioa eredu jarrita. Baina, filosofoentzat tratu bera onartuko al zenuke?

Bai, problemarik gabe. Nik ez dut inolako pribilegiorik nahi, oso apala naiz alde horretatik… Non dago ba, problema?

Konferentzia hau [Arquitectura más por menos] bezalakoetan jasotzen duzun tratamenduan. Ez duzu beldurrik filosofo-fetitxe bihurtzeko? Jendeak zu mirestea-eta…

Baina Josefin kantaria ere miresten dute. Problema hasten da berak benetako pribilegioak nahi dituenean, dirua eta abar. Momentu horretan esaten dio jendeak ezetz. Hala ere, nire lagun ezkertiar batzuek esaten didate, hau bezalako konferentzietan parte hartzen dudanean nire burua establishmentari saltzen ari naizela. Baina nik beti gogoratzen dut Leninen esaldi hura: kapitalistak salduko dizu, baita bera zintzilikatzeko soka ere. Horrek esan nahi du, “har ezazu!”. Nik hemen dirua irabazten dut, eta horrek aukera ematen dit inguruan bidaiatzeko, hitzaldiak doan egiteko eta abar. Ez naiz fetitxista diruarekin; heldu aukera guztiei, hartu dirua. Gero zer egiten duzun, hori da garrantzitsua.

Tesia, antitesia, sintesia… Ez dira Hegelen hitzak. Hari buruzko liburua prestatzen ari zara.

Paradoxa polita da bai: Hegelek ez zituen behin ere hitz horiek erabili. Liburuarekin saiatuko naiz Hegel erabat birgaitzen, eta esango dut paradoxikoki nire ustez Marx idealistagoa zela Hegel baino; Hegel irekiagoa zegoela kontingentziara. Hegelek hertsiki debekatzen du Marxek egin zuen zerbait: Marxek askoz gehiago sinesten zuen historiaren arrazoian. Pentsatzen zuen eduki zenezakeela subjektu historiko bat, langile-klasea, ezagutzen duena historiaren logika, ezagutzen duena historia horretan jokatzen duen rola, eta horren arabera ekiteko gai dena. Beraz, arrazoi historikoaren agente modura aritu zaitezke. Hegelek erabat debekatzen du hori, askoz irekiagoa da: argi dio atzera begira bakarrik arrazoitu dezakegula historiari buruz. Nire ustez Hegel kontingentziaren pentsalari oso erradikala zen. Ez zen “dena aurretik zehaztuta dauka arrazoiak”; Hegelentzat, benetan ondo irakurtzen baduzu, beharra ere beti atzera begira ezarrita dago, modu kontingentean. Zerbait modu kontingentean gertatzen da, eta behin gertatu delarik, beharrezko bihurtzen da. Oso dialektika fina dago Hegelen baitan.

Eta beste kontu bat: Hegelek adiskidetzeari buruz zeukan ideia. Ez da, askotan irakurri izan den bezala, subjektibismo erradikalaren ideia hori, non subjektuak totalizatzen duen errealitate guztia. Kontrakoa da: Hegelek “versöhnung” gisa definitzen duena, adiskidetzea alegia, zure identitate partikularra errenditzea, baita munduaren irrazionaltasuna onartzen ere. Oso apala da alde horretatik. Eta saiatuko naiz enpirikoki erakusten Hegel ez dela historiaren amaieraz diharduen arrazionalista bat. Adibidez, interesgarria da haren Historiaren filosofia irakurtzea. Sarreran, eta hau ez da batere inozoa kontuan hartzen badugu 1810 inguruan idatzi zuela, AEBei buruz eta Errusiari buruz hitz egiten duenean, esaten du ezin dugula garatu bi herrialde horien logika; hurrengo mendea beraiena izango dela. Berak badaki teoria batzuk ezin direla garatu oraindik, beraz oso irekia da horretan.

Euskaraz badugu Gogoaren fenomenologia…

… nire talde lacaniarrak ere itzuli zuen eslovenierara! Orain Logika itzultzen ari gara, ze, oraindik uste dut hori dela Hegelen maisulana. Marx eta Lenin salbatu zituen: Marx ikusten baduzu, 1848ko iraultzak huts egin ondoren, krisian sartu zen. Zer egin zuen? Hegelen Logika irakurtzen hasi zen eta gero itzuli zen Ekonomia politikoaren kritika eta abar idaztera. Leninek gauza bera egin zuen: 1914an, erabateko etsipena, eta Hegel irakurtzen hasi zen. Esan nahi dut, ezkertiar onek badakite porrotaren momentuan irtenbide bakarra Hegel irakurtzea dela [barre egin du].

Filosofia Kant eta Hegelen artean gertatu zen zerbait al da?

Lagunak probokatzeko esaten dudan zerbait da hori, baina gustatzen zait ideia…

Beranduago gaizki-ulertua, lehenago intuizio nahasi batzuk…

Oinarrizko ideia ondoko hau da: zerbait hain traumatikoa eta indartsua gertatu zen Hegelekin, oraindik ez garela bueltan etorri. Hegel ez da gure iragana, gure etorkizuna baizik. Hari buruz dauzkagun ohiko nozioak… Kierkegaardek, Schopenhauerrek eta baita Marxek ere egindako kritikek huts egiten dute nire ustez. Hegel baino lehen metafisika tradizionala daukagu, gero daukagu XIX. mendeko pentsamendu positibista, baina tartean, Hegelen baitan, gauza bakan bat gertatzen da: ez metafisika eta ez post-metafisika, eta oraindik ez gaude prest erabat aurre egiteko orduan gertatu zenari. Hegel bi munduen artean zegoen, eta nik uste dut horiek direla posizio produktiboenak. Badakizue zergatik? Jendeak galdetzen didanean zergatik Eslovenian garatu dugun erlatiboki hain teoria ona, nik erantzuten dut zortea izan genuela; ez ginen argiagoak, baina Yugoslavia ohia, eta bereziki Eslovenia, posizio idealean zegoen: herrialde sozialista batean geunden, baina, aldi berean, oso irekia zen, Mendebaldearekin harremana genuen. Ez geneukan sozialismoarekin inolako ilusiorik, ez genuen uste Yugoslaviako sozialismoa besteak baino hobea zenik, baina ez geneukan Mendebaldearekin ere inolako esperantzarik. Tartean geunden, eta gai ginen ikusteko zer zebilen gaizki mundu bakoitzean. Alain Badiouk orain berrargitaratu duten liburuxka batean, Desastre ilun bati buruz, deskribatzen du gure egoera 1990. urtearen ondoren honako hitzekin: “Gaizkia dantzan, gaizkiaren hondarren gainean”. Oso argia da horretan, ez dauka sozialismo zaharraren nostalgiarik. Badaki erregimen komunistak gaizkia zirela, akats historiko bat, baina esaten du atzetik etorri zena ez zela jendeak espero zuena.

Maoista da Badiou…

… bai eta ez. Esan nahi dut: badaki maoismoaren garaia amaitu dela, baina oraindik badauka nolabaiteko lotura nostalgiko erabatekoa. Burla-haizez idatzi nuen nonbait berarentzat maoismoa dela, Heideggerrentzat nazismoa izan zena: azken engaiamendu politiko handia. Irakurtzen baduzu Maoren testuekin egin nuen liburuaren edizio frantsesa, sarreran kritika egin zidan eta sutan zegoen… Astebetez ez zuen nirekin hitz egin nahi izan [barrez]. Bereziki haserretu zen nirekin diagnosia egin nuenean esanez, Naomi Kleinen shock terapiaren antzeko zerbait izan zela iraultza kulturala, Deng Xiaopingi esparrua prestatzeko merkatu-kapitalismorako. Ez zuen hori entzun nahi!

Esan izan duzu kristautasunak unibertsaltasuna lortzen duela San Paulok Jesusen pentsaera traizionatu eta gero, Leninek unibertsaltasuna Marx traizionatuz lortu zuen bezala. Azalduko ideia hori?

Erabat ateoa naiz, hori argi gera dadila. Interesatzen zaidan logikoa honakoa da: jainkoa hilda dago, termino lacaniarretan esateko ez dago Beste Nagusirik, eta geratzen den guztia espiritu santua da, niretzat kolektibo emantzipatzailea dena. Hori da gustatzen zaidan kristautasuna; eta beti jartzen ditut urduri apaizak beraiekin eztabaidatzen dudanean. Galdetzen diet: “Ados, kristauak bazarete esadazue nola irakurtzen dituzuen Kristoren esaldi batzuk: ‘Ez badituzu aita eta ama gorrotatzen ez zara nire jarraitzailea’ edota ‘ezpata dakart, ez bakea’”… Hori da unibertsaltasuna, borrokan dagoen unibertsaltasuna eta ez nik “Unesco unibertsaltasuna” esaten diodan hori: “denok dauzkagu gure kulturak” eta abar. Unibertsaltasuna niretzat ez da gure kulturak berriz deskubritzea; alderantziz da: “zuk hemen zure borroka daukazu eta nik nirea, ikus dezagun ea borroka berdina egin dezakegun”. Unibertsaltasun bakarra borrokarena da.

Nietzschearra zarela irakurri dugu nonbait.

Non esan dut hori?

Hitzaldi batean. Zure lagun baten eraginez…

… a, ez, badakit zertaz ari zareten. Esloveniako nire taldeko lagun batek, Alenka Zupancicek idatzi zuen liburu bat, Itzalik laburrena Nietzscheri buruz, eta ia konbentzitu ninduen, baina oraindik problemak ditut. Askoz ere hurbilago nago Kierkegaard eta abarretatik. Arrazoietako bat da Nietzchek Richard Wagner gorroto zuela. Badakizue noiz erotu zen Nietzsche Wagnerrekin?

Parsifal entzun ondoren, ezta?

Ba, Nietzsche erabat oker ibili zen Parsifali egin zion kritikan. Parsifal obra erabat paganoa da; Wagnerrek gauza oso itsusia egin zuen opera horretan: kristautasuna berrinterpretatu zuen, mito pagano modura. Herrialdea gaixo dago, erregea gaixo dago eta berrindartu egin behar da… Hori topiko paganoa da. Benetako Wagner kristaua, frogatu nahian nabil, Götterdämmerung operakoa da… Wagner konplikatua da eta Nietzschek huts egin zuen. Bide batez, horrela egin ginen lagun Alain Badiou eta biok: fanatiko wagneriarrak ginela konturatu ginen, eta orain elkarrekin liburu labur bat egiten ari gara; Frantzian bi liburu labur aterako dira bakoitza bere aldetik, eta Ingalaterran biak batera, bizpahiru hilabete barru.

The sublime object of the ideology liburuan esaten zenuen ideologiaren kritika tradizionalak ez duela gehiago balio, gizartearen zinismoa dela-eta. Nola egin daiteke ideologiaren kritika, prentsan adibidez, eraginkorra izan dadin?

Nire lagun batek Noam Chomskyrekin bazkaldu du duela gutxi, eta Chomskyk esan omen zion “nork behar du teoria gaur egun? Jendeari egia esan behar zaio, besterik ez”. Ez, ez nago ados. Adibidez, Israelen, historialari errebisionista batek erakutsi du nola Israelek 1948-1949ko gerran zenbait herri arabiar erre zituen eta beste hainbat izugarrikeria egin. Baina horren eragina ez zen “ai ama, orain egia ezagutzen dugu!”. Ez. Historialariak berak esan du zuzen egin zela. Beste hitz batzuekin esateko: ideologiaren funtzionamendu ziniko honetan, esan dezakezu egia material guztia. Ez da nahikoa. Zer esan nahi du horrek, ideologiaren kritikak ez duela funtzionatzen? Ez. Saiatu naiz galdera horri erantzuten nire beste liburu batean, uste dut On beliefen zela. Funtsean garatu nuen ideia honakoa zen: hamsterra adibide hartuta, ideologiaren fetitxe-funtzioa azaltzen saiatzea; ziniko bakar bat ere ez da erabateko zinikoa; zinismoa ezinezko posizioa da, zinikoa izan nahi duen jendeak ere bai baitauka nik hamsterra esaten diodan hori. Zerbait, esateko “hau erreala da”. Eta zuek puntu horri eraso egin beharko zeniokete. Norbaitek esaten dizuenean “ni erabat zinikoa naiz, ez daukat balorerik” galdetu ea non daukan hamsterra. Izan daiteke nazioa, budismoa… Mendebaldeko enpresaburu handi askorentzat hamsterra da nik ironiaz Mendebaldeko Budismo esaten diodan hori: harritzekoa da zenbat diren budistak bizimodu pribatuan, esaten dute meditazioa eginez gero pertsona hobea zarela negozioetan ere… Baina berriz diot, zinismoarekin dagoen arazoa da, posizio inposiblea dela. Zinismo purua posible balitz, orduan bai, ados nago, arazo bat izango genuke; ze, ideologiaren kritikak ez luke gehiago funtzionatuko. Edozer gauza esanda ere, erabateko zinikoak erantzungo luke: “Ados! Popatik! Onartzen dut eta aurrera jarraituko dut!”.

[Hamsterraz diharduelarik, bere lagun bati gertatutakoaz ari da
Zizek: gizona ezkonduta zegoen, emazte gazte eder alaia, halako batean minbizia, bi hilabeteko bizialdia...
 
Hil da emaztea eta lagunak harrituta: alarguna ez dago triste, dolurik ez... hori bai, emazteak biziki maite zuen hamsterra dauka beti eskuan, sakelan, alboan.
 
Hamsterra hil zenean gertatu zitzaion hondamendia, orduan ezagutu zituen emaztea hil zitzaionean hamster fetitxeari esker saihestutako amildegiak.
 
Alegia, gure gizarteetan, itxuraz zinikoena denak ere badu bere fetixea, bere hamsterra, prest dago auskalo zeren alde bizia emateko]


Hegeli buruz prestatzen ari zaren liburu hori aipatu dugu baina, beste proiekturen bat ere izango duzu esku artean, ezta?

Orain serioski egin nahian nabilena, baina ez daukat denborarik, zera da: Antigona berridatzi. Brechtek bezala egin nahiko nuke, istorio bera hartu baina termino diferenteetan. Lehenengo guk ezagutzen dugun Antigona dago, Sofoklesena. Tragediaren erdian Kreonteren eta Antigonaren konfrontazio handia dugu eta aurrerantzean istorioa aldatu egiten da. Bigarren zatian Antigonak irabazten du eztabaida, eta Kreontek dio “ados, onar dezagun Polineikesen lurperatzea”. Gero gertatzen dena da Kreontek beldur zion horixe: nola hiria gerra zibiletik atera berria den, lurperatze horrek eragiten du biolentzia-olde berri bat eta azkenean Tebaseko hiria erabat suntsitzen da. Orduan Antigona hiriaren hondarretan agertzen da negarrez, “ni maitasunerako sortua nintzen ez gerrarako…” eta abar esanez.

Zein da arazoa maitasunarekin?

Maitasuna ondo dago Jesukristoren maitasuna denean, esan nahi duenean “ezpatarekin nator”. Baina Antigonaren nire bertsioan gertatzen da, Kreonte eta Antigona eztabaidatzen ari direnean, koroak, normalean pellokeriak esaten dituen ergel talde horrek, esku-hartzen duela, eta bere burua ezartzen du segurtasun-publikoko komite jakobino bat bezala. Koroak Kreonte eta Antigona atxilotzen ditu, esaten die “zuek borroka feudal horiekin nazioa hondamendira eramaten ari zarete”; eta diktadura herritar bat ezartzen du, Kreonte eta Antigona hiltzen ditu eta herri-demokrazia ezartzen du [barre egin du]. Eta badakizue? Lagun greziar batzuk esan zidaten, istorioa Sofoklesen baitan ere ematen duena baino anbiguoagoa dela: Sofokles ez dago bakarrik Antigonaren alde. Kreontek, pasarte batzuetan, ia Perikles zitatzen du. Beraz Kreonte ez da ergel totalitario huts bat, badauka argudio-bide indartsu bat. Eta ni, gazte-gaztetatik, beti egon naiz gehiago Kreonteren alde. Nire aspaldiko tendentzia da: nire ametsa, eta ez daukat dirurik egiteko, Star Wars berridaztea da, enperadorea eta Darth Vader heroi bihurtuz. Jediak jauntxo feudal txikiak dira eta Inperioa diktadura aurrerakoia.

Zurrutero maiteminduaren joanetorria mendira

Markos Zapiain 2010/06/23 08:45
Bertan Bera gernikar taldearentzako letra (Abeslariaren neskalagunak Iratxe du izena, erizaintza ikasi nahi du eta arazoak dauzka pattarrarekin) Doinua, Bob Dylanek 1968an Memorial for Woody Guthrie omenaldi kolektiboan "The Grand Coulee Dam" abesteko erabili zuena http://beemp3.com/download.php?file=71266&song=The+Grand+Coulee+Dam

Hiria ez da kaxkarra

Tabernak dauzkagu

Semaforoak eta

Farola itzelak

 

Erakusleihoetan

Bonboi ta txapelak

Saltoki tzar ugari

Mila kilo lata

 

“Edozein lata baino lehen

Zinaden munduan

Erdu neugaz Iratze

Erdu segituan” (leloa)

 

Lantzean behin dena den

Mendira hartu behar

Suge azal ustela

Han behean lagata

 

Ama naturak dena

Eskaintzen baitigu

Iratzea maiatzan

Abuztuan pena

 

“Edozein lore baino lehen

Zinaden munduan

Erdu neugaz Iratze

Erdu sekretuan”

 

Nire aurretik gora

Gailurrera zuzen

Gizontxo bat ziztuan

Izerdi patsetan

 

Larria arnas hotsa

Red-bulla ez da nahiku

Iratzea erauzita

Besapea du garbitu

 

“Zure aldean edozer

Egiten zait arrotz

Erdu neugaz Iratze

Antzinako bihotz”

 

Baso barrutik entzun

Piztia intzirika

Bidea azkar utzita

Sartu naiz sasira

 

Basurde kume polita da

Haitz hotzaren pean

Harrapatuta, zauri

Itsusia izterrean

 

“Bortitz zauritu ninduzun

Banoa osatzera

Erdu neugaz Iratze

Esporak jatera”

 

Askatu dut, eten diot

Odolan isuri zoroa

Zapia ondo lotu ostean

Joan da saltotxoka

 

Ama Teresa bezain on

Sentitzen naiz eta

Sendatzea ospatuko dut

Haritz horren puntan

 

“Edozein erizain baino

Zuhurragoa zara

Erdu neugaz Iratze

Enborretik gora”

 

Adar baten eserita

Hiru libra ogi

Hamaiketako ederra

Banu edatekorik

 

Egarri txarrak jota

Zuhaitzetik jaitsi

Banoa etxera bueltan

Heroismo barik

 

“Aldats behera be lagundu

Mesedez Iratze

Zu barik jausiko naiz

Dorre bikia lez”

 

Kale goxoak berriz

Abegi on egin dit

Dendak eta tabernak

Destorniz bustirik

 

Semaforo-farolak

Ez dituzte itzali

Gora Bermio eta (kontzertuko herriaren izena erabili)

Gora Euskal Herri

 

“Euskal Herria baino lehen

Zinaden munduan

Erdu neugaz Iratze

Erdu segituan”

 

EITBn, konstituzionalistek presio eta mehatxu

Markos Zapiain 2010/06/22 21:50

Atzoko Correon Tonia Etxarrik:

Mientras el debate transita entre bastidores de los platós en forma de pregunta obligada -¿audiencia o influencia?-, algunos programas como 'Vaya semanita' han tenido que corregir un guión que se había convertido en el humilladero de socialistas y populares. Al anterior lehendakari lo caricaturizaron de 'pesado' con su plan, pero no llegaron a faltarle al respeto. En estos meses de ubicación del nuevo equipo de ETB, sin embargo, las parodias sobre Patxi López y el Partido Popular habían traspasado la raya de los insultos y la imputación de delitos y, para evitar que el caso acabara en los tribunales tras una queja formal del PP de Basagoiti y Oyarzábal, la productora televisiva ha recibido un 'toque' para que baje el pistón y recupere el humor blanco sin saña y, sobre todo, sin poner a ningún representante democrático en el disparadero del odio.

Eztabaida kezkagarria

Markos Zapiain 2010/06/12 10:20

Jon Abaitua ikasle ohiak jakinarazi dit nire oraingo ikasleen artean eztabaida bat dabilela: ea tentela naizen barrutik eta neurez ala nahita egiten ote dudan tentelarena. Azken hau nire aldekoek omen diote: “Babalore itxurak egiten dabil gu engainatzearren, baina berez ez da hain babalorea”.

Ez aurkakoek ez aldekoek ez dute zalantzan jartzen ergela ematen dudala; baina, egia aitortzeko, ni ez naiz bereziki saiatzen ergel itxura erakusten.

Jon Abaituarekin mintzatu arte ohartu ere ez naiz egin hainbeste jende sentibera eta adimentsurentzat ebidentzia hutsa dirudien horretaz. Ez ohartze hori, jakina, nire izaera sinple eta inozoaren beste froga bat litzateke.

Kontsola ninteke gogoetatuz badela jendea ez dena bizirik sentitzen hurkoa umiliatuz eta albiste txarrak zabalduz baizik, eta, plazer mota hori xede, errukirik gabe hanpatzen dutela edozer, are gezurra asmatzen. Jon Abaitua ez da horrelakoa ordea.

Bestalde, eskuzabal karitatetsuren batek pentsa lezake hau guztia neronek azaltzeak frogatuko lukeela hain tontoa ere ez naizela, neure egin baitut hein batean, edo jendaurrean aitortzera ausartzeak neure buruarengan dukedan ziurtasuna erakutsiko lukeela, baina, guztia esateko, Jon Abaituak behartu nau ideia hauek interneten adieraztera, eta trukean bi elastiko emango dizkit, Mondragon Unibertsitatean sortuak, “I don’t like to drink alone” dakartenak idatzita.

 

Giza kaka kontuak

Markos Zapiain 2010/05/28 08:40

Sir Robert Burtonen “Malenkoniaren Anatomia” liburuak apaiz predikatzaile ospetsu baten kasua dakar. Alkmaar-en bizi zen, Herbeheretan, eta mendi buelta egiten ari zela sabelminak jo, eliztar batzuek kaka egiten ikusi, eta lotsaren lotsaz apaizak meza emateari utzi eta azkenik etxetik ateratzeari ere utzi omen zion.

Zorionez zein zoritxarrez, gainditzen ari gara kakaren aurreko lotsa hura. Gure ikasleen gai gogokoenetakoa da. Tabernetan beren azken mokordoak zein pintxoren antza duen zehazten dizute (ia beti bakailao iluna tipulaz estalia, ez dute bat ere osasuntsu jaten).

Zurrumurruek ez dute gizakia Berpizkundeko humanistek bezala ikusten, hots, kreazioaren gailurra, munduko ginga, ez; hurbilago dute Luther, zeinarentzat gizakia Jainkoaren ipurtzulotik eroritako gorotza baita. Hain zuzen, kaka egiten ari zela jo zuen Luther bere inspirazio gorenak, fedearen bidezko salbazioaren argitasunak.

Norman O. Brownek dioenez, aurrerapauso hauxe egin zuen Lutherrek: mendebaldeko gizakiaren salbabide tradizionalari mozorroa erantzi zion, hots, sublimazioa arbuiatu zuen. Lutherrek hainbeste azpimarratzeak jatorrizko bekatua, zera adierazi nahi omen du: berdin dio uzkitasuna zenbat sublimatzen den; azken batean, gizakia beti izango baita kakatsu. Lutherrek tenteltzat jo zuen mundualdi honetan gorputza gainditu nahia.

Esan bezala, bestalde, Lutherren argitzapena komunean jazo zen. Lutherren Deabrua, gainera, uzkitasuna duzu oroz lehen. Arrazoibidea biribiltzeko, Max Weber oso ondo ezagutzen duen Norman O. Brownen ustetan, Lutherren teologian kapitalismoa Deabruaren mamitzea da.

Tirrit-hari honi tiraka, ekar dezagun hona hiri-kondaira nabarmen bat: senar-emazteak dauzkagu, arruntak. Emaztea garbizale amorratua, etxea goitik behera eta sakonki garbitzen du etengabe, nonahi sumatzen baitu mikrobioen arriskua. Presio handia egin zion senarrari tabakoa utz zezan, etxea zikintzeaz gain bihotzekoak jo baitzion. Eta senarrak utzia du ofizialki. Noizbehinka hala ere komunean kisketaz itxi, leihoa zabaldu eta kirol egunkaria irakurri bitartean zigarroa pipatzen du, gozamen handiz.

Emazteak gaur bereziki ongi garbitu du dena, eta errematerako garbikari txorrotada oparo bat isuri du komun zuloan, erdi amoniako erdi alkohol erretzaile, osagai kimiko kiskalgarri bat duena, edozein bakteria behin betiko akabatzeko modukoa.

Bukatu du senarrak kirol egunkariaren irakurtzea, bota du zigarrokina izter artetik eta… komuneko urak su hartu du. Senarrari infernua igo zaio komun zuri ikaragarri garbiaren azpitik. Sugarrak beheko ileak kiskali dizkio, ipurdia, barrabilak, inguru delikatu hori guztia erre dio. Auzo osoan entzun dituzte izuzko garrasiak.

Emazteak zezenaren indarraz komuneko atea bota eta ez du tutik ere ulertzen: senarra lurrean oihuka, toaila busti bat izter artean, dardaraka eta bihurrikatuz.

Ez al zuen senar biziotsuak horrelako zigorra merezi? Infernuko sua, bekatari askok ez dute beste hizkuntzarik ulertzen...

---

Orain datorren pasadizo hau egia balitz bezala kontatzen da oraingoz, baina hiri-kondairaren ezaugarri guztiak dauzka: badira Interneten bikotekidea bilatzeko webgune arras arrakastatsuak, Meetic eta beste batzuk. Gizon heldu seduzitzaile batek Meeticen bidez hainbat emakumerekin ligatu du. Bilbon eta inguruan ibiltzen da. Oso erakargarria da, garaia, dotorea. Lehenbiziko elkarketak hoteletan egiten ditu. Ondoren, gizonaren beraren etxean. Azkenik, emakumearen etxean.

Orduan, sexu-jolas gisa, ohe gainean datzan andrea lotu egiten du, eskumuturrak eta batzuetan orkatilak ere bai. Behin andrea lotuta, kaka egiten dio gainean eta mokordoa bertan utzirik alde egiten du. Batzuetan andrea ez da bakarrik bizi, ezkondua izaten da eta ordu erdi barru itzuliko dira seme-alabak eskolatik...

---

Azken-aurreko, literatura: “Ipuin izugarriak” bilduman, Xabier Mendigurenek apailatua, azkeneko ipuina Harkaitz Canok idatzia da, eta film batetik jasoriko pasadizoa kontatzen du. Neska gazte bat kanpadenda edo oihal-etxolarekin dabil alderrai, gaur hemen bihar auskalo non lo egiten. Arratsalde batez lorategi batean jartzen du. Lorategiaren jabeak, emakume heldu batek, etxean sartzera gonbidatzen du, dutxa bat hartzera eta abar, eta neskak onartu. Aurretik ordea kaka egingo du eta emakume helduaren hortzetako eskuila hartu eta buelta batzuk emango dizkio zorongoaren barruan, koilaratxoa kafesnean bezala azukrea zabaltzeko. Ondoren, eskuila bere tokian utziko du, dutxa hartu eta alde.

Canoren Ipuina gonbidapen bat da, oroimena abian jartzera, azken aldian zein lagun igaro den zure etxetik, eta usain edo zapore arrarorik sumatu ote duzun etxeko tresnaren batean...

---

Eta bukatzeko benetako gertaera bat, egia osoa, lekuko zuzena ez baina oso hurbila izan bainintzen: irundar bat Aiako Harrian, oilategi baten ondoan tripako minak jo, oilategian egin eta ipurdia garbitzeko oilo bat erabili zuen, bizia, kokoriko-garrasi larriak egin arren ezin izan zuena patu petrala saihestu. Ez dut uste bat etorriko litzatekeenik Zaratustraren esakune ospetsuarekin: "Oi ene senideok, jakituria handia dago munduan kaka asko egotean!"

Freud eta Onfray masturbazioaz 2

Markos Zapiain 2010/05/27 18:54

Masturbazioaren inguruan Onfray ez dator bat Freudekin.

Onfrayren liburuak Freuden obra ondo samar ezagutzen duena ere pasadizo eta datu berriz aberasten du. Esaterako, Freudek 11 saio eskaini zizkion masturbazioari Vienako Psikoanalisi Elkarteko asteazkenetako bilera ospetsuetan, 1910eko maiatzaren 25etik 1912ko apirilaren 24a arte. Onfrayrentzat ez bezala, Freudentzat, masturbazioa, alde onak baditu ere, kaltegarria da funtsean. Freudek argitaratutako liburuetan masturbazioaren inguruan esanikoak ezagunagoak direnez, hamaika saio horietara mugatuko gara oraingoan.

Laudagarritzat jo litezkeen jarreren artean, maiz masturbatzeak zintzotasunera bidera lezake Freuden ustez, perfekzio moral berezi batera; baita datak ezartzeko pasiora ere, eta zientzia puruetan bilatzera ogibidea; halaber garbizale izatera hizkuntza kontuetan, Sabino Arana eta hainbat apaiz legez; eta zinismoa gorrotatzera, Sabino Arana, apaizak eta ia jende orok bezalaxe, nahiz eta hitzez sutsuago eginez baino. 

Beste ondorio batzuk ez dira hain onak: onanistari naturaltasuna falta zaio, beldur da ez ote duen jende guztia begira; larregizko mesfidantza erakusten du, bakardaderako joera, izua die batzarrei; nerabezaroan egiaren aldeko irrika gaixotia erakusten du, adiskidetasun ideala bilatzen du, bere burua zerbaiten alde sakrifikatzeko mania izaten du; aldiz berekoi izaten da, aldiz hiperraltruista; eta familia baten sortzea gainpreziatu egiten du, gehiegi balioetsi.

Edonola ere, Freudentzat masturbatzearen ondorio gehienak biziki kaltegarriak dira: masturbatzea homosexualtasunari, perbertsioari eta intzestuari lotzen dio, hots, osotoro garatu gabeko sexualitateari. Amarekin sexuz elkartzeko fantasiari omen dagokio masturbazioa, edo bestela sexu berekoarekiko txortaldiari; haatik, Freudek heterosexualtasun genitala du sexu joera normal bakartzat, eta horrekin bat ez datorren guztia perbertsiotzat: perbertsioa litzateke horrenbestez fusila garbitzea eta neurastenia eragingo luke. Onanista sexu ezintasunaren beldur izaten da; eta neska masturbalarien artean birjintasuna galdu izanaren ustea eta irudipena nagusitzen da, eta umeak ezin ekartzearena.     

Onfrayk ez dio Freudi buruzko bere liburua Diogenes zinikoari alferrik eskaini: Diogenesen eta Lukrezioren ikuspuntua bere eginez ihardetsiko dio Freudi. Ideia zehatz hauei erantzungo die: Freudentzat masturbazioa gizartearen aurkakoa eta sinplista da, errealitatetik urrutiratzen gaitu, hedonista da eta erregresiboa, eta naturaren aurkakoa. Onfrayren galdera: zergatik beharko luke sexu plazerak gizartekoi, konplikatu, erreal, goibel, heldu eta natural?

Ñabartu dezagun.

Freudek dio gizabanakoak masturbatzean gizartearen aurka jotzen duela, erakusten baitu ez duela gizartearen beharrik. Onfrayk zehazten du ez dela gizartearen aurka masturbatzen, baizik gizarterik gabe, eta ez da gauza bera.

Freudentzat, masturbatzea ekintza sinpleegia da, errazegia; atsegina izateko eta seduzitzeko ahaleginik ez egiteko ohitura hartzen baituzu. Eta Onfrayk galdetzen du ea zergatik arraio nahiago beharko genituzkeen konplikazioak. Ea nondik nora zenbat aiseago, hainbat gaitzesgarriago.

Freudek dioenez, onanistak errealitatea bigarren mailara jaitsarazten du eta irudimena eta mamua askiesten ditu. Onfrayk jakin nahi du ea zerk frogatzen duen sarketa heterosexual klasikoan irudimen eta mamu gutxiago dabilela, eta, hala balitz ere, ea zergatik beharko genukeen nahiago errealitate deprimigarria irudipen gozagarria baino.

Freuden ustez, masturbazioa ekintza hedonista da, eta, masturbaziora ohituz gero, onartzen zailak gertatzen dira gizarteak bikote bizitzari ezartzen dizkion arauak eta mugak. Onfray: hedonismo zibilizatu kaltegabeak ez du inongo debekurik behar.

Jarduera erregresiboa da Freuden iritziz masturbazioa, haurtzaroko sexu arora itzularazten gaitu, neurosien oinarrian dagoen oinaze psikikora hurbiltzen gaitu. Neskengan zehazki, Freudek uste du txikitan denek bizi izan dutela aitak seduzitzen zituelako fantasia. Eta neskak txipiroia garbitzean fantasia hura berpiztuko luke: erregresio arriskutsua. Onfrayrentzat, berriz, erregresio bat baino gehiago ordezko sexu ariketa bat da, merke bezain atsegina. Edozein gisaz, zergatik eragotzi gozamen mota hori, erregresiboa izan arren? Auskalo, onanistak plazer erregresiboa bila lezake ezin duelako erdietsi erregresiboa ez litzatekeen plazerik. Zergatik emendatu frustrazioa, gozamen samur horri ere uko egitera behartuz? 

Freuden esanetan, azkenik, naturaren aurkako ekintza bat da masturbazioa, emakumeengan adibidez izaera maskulinoa baitu. Onfrayk harrituta: nolatan ukatzen dio Freudek emakumeari ezein jarduera ustez maskulino, edo alderantziz, guztion sexu anbibalentzia eta oinarri bisexuala behin eta berriz azpimarratu baitu?

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.