Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Zunda-liburua: geruza paganoa, geruza judua, geruza kristaua

Markos Zapiain 2011/01/13 15:40

 

Begien bistakoa omen da Apokalipsiaren oinarri judua: ez bakarrik patu geroratua, baizik sari-zigor bekatu-barkamen sistema osoa, etsaiari sufrimendu luzea pairaraztea ez soilik haragian, baizik espirituan; labur, moralaren sorrera; orobat, alegoria, aldi berean moralaren adierazpen, eta, moralizatze unibertsala xede, bitarteko... Baina interesgarriagoa dateke nabarmentzea Apokalipsiko oinarri pagano desbideratu baten presentzia. Apokalipsia askotariko osagaiz atondu izana, ez da inolaz ere ezustekoa; harrigarriagoa litzateke, garai hartan, horrela osatu gabeko liburu bat. Lawrencek, edozein gisaz, askotariko osagaiak barnebiltzen dituen liburu mota bi bereizten ditu: batetik, liburu asko berreskuratzen eta barnebiltzen dituen liburua, hainbat autorerenak, hainbat jatorri eta tradiziokoak, baina luzean; eta, bestetik, sakonunetik zintzilik, hainbat geruzaren gainean dagoen liburua, haiek zeharkatzen dituena, behar izanez gero baita nahasi ere, aspaldiko substratu bat geruza berrienean agerraraziz, zunda-liburua. Geruza pagano bat, beste bat judua, beste bat kristaua: horrek markatzen ditu Apokalipsiaren zati handiak, nahiz geruza paganoren bat geruza kristauaren faila batean labaintzen den, hutsune kristau bat betez (Lawrencek Apokalipsiaren 12. Kapituluko adibide ospetsua aztertzen du, non sortze jainkotiarraren mito paganoak –Ama astrala, herensuge gorri handia–, Kristoren jaiotzaren hutsunea betetzen baitu). Ez da sarritan gertatzen, paganismoaren horrelako berpizte bat Biblian. Irudika liteke profetak, ebanjelariak, San Paulo bera, adituak zirela astroen, izarren eta kultu paganoen gainekoetan; baina ahalik eta gehien ezabatzearen alde egin zuten, geruza hori betetzearen alde. Kasu bakar batean behar dute juduek paganismora ezinbestean itzuli: kontua ikustea delarik, ikusi beharra dutelarik, Ikuskizunak nolabaiteko autonomia berreskuratzen duelarik hitzaren aurrean. Lawrence: “Daviden garaiaren osteko juduek ez zuten begirik, hainbeste behatzen zioten beren Jahveri itsutzen baitziren, eta gero munduari bizilagunen begiez behatzen zioten; profetek ikuskizunak behar zituztelarik, kaldear edo asiriar ziren ezinbestean. Beste jainko batzuk hartzen zituzten maileguz, beren Jainko ikusezina ikustearren.” Mintzo berriaren gizonak antzinako begi paganoaren beharrean dira. Hori egia da profetenean erne diren osagai apokaliptikoei dagokienez. Ezekielek Anaximandroren gurpil zulatuen beharra du (“Bihotz-altxagarria da zinez Anaximandroren gurpilak Ezekielenean aurkitzea...”). Baina Apokalipsiaren autorea da, Ikuskizunen liburuarena, Patmoseko Joan, hondo paganoa berpizteko behar handiena duena, eta hori egiteko hobekien kokaturik dagoena. Joanek oso gutxi eta txarto ezagutzen zituen Jesus eta Ebanjelioak, “baina sinboloen balio paganoei dagokionez –balio juduak edo kristauak ez bezalakoak diren heinean–, aditu bat zen, itxuraz”.

Mintzo profetikoaren ordez ikuskizun apokaliptikoa

Markos Zapiain 2011/01/12 10:56

 

Deleuzek Itun zaharreko mintzo profetikoa eta kristauen talde-arimaren ikuskizun apokaliptikoa kontrajartzen ditu, proiektu profetikoa eta programa apokaliptikoa. Zeren profetak itxaron, badu itxaroten, herraz mukuru beterik gainera, baina ez dio horregatik denboran eta bizitzan jarraitzeari uzten, eta etorrera baten zain dago. Eta etorrera ezustekoa eta berria bailitzan itxaroten du, bere presentzia edo ernatzea Jainkoaren proiektuan soilik ezagutzen baitu; kristautasunak, aldiz, ez dezake itzulera baizik itxaron, azken xehetasuneraino programaturiko itzulera. Izan ere, baldin Kristo hil bada, grabitate-zentroa lekualdatu egin da, honezkero ez dago bizitzan, baizik bizitzaren atzealdera igaro da, bizi-oste batera. Kristautasunak patu geroratuaren zentzua aldatu egiten du, ez baita soilik geroratua, baizik ostekotua ere, heriotzaren ostean kokatua: Kristoren heriotzaren ostean edo norberaren heriotzaren ostean. Nietzsche: “San Paulo mugatu zen bizitza ororen grabitatea bizitza horren ostera aldatzera, berpizturiko Kristorengana. Sakonean, berreroslearen bizitza ez zitzaion inolaz ere erabilgarri, heriotza behar zuen gurutzean eta beste gauzatxoren bat...” Orduan, epe ikaragarri, ezin luzeagoa bete beharrean aurkitzen gara, Heriotzaren eta Amaiaren artean, Heriotzaren eta Betieraren artean. Ezin da bete ikuskizunez baino: “begiratu nuen, eta hara...”, “orduan ikusi nuen...” Ikuskizun apokaliptikoak mintzo profetikoa ordezten du, programazioak proiektua eta ekintza, fantasia-antzerki batek ordezten ditu nola profeten akzioa hala Kristoren pasioa. Ameskeriak eta mamuak, mendeku-senaren adierazpen dira, ahulen mendekuaren iskilu. Apokalipsiak profetismoa eten egiten du, egia da, baina batik bat Kristoren immanentzia dotorea hausten du: Kristok betiera lehenbizi bizitzan sentitzen baitzuen, bizitzan senti baitaiteke soilik, honaindiko gorputzean baino ezin baitzara zeruan sentitu.

Amaitzeko irrika eta itxaronaldi programatua

Markos Zapiain 2011/01/12 10:45

 

 

Apokalipsiaren prozedurak liluratu egiten ditu Lawrence zein Deleuze. Juduek, denboraren ordenaz denaz bezainbatean, munta handiko zerbait zuten asmatua: patu geroratua. Izan ere, inperio-anbizioari zegokionez herri aukeratua porrot egina zen: itxaroten hasi zen, itxaroten jarraitu zuen eta patu geroratuaren herria bilakatu zen. Egoera honek funtsezko dirau profetismo judu osoan barrena, eta profeten artean jadanik zenbait osagai apokaliptikoren agerpena azaltzen du. Baina berria da Apokalipsiak nola bilakatzen duen itxarotea aurrekorik gabeko programazio maniatiko. Zalantzarik gabe, Apokalipsia aurreneko liburu-programa handia da, ikusgarria zinez. Heriotza txikia eta handia, zazpi zigiluak, zazpi turutak, zazpi kopak, lehenbiziko berpiztea, milurtekoa, bigarren berpiztea, azken epaiketa, aski eta sobera dira igurikitze guztiak lanpeturik izateko eta asetzeko. Folies-Bergère antzeko bat, zeruko hiriaz eta infernuko sufrezko aintziraz hornitua. Aintziran, etsaientzat gorderiko zoritxar, izurri eta jipoien xehetasun guztiak; eta hirian, aukeratuen loria eta aukeratuen beharra loria hori besteen zoritxarrekin alderatuz neurtzeko: horrek guztiak ahulen mendeku luzeari erritmoa ezarriko dio. Mendeku-goseak programa sartzen du itxarotean. Itxaropentsuak lanpeturik atxiki beharra dago. Itxaroteak, hasieratik amaiera arte, antolaturik behar du. Arima martirizatuek, konparazione, itxaron behar dute martiri-kopuru jakin bat osa dadin, ikuskizuna hasi aitzin. Eta ordu erdiko itxaronaldi txikia zazpigarren zigiluaren irekitzean, itxaronaldi handia milurtekoan... Oroz lehen, behar-beharrezkoa da Amaia programatua izan dadin. Lawrence: “Hain beharrezkoa zuten amaiera ezagutzea nola hasiera, gizakiek ordu arte inoiz ez zuten sorkuntzaren amaiera ezagutu nahi izan... Gorroto goria, eta munduaren amaiaren desira zitala...”

Kristori injekzioak behin eta berriz ipini, berpiz dadin

Markos Zapiain 2010/12/31 12:21

 

Talde-arimaren ekimen berri honetarako apaiz-enda berri bat asmatu beharko da, apaiz judua ez bezalakoa. Honek ez baitzuen ez unibertsaltasunik ez azkenkirik, tokikoegia zen, eta zerbaiten zain zegoen oraindik. Apaiz kristauak hartu beharko du apaiz juduaren ordea, bi-biak itzuliko dira Kristoren aurka. Kristo protesirik okerrenaren mendean jarriko dute: talde-arimaren heroi bilakatuko dute, talde-arimari berak inoiz eman nahi izan ez ziona bihurtzera behartuko dute. Edo, hobeki esan, Kristok beti gorrotatu izan zuena, kristautasunak emango dio: talde-ni bat, talde-arima bat. Patmoseko Joanek bere ahalegin osoa jartzen du bihurrikatze honetan: “Aginte-tituluak beti, inoiz ez maitasun-tituluak. Kristo beti da konkistatzaile, ahalguztidun, suntsitzaile ezpata distiratsudun, gizaki-suntsitzaile, heriotza-zaldien pikabuztanetara heldu arte. Inoiz ez Kristo salbatzailea, inoiz ez. Apokalipsiko gizakiaren semea lurrera aginte berri eta izugarri bat ekartzera jaitsi da, Ponpeio, Alexandro edo Zirorena baino handiagoa. Atzera eginarazi eta edozein asmo erauzten duen aginte izugarria... Zur eta lur uzten duena...” Hori lortzearren, Kristo berpiztera behartuko dute, behin eta berriro jarriko dizkiote injekzioak. Kristo, ez zuena epaitzen, ez zuena epaitu nahi, Epaitze-sistemaren funtsezko osagai bihurtuko dute. Ahulen mendekuan edo aginte berrian puntu zehatzetan kokatzen baita epaimena, gaitasun espantagarria, eta arimaren ahalmen nagusi bilakatzen da. (Filosofia kristau baten arazo txikiaz: bai, bada filosofia kristau bat, baina ez du sineste-moldeak erabakitzen, baizik epaimena ahalmen autonomotzat hartzeak, kari honetara Jainkoaren sistemaren bermearen beharrean baita.) Irabazi egin du Apokalipsiak, inoiz ez dugu epaitze-sistematik irtetea lortu. “Eta tronu batzuk ikusi nituen, eta bertan jesarri zirenei epaitzeko ahalmena eman zitzaien.”

Aita, semea eta espiritu santua: mendekua, kontrola eta epaiketa

Markos Zapiain 2010/12/31 11:22

 

Talde-arimak agintea nahi du. Lawrencek ez ditu kontu errazak esaten, oker geundeke guztia ulertua dugula usteko bagenu. Talde-arimak ez du xalo-xalo agintea bereganatu nahi, edo despota ordeztu. Alde batetik, agintea suntsitu nahi du, agintea eta indarra gorroto baititu, arima osoz gorroto du Patmoseko Joanek Zesar, erromatar inperioa. Beste batetik, agintearen ate guztiak zeharkatu nahi ditu, unibertso osoan sakabanaturiko aginte-gune orotan sartu: hots, aginte kosmopolita bat gura du, baina ez, inperioarena bezala, egunaren argitan, baizik kantoi eta zokoetan, izkina ilunetan, talde-arimaren zirrikitu guztietan. Nietzschek zioenez, “kristautasunean Jainkoa toki guztietan sentitu zen bere etxean, kosmopolita handia... baina judu izaten jarraitu zuen, zirrikitu, kantoi eta izkina ilun guztien jainkoa izaten... Geroztik, lehen bezala, mundu honetako bere erresuma azpimunduaren erresuma da, lur azpiko txiro-etxe...” Azkenik, eta batez ere, beste jainkoei deituko ez dien azken aginte bat nahi du, ezin gorago jotzeko moduko Jainko batena, gainerako aginte guztiak epaituko dituena. Kristautasuna ez da erromatar inperioarekin hitzarmen batera iristen, inperioa eraldatu egiten du. Apokalipsiarekin, kristautasunak agintearen irudi guztiz berri bat asmatuko du: epaitzeko sistema. Gustave Courbet margolariak (Courbeten eta Lawrenceren arteko antzekotasun ugari dago) gau bete-betean “epaitu nahi dut, epaitu beharra daukat!” garrasika esnatzen zirenak aipatu zituen. Suntsitu nahia, zirrikitu orotan sartu nahia, sekula betikoz azken hitza bota nahia: nahi hirukoitza, ez baita bakar bat baizik, Aita, Semea eta Espiritu Santua. Inperiotik kristautasunera, agintea aldatu egiten da, bereziki izaeraz, adierazpenez, banaketaz, intentsitatez, bitartekoz eta helburuz. Kontrabotere bat bilakatzen da, aldi berean kantoi ilunetarainoko aginte eta azken gizakien aginte. Agintea mendekuaren politika luzatu gisa existitzen da soilik, talde-arimaren nartzisismoaren ekimen luzatu legez. Ahulen mendeku eta autoloriatzea, dio Lawrence-Nietzschek: anbulo zuri grekoa bera ere, nartziso kristau bihurtuko da, euskaraz anbulo gaizto. Eta zelako xehetasunak, mendekuen eta lorien zerrendan... Ahulei ezin zaie leporatu, horixe ezetz, aski gogorrak ez izatea, beren loriaz eta beren nagusitasunaz aski ziur ez izatea; horixe da ezin lepora dakiekeen bakarra.

Hedabideak, bildots adardunen esku (Apokalipsia 5)

Markos Zapiain 2010/12/30 09:17

 

Apokalipsiak “txiroen” edo “ahulen” errebindikazioa azaltzen du. Ahulok ez dira, pentsatzen ohi den bezala, umilak edo zoritxarrekoak; izugarriak baino okerragoak dira, talde-arima baino ez duten gizaki horiek. Lawrenceren orrialderik ederrenetarikoa da Bildotsarena: Patmoseko Joanek Judeako lehoia zuen iragarria, baina bildotsa da heldu dena, bildots adarduna, lehoiak bezala orro dagiena, harrigarriro maltzurra, hainbat krudel eta ikaragarriagoa nola sakrifikaturiko biktima gisa aurkezten baitu bere burua, ezen ez sakrifikatzaile edo borrero gisa. Nolanahi ere, gainerako borreroak baino okerragoa. “Joanek behin eta berriro kontatzen du badela bildots bat beti immolatuarena egiten, baina ez da inoiz immolaturik ageri, aitzitik gizakiak pilaka immolatzen ditu; elastiko garaile odoltsu batez jantzirik ageri da azkenik, baina odola ez da berea...” Kristautasuna izango da benetan Antikristoa; ipurdian sortzen ditu haurrak, Jesusi indarrez ezartzen dio talde-arima bat, eta ordainez talde-arimari banako arima bat ematen dio, axalekoa, bildots txikia. Kristautasunak, oroz lehen Patmoseko Joanek, gizaki mota berri bat fundatu du, baita oraindik ere badirauen pentsalari mota bat, erresuma berri bat ezagutzen duena: bildots haragijalea, haginka dagien bildotsa, garrasi egiten duena “lagundu, zer egin dizuet, zuen onerako baitzen, geure kausaren alde!”. Zeinen figura bitxia, pentsalari modernoarena: lehoi-larrua duten bildots horiek, hagin luzeegiak nabari, jadanik ez dutenak apaiz-mozorroaren beharrik ere, edo, Lawrencek zioen bezala, Salbazio Armadarena: aunitz hedabide baitituzte berenganatuak, herri-indar ugari.

Buruzagi beharra (Deleuze eta Apokalipsia 4)

Markos Zapiain 2010/12/30 09:10


Kristoren ekimena indibiduala da. Banakoa ez zaio taldeari, bere horretan, kontrajartzen; banakoa eta taldea, gure arimaren zati diferenteak diren heinean kontrajartzen dira. Baina Kristo ia ez zaio gure baitan datzan taldeari zuzentzen, ez dio ia jaramonik egiten. Bere arazoa gehiago zen Itun Zaharreko apaizen sistema kolektiboa desegitea, juduen apaizgoaren agintea, baina soilik alferreko lasto horretatik banakoaren arima askatzearren. Zesarrari, berriz, dagokiona utziko lioke. Zentzu honetan, Kristo aristokratikoa da. Uste baitzuen banakoaren arimaren kultura bat aski zatekeela talde-ariman gorderiko munstroak aldentzeko. Hutsegite politikoa: utzi zuen talde-arimarekin konpon gintezen, Zesarrarekin, gugandik kanpo bezalaxe gure baitan ere. Horri buruz, inoiz ez zion apostoluak eta dizipuluak desliluratzeari utzi. Pentsa liteke, are gehiago, berariaz egin zuela. Ez zuen maisurik nahi, ez zien dizipuluei lagundu nahi (soilik maitatu, zioen, baina zer ote zuen horrekin ezkutatzen?). Inoiz ez zen beraiekin benetan nahasi, ez zuten elkarrekin lan egin, ez ziren elkarrekin deusetan aritu. Kristo beti egon zen bakarrik. Jakingura bizia eragin zien dizipuluei; baina, beren baitako eremu batean, bertan behera utzi zituen. Uko egin zion haien buruzagi fisiko indartsu izateari: Juda bezalako gizonek behar-beharrezko dute jaunen bat etengabe gurtzea, nagusia ohoratzea. Baina Kristoren ukoak traizionaturik sentiarazi zuen; ordainez berak ere traizionatu egin zuen hura. Garesti ordainarazi zioten apostoluek eta dizipuluek Kristori: ukoa, traizioa, faltsutzea, Berriaren iruzur lotsagabea. Lawrencek dio kristautasunaren pertsonaiarik garrantzitsuena Juda dela. “Ez zarete ohartzen egiatan Juda gurtzen duzuela? Juda da egiazko heroia, Juda gabe porrota litzateke ebanjelioko drama... Jendeak Kristo dioenean, Juda esan nahi du. Zapore gustagarria aurkitzen dio; izan ere, Jesus bere ahaidea da...” Eta gero Patmoseko Joan, eta ondoren San Paulo. Kristok mespretxaturiko arimaren zatiaren protesta adierazten dute, talde-arimarena.

Nietzsche eta Lawrence, San Paulo eta Patmoseko Joan

Markos Zapiain 2010/12/29 10:36

Lawrence oso hurbil dago Niezscherengandik. Suposa liteke Lawrencek ez zukeela bere testua Nietzscheren Antikristoa-rik gabe idatziko. Nietzsche bera ez zen lehenbizikoa izan. Ezta Spinoza ere. “Igarle” aunitzek kontrajarri ditu batetik Kristo, maitasun-gizakia, eta bestetik kristautasuna, heriotza-ekimena. Ez dute Kristo gehiegizko atseginez hartzen, baina beharra sentitzen dute kristautasunarekin nahas ez dadin. Nietzscherenean, Kristoren eta San Pauloren arteko aurkakotasun handia dugu: Kristo, endekatuen artean leunena, maitaleena, apaizen nagusitasunetik askatuko gintuzkeen Buda antzeko bat, baita erru, zigor, ordain, epai, heriotza ideia orotatik ere, eta heriotzaren ostean letorkeen orotatik; berri onaren gizon hau San Paulo beltz eta ilunak ordeztu zuen, Kristo gurutzean atxikiz, Kristo etengabe gurutzera itzularaziz, berpiztaraziz, grabitate-zentro guztia bizitza eternalera aldatuz, lehengoak baino apaiz mota izugarriagoak asmatuz: “Apaiz-tiraniaren teknika da San Paulorena, samaldari dagokion teknika: hilezkortasunean sinetsaraztea, hots, epaitze-doktrina.”

 

Lawrencek berreskuratu egiten du aurkakotasuna, baina oraingoan Kristoren aurrez aurre Patmoseko Joan gorri eta odoltsua dugu, Apokalipsiaren egilea. “Heriozko” eta “hilgarri” deritzo Deleuzek Lawrenceren liburuari, bere agonia gorri hemotisikoan idatzi baitzuen: Lawrenceren azken mezu alaia da, azken berri ona. Ez da Nietzsche antzeratuko zukeen Lawrence bat, baizik, hobeki, Nietzscheren gezia jaso eta beste norabait jaurtikitzen duena, bestela tenkaturik, beste kometa batera, bestelako jendartera: “Naturak disparatu egiten dio filosofoa gizateriari, gezia bailitzan; ez du apuntatzen, baina espero du gezia nonbait zintzilik gera dadin.” Lawrence ostera entseatzen da Nietzschek egin nahi izan zuena egitera, San Paulo barik Patmoseko Joan jomugatzat hartuz. Kontu asko aldatzen dira, edo osatzen, saio batetik bestera, eta komun dutenari ere indarra eta berritasuna dario Lawrencerenean.

Zonbien liburua (Apokalipsia 2)

Markos Zapiain 2010/12/29 09:50

2012ra arte itxoin behar ote dugu Apokalipsia ezagutzeko? DH Lawrencek eta Gilles Deleuzek ez dute oso garbi.

DH Lawrencek hil baino lehentxeago Apokalipsia idatzi zuen, Bibliako Apokalipsiaren azterketa bikaina. Bertan erakusten du Itun Berriko azken liburua maitasunaren eta otzantasunaren aldeko Jesusen mezu aristokratikoaren kontrakoaren apologia dela, ahulek amesten duten indartsuen aurkako mendeku basatiarena. Halatan, Apokalipsia gehiago dagokio Itun Zaharraren jiteari. Sarkin hutsa da Itun Berrian, bertako espiritu hippya traizionatzen baitu; Itun Berriko liburuen arteko Juda Iskariote duzu.

Liburu postumoa da, Lawrence 1930ean hil ondoren argitaratu zen, 1931n. Tuberkulosiak jota hil zen, odol-karkaxak tu eginez. Kolore gorriari garrantzi berezia emango dio liburuan.

Gilles Deleuzek talentu aparta du irakurlea autore eta liburu ederretara bideratzeko. 1993an argitaratu zuen azken liburua, Kritika eta klinika. Hirurogeiko hamarraldian tuberkulosia pairatu zuen; ez zen inoiz erabat sendatuko. Gero birika bat kendu zioten. Fanny Deleuzek, emazteak, jarri zuen frantsesez Lawrenceren Apokalipsia, eta Gillesek hitzaurrea egin zion; 1978an argitaratu zuten. Hitzaurre hori da Kritika eta klinika-n “Nietzsche eta San Paulo, Lawrence eta Patmoseko Joan” izenburupean jasotako testuaren funtsa. Datozen egunetan Deleuzeren testuaren itzulpen-bertsio bat agertuko da hemen.

PATMOSEKO JOANEN AGINTE-ERLIJIOA

Joan bera ote da laugarren ebanjelioa idatzi zuena eta Apokalipsia idatzi zuena? Erudituen eztabaidan esku hartzen du Lawrencek: ez, ez da bera, ezin liteke bera izan... Lawrenceren argudioak hagitz dira sutsuak, bortitzak, baloratzeko metodo bat gordetzen baitute ezkutuan, tipologia bat: gizaki mota berak ezin izan ditu ebanjelioa eta apokalipsia idatzi. Ez dio batere axola testu bakoitza bere baitan oso konplexua izan dadin, edo osagai ugari barnebil ditzan, askotariko kontuak batu ditzan. Ez dira soilik gizabanako bi, autore bi, baizik gizaki mota bi, edo arimaren eremu bi, multzo bi, guztiz desberdinak. Ebanjelioa aristokratikoa da, indibiduala, leuna, maitasunezkoa, endekatua, aski jantzia. Apokalipsia berriz kolektiboa, popularra, ezikasia, herratsua eta basatia: ebanjelaria eta apokalipsilaria ezin dira idazle bera izan. Patmoseko Joanek ebanjelariaren mozorroa ez du ukitu ere egiten, ezta Kristorena ere; bestelako mozorro bat asmatzen du, Kristori bere mozorroa kentzen diona, edo Kristorenaren gainean janzten duena. Patmoseko Joanek izu eta heriotza kosmikoak jorratzen ditu; aldiz, ebanjelioak eta Kristok giza maitasuna lantzen dute, izpiritu-maitasuna. Kristok maitasun-erlijio bat asmatu zuen (praktika bat, bizimodu bat, ez sinesmen bat); Apokalipsiak, ostera, agintearen erlijioa dakar, sinesmen bat, epaitzeko era ikaragarri bat. Kristoren dohaina barik, zor amaigabea dakarkigu.

Lawrenceren testua Apokalipsiaren ostean irakurriz, kolpez ulertzen da Apokalipsiaren gaurkotasuna, eta Lawrencerena. Gaurkotasun hau ez dago Neron=Hitler=Antikristoa bezalako elkarrekikotasun historikoetan. Ezta munduaren amaieren eta milenaristen sentimendu gainhistorikoan ere, beren izu askotarikoekin: atomikoa, ekonomikoa, ekologikoa, zientzia fikziozkoa. Apokalipsi bete-betean gaude, itun berriko testu horrek epaile makabroaren bizimodua eta epaitzeko moduak ematen baitizkigu: biziraule dela uste duenaren liburua duzu, zonbien liburua.

Bugarachen elkartuko gara (Apokalipsia 1)

Markos Zapiain 2010/12/28 13:48
Argiturri apokaliptikoak Frantziako herri txiki baketsu bat inbaditzen ari dira. 2012ko abenduaren 21an etorriko omen da munduaren azkena eta soilik Bugarachen daudenek izango dute salbatzeko aukera.

 

Bugarach Frantziako hego-ekialdeko herrixka bat da, izen bereko mendi baten magalean dago, Pirinioetan. Okzitanieraz mintzo ziren, okzitanierari dagokio Bugarach izena bera. 200 biztanle inguru dauzka. Frantsesarenaren ondoren, bestelako inbasio bat pairatzen ari da aspaldion.

2012. urteak ekarriko du munduaren akabera eta inbasore horiek babesa bilatzen dute. Jean-Pierre Delord alkatea oso kezkatuta dago: "Interneten ikusten ari gara iluminatu mordo batek uste duela 2012ko abenduaren 21ean mundua amaituko dela, eta salbatu ahal izateko aukera Bugarachen egoteak eman dezakeela".

Jakina, Bugarachtarrak Nostradamusen eta maien profezietan sinesten duten argiturri horien beldur dira.

Internet mukuru beterik dago egutegi maiaren araberako denboraren akabantzaren inguruko iruzkinez eta teoriez, poloen alderantzikatzeaz, eguzki-sistemako planeten lerrokatzeaz, lurraren eta planeta misteriotsu baten arteko talkaz... NASAk berak ukatu behar izan ditu zurrumurruok berriki: espazio-agentziak hainbeste zabaldutako esamesak gezurtatzeko kanpaina bati ekin eta ziurtatu du mundua ez dela 2012ko abenduaren 21ean amaituko.

Kontua da inspiratuak gehiago berotzen dituela edozein profeta hermetikok mendebaldeko zientziak baino, eta berehala etorriko omen den apokalipsiari buruzko teoria batzuen arabera, Bugarachen gailurra duzu apokalipsitik salbatuko den mendi sakratuetako bat.

"Internetek edozein erokeria piztu dezake eta gu ez gara 200 bizilagun baizik; ezingo diogu eutsi", adierazi du alkateak, 67 urteko abeltzain ohiak, izuak joa ehunka edo milaka frikiren inbasioa aurreikusirik.

Alkateak kontatu duenez, herrian zurrumurru horiekin ohituta daude, pilo bat esoteriko etorri baitzaie dagoeneko. Udaletxeak Bugarach menditik kutunak, harri mistikoak eta beste hainbat bitxi kenarazi ditu.

Zenbait utopistak uste du mendia, Corbières mendiguneko gailurra, 1.231 metroko garaierakoa, OHE edo Objektu Hegalari Ezezagunentzako aparkaleku bat dela, eta mendi barruan estralurtarrentzako lokomozio-gailuak dauzkatela.

Beste zenbaiten iritziz eremu honetan Grial Santua edo tenplarioen altxorren bat gorde daiteke. Sigrid Benardek, herriko aterpe bateko arduradun duela 6 urtez geroztik, jakinarazi du aterpean lanean hasi zenean bezeroen % 72a mendizalea zela. Aldiz, azken aldian % 68a da bisitari esoteriko.

Utopistek hamarraldi honen hasieran ekin zioten oldarka etortzeari. Ikastaroak antolatzen dituzte eta etxeak erosten ari dira. Izugarri garestitu da etxeen salneurria. Nekazaritza-lurrak ere erosten dituzte gainera, eta ondorioz bertako gazteak ezin dira herrian bizitzera gelditu. Erbestean harrapatuko ditu apokalipsiak.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.