Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / DSK eta Abasolo

DSK eta Abasolo

Markos Zapiain 2012/05/07 12:48

Sarkozy politikari dotorea izan balitz asteazkeneko buruz burukoan ez zatekeen ahaleginduko Hollande DSKren bidez zikintzen. Ezin izan zuen eragotzi, noski. Baina bumeran efektua jasan behar izan zuen.

Zelan izan zenezaketen sozialistek DSK lehendakarigai aurkezteko asmoa? Hollanderen erantzuna: Nik ez, zuk jarri zenuen Nazioarteko Diru Funtsaren buruzagi. Sarkozy: Baina zuek Frantziako lehendakari nahi zenuten, gure aberri maitearena, halako gizon lizuna. Hollande: Baina garai hartan ez genekien deus. Sarkozy: Nola ezetz, Pilatos. Hollande, jenialki: Nik ez dut lagunen eta kolaboratzaileen bizitza pribatuaren berri. Zuk bai ala?

Eta Sarkozy atzez, kili-kolo, totelka. Ikusentzuleari sentiarazi zion zaletasun handiz jartzen dizkiela lagunei eta kolaboratzaileei kamera eta mikrofono ezkutuak.

Frantzian oraindik ere DSKren aferarekin dabiltza atzera eta aurrera, are lehendakarigaien arteko eztabaidak erabakitzeraino.

Eta gurean? Ez da antzekoa Paul Abasoloren eskandalua? Alegia, sexu jazarpen eta erasoengatik hainbat salaketa dauzkan morroi bati Zapaterok azkeneko ministro kontseiluan ematen dio indultua, azpikeriaz eta ilunkeriaz, agindu lotsagarriaren ondorioen erantzukizuna bere gain hartu behar ez izateko moduan, sasoi batean Espainian Partido Comunista aste santuetako oporretan legeztatzen zen bezala. Zapatero feministak, emakumearen duintasunaren aldeko borrokan engaiatua omen, sexu jazarle berrerorlea errugabetu egiten du, doi-doia espetxean sartu behar ez dadin. Nondik nora?

Hara susmoa: jakina da, jendaurrean aitortua, Urkullu eta Zapatero lagunak direla, ikuspuntu politikoen desberdintasuna gorabehera. Bestalde, Paul Abasolo durangaldeko familia jeltzale aberats bateko semea da, eta Urkulluk ezkontza loturak dauzka durangaldeko beste familia jeltzale aberats batekin. Kanpotik begiratuta, eta jeltzaleen aurkako ezer berezirik eduki gabe ere, ematen du Abasoloren familiak Urkulluri semea babesteko mesedea eskatu diola, eta hala berean Urkulluk Zapaterori. Jeltzaleen egunkariak, Deiak, garbi anparatu zuen futbol jokalaria “Paul Abasolo vuelve a sonreír” eta gisakoak idatziz, bai baitzirudien biktima gaizkilea zela.

Ordea, neskei behin eta berriz biolentzia baliaturik Gernikako kale kantoi ilunetan ukitu lizunak egin zizkiena jertsearen zein prakaren kanpoalde zein barrualdetik Abasolo izan zen. Epaitua dago, eta zigortua, eta susmagarriki indultatua.

Dirudienez, gurean ere indarrean dirau mende luzeetako joerak: jauntxo harrapariak herriko alabak bortxatzen ditu baina, errua frogatuta ere, eta ohitura feudalen arabera, ez du zigorrik pairatu beharko, sendiak edonor erosi eta isilarazteko adina diru baitu.

Ez genuke hau guztia ganoraz argitu beharko? Zergatik eman zion zehazki Zapaterok indultua, beste askori ukatzen zien bitartean, erru apalagoa izan arren?

Zergatik ez dute Bilduk eta PPk erabiltzen Sarkozyk DSKrena darabilen moduan? Dotoreagoak direlako? Hori ote da dotore izatea?

partikular
partikular dio:
2012/06/20 12:22
Kaixo, hau ez da erantzun bat Markos, galdera bat baino, filosofia irakaslea zaren aldetik egiten dizudana.

Zer da HAU?:
 
 “Nik esan nion: adiskide, berriro ahantzi zaizu legez ezin zaiola bestelako
biziera opa ezein hiritar motari, aitzitik, hiri osoan nahi du ongia hedatu, hiritarrak
batuz edo komentzituta edo behartuta, bakoitzak taldearentzat ekar lezakeen
laguntza elkarrekiko zabalduz eta horrelako gizonak hirian egin baditza ez da, noski,
bakoitzak gogo duenera jardutera itzul dadin, herriaren batasunerako eurok
zuzentzeko baizik ”.
Platon: Errepublica VII, 5
 
Hona hemen gaztelaniazko bertsioa:

“Te has vuelto a olvidar, querido amigo –dije- de que a la ley no le interesa
nada que haya en la ciudad una clase que goce de particular felicidad, sino que se
esfuerza por que ello le suceda a la ciudad entera, y por eso introduce la armonía
entre los ciudadanos por medio de la persuasión o la fuerza, hace que unos hagan a
otros partícipes de los beneficios con que cada cual pueda ser útil a la comunidad, y
ella misma forma en la ciudad hombres de esta clase, pero no para dejarles que
cada uno se vuelva hacia donde quiera, sino para usar ella misma de ellos con miras
a la unificación del Estado”.
Platón: República VII, 5
 
Erantzuna: selektibidadeko azterketa bat. 2011ko Uztailekoa.



Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/06/26 08:44
Euskal itzulpena askoz ere fidelagoa zaio jatorrizkoari; gaztelerazkoak interpretatu eta erraztu egiten du
partikular
partikular dio:
2012/06/27 12:08
Ba nik ez dut ulertzen gobernari-filosofo edo artisau irritsezkoak izateko bidean jarriko gaituen Errepublicako azterketa goren horretan agertutako testu hau.
Nor da subjektua? Nork nahi du ongia hedatu?
Zer da baditza? Aoristo-baldintza? Zuzentzaile automatikoak azpimarratu dit!
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/06/28 08:24
Arrazoia duzu, ez da garbi gelditzen subjektua legea dela. Horregatik jarri behar zaizkie ikasleei itzulpen esplikatiboak eta lehen irakurraldian ulertzeko modukoak, bai euskaraz eta bai gazteleraz. Bestela D eredukoak gaztelerazkora jotzera behartzen dituzu euskarazkoa behar bezala ulertzeko. Bide batez: ez da arazotsua halaber lehenbiziko galdera: "Laburtu ezazu pasartea, haren ideiak eta ideien arteko loturak errespetatuz"? Testua hiru lerrokoa bada eta ideiak eta ideien arteko loturak adierazi behar badituzu, normala azterketen % 75ean laburpena luzeagoa izatea laburtu beharreko testua baino. Protesta egin genuen baina jaramonik ez.
Urbinaga
Urbinaga dio:
2012/08/04 20:23
Jakin izan dudanez, Paul Abasolo fitxatu berria da Sestao Rive Taldean. Ostegunean ikusi nuen Nojan jokatzen ez nintzen gogoratzen baina gero batek komentatu zidan eta gogoratu nuen, eta badirudi Horren inguruan "mugida" dago Sestao River zaleen artean. Jarraituko dut aferra Sestaon.Opor onak izan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.