Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Martutene

Martutene

Markos Zapiain 2012/04/22 12:40

ZER EGIN OINARRI BIOGRAFIKOAREKIN?

Saizarbitoria olgetan dabil beti erakustearen eta lotsaren arteko joan-etorrian. Batzuetan adierazten du idazleek fikzioaren aitzakia erabiltzen dutela beraiei ez balegokie bezala eman ahal izateko aipatu eta erakutsi beharra duten jatorriko korapilo edo zauri lotsagarriaren berri, eta hitz horiek berez bultzatzen dute irakurlea idazlearen biografian kuxkuxeatzera. Baina aldi berean nabarmentzen du, adibidez, eredutzat eta farotzat duen Max Frisch-i buruz uste izan dela literatur disimulu handirik gabe erakutsi duela eleberrietan bere bizitza sentimental eta sexuala, eta hala ere oso fikziozkoa dela haren obra, oinarri biografikoa arrunt zeharka darabilela, aditzera emanez Saizarbitoriaren beraren obran ere asmatuak liratekeela biografikoenak diruditen pasarteak, maiz errepikatzen direnak, funtsezko zauriak dituztenak itxuraz aipagai.

Ikusmira modernoaren adierazpenik nazkanteenetakoa den arren boladan dabil narrazioetako protagonistengan idazleak bizi izan duena igartzeko grina, edo bere nortasunaren ezkutuki ikaragarriren bat, bihotzeko eta sexuko kontuak, oinazetsuak izatekotan are hobeki, ondoren zelofan psikoanalitikoz apaindurik saltzeko. Aski aberatsa da berez Martutene, aski lan barruan daukan jakinduria ateratzeko, autorearen zaurietan begi luzeak sartu behar izan gabe. Utzi bakean artista, sakondu bere lanaren fruitua.

ARAZOAK BERE BURUA ONARTZEKO ORDUAN

Alde ilunekin hastearren, identitatea dugu Martuteneko protagonisten arazoetako bat, norberaren eraikuntza. Saizarbitoriak ia guztia kuestionatu izan du beti, batez ere herentzian jaso duena: abertzaletasuna, besteak beste. Baina baita bere izaera pertsonala bera ere. Haren beste protagonista batzuen ildotik, Martinek eta Abaituak ere arazoak dituzte beren burua onartzeko orduan. Abaituari, esaterako, bere antzekoegia sumatzeak korapilatzen dizkio semearekiko harremanak.

Abaituarena da hain zuzen foku narratiboetako bat, bere begietatik ikusten ditugu hamabi kapitulu, bikoitiak, liburu erdia, eta agian horregatik ez da Martin idazlea bezain papaoa gertatzen, eskuzabalagoak izaten baikara gure buruarekin. Martinen emazte Julia itzultzailearena duzu hamabi kapitulu bakoitietako foku narratiboa, eta behinola Martin maite izan bazuen ere, orain ez du errukirik. Iradokiko digu idaztearekin hain obsesionaturik bizitzeak ergeltzen duela Martin: bere ipuintxoei, nobelatxoei eta burutazio ustez harrigarriei emateak denbora eta arreta, inguratzen duten lagunei ezikusia egiten dien bitartean. Zalantzazkoa da neurosia sendatzeko idazten ote duen Martinek ala idazteak berak bihurtzen ote duen neurotiko. Saizarbitoriaren aurreko obra batzuetatik erator zitekeen agindu kategorikoetako bat “ez ezazu emaztea hil” baldin bazen, Martutenek erakusten du kontuz ibili behar dela idaztearekin. Martinek idazteko gogoa kentzen dizu, kosta ahala kosta behar da saihestu Martinen antzeko bilakatzeko arriskua.

Egia da, aldi berean, idazteak berrerosiko duela Martin, testu jakin batzuek ekarriko diotela maitasuna. Besteak beste, Faustino Iturbek Flora Ugalderi idatziriko gutunak, alegia (eta hein batean baino ez), Martinek Juliari. Martin sinetsita dago soilik idatzitakoaren bidez bilaka daitekeela besteentzat maitagarri. Abaituak berriz sentitzen du ez dela maitatzeko gai. Baina ez idazteak salbatzen du ziurrenik Martin bezain pepelerdoa izatetik.

JELOSIA RETROSPEKTIBOA

Beste alde ilun bat, oraingoan ez identitatea baizik eta maitasuna: Martuteneren muina giza harremanak dira, giza harremanena maitasuna, eta maitasunarena jelosia. Jelosiazko mamuak leku estrategikoetan kokatu izanak (lehen parte osoaren hasieran eta amaieran adibidez, edo zenbait kapituluren amaieran, klimax gisa) erakusten du Saizarbitoriarentzat maitasunaren muina jelosia dela eta jelosiak egituratzen duela gizonen nortasun afektiboa. Martutenen inoizko sakonkien aztertu eta adierazi du jelosia molde desberdinen nondik norakoa. Desberdin jelosten zaizkio protagonista maskulino eta femeninoak. Eta gizon eta emakume bakoitza ere, desberdin.

Gizonek, Martinek eta Abaituak, emazteak maite dituzte, baina jelosiak eragozten die bihotzez eta gardenki maitatzea, atzera begirako jelosiak zehazki. Pilar zein Julia abandonatuak sentitu ziren garai batean, eta amorante gazte banarekin joan zitzaizkien, Adolfo sasipoeta eta Adolfo neurokirurgialaria. Martinen eta Juliaren arteko harremana hautsia zegoelarik infideltasunak zuen berpiztu. Zentzu horretan, Saizarbitoriaren gizon protagonisten jelosia nagusia, Martinena zein Bihotz bi-ko entziklopedistarena, amorruzkoa eta kontrolatzaile obsesiboa ez ezik, afrodisiakoa ere bada.

Ordea, berpizteak soilik iraungo du harik eta gizonak andrea berreskuratua duelako bermea ziurtatuko duen arte. Ondoren, infideltasunari loturiko oroitzapenek, irudi mingarri haiek, mamuen jazarpenek, oztopatu egingo diote andrea goitik behera maitatzea, eta gizonaren beraren infideltasunaren akuilu izango dira. Bien bitartean, jelosiak biziberrituriko bikotean, gizonaren desoreka eta min horiek tabu bihurtu dute andrearen iraganeko harremanen aipamena.

Gizon jelostuek bai eta emakumeek egiten ez dutena: maiteari beste harremanei buruzko informazioa atera, bikote sendo batek egia osoa konfiantza osoz partekatu behar duelako aitzakiarekin, eta ondoren informazio hori maitearen aurka erabili. Ez sadismo hutsez, gehiago agian masokismoz, pasibo agresiboa baita Saizarbitoriarenean gizona: informazio horietan bildutako irudiak oinazetsuak zaizkio gizonari, behin eta berriro gogoratzen ditu edo zaizkio, eta emakumea zigortzeko erabiliko ditu, kontraeraso mendekatian, azken batean emakumeak sentiarazi baitio oinaze hori. Horixe da Martinen eta Abaituaren atzera begirako jelosiaren zentzua; Martinena itsu eta basatiagoa, Abaituarena berriz buruerrukitsuagoa, dotoreagoa, beharbada Abaituaren beraren ikuspuntutik ezagutarazten zaigulako. Zernahi gisaz, gurpil zoro horrek ez die Saizarbitoriaren bikote helduei bizitzen uzten. Iraganak matxuratzen ditu.

Andrearen nortasuna egokiago dago egituratua orainaldiaz gozatzeko, indartsuagoa eta osasuntsuagoa du arima, prest dago barkatzeko eta ahazteko maite duen gizonarekin ondo bizi ahal izateko; baina gizonak beti leporatuko dio iraganeko mamua, eta azkenik andrea nazkatu egingo da.

Edonola ere, jelosia mota hori, zein Martuteneren inguruko albiste eta elkarrizketetan hainbeste aipatu den errua, nagusiagoa den arazo baten aldakiak dira: zama zaigu iragana eta madarikazio oroimena. Saizarbitoriaren protagonistak ezin dira Ithakara itzuli. Irudimenezko maitea eta maite erreala azkenik bat eta bera izan daitezen litzateke Ithaka, baina gizon horiek etengabe dabiltza noraezean, ikasi ezinik ideala ikusten alboko errealitate gordinean, eta hortaz sufritzen eta sufriarazten.

PATUA

Dena den, bizitzaren alde ilunak saihestu gabe ere, inoizko koloretsuen dakarzkigu Saizarbitoriak loreak eta katuak, adiskidetasuna, maitasuna eta jaiotza. Eta ez al da errua bezain erabakigarria bizitza errugabetzeko ahalegina patuaren onarpenaren bidez, baldintzarik gabeko amor fati eder hori?

Martutene baino lehenagoko narrazioetan omnipresentea zen patuaren atzaparra, nonahikoa, eta hainbat moldetan mamitzen zen: arbasoen zama, protagonistaren izaera, putzuari ihes egiteko ahalegina, zuzenean putzura zaramatzana, simetria gaizto bat... Ezohikoa dugu Martuteneko patu gaiztoaren baiespen barea, Lynnen ahaleginean bai Abaitua eta bai Pilar errugabetzeko: “nirea ez da izango zure erruaren izena” diotse. Onartze hori ez da estoikoa ordea, ez da zori txarraren eramate solemne arranditsua, baizik lasaia eta aurrera begirakoa, Spinozarenaren tankerakoa. Spinozak pertsonaia baten bidez erakutsi beharko balu zein den jokabide etiko zentzuzkoa Lynn aukeratuko luke, aldenduena baita errutik eta goxo onartzen baitu bizitzak dakarkiona. Onbera da gainera, alegera, eskuzabala, argia, eta beldurrik gabe ematen zaio maitasunari, protagonista euskaldunek ments duten ausardiaz.

Bada jende sarkina bikote sendoak desorekatu eta apurtzeko irrikak mugiarazten duena. Ezohikoagoa da kontrako kasua, Martutenek erakusten diguna: bikote batzuek suntsitu egiten dituzte tartean sartzen zaizkien lagunak. Hirugarrenaren agerpenak bikotearen eritasuna eta gainbehera katarsiz sendatuko du, eta ondoren zauritu eta bota egingo dute. Patu makurrak dakarkion zartako eta bazterketa horixe da Lynnek patxada dotore batez onartzen duena.

JAIOTZA

Saizarbitoriaren orain arteko eleberrien artean Martutene baldin bada konplexuena, ispilu eta simetria jolasik esanguratsuenak erakusten dizkiguna, ez da soilik potoloena izaki edozer sartu duelako; kontuan hartu behar da halaber zer gauzaki erabili duen pertsonaien ispilu, akuilu, katalizatzaile eta inspirazio iturri gisa. Aurreko eleberrietako gauzaki gafeak edo talisman gaiztoak izan ziren giltza Ehun metro-n, Omega ordularia Hamaika pauso-n, domina Bihotz bi-n.

Martutenen, berriz, liburu bat dugu, Max Frisch-en Montauk, giltzak, ordulariak eta dominak ez duten bizitasun indartsu batez eragiten diena protagonistei, heriotzatik salbatzen dituena. Ehun metro-n, Hamaika pauso-n eta Bihotz bi-n heriotza eta hilketa baldin baziren nagusi, protagonistak hil egiten baitziren edo hil egiten baitzuten, Martutenen ez soilik ez da protagonista bakar bat ere hiltzen; gainera, gertaerarik hunkigarrienetakoa jaiotza bat da, Peruren jaiotza Sagastizabal baserrian. Saizarbitoriak inoiz ez du hain ederki erakutsi borondatetik eta maitasunetik datorren biziaren aldeko grina.

Egia den arren Hamaika pauso-n ere Abaitua idazten ziharduen Hamaika pauso eta Loretta Sheridanen liburua genituela, eta Rossettiren obsesioa-n berriz Juan Martinek hotelean galdutako eleberria, protagonistei gordetik eragiten zietenak, hala ere Martutene arte heriotzaren zerbitzura zeuden narrazio barruko liburuak, fusilatzeen eta ehorzketen mesedetan, eta Montauk aldiz Martuteneko bizitasuna suspertzera dator.

Liburu bat izatea katalizatzaile, ahots narratiboak bi izatea eta protagonistei lotuak, irakurketa aukerak biderkatu egiten ditu. Lehenbiziko irakurketan Juliari eta Abaituari sinesten diezu, ni bezalako gizon primariook bai bederen. Harrituta utzi ninduen Martutene amaitu bezain laster era berean irakurri berria zuen emakume batek: Martin salau bat iruditzen zaio, erretxina baina ona. Julia da bitxotzat daukana, Juliaren begirada. Eta Lynni babalore samarra deritzo. Nola da posible halako irakurketa bat, hain nirea ez bezalakoa eta ziur aski sinesgarriagoa?

Emakume irakurle horren ulermena zoliagoa izan da nirea baino, kontuan hartu baitu Juliak eta Abaituak berek nahi eta erabakitzen dutena jakinarazten digutela beren buruaz, zein Lynn, Martin, Pilar eta Kepaz, eta irakurle azkarrak sistematikoki jo behar lituzkeela susmagarritzat haien kontaerak.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/05/03 15:00

Mariasun, nire benetako arazoa zein den aitortuko dizut. Bi alaba dauzkat eta biei aholkatu diete berriki idazle izateko. Saizarbitoria psikologo ikaragarri sakona da, besteak beste, eta gizon zintzoa, autokritikoa. Hamaika pauso eta Martutene irakurrita, galdera: hor ageri den idazlea kontuan hartuta, zer egin behar dut, alabak idaztera bultzatu ala asmo txoro horiek errotik uxatzen ahalegindu?

Asko pentsatu dut Martutenez adierazi zenuenari buruz; baina aldi berean hitz egiten genuen, azkar, eta susmoa dut zure ideia garrantzitsu pilo batek ihes egin zidala.

Ez duzu ideia horiek idatziz jartzeko asmorik? Bestela, hurrengoan grabagailuarekin joango naiz.

Eskerrik asko laguntzagatik eta ondo ibili

mariasun
mariasun dio:
2012/05/03 02:51

Zaila egiten zait euskeraz idaztea baina erantzuten saiatuko naiz. Aipatzen duzun irakurleak esan nahi duena da Martinek ez duela "zinismoa" ezagutzen. Martin Lynnen presentziarekin ausertzan da eta desioaren jolasan sartzen da, Juliak eta Abaituak egiten duten bezala. Martinek, idazlea izanda, bere pertsonaia Faustinoren bidez eskutitz bat Juliarentzat idazten lortzen du. Guttun "noble" hau irakurri ondoren Juliak daukan erantzuna irakurleak harritzen ditu. Keinu honekin Juliaren bigarren eskutitzarenganako erreakzioa aurreikusten da. Azkenean, nork zaintzen du bestei egoera aspergarritik ateratzera ausertzeko animatzen dituen pertsona (Lynn)? Martin. Bukatzeko ez dugu ahaztu behar Martinek bi elementu garrantzitsuak ematen dizkio nobelari: amets gaiztoa eta haurtzaroko sexu-esperientzia. Marcos agurgarria, horregatik sufritzen duen pertsona ez da bitxo bat. Ondo izan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.