Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Manchesterko urkien eta pinpilinpauxen bilakaera

Manchesterko urkien eta pinpilinpauxen bilakaera

Markos Zapiain 2012/03/07 08:22

Darwinen “Espezieen jatorria”k aurten bete ditu 150 urte eta bihar Biologiako euskal irakasle bat baino gehiago arituko da orroka Old Trafforden, hemengo ikasleak abandonatuta. Halakoxeak baitira zientzietakoak.

Ikasle ohi bat Manchesterren dabil Erasmusi esker, eta egitate deigarri honen berri eman dit: urki zuri ugari dago Manchesterren. Eta pinpilinpauxa mota bi: zuriak eta ilunak (ia beltzak). Kapitalismoa sortu baino lehen hobeki zirauten pinpilinpauxa zuriek, hobeki kamuflatzen ziren: harrapariek ez zituzten bereizten, urki zuriaren gaineko pinpilinpauxa zuria ez zen nabarmentzen. Tximeleta zuriak luzaroago iraun eta gehiago ugaltzen ziren; zuritasuna maizago eta zabalago heredatzen zen iluntasuna baino.

Alta, kutsaduraren erruz zerua bezala urkiak ere gero eta ilunago jartzen hasi ziren. Marxen adiskide Engelsen gurasoek airea izugarri belzten zuen fabrika bat zuten Manchesterren. Orduz geroztik, errazkiago bizirauten dute pinpilinpauxa beltzek, harraparientzat ikusgaitzago, zuriak baino, hauen mantxa eta soslaia, kontraste bortitzaren erruz, nabarmen ageri baita hondo beltzaren gainean; ondorioz, berriki arte maizago heredatu izan da iluntasuna.

Aspaldion, ordea, ekimen eta jokabide ekologistei esker, harrapariak galduta dabiltza berriro ere, urkien eta pinpilinpauxen zuritasunak alaitzen baitu atzera Manchester, eta zuritasun horrek egingo dio abegi Athleticen garaipenari; edo berdinketari, Muniainek bakarrik jokatu beharko balu hamaika ingelesen aurka.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.