Zehazki, zenbat uharte daude munduan?
Sarrionandiari lotutako obsesio konpultsibo triste hura nire kabuz sendatzeko asmoz liburu batzuk erosi nituen. Horietako bat, bikaina, “Nortasunaren nahasteen etiologia eta tratamendua”, talde lana, Mikel Haranburu, Marian Soroa, Joana Esteve, Nekane Balluerka eta Arantxa Gorostiagak idatzia, Udako Euskal Unibertsitateak argitaratua. Beste bat, Enrique Rojasen “La ansiedad. Cómo diagnosticar y superar el estrés, las fobias y las obsesiones”. Txundigarria da giza gogoa. Adibidez, fobiak: betikoak agertzen dira, iluntasunari, sugeei, xomorroei, jendaurrean hitz egiteari... Baina bada aski zabaldu den fobia bat, diagnostikatua eta zerrendatua, amaginarrebari. Amaginarrebari fobia, jainko laztana.
Eta obsesioen artean ere, ezagunenekin batera, alegia, eskuak egunean berrogeita hamar aldiz garbitu beharra, eta abar, badira batzuk txit harrigarriak. Bada jendea zeharo obsesionatzen dena honelako galderekin: “eta txoriek titia hartuko balute, orduan zer?” Hau da, txoriak ugaztunak balira, txori amek bularrak balituzte, txorikumeek edoskiko balute, bai desberdina dena, ezta? Obsesiboak badaki hori ez dela gertatzen, oraingoz ezinezkoa dela, baina hala ere ezin eragotzi bere buruari galdera hori egitea egunean laurogei aldiz.
Beste obsesio tipiko xamarra, orobat galdera formakoa: “Zenbat uharte daude zehazki munduan?” Galdera obsesibo horrek joera konpultsibo batera bultzatzen du: toki guztietan etengabe bilatzera erantzuna, entziklopedietan, google-en... Baina jakina, ezin fidatu. Zeren... zer da zehazki uharte bat? Adibidez, zenbat daude euskal kostaldean? Gaztelugatxe ondoko Akats ere zenbatu al dute, uhartetzat hartu al dute? Egunak joan egunak jin, ezin erantzun asebetegarririk aurkitu eta galdera berberari jira-bueltaka gau eta egun.
Dirudunen zein txiroen artean topa ditzakezu obsesiboak, baina aberastasunak bestelako kezkabideak ahalbidetzen ditu. Azken emaitza, dena den, gogoa txorakeriez bete eta bizitza galtzea da. Aberats batzuen obsesioa izaten da beraien soinekoa, txamarra, ordularia, bakarra izatea munduan. Ezin dute eraman berek daramaten alkandora berdina ikustea beste pertsona batek jantzirik. Halatan, diru piloa xahutzen dute lortzeko jostunak alkandora berezi bat egin diezaien, beraiena bakarrik izango dena mundu osoan. Arazoa da ez direla erabat fio. Eta operan, edo karrikan, jende guztiaren alkandora guztiak aztertzen dituzte, eta antzeko bat ikusten dutelarik sekulako zartakoa pairatzen dute, egunak eta egunak pasatzen dituzte jostunaren traizioari bueltak ematen.