Joseba Mikel Ugalderen "Hirurehun eta hamar segundo haiek"
“Akatz” aldizkarian nabarmendu zen Joseba Mikel Ugalde, “Ai gure Bermio!” atalaren bitartez, ezagutza eta grazia baitzerien haren testuei. Orain, "Hirurehun eta hamar segundo haiek"en bere betiko gai kutunei, gizaki guztion kezkak eta elkarrizketak elikatzen dituztenak (maitasuna eta heriotza, funtsean), bestelako barrentasun bat erantsi die, testuinguru pedagogiko sinesgarri batean kokaturik eta irakasle guztion patroi eta santu behar lukeen Urertze maisuaren figura asmaturik.
MAITASUNA INSTITUTUAN
Bermeon aspaldi irakasle ibilitako Antonio Agirre hil egin da. Urdiainen jaio bazen ere, ura behar zuen alboan, ur ertzean bizi. Ikasle batek Urertze ezizena jarri zion. Haren heriotza aitzakia, sakabanatu samar ibiliriko ikasle batzuek biltzea erabaki dute, Urertzeri loturiko oroitzapenak berpizteko. Matematikako irakaslea zen arren, ez zitzaion zentzuzkoa iruditzen letretako ikasleek logika baztertzea, ezta zientzietakoek kontatzeko eta idazteko trebetasuna galtzea ere. Halatan, egunero, ikastorduko aurreneko bost minutuetan berbazko opari bat egiten zien ikasleei; eta azkeneko hamar segundoetan etxerako lana ipintzen zien, istorio bat jorra zezaten, biharamun goizean ikaskideen aurrean kontatzeko. Ikasgelan sartu bezain laster, horrenbestez, ikaslearen ipuina eta maisuaren oparia. Guztira, hirurehun eta hamar segundo irakasgai ofizialetik kanpo, ikasleen garunak piztu eta bizitzak dakartzan korapiloetan buru argiz murgiltzeko moduko deskribapenei, oroitzapenei, elezaharrei, paradoxei, hitz jolasei eskainiak. Eta, batez ere, ikasleak kontalari bilakarazteari, beren etxeetan eta inguruan zutenaren poesia adierazten laguntzeari, ikusgaitza baitzitzaien ia beti, edo gutxietsia.
Ni bezalako irakasleoi, sarriegi etsita gabiltzanoi, arnasa eta eredu zaigu Urertze, irakaskuntzaren funtsezko Hirutasun Santua berezkoa baitzaio: maitasuna, jakintza eta legea, hurrenez hurren. Behar bezala dabilen maisuak, hiru indar horiek eskaini behar dizkio ikastordu bakoitzean ikasle bakoitzari, eta hirurak aldi berean. Izan ere, maitasunari jakintza eta legea kendu eta berehala bihurtzen da ikasgela anabasa eta intzestu. Jakintzak, berriz, datuak eta kontzeptuak diren heinean, autista dira berotasun pedagogikorik gabe, bizitzatik erauziriko zama hotza. Azkenik, maitasunik gabeko legeak, ikastetxean, zigortzeko irrika itsua bihurtzeko arriskua du; eta beldurraren gainean ezarririkoak ez du “lege” hitzaren alde noblea barnebiltzen, sadismoaren mozorro hutsa baita. Maitasuna, jakintza eta legea aldi berean eskaintzea da ikasleengan epe luzera esker oneko arrastoa uzteko bidea, Urertzeren uberan. Gurasoentzat ere balio du seme-alabekiko harremanetan, eta ia edonolako autoritaterentzat.
Urertzerengandik jaso beharreko beste irakaspen bat: benetako maisua irakasteko gai da, jakina, baina era berean zabalik dago ikasleengandik ikasteko. Egia da gehiegikeria franko bota izan dela gazteekin sinpatikoarena jo nahian: irakaslea eta ikaslea maila bereko solaskideak direla eta antzekoak. Noski, irakasgai zehatzari dagokionez ikasleak onartu behar du maisuak gehiago dakiela, entzun egin behar dio eta harengandik ikasten ikasi. Aldi berean, ordea, ukaezina da irakasleak ikasleei adi entzuteari zenbait minutu eskaintzeak gaurkotu, sakondu eta edertu dezakeela bizitzaren gainean zekikeena, edota errealitatearen gainean; eta, oroz lehen, bere buruaren gainean.
Urertzek irakaskuntza modernoaren arrisku handietako bati aurre egiten dio: zientzien eta letren arteko zatiketa hemiplegikoari. Gazteak, osoa izatera helduko bada, alde biak behar ditu barneratu, nola literatura hala matematika baitira baldintza eta akuilu giza berezitasuna lora dadin, piz dadin buru argitasuna eta dagoenaren ulertzea, bizitzan gutxienez behin, heriotzak harrapa gaitzan baino lehen.