Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Txepetxak beldurra galdu zuenekoa

Markos Zapiain 2018/06/22 13:55
Jose Ramon Etxebarriaren laudorioz

UEUk Jose Ramon Etxebarriaren omenez argitaratutako "Bai, jauna, bai: Fisika euskaraz!" liburuko atala


Filosofiako bati bereziki erraza eta atsegina zaio Jose Ramon Etxebarria goraipatzea, filosofiaren hainbat helburu garbi mamiturik aurkitzen baititu gernikarrarengan.

Lehenik eta behin, gogoetarako autonomia: ezaugarri baitu Etxebarriak etxean, herrian, hedabideetan zabalduen diren iritzi eta ikuspuntuak beste barik ez onestea, alderdi politikoek edota zientziako guruek egiatzat eskaintzen digutena mesfidantzaz aztertzea, eta soilik onartzea bere adimenaren galbahe kritikotik iragazitakoa. Ume kozkorra zela ekin zion gerora egundo utzi ez duen jokabide horri: fede katolikoa jaso zuen etxean, fede katolikoa ezarri zioten ikastetxean zein gizartean, eta Jose Ramon, bolada batez fedeak aginduriko balioen arabera bizi ostean, bere buruari kristautasunaren edukiez galdezka hasi eta iruditu zitzaion, batetik, ez dutela ez hanka ez bururik, eta, bestetik, jendea mendean atxikitzeko boterearen asmakuntzetako bat direla. Inertziaz pasiboki jasoriko eduki mentalak aztertu eta fede hori geldika-geldika deseraikiz joan zen. Sasoi hartan jarri zioten hain zuzen Txepetxa ezinena Eibarren. Halaxe deitzen diote oraindik ere. Ona, txikerra izanez gero, hobea: oso pozik dago Etxebarria ezizen horrekin, Anaitasuna aldizkarira bidalitako bertsoak Txepetxa izenpetu zituen, beharbada Otañoren bertso klasikoen argitan identifikatzen delako hegazti bitxi horrekin: txikitxoa, xaltokako ibilera, fidagaitz eta eszeptikoa: hain arina izan arren, enborrik sendoenean ere saltotxo batzuk ematen ditu badaezpada ere, behar bezala eutsiko ote dion:


Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan,

baina gustatzen zaio jartzea adar sendoxeagoan;

amildu arren ez leike galdu dakielako hegoan,

baina arkitzen baldin bada ere burnizko aldamioan,

hiru-lau aldiz xanpatutzen du seguru ote dagoan.


Zuhurtzia alabaina ez izaki beldurra, filosofiaren betiko beste xedeetako bat beldurra gainditzea da, edozein beldur. Naturala da beldurra: ume orok dio beldurra ilunari, oinazeari, heriotzari. Beldur sakon primario horixe da botereak jendea lotzeko darabilen kateetako bat, udazken honetan Katalunian ikusi bezala; gurean ere beldurra hedatzea du helburu txio alai batengatik espetxera zaitzaketela mehatxuak, bien bitartean agintarien txotxongiloen txio mila bider ankerragoak gustura onartzen direla.

Ulergarria da beldurraren eraginez jendea ezkutatzea eta isiltzea. Zergatik ez da ezkutatzen ez isiltzen Jose Ramon Etxebarria? 70eko hamarraldiaren hasieran, Santutxuko giro euskaltzaleetan, gerora emazte izango zuen Lore Akaiturri andereño eta gozogilea ezagutu eta elkarrekin irteten hasi ziren. 1972ko irailean, Zuberoan elkarrekin aste zoragarri bat igaro ostean, Jose Ramon Eibarrera itzuli, gurasoenera, eta haiek jakinarazi zioten bezperan Guardia Zibila etxera bila etorri zitzaiola. Biharamunean bertan joan zen inozente-inozente Joserra bera Eibarko kuartelera, pentsatuz gaizki-ulerturen bat izango zela. Ez ordea. Han bertan furgonan sartu eta zuzenean La Salvera. Kontatu ETAz dakizun guztia. Tutik ere ez dakit. Hiru egunez torturatu zuten, batik bat belaunikarazi eta oin plantetan makilakadak joz. Beste tortura-molde batzuen aldean ez dirudi bereziki krudela, baina oinazea ikaragarria ei da, konortea galtzera ere iritsi zen Etxebarria doktorea. Garai hartan torturatzaileek ez zituzten aurpegiak estaltzen. Bazen ilehori bat. Deus kantatzeke irten zen ezer ez zekien Txepetxa.

Artean oinak zaurituta zeuzkala eta hanpatuta, zapatak sartu ezinik, osaba batek ezagutzen zuen monseñor Añoveros Bizkaiko gotzain progresistarengana joan eta tortura kontatu zioten. Etxebarriak gotzainari galdetu zion ea hankak erakustea nahi ote zuen, zauriak ikus zitzan. Gotzainak ezetz, sinesten dizut. Handik egun batzuetara, Añoverosi egin zioten elkarrizketa batean, Euskal Herriko torturaz galdetu eta «no tengo constancia de que semejante cosa ocurra» erantzun zuen, «no he visto ningún cuerpo torturado». Eta ez zen gezurra, ez zuen-eta ikusi nahi izan. Eliza Katolikoaren hipokrisia gogoangarri hori sistematikoa da. Jose Maria Cirarda apezpikuak ere, aukera izan arren, ez zuen Martin Orberen gorputz torturatua ikusi nahi izan, eta zenbait asteren buruan hedabideetan adierazi zuen ez zuela torturaren berririk, ez zuela halakorik ikusi. Ez zuen San Paulok alferrik azpimarratu aginte oro datorrela Jainkoagandik, edozein agintariri aurka egitea dela Jainkoari aurka egitea. Etxebarriari, borrerorik gupidagabeenak eta Elizak elkarri eskaintzen dioten babesaz ohartzeak faltsukeria zer den ulertzen lagundu zion. Etxean edandako fedea, ordurako deseraikia, behin betiko zokoratzeaz gain, jendaurrean salatzeari ere ekin zion, zenbait abade adiskide baditu ere, Martin Orbe bera kasu; Joserraren dohainetako bat baita irizkide ez dituenen lagun on izateko gaitasun eder hori.

Ordurako Anaitasuna aldizkarian idazten zuen eta hamabostero joaten zen Imanol Berriatuarengana, frantziskotarren komentura, artikuluak eramatera. Itxarongela batean egoten zen Berriatuaren zain. Eta egun batean itxarongelan bera torturatu zuen guardia zibil ilehoria topatu zuen, Elizan bataio bat antolatzeko hara joana. Horrela ikasi zuen Etxebarriak Eliza katoliko apostoliko erromatarraren zale batzuek ez dutela torturatzeko eragozpenik, eta hierarkiak de facto onartu egiten duela.

Halakoak pairatu ondoren, jende askok atzera egingo luke, bizitza pribatura erretiratu, tentuz ibili. Agian torturaren bidez aginteak eragin nahi duen mututasun izutiari buelta ematen asmatu zuelako egiten da Etxebarriaren ibilbidea eta bere mintzaera hain tolesik gabea, hain zuzena, hain argia. Lau hizkuntzatan inprobisatzeari ere ez dio beldurrik. Normal hizketan ere sumatzen zaio barne askatasun handi hori. Torturaz geroztik, hamaika bider izan da salatua, kolpatua, atxilotua, epaitua. Poliziek ez bakarrik ohiko egurra, bestelako elementu natural jatorrizkoak ere erabili dituzte Joserra kikiltzeko: esaterako, ura, ertzainen mangerazoen zurrusta biolentoak. Ertzain batena zen halaber Etxebarria ahuspez etzanaren burua zapaltzen zuen bota, aurpegia eta ahoa lurraren aurka bortxatuz. Egurra, ura, lurra... litekeena da sua ez erabiltzeko bezain zozoak izateagatik ez lortu izana Txepetxa oilotu eta mututzea. Nolanahi ere, oker jo die kukuak: torturatua izateari beldurra galdu dionak edozein beldur gainditu baitu, eta adore lasaiz egin diezaieke aurre bidegabekeriari eta zurikeriari.

Hain zuzen, eta hirugarrenik, borroka molderik filosofikoena da Etxebarriak darabilena: Montaigneren adiskide Étienne de la Boétiek, Thoreauk eta bestek teorizatutako intsumisio eta desobedientzia zibilaz baliatzen da injustizia iraultzeko, legediak injustizia konpontzeko biderik eskaintzen ez duelarik. Txit interesgarria da Jose Ramonen borroka-moldea: ohikoa denez, hitza darabil bidegabekeriak salatzeko, xedeak argitzeko, eta abar; baina gorputza ere erabiltzen du. Bere gorputza injustizia iraunarazten duen botereari ezustekoa eta deserosoa zaion lekuetan kokatzea izan da Etxebarriaren taktiketako bat: itxialdiak, hamabost urtez goizero unibertsitate atarian pankarta baten atzean, unibertsitatetik kanporatua izan ostean ustekabean eta Protecsa eta gainerako seguratei izkin eginez campuseko edozein gunetan agertzea... Beldurbakoaren borrokak ezusteko bideak hartzen ditu, eta ezustekoa ezin da zeharo makurrarazi. Behin torturaren izua gaindituta, aurrera bolie, eta, ikusita zenbat eraso jasan behar izan dituen, bistan da ez diola beldurrik ez atxilotua izateari ez espetxeari; ezta heriotzari ere: katebegi iragankor izatea filosofiaz barneratuta, ez du batere kezkatzen ezinbestez hil beharrak.

Himno proposamena

Markos Zapiain 2018/06/17 11:20

Zergatik ez ezarri abesti hau EAEko Hezkuntzaren himno gisa?

Gure helburu pilo baten alde bultzatzen du: eleaniztasuna; erlijioaren lehentasuna, Jainkoaren alabantza eta estasi mistikoa; errukia oinarri duen goi-mailako artea; pentsamendu positiboa; egiazaletasuna; talde-lanaren garrantzia; normalkuntza, euskarari esparru erabakigarri bat gorderik, despedidarena hain zuzen; harmonia holistikoa, agenda 21, Lur planetaren eta naturaren maitatze desinteresatua; begirunea desberdinari eta transgeneroari... Politikoki politegia izatea, hori du apika akats bakarra.

Beste abesti honek ere badu himno kutsu nabarmena, baina nori proposatu, Ama Elizari? Ez da behar, aspaldi ari baita ume beltz eta txuriei gosea eta hotza kentzeko ahaleginetan jo eta su. 

 

 

Jose Ramon Etxebarria, erretretaren bezperan

Markos Zapiain 2018/05/20 13:45
Datorren igandean 70 urte beteko ditu

Jose Ramon Etxebarria 1948an jaio zen Gernikan, eta han igaro zuen haurtzaroa; nerabezaroa berriz Eibarren, Serafin Basauri, Juanito San Martin eta Imanol Laspiurrek adoptatu eta babestua; eta helduaroa Bilbon, zehazki Santutxun. Hiru herri horiek erabaki dute haren nortasuna. Ingeniaritza Industrialean doktore, 1971n ekin zion Euskal Herriko Unibertsitatean Fisika irakasteari, Leioako campusa inauguratuz. Etxebarriak den-dena ikasi zuen erdaraz eta euskaraz modu autodidaktan alfabetatu zen, batez ere Anaitasuna aldizkaria astiro eta arretaz irakurriz; ondoren, aldizkari horretako zuzendari Imanol Berriatuak euskararen ezagutza sakontzen lagundu zion. 1972an Guardia Zibilek La Salven torturatu zuten. Hurrengo urtean Lore Akaiturrirekin ezkondu zen, ikastolako andereño, ekimen handiko euskaltzale eta dohain deigarriak dituen gozogilea baita. Adituek bere opil eta bixkotxak internetez saltzera animatzen dute, baina deus ez. Hiru alaba dituzte eta hiru biloba. Jose Ramon Etxebarria Lemoizko nuklearraren aurka nabarmendu eta Iberduerok, mendekuz, etxeko argindarra kendu zion zenbait hilabetez, alabak txikiak zirela. Zigor hari esker, kandelen argi misteriotsuak girotutako abentura harrigarrien oroitzapenak dauzkate gaur egun. Etxebarriak ez zuen Espainiako funtzionario izan nahi: zenbait lankiderekin batera irakasleria propioaren aldeko borrokari ekin eta 1992an unibertsitatetik kaleratu zituzten. Hamabost urtez egunero-egunero unibertsitateko sarreran pankarta baten atzean protesta egin ostean, 2007an itzuli zen unibertsitateko irakaskuntzara, eskatzen zuten moduko lan-kontratu baten jabe. Azken urteotan euskara teknikoa irakasten dabil Ingeniaritza Eskolan, 60ko hamarraldian karrera ikasi zuen ikasgela beretan. Datorren igandean 70 urte bete eta jubilatu egingo da.

San Mames ondoko Ingeniaritza Eskolan duen bulegoan egin ditugun elkarrizketa luzeetan (atzo, maiatzak 19, Noticias taldeko Ortzadar-en sintesi bat argitaratu zuten), Etxebarriak behin ere ez du erakutsi asko idazten dutenengan ohikoa den egolatria malenkoniatsuaren arrastorik ere. Apartak ditu talentua eta txinparta, ikusgarriak mintza-doinuaren ezusteko aldaketak, barre-algarak, teatroa, kantua, umorea, bizitasuna. Lau ordu inguruko solasaldi intentsuetan ez du ezer jan ez edan, ur tantarik ere ez, eta amaieran hasieran bezain fresko egoten da. “Pentsatu egin behar da” eta “oso pozik nago” dira maizenik darabiltzan esaldiak, eta bat datoz haren bizimoduaz suma daitekeenarekin, irudi baitu etenik gabeko gogoeta alai goi-mailako batek bizi duela, eta bere etxea maitasunaren, herrigintzaren eta zientziaren bidegurutzean eraiki duela.

García Márquezen "María dos Prazeres"

Markos Zapiain 2018/04/14 08:20
Doce cuentos peregrinos-en jasotako ipuina, Errelatoari ekarpena

María dos Prazeres Manaosen jaio baina nerabe zenez geroztik Bartzelonan lan egin duen prostituta bat da. Katalan perfektu batez mintzo da, araztasun arkaiko batez apaindua, eta ahaztutako portugesaren musika ere igartzen zaio.

Zaharturik, heriotza hurbil sentitzen duela, prostituzioa utzia badu ere, Cardonako kondeak ostiralero bisitatzen du, xanpaina botila bat eta trufak dakartzala; elkarrekin afaldu eta ondoren hondamendi sentipena uzten dien maitasun goibel bat egiten dute.

Una noche, agentes de la Seguridad del Estado asesinaron a tiros frente a su ventana a un estudiante que había escrito a brocha gorda en el muro: Visca Catalunya lliure.”

Biziki estua da Cardonako kondearen eta María dos Prazeresen arteko lotura, urte luzez ondua.

Hala ere, behin batean “el conde de Cardona estaba escuchando el dueto de amor de La Bohème, cantado por Licia Albanese y Beniamino Gigli, cuando le llegó una ráfaga casual de las noticias de radio que María dos Prazeres escuchaba en la cocina. Se acercó en puntillas y también él escuchó. El general Francisco Franco, dictador eterno de España, había asumido la responsabilidad de decidir el destino final de tres separatistas vascos que acababan de ser condenados a muerte. El conde exhaló un suspiro de alivio.

Entonces los fusilarán sin remedio —dijo— porque el Caudillo es un hombre justo.

María dos Prazeres fijó en él sus ardientes ojos de cobra real, y vio sus pupilas sin pasión detrás de las antiparras de oro, los dientes de rapiña, las manos híbridas de animal acostumbrado a la humedad y las tinieblas. Tal como era.

Pues ruégale a Dios que no —dijo—, porque con uno solo que fusilen yo te echaré veneno en la sopa.

El Conde se asustó.

¿Y eso por qué?

Porque yo también soy una puta justa.

El conde de Cardona no volvió jamás, y María dos Prazeres tuvo la certidumbre de que el último ciclo de su vida acababa de cerrarse.”

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Dylanek Laboari ezetz

Markos Zapiain 2018/02/24 17:15

Bob Dylanek 2006an Donostian eman zuen kontzertuan ez zuen baimendu Mikel Laboak berekin batera kanta zezan, eta batzuek oraindik ez diote barkatzen. Bi urteren buruan hil zen gainera Laboa, eta beraz urrutiago egia, justizia, erreparazioa eta onezkoak egiteko aukera. Txikia delako euskaldunon kultura ausartu omen zen Laboaren eskaintza ukatzera. 

Ez dirudi egia; nortasun kontua ematen du gehiago, etika eta estetika. Euskaldunona baino handiagoa da Espainiako kultura eta Dylanek uko egin zion Asturiaseko Printzearen Sariari. Nobel Sariaren arduradunek sekulakoak eta bi egin behar izan zituzten abeslariarekin kontaktatu ahal izateko, eta azkenik Patti Smith bidali zuen Stockholmera bere ordez. Obamak kontatu du 2010ean, Etxe Zurira gonbidatu zuenean, Dylanek ez zuela argazkirik atera nahi izan berekin eta Michellerekin batera, gainerako artistak irrikaz egoten ziren bitartean, eta The Times They Are A-Changin' abestu eta berehala alde egin zuela.  

Bitxia bezain interesgarria du, alafede, dantza-psikomotrizitatea ere. Inork ikusi ote du Solid Rock-en bertsio honetan baino desmadratuago, bigarren minututik hirugarrenera? 

Esertoki klimatizatuak Logroñon

Markos Zapiain 2018/02/03 18:19
Hemen zergatik ez?

2011n, Donejakue Bidearen Logroñoko zatian, 16 ipini zituzten hasieran; adibidez, Espoloian bi. Jendea pozez txoratzen zegoenez, Gallarza parkean beste bi ipini zituzten gero.

Geotermiaren bidez, urak eta glikolak osatutako isuri batek jarlekuak epeltzen ditu. Teknika berri horrek lur azpiko energia aprobetxatzen du bankuei beroa edo hotza emateko, urtaroaren arabera. Ez dira asko aurrerapenaren emaitza dudarik gabe onuragarriak, eta horixe da bat. Zergatik ukatzen digute euskaldunoi? 

Lau hilabeteko lana behar izan zuen esertoki klimatizatuak jartzeak, eta ez zuten ordaindu 100.000 euro baino, erakartzen dituzten bisita ugariei esker aspaldi berdinduak.

Zenbait jenderen eguneroko bizitzan garrantzitsuagoak dira jarleku klimatizatu horiek Apple eta Amazon baino. Gaur bertan euri izugarri hotz hori bota eta bota dabilen arren, goxo bezain idor daude bankuak, lasai eser zaitezke. Etxegabeen babeslekuak dira. Berriki arte Zubia Doktorearen Glorietan zebiltzan etxegabeak Espoloira aldatu dira. Eguerdian oraindik lotan egoten dira banku klimatizatuetan, Udaletxeko arkupea baino goxoagoak baitira.

Logroñon, jendeak gehiago ipintzeko eskatzen du. Eta guk? Manolo el del Bomboren bozeramale Arrimadasek dioen bezala, beti prozesua eta independentzia atzera eta aurrera eta azkenik ezikusia egiten diegu teknozientziaren opariei eta herri xehearen eguneroko arazoei.  

Paquita la del Barrio

Markos Zapiain 2018/01/27 11:45

Paquita la del Barrio hamabost urte zituela ezkondu zen, haurdun, berrogeita biko gizon batekin. Haurdunaldian jakin zuen bere senargaiak beste herri batean beste emazte eta familia bat zeuzkala, baina ez zuen bertan behera uzteko indarrik izan.

Orduan pilaturiko oinazea darie bere abestiei. Errukirik gabe iraintzen ditu gizonak. Hauxe da ziur aski bere kanturik ospetsuena, Rata de dos patas.

Paquitak lehenbiziko senar hura eta beste gizon asko dauzka gogoan Agure buztan berde kantuan: "Viejo rabo verde" deitzen die, "zahar gizajo sehaska-bortxatzaile".

Beste abesti honetan, Pobre pistolita, bere gizon harroaz kexu zaigu Paquita: "gau osoa pasa nuen itxoiten, zure zurrungak entzuten, bakarrik, ametsetan; pistolatxo tristea zurea, jadanik ez du tiro egiten, ezta noizbehinka ere, inutila, zein zekena izan den natura zurekin".

Edozelan ere, amodio basatiak ez du zertan esperantza galdu. Hori bai, baldintza bat betez gero: Ez zu ez ni

 

 

Hitza leizezulo

Markos Zapiain 2018/01/21 11:10
Gorka Arreseren editore lanaz

Pentsatu behar da gizakiek erabili zituzten lehen hitzek beren izpirituan esanahi askoz ere zabalagoa izango zutela hizkuntza erabat osatuetan izan ohi dutena baino, eta, mintzaldia osatzen duten zatiak ezagutu gabe, hasieran hitz bakoitzari esaldi oso baten esanahia emango ziotela.” (Jean-Jacques Rousseau, Gizakien arteko desberdintasunaren jatorri eta oinarriei buruzko mintzaldia, Juan Kruz Igerabideren itzulpena)

  

Editoreak liburua hobetzeko proposamenak egiten dizkio idazleari, idazleak editoreari bidalitakoa baino hobea izan dadin argitaratuko den liburua. Gorka Arresek nobela, ipuina, kronika, rapsodia, poesia eta saiakera editatu ditu azkeneko hiru hamarraldietan, beti euskaraz eta beti helduentzat.

Katua panpina elektrikora edo gauzaki ezezagunera bezain erne eta fidagaitz hurbiltzen zaio Gorka liburuari: urrutitik ukitu, usaindu, begirunezko mesfidantzaz zaindu, atzaparra prest badaezpada ere, ustekabean lehertu ahal balitz bezala. Inoiz ez dio utzi liburu bakoitzean zerbait arraro eta baliotsu sumatzeari. Horrela, liburua gero eta senidetasun handiagoz hartu, etxekotu, bereganatu eta, azkenik, idazleari hobekuntzak proposatuko dizkio. Zenbait astez lagunduko ditu liburua eta autorea, esaldi bakoitza borrokatu, autoreak ereindakoa ureztatu, kritikatu, inausi, eman, kendu, txertatu.

Saiakeretako hizkuntzarekin duen harremanetan primitibo bat da Gorka, Rousseauren aipuaren zentzuan: gizakiek erabili zituzten lehenbiziko hitzek askoz ere esanahi zabalagoa omen zuten orain dutena baino, sasoi hartako hitz bat gaur egungo esaldi oso baten pare zen gutxienez. Saiakeretako hitzak horrela hartzen baditu, ez dut pentsatu nahi nola jokatuko duen poemetakoekin: ez esaldi oso bat bakarrik, baizik etxe bana, Ali Babaren leizezulo bana izango zaizkio ziurrenik editore cro-magnonari. Edozein hitzetatik tiratu eta ekosistema osoak desestaltzen dizkizu. Rousseau zaharra euskalduna izatera, Susara joko luke bere saiakerak argitaratzera, baina auskalo hain ondo lo egiten dakien Gorkak ideia bitxi hau onartuko liokeen: “animaliek, gutxi pentsatzen dutenez, lo egiten dute pentsatzen ari ez diren denbora guztian”. Asko pentsatu behar izaten baitu editoreak. Buelta pare bat emateko aginduko lioke apika Rousseauri, eta burutazioa zehazkiago adierazteko.

Gorkaren ibilbide luzean, ekimen bat nabarmentzen da ausardiagatik eta anbizioagatik, bilduma bat: XX. Mendeko Poesia Kaierak. Koldo Izagirreren sarrerak dira ez soilik euskal poesiari buruzko gogoetaren gailurra, baita euskal literatur kritikarena ere. Egundo ez dugu jakingo noraino sartu zuen hor eskua Gorkak, beharbada kakotx bakar bat ere ez zuen ukituko; edozelan ere, horrelako zerbait atera ostean, edozein editore normal jubilatu eta hilko litzateke lasai.

Editore onak izaten du jasotako liburu bakoitzaren aiurriari artez antzemateko dohaina, liburu guztiak baitira desberdinak, eta era berean, ondorioz, liburua hobetzeko bideak. Liburuak hobetzeko orduan Gorkak ez darabil beti akuilu bera, ez ditu parekatzen eta homogeneizatzen, inertziatik libre da. Niri liburu bi argitaratu dizkit, Txillardegi eta ziminoa eta Saizarbitoria eta iragana. Lehenbizikoa hobetzeko jokatu zuen mihisearen gainean pintura eransten duen margolariak bezala, per via di porre, zenbait pasarte eta atal emendatzeko agindu baitzidan: “Max, mon amour iruzkindu, lotu eta txertatu”, “ez ahaztu Philip K. Dick-en Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets? “, eta abar; Saizarbitoriari buruzkoan, aldiz, ez margolari baizik eskultore jardun zuen, per via di levare, marmol-bloketik zatiak kenduz sortzen baitu estatua: agindu zidan ez deus eransteko eta bai zenbait paragrafo kentzeko: umore merkea hemen, topiko zoldazua han...

Eskarmentua eta kuraia behar da zenbait idazleri aldaketak proposatzeko, bakana baita, edozein literaturatan, neurotiko obsesioa ez den idazlea. Gurean agian Jose Ramon Etxebarria baino ez. Idazleak bere sorkariarekin duen harremana zaila izaten da, gutxiespen sentimendua da nagusi, eta, desatsegina izan daitekeenez nork bere burua zigortzea, editoreari zuzentzen zaizkio batzuetan jipoiak, agerikoak zein besteak. Ez da arraroa editoreari leporatzea literaturatik ezin bizitzea, gizartetik ez jasotzea merezi omen duen onarpena, ospea, dirua. “Ez du nigan sinesten, zergatik ez du Susaren logistika erabili nire liburuaren propaganda egin eta Euskadi Sarietara katapultaltzeko?”

Okerrago, editoreak atzera bota behar izaten ditu jasotzen dituen liburu gehienak. Mina bihotzetan, nork ez du “Susa mafia bat da” esamesa entzun?

Bien bitartean, Gorka hodei beltz horiek gorantz zeharkatu eta lanean dihardu eguzkitik hurbil, eguzki izpiak erabiliko balitu bezala liburua irakurri, ulertu eta argitzeko. Tentsioak gorabehera, gaitasun itzela du liburuan buru-belarri murgiltzeko. Horrela, zuk eman diozun ernamuina zurea baino indartsuagoa den adimen batek, zuk baino liburu gehiago irakurri dituen lagun batek, zurea baino goragokoa eta zabalagoa den bizileku batera igotzen du. Han goian aztertzen du esaldi eta hitz bakoitza, kokaera, zentzua eta musika, eta horregatik da goi mailako aldaketak proposatzeko gai.

Lanaz aparte, ezagutzen dudan neurri mugatuan, edertasun fisikoaz gain, txinparta alaia du berezitasun, ustekabeko zirtoa, ateraldi gogoangarriak, edonori baldintzarik gabe eskuzabalki kutsatzen dion bizipoza.

Behin editore lanak utzirik, argazkilari izango ote da Gorka aurrerantzean? Txillardegi eta ziminoa libururako egin zidan argazkia da nire emaztearen ustez inoiz atera didaten onena, bereziki guapo ez nagoen arren. Judua ematen omen dut, Amy Winehouse eta Bob Dylanen lehengusu eta aldi berean dizipulu. Sekula ez diat merezi legez eskertuko, konpai!

Berrikuntza handiak antzinateko filosofiaren historian

Markos Zapiain 2018/01/15 19:55
Pierre Vesperiniren liburu bi

Pierre Vesperini Parisen jaio zen eta Porton bizi da, Portoko Unibertsitateko Filosofia-Institutuko kide baita. 39 urte baizik ez dituen arren, uste ustez sendo asko irauli egin ditu, besteak beste azken hamarraldietan Epikuroz eta Lukrezioz irakatsi izan duguna Lucrèce. Archéologie d’un classique européen lanean (Fayard, 2017), edota Marko Aureliori dagozkionak Droiture et Mélancolie. Sur les écrits de Marc Aurèle (Verdier, 2016) liburuan, Frantziar Akademiaren La Bruyère saria jaso duena. Azken liburu honen inguruko elkarrizketa bat eskaini zion Philosophie Magazine-ri, eta hemen osorik ageri da, paperean ez bezala.

Ezagugaiaren gainetik etiketak desitsatsi eta haren arroztasun arraroa ikuspuntu zabalduenen inertziatik libre aztertu, horra Pierre Vesperinik Lukrezio, Marko Aurelio eta Antzinateko Filosofia deitu izan denarekin egiten diharduena. “Epikuro”, Lukrezio”, “Estoikoak”, “Marko Aurelio”, “Antzinateko Filosofia” edo “Filosofia” entzutean berez datozkigun ideiak parentesi artean kokatu eta begirada berri batez ari da Vesperini autore eta kontzeptu horiek interpretatzen, eta egia historikoaren izenean goitik behera aldatu beharra dago funtsean Pierre Hadotek ezarritako doktrina, besteak beste Michel Foucault, André Comte-Sponville, Luc Ferry eta Michel Onfrayk bere egina, eta ondoren espainolek eta geuk. Doktrina hori da nagusi inguruotako irakaskuntzan. Jean Salem aparte samar gelditzen den arren, haren ikuspuntuak ere berraztertu beharko ditugu, zenbaitetan ahaztu. 

Vesperiniren esanetan, Hadotek proiekzio anhistorikoak egiten ditu, bere mundu kristau eta existentzialista, erroak idealismo alemanean dauzkana, antzinatean aurrena sartu eta hurrena aurkitzeko. Esaterako, ez da egia antzinateko filosofietan logikak eta fisikak etikan aurkitzen dutela zentzua, pentsaera osoa dagoela etikara eta bizimodu filosofikora bideratua. Vesperinik Epikuroren zein estoikoen logikaren eta fisikaren autonomia aldarrikatzen du.  Hadotek bezala antzinako etika hainbeste espiritualizatzeak ere ez du zentzurik. Filosofia hura ulertu eta azaltzeko darabilen giltza, “gogo-jardun” kontzeptua, ez dator bat antzinatean egiten zutenarekin, kontzeptu hori, hitza bera, ez baita inon ageri. Antzeko zerbait gertatzen da "konbertsio" kontzeptuarekin.

Grezian "ortopraxia" zen etikan maizenik zerabilten hitza, alegia, jokabide zuzena. Zuzen jokatzea luke helburu filosofoak, eta ez, Hadotek nahi bezala, norberaren baitan ariketa espiritualak eginez zoriona erdiestea. Ortopraxia gizartean artez portatzea da oroz lehen, gainerako herritarrek ikusteko moduan. Kanpotik begiratuta ikusten da etikoki jokatzen duzun ala penagarriki. 

--

Marko Aurelio, Txillardegiren eta Bill Clintonen aholkulari intimo, filosofo estoiko petotzat hartu izan dugu, Seneka eta Epiktetoren ildokoa. Vesperinik zalantzan jartzen ditu enperadorearen filosofo-izaera zein estoiko-izaera, Marko Aurelioren beraren pasarte sarritan zokoratuak aintzat hartu eta betiko testuak bestela irakurririk. Adibidez, ikusgarria da nola berrirakurtzen duen Vesperinik Marko Aureliok bere maisu Frontoni idatzitako gutun ospetsu bat: Foucaultek aurrerapauso gisa ulertu zuen bitartean subjektibotasunean sakontzeko bidean, Vesperinik gutunaren hartzaileari gozamena eragiteko tresnatzat hartu du, baita erakutsi ere Foucaultek bere tesia indartzeko gutuneko zenbait pasarte kendu eta beste zenbait ukitu eta aldatu zituela.  

Txillardegi edota Marko Aurelio bera bezalako jende sentiberari kanpoko munduak eragindako sentimenduek hautsi diezaiokete arima, edo barne umoreen arteko desorekak, oroz lehen umore malenkoniatsuaren gailentze bortitzak. Vesperinik dioenez, Marko Aureliok diskurtso filosofikoak (logoi philosophoi), goiari eusteko erabiltzen ditu, pour rester droit, puskatu zaion arimaren zuzentasuna berreskuratzea xede. Egia da Marko Aureliok estoikoen ohiko gaiak darabiltzala, baina, haren sasoian, estoikoen zenbait logoi philosophoi erabiltzeak ez zuen esan nahi estoikoa zinenik, gaur egun psikoanalistarengana joateak Freuden jarraitzaile zarela frogatzen ez duen bezalaxe.

Gorago aipatu ortopraxia horrek, bestalde, bestelako kutsu bat hartuko du Erroman. Bai Grezian eta bai Erroman, praktika etikoek jomuga duten “soi” edo “norbera” hori ez da barrualdekoa, baizik erabat kanpokoari begirakoa, besteen soaz eta iritziaz arduratua. Bestalde, zuzentasun edo goiari euste hori ez da edonori baliagarri litzaiokeen bizimodu bat zeure egitea; aitzitik, zure estatusari dagokion bizimodua behar duzu zeureganatu, jendartearen igurikimenak ahal bezain artez beterik.

Grezian praktika filosofikoa kultu erlijiosoari zegoen lotua; Akademia, Lizeoa edo Lorategia kultuari lotutako elkarteak ziren. Etika ez da erlijiotik bereizten, ongi bizitzea jainkoekin bizitzea den heinean.

Erromatarrek ez zuten filosofia grekoaren zenbait alde onartu, eta horien artean erlijioarekiko lotura zegoen. Errepublikako Erroman, hori bai, filosofia ezingo da edertasunetik eta estetikatik bereizi. Diskurtso filosofikoak edertu egiten ditu aipagaia, hizlaria, entzuleak eta giro orokorra. Vesperiniren tesi hori ere berria da, uste izan baitugu antzinateko filosofiak mamia bilatzen zuela, azalari eta itxurari kontrajarritako mamia. Ordea, Errepublikan ez dago itxuratik aparteko izaterik, giza barrualde misteriotsurik. Bikainak dira Vesperiniren orrialdeak "ornamentum" hitzaren esanahiaz. Filosofoak besteei ahal bezain irudirik ederrena eskaini nahi die.

Marko Aureliori buruzko liburuko zenbait pasarte.

--

Epikuroren dizipulu gisa aurkeztu izan dugu beti Lukrezio, filosofo bertsolari hedonista ilun, baina Vesperinen ustez ez da ez filosofo eta ez epikurozale, baizik eta poeta profesional bat. De Rerum Natura edo Gauzen izaeraz Memmius izeneko bati dago dedikatua, eta uste izan da Lukreziok bere liburua Memmius delako hori Epikuroren doktrinaren bikaintasunaz konbentzitzeko idatzi zuela. Vesperiniren iritziz, aldiz, Memmiusen aginduz idatzi zuen Lukreziok Gauzen izaeraz, eta diru truke.

Lukrezioren garaian Erroman oso zabaldua zegoen lagunen elkarketetan eta zehazki banketeetan testuak ozenki irakurtzeko ohitura. Atsegin-iturritzat zuten. Poeta deitzen zitzaion horrelako topaketetarako testu-bildumak idatzi eta prestatzen zituen autoreari. Halatan, Memmius aberatsari saltzeko osatu zuen Lukreziok Gauzen Izaeraz.

--

Vesperinik ez du metodo berri bat asmatu. Bere ideia eta ikuspuntu berriak zor dizkiogu betiko Antropologia Historikoaren metodoa filosofiari aplikatzeari. Bestelako eremuetan erabili izan da gaurdaino: antzinateko artea, antzerkia eta poesia ulertzeko, besteak beste. Baina antzinateko filosofiaren historia Antropologia Historikotik berex ibili da.

Orain arte testu filosofikoa testuinguru historikoan kokatzen ahalegindu dira antzinateko filosofiaren historialariak; Vesperinik, berriz, testua eta testuingurua bereizten dituen harresia bota nahi izan du eta testua bizitzan zelan dabilen erakutsi. Etekin ederra atera dio Wittgensteinen “hizkuntza-joko” kontzeptuari: bizitza errealean zelan erabiltzen den erabakitzen du hitzaren zentzua, eta ez hiztegiko definizioak. Zerk eraman zituen Lukrezio edo Marko Aurelio beren testuak idaztera, zer harreman zuen jendeak horrelako testuekin... ? Soziologia, antropologia, filosofia eta hizkuntzalaritza pragmatikoa baliatzen ditu Vesperiniren Antzopologia Historikoak, testu filosofikoaren erabilera ulertzen ahalegintzeko.

Webgune honetako beheko aldean, Pierre Vesperiniren hitzaldi bat espiritualtasunaren arkeologiaz.

Hurrengo egunetan, Michel Onfrayk Vesperiniri egin dion elkarrizketa luze bat argitaratuko du, sei zatitan banaturik.

Txillardegiz

Markos Zapiain 2018/01/13 15:51
Malen Aldalurren galderei erantzunez

Irutxuloko Hitzan jasoa, "Hirian leku bat egin nahi diote" artikuluan. 


-Nola deskribatuko zenuke Txillardegi?

 Gizon konplexua zen, nortasun aberats eta interes ugarikoa. Ingeniariaren adimena zeukan eta bihotz erromantikoa. Behin borroka edo proiektu bat zuzentzat joz gero, buru-belarri eta eskuzabaltasun handiz inplikatzen zen.


-'Txillardegi eta ziminoa' liburua argitaratu zenuen. Zertaz hitz egiten duzu bertan?

Alde batetik, Txillardegik abiarazi zuen euskal nobelaren historiako ugaztunaren aroa. Peru Leartzako eta Haizeaz bestaldetik eleberrietan nabarmena da ziminoaren protagonismoa. Bestetik, ukatu egin zuen gizakiaren eta animaliaren arteko desberdintasuna funtsezkoa dela dioen aurreiritzi filosofiko-erlijiosoa. Graduala da aldea, ez esentziala. Liburuan aztertu nuen Txillardegik nola ulertu eta erabili duen ziminoa bere ipuin, nobela eta saiakeretan, eta ulermen eta erabilera horrek zelako bideak zabaldu dizkion euskal literaturari. Joan Mari Irigoienek dio Txillardegiren obra, oso polisemikoa izateaz gain, polisimio handikoa ere badela.


-Honela jartzen du Argian egin zizuten elkarrizketa batean: "Txilardegirentzat gizakia funtsean zimino hutsa da". Zer esan nahi du horrek?

Txillardegi euskal letren plazara jalgi zelarik kreazionismoa zen nagusi: Orixe, Laffitte... Errietak jasan behar izan zituen arren, Txillardegik, egia helburu, Darwinen irakatsiak bere mundu-ikuskeran integratu zituen. Ez gara Jainkoaren seme-alabak, baizik eta gorilaren anai-arrebak. Eta, jendartean bizi ahal izateko barruan daramagun ziminoa disimulatu eta kateatu behar izaten badugu ere, bizirik gauden bitartean ezin dugu zeharo ito. Tentsio horrek ematen dio tragedia eta grazia pertsonon bizitzari.

 

-Txilardegiren zein lan, bertute edo gogoeta nabarmenduko zenuke?

Bakoitzetik bat, merezi baitzuen. Lana: Peru Leartzako. Ezin hobeki barneratzen da Txillardegi burua galtzen ari den protagonistaren irudimen eta gogoeta puskatuetan. Umore beldurgarri batek bizi du. Bertutea: Espainia zer den ahal bezain objektiboki diagnostikatzeko ahalegina eta, ondorioz, benetako etsaien aurka benetan borrokatzeari eusteko ahalmena. Gogoeta: euskalduna euskalduna da. Tankera horretako ebidentziak izaten dira igartzen zailenak. Gure zientziaren oinarrian A A dela dioen baieztapena dago, eta ezin dela aldi berean B izan. Xamanen ahaleginak gorabehera, gizakia gizaki da eta ezin da aldi berean tigre izan. Era berean, Txillardegik erakutsi zigun euskaldunaren funtsa ez dela arraza, historia, sagardoa edo baserria, baizik euskara bera.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.