Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Txoferraren semea

Txoferraren semea

Markos Zapiain 2020/12/28 21:55


“Txoferraren semea” Alfons Quintá kazetariaren biografia bat da, eta Jordi Amat egilea ganorabako samarra den arren, prozesu independentistaren etsaia, ez zaio txarto irten. Katalunian azken hilotan gehien saldu den liburua da.  

Quintá izan zen ziurrenik trantsizioko kazetari katalanik garrantzitsuena: abian jarri zuen katalanezko lehen irrati-programa, Dietari; baita El País-en frankizia ere Katalunian (hantxe argitaratu zuen Banca Catalanako ustelkeriari buruzko primizia, ezin hobeki dokumentatua, 1980ean, Pujolek hauteskundeak lehen aldiz irabazi eta berehala); dena den, handik pixka batera, eta Jordi Pujolek berak eskatuta, TV3 sortu zuen, eta ez dut uste inguruan hasieratik bertatik TV3 bezain arrakastatsua izan den beste telebista publikorik dugunik; zenbait urteren buruan Kataluniako El Mundo ere martxan jarri zuen; azkeneko urteetan Avui-n eta Diari de Girona-n idazten zuen...

Egunkarietan, irratian zein telebistan, jendea erakarri nahi zuen ez eskaintza katalanez zelako, baizik eta gaztelaniazkoa baino hobea zelako.

(Hemen Dietariko perla bat, Quinták 1977an Federica Montseny anarkistari egin zion elkarrizketa, berrogei urte erbestean eman ondoren Kataluniara itzuli berritan. Osasun-ministroa izana zen 1936 eta 37an, Espainiako lehenbiziko ministro emakumea, lehenbiziko ministro anarkista. 72 urte zituen Quinták elkarrizketatu zuelarik.)

Ideologian ere gorabehera handiak izan zituen txoferraren semeak: gaztetan kolonizazioaren etsai eta altxamendu leninistaren aldeko, gero Gramsciren dizipulu, hurrena antikomunista bezain antifrantziar sutsu, eta azken urteetan unionista eta Intereconomía-n tertuliano edo berriketakide (horrela euskaratzen du Zehazkik tertuliano).

Pujolek 2014an bere delituak jendaurrean aitortu zituenean, Quinták 1980an salatutakoa egiaztatuz, bai CUPekoak eta bai Ciudadanosekoak hasi zitzaizkion deika hitzaldiak emateko. Laburra izan zen hala ere aparraldi hura, eta behin sikatuta segituan etorriko zen gainbehera definitiboa.  

Ogro bat zen, bikotekide toxiko nazkagarri bat, despota gaiztoa. Mendeku-gose asegaitz batek bizi zuen. Jordi Amatek haurtzaroko trauma bati egozten dio: aita Josep Pla idazle guruaren txoferra zen, haren laguna izatea lortu zuen, eta Plarekin egon ahal izateko emaztea eta semea baztertu zituen. Denborarekin, gainera, amoranteak izan zituen, beste familia bat osatu zuen. Aldi berean, Alfons txikia basatiki jipoitzen zuen: Quintá helduak azalean zeuzkan aitak gerrikoaren belarriarekin eginiko markak.

Aita Josep Plaren lagunartekoa izateak ahalbidetu zion Alfons Quintári botere errealen funtzionamendu zehatza ulertzea, eta, konkretuki, Katalunian nola nahasten ziren botere ekonomikoa, politikoa eta hedabideetakoa: izenak, jarduerak, proiektuak… Alfonsek orduak ematen zituen Plaren etxean, tertulien eta konfabulazioen lekuko. Horrek eman zion gainerako kazetariek ez zuten jakintza eta kontaktu-sarea. Baina aldi berean aita ebatsi zion mundu hura, Kataluniako botere-sistema, izango zen Quinták behin eta berriz suntsitu nahiko zuena. Abandonatua izateak kiskaltzen zuen barrutik eta pizten zion deabrua.

Buruargia zen eta oroimen apartekoa, baina mendekuaren zerbitzuan erabili zituen dohain horiek, aita deuseztatzeko, edo aitaren mundua, edo aitaren ordezkoak. Oroz gain, Jordi Pujol. Gaur egun ere, Jordi Pujol ziur da bere aita Florenci eraman zuen bihotzekoa Alfons Quintáren izkribuek eta solasek eragin zioten antsietateak eragin zuela. Quintári esker jakin genuen, orobat, Josep Pla Espainiako zerbitzu sekretuen espia izan zela, ipar-ekialdeko arduradun.

Enigma bat izan da beti, zergatik egin ote zuen Pujolek TV3ko zuzendari beste inork baino lehenago, gogorrago eta maizago eraso zion Quintá. Zenbaiten ustez, Quinták Banca Catalanaz argitaratu zuena baino gehiago zekien, eta hori ere jakinaraztearekin mehatxatu zuen, ez bazion telebista ematen. Beste zenbaiten ustez, eta hauen artean dago Jordi Amat, Pujolen jokaldi politiko bikaina izan zen: erosi egin zuen benetan kordoka zezakeen kazetari bakarraren isiltasuna, bizpahiru urte baino iraun ez bazuen ere.

Lankideekin arbitrarioa, biolentoa eta jazarlea zen, bereziki emakumeekin. Haserre zegoenean, sarriegi, garrasika ibiltzen zen erredakzioan eta pasilloetan, egundoko tentsioa sortzen zuen. Arazoak zituen normaltzat hartzen den portaerara egokitzeko. Zuzendari legez, erabat debekatu zuen bere bi kazetarik bikotea osatzea. Behin batean, auskalo zergatik pozik, erredakzioan atzera eta aurrera zebilen, argazki bat eskuan: Quintá bera itsasontzi batean, esku batean lema eta bestean arrain bat. Emakume kazetariei argazkiari ongi begiratzeko agintzen zien, eta xuxurlaka: “Nire sardina ikusi nahi duzu?” Lantokian ozenki deskribatzen zituen bere sexu balentriak, gehienek asmaturikotzat jotzen zituztenak. Lan egin zuen azkeneko egunkarietan ez agertzeko exijitu zioten, artikuluak etxetik bidaltzeko. Bazkaltzera eramaten zintuen eta zuzenean jaten eta edaten zuen plateretik, koilara erabiltzeke, eta zure platerean eskuak sartu eta patata batzuk edo oilasko-izterra kenduko zizkizun.

Hondar urteetan, Victòria Bertran medikua izan zuen bikotekide. Aurreko guztiek bezala, alde egin zion. Aurreko guztiek ez bezala,  gizonak txantaje emozionala erabiliz itzultzeko erregutu eta halaxe egin zuen, Quintá zaintzera itzuli, eri baitzen. Gau batean Victòria Bertran eskopetaz hil eta ondoren bere burua hil zuen. Bertranek 57 urte zituen eta Quinták 73.

Jordi Amaten Alfons Quintá ez da gaiztakeriaren mamitze gordin hutsa, ez da Estrella Distante-ko Carlos Wieder-en anaia bikia, baina ez dabil urruti. Kazetari gisa maiz desestali zuen egia. Ordea, desestaltze hori haren mendeku-gosearen zerbitzura zegoen. Jordi Amatentzat, Quintáren kasuan behintzat, ez dago egiaren bilatze desinteresaturik, eta interes hori gainera ez da etikoki onargarria. Ez da ezinezkoa halakoa izatea, are gizakien artean ere.

Edozelan ere, kriminal ero bat izan zen arren, Quintáren enpeinuari eta temari esker dugu gaur egun TV3 soilik katalanez, handik zenbait urtera, unionistengana hurbildu zenean, ederki damutuko zitzaion arren: barkamena eskatu zuen behin eta berriro, goraki aldarrikatu zuen lotsa zela, baina ordurako erremediorik gabe zegoen ONGIA gauzaturik.

Alfonso Guilló
Alfonso Guilló dio:
2020/12/29 11:58
A, ze pertsonaia! Ederki dokumentatu zara! Irakurri ahala, jokabideen eta pertsonen aldebikotasunaz ohartzen nintzen, erlatiboa baita ona ala txarra bereizketa.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2020/12/29 17:04
Bai, liburuan bipolartasuna aipatzen da, eta bere lankide askorentzat Quintá ez soilik zentzu arruntean, zentzu klinikoan ere zeharo pitzatuta zegoen.
Raimundo
Raimundo dio:
2021/01/01 14:57
Ikaragarria benetan, zorionak. Dena den telebistarako serie osatzeko tematika badauka.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/01/03 13:35
Urte berri on, Raimundo. Quintárena egiteko Francesc Orella egokia litzateke, ezta? Luis Tosar, agian?
Amatiño
Amatiño dio:
2021/02/05 00:37
Berandutxo bada ere, irakurri dut. Ezin esan ziztu bizian irakurtzekoa ez denik. Irakurterraza eta interesgarria. Ofizio handiko idazlea, gero, Jordi Amat egilea.

Alfons Quintá protagonista, berriz, psikopata samarra. Kontakizunak ondotxo frogatzen du errealitateak badakiela fikzioa gainditzen.

Bestalde, Markos, nik ez dut inondik ere uste zuk diozuna, alegia: “Quintáren enpeinuari eta temari esker dugu gaur egun TV3 soilik katalanez”.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/02/05 08:10
Bai, abila izan da Amat liburua egituratzeko orduan, irakurlearen jakin-minari eusten dio.

Aizu, Amatiño, ni ez nintzateke ausartuko Quintári esker dela TV3 soilik katalanez idaztera, liburuak berak hitzez hitz ekarriko ez balu, eta behin baino gehiagotan.

Amat hain abila denez, ez zigun saldu nahiko hiltzaile gaizto batek bakarrik egin zezakeela TV3 katalan hutsezko?

Dena den, seguru zuk erabaki haren inguruko datu gehiago dauzkazula.

Eta ETBren lehenbiziko urteek ez dute thriller bizi bat merezi?
Amatiño
Amatiño dio:
2021/02/05 10:46
Ez dut gai horretaz informaziorik. Hain zuzen ere, informaziorik eza da nire datu nagusia. Hizkuntzaren kontua ez zegoen katalanen eztabaidan. Ezta aipatu ere. TVEn españolez hitzegitea aipagai ez den bezala. Gurean zenbait politikarik, hainbat zuzendari nagusik eta goi-teknikaririk gehienek gaztelaniaz baino ez zekiten artean (horrela zen --eta da?-- gure gizartea), nik ez nuen garai hartan sekula Generalitatean, CiUn edo TV3n katalanez ez zekienik aurkitu. Kataluniako "farandula" guztia, TVE, SER irratia, egunkarietako zuzendariak, zinema zein ikuskizun-mundua katalana zen. Oraintsu arte Euskal Herriak Madrila esportatu izan dituen prentsa-irrati-telebista-zinema profesional guztiak-edo erdaldunak ziren. Espainiako merkatuan ospetsu eta arrakastatsu diren artista katalan guztiek katalanez dakite, ordea. Galiziako telebistako zuzendariek, euren artean, gaztelaniaz hitzegiten zuten (1985). Gertaera hori ezina zen Katalunian. Esan nahi dudana da, hainbat girotan, hainbatek zalantzaren bat izango zukeela, agian, TV3ren hizkuntzaz, baina ez behintzat Generalitateak eta TV3k.

Ez, benetan diotsut, ETBren sorrerak edozenbat anekdota eragin ditzake, baina nekez thriller bat. Baina funtsezko aldea ez dago ETB eta TV3 telebisten arteko dimentsioan. Benetako aldea zera da: hemen ez zen Banca Catalanaren aferik izan eta Garaikoetxea ez da Puyol. Ezta Luis Iriondo Alfons Quintá ere, jakina.

Bestalde, kontu bitxi gisa, Alfons Quintá, behin gutxienez, Nafarroa Oinezen egon zen.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/02/05 21:54
Alfons Quintá Nafarroa Oinezen, bai irudi indartsua, Amatiño. Taxistaren semea euskaratuko balitz azalean jartzeko modukoa. Sarean argazkiak bilatu ditut baina ezer ez.

Euskal Herriak Madrila esportatu dituen telebista-guru horietako bat Mikel Lejarza da, eta ia ohartu gabe bere aurpegia jarri diot Iñaki Irasizabalen Arrakastaren aparretan-eko Lujuari, zeren eta Lujua Espainiako telebista-kate pribatuen eta telezaborraren sorreraren urteetan ibili baitzen arrakastaren aparretan.

Ez dakit bat datozen buruan duzuna eta zure testuaren amaieraz orain idatziko dudan interpretazioa, baina ausartuko naiz hala ere, ez baitut uste zure hitzek interpretazio hori gezurtatzen dutenik, nahiz eta beste interpretazio batzuk ahalbidetuko dituzten ziur aski.

Hemen jendeak nahiago du Banca Catalanako lapurretaren antzekorik nozitu ez izana, nahiago halaber Garaikoetxea Pujol baino eta Iriondo Quintá baino; gaur egun bai, behintzat.
  
Litekeena da Katalunia direnetan eta ez direnetan izatea gu baino handiagoa, gaiztakeria barne. Gure ordezkariak apalagoak dira, ez dira katalanenak bezain ustelak, benetan indartsuak iruzurrari emanak izaten direlako, eta gu horretara ere ez gara iristen.

Ulertzen ez dudana da nola lotzen duzun hori telebisten hizkuntzarekin. Lotuta ikusten dituzu gure ezintasun linguistikoa eta fundamentuzko iruzurrak aurrera ateratzen ahalegintzeko erakutsi izan dugun txepelkeria? Sendoagoak dira zintzotasuna eta koldarkeria hizkuntza txikituak dituzten herrietan? Perspektiba interesgarria gero soziolinguistikarako eta psikolinguistikarako.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.