Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Dora eta histeria

Dora eta histeria

Markos Zapiain 2020/10/18 17:50
Catherine Clément-en "Inkontzientearen iraultzak: arimako eritasunen historia eta geografia"tik egokitua

Freud gizona zen. Gizonak ez dira fidagarriak, batez ere gizon batek neska bat psikoanalizatzen duenean. Beraz, Doraren kasuaren berri ematen duen Freuden testuaz gain, hemen Catherine Clément adituaren oharrak ere kontuan hartuko ditugu, Freuden ikuspuntuak erlatibizatzen baititu, Doraren jarreren mesedetan.

Dora gazte histeriko bat zen. Freuden tratamenduak ezin izan zuen Dora sendatu. Garai hartan, gaur egungo deontologia psikoanalitikoaren oinarriak ez zeuden ezarririk, eta Freudek adiskide paziente baten alaba psikoanalizatzea onartu zuen. Gizonak, Philip Bauer-ek, sifilisa zuelako jo zuen Freuden kontsultara. Freudek larregi ezagutzen zuen Bauer. Orobat honen alaba Ida. “Histeria kasu baten analisiaren atal bat” idazkian Idari Dora deitu zion.

Bauer jauna ezabaturiko emazte baten senarra zen. Freudek krudelki deskribatzen du haren “etxekoamorante psikosia”: etxeko altzariak, zola, hormak, hainbeste garbitu, distirak azkenik eguneroko erabilerarako ezgai uzten baititu. Bauer jaunak maitale bat du, K. anderea. Honek Bauer, gaixoaldi sifilitikoan, debozioz jagon du. K. anderearen senarrari dagokionez, Dora seduzitu nahi du. Dorak hamalau urte zituenean, lizunki besarkatu eta ezpainetan musu eman zion. Dorak, Freudengana doalarik, 17 urte ditu. Sintoma txiki bat pairatzen du, eztul nerbioso bat, ezin duena gainetik kendu. Nahiago ditu emakumeentzako hitzaldiak eta ikasketa serioak ohiko denborapasak baino. Ez da inondik inora neska inozo bat.

Aurreko urtean, aintzira baten ertzean, K. jauna berriro saiatu da Dora seduzitzen. Eta bere hurbilketak hobeki onar ditzan asmoz, esaldi klasiko hau botako dio: “Nire emaztea ez da ezer niretzat”. Erantzun gisa, Dorak masaileko bortitz bat joko dio eta guztia amari kontatuko dio.

Amak, Bauer andreak, etxekoamorante ezabatuak, bere aldetik, senarrari kontatuko dio. Bauer jaunak K.ri azalpenak exijituko dizkio, adarrak ipintzen dizkion K. jaunari hain zuzen. Sumindura hipokrita batez, K. jaunak Dora sexu-obsesutzat salatuko du. Eta Bauer jaunak bat egingo du alabaren aurkako salaketarekin. Soluzioa: Bauerrek Dora Freud adiskidearengana bidaliko du. Dora nerabea goitik behera ohartu da inguruko helduen maitasun-trapitxeoez. Baina Freudek, Doraren gurasoen belaunaldiko kide, ez daki horretaz ezer, eta ez du jakin gura. Guztiz gertu dago K. eta Bauer jaunen salaketak onartzeko: oroz lehen, neska guztiak dira biziotsu hutsak. Freudek ez zuen hori hitzez hitz idatzi, baina C. Clément andereak garbi nabaritu dio lerroartean.

Freudek ez daki deus Bauer jaunaren eta K. andrearen arteko harremanaz. Freudek Dora K. bikotea gorrotatzera bultzatu zukeen trauma urruna bilatzen du; trauma horren ondorioz maiteminduta genuke Dora, K. jaunarenganako maitasun erreprimitu batez. Freuden ustez, Dorak sentitzen duen nazka, sexu-beroaldi zapaldu bat da funtsean. Histerikoari, definizioz, sexu-kitzikadura desatsegina zaio. Ziur da Freud honi dagokionez: Dorak, seduzitu nahi duen gizonari masaileko bat joz, neska eszitatu bat dela adierazi du, ohartzeke. Ohartzeke halaber, Freudek ganoraz lagunduko dio Bauer lagunari honen asmo sekretuan: alaba Dora K. jaunaren besoetara bultzatzea, eta Freudek lor dezan Dorak onartzea bere aitak, Bauer jaunak, amorante bat duela.  

Dora, K. jaunaz amorosturik? Hemen, dirudienez, Freudek hanka sartu zuen. Dorak eskubide osoa du mesfidatzeko K. jaunaren altzora bultzatuko lukeen negozio horretaz, Doraren aitak K. andereaz gozatuko zukeen bitartean.

Denbora luzea beharko du Freudek ulertzeko Dorak egia dioela; eta luzeagoa oraindik atzemateko Dora gogorki erakartzen duela ez K. jaunak (masailekoa hortaz benetakoa zen), baizik eta K. andereak.

Bai, K. anderea, bere aitaren amorantea. Dorak maiteminduaren ohiko goxotasunaz deskribatuko du haren “azal zuri maitagarria”. Bestalde, Bauer jaunak ezin du gauza handirik egin, inpotente gelditu baita. Hain emakume xarmanta eta inork ez du gozatzen: ez senarrak, zeinarentzat ez baita deus, ez maitaleak, ezin baitu. Dena den, Dorak imajinatzen du bere aitaren eta K. anderearen arteko sexu harremana ahozkoa dela, K. andereak felazioak egiten dizkiola. Eta hortik datoz eztarriko arazoak, eztula eta afonia. Sintoma histerikoa eta sexu oinarriaren berezitasunak lotuta daude. 

Edonola ere, poliki-poliki Dora K. jaunarekin identifikatu da; baina gaztearen nahia ez da honen sedukzio ahaleginak onartzea, baizik emazteari dagozkionetan K. ordeztea. Ez da egia masailekoaren arrazoia K. jaunarenganako Doraren maitasun zapaldua dela. Arrazoia K.ren lotsagabekeriaren aurka altxatzea da, emaztea beretzat ez dela ezer aldarrikatzera ausartzeagatik.

Freudek ez du ulertzen. Boluntarismoz, sutsuki ahaleginduko da Dorak onar dezan K. jaunak erakartzen duela eta K. jauna bere aitaren, Bauer jaunaren, ordezko dela. Adibidez, Dorak amets hau egin du: “Etxe bat sutan. Nire aitak, nire ohe ondoan zutik, esnatu egin nau. Arin janzten naiz. Nire amak bere bitxi-kutxa salbatu nahi du, baina nire aitak dio: ‘Ez naiz nire bi umeekin batera erreko zure bitxi-kutxaren erruz’. Eskailerak ziztu bizian jaitsi ditugu, eta etxetik irteten ari nintzela iratzarri naiz”.

Freudentzat bitxi-kutxa alua da. Dorak erantzungo dio: “Banekien hori esango zenuela”. Freudek bere interpretazioa bikoiztuko du. Aurrena, ametsa alderantzikatu: baldin Dorak amets egiten badu aitak salbatzen duela, horrek adierazten omen du Dorak justu kontrakoa desira duela, aitarekin batera kiskali. Hurrena: gaiztoa, lehiakidea, ama da, bere bitxi-kutxarekin. Dorak eskainiko dio aitari bere bitxi-kutxa, amak ukatzen diona. Doraren kontzientziak ezin du hori onartu, eta ondorioz Dorak aitarengana eta K. jaunarengana sentitzen duen maitasuna zapalduko du.

Dorak uko egingo dio Freuden interpretazio horri. Hain zuzen horrexegatik joko du Freudek interpretazio zuzentzat. Doraren erresistentziek frogatzen omen dute Freudek asmatu duela. Horrela, Freud beti dabil zuzen: arrazoia ematen diozunean, listo; eta arrazoia ukatzen diozunean, ukoak berak frogatuko luke Freudek arrazoi duela, ukoak egia gordinaren aurkako erresistentzia adierazten baitu.

Azken amets baten ostean, 1899ko abenduaren 31n, urte berrirako onurak opa dizkion bitartean, Dorak Freuden kontsultara ez itzultzea erabakiko du, eta eutsi egingo dio.

Freudek beranduegi ulertu du nola erotizatu duen neska gazteak K. anderearen gorputza; orobat, histeriaren osagai homosexual erreprimitua.

Horri guztiari eransten zaio Freuden itsutasuna beraren jarreraren aurrean, berak geroago “kontratransferentzia” izendatuko duena. Freudek inkontzienteki Bauer adiskidearekin bat egin du, Doraren kalterako. Ez du harrapatuko Dora gazte azkarrak Freuden inguruan irun dituen sareen artean bakar bat ere. Dorak Freudengan aldi berean aita, babeslea, seduzitzaile erakargarria eta amorante bat ikusten baitu.

Zenbait urte geroago, Lacanek esango du andre histerikoak maisu bat bilatzen duela, hau menperatu eta honen erregina izateko.

Atea atzean itxita, Dorak Freudi bere mezua utzi dio: ez duzu nire maisua izan nahi, ez nauzu amorante gisa maite? Orduan agur!

Dora ez zen sendatu. Bikote-bizitzan zoritxarreko, eztarria berriro garramatuta eta marrantatua, 1922an psikoanalista bat kontsultatzera itzuliko da. Huts eginiko terapia honen berri on bakarra da Ida Bauer, ezizenez Dora, naziengandik ihes egitea lortu eta AEBen hil zela.

Freud, oso zabala izan arren mugimendu psikoanalitikoan emakumeen zeregina onartzeko orduan, inoiz ezin izan zituen baztertu emakumearen kontrako bere garaiko aurreiritziak. Umeak ohean seduzitzen dituzten aiten eta osaben eta kontu hauen inguruan gezurretan dabiltzan nesken artean, Freudek gizonen alde egin zuen.

Freudentzat, halatan, K. jaunak ezinbestez erakarriko du Dora. Ezinbestekotzat bide du hamalau urteko neska birjina kitzikatzea, baldin eta puruak erretzen dituen gizon heldu batek estu besarkatu eta musukatzen badu. Inor gutxik onartzen du hori gaur egun. Bestalde, Freud, Dora bere maitearen senarrarekin identifikatzen dela ulertzean, “zakilaren bekaizkeriaren” ideia eratzen hasiko da. Freuden ustez, zakilaren inbidiak inkontziente femeninoa sutzen eta irensten du. Feministek sarritan kendu diote mozorroa Freuden misoginia sakonari, eskubide osoz; dena den, 1900 inguruko Vienan, Freud ez zen bere hirikideak baino zuzenagoa edo okerragoa.

Edozelan ere, C. Clémentek uste du hori ez dela Freuden bekaturik larriena, baizik pesimismo hauxe: hain konbentzituta dago Freud histeria ezin dela sendatu, ausartuko baita aldarrikatzera itxaropen terapeutiko bakarra  dela “miseria histerikoa zoritxar arrunt bilakaraztea”.   

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.