Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Udaberrian hil zen Little Richard

Udaberrian hil zen Little Richard

Markos Zapiain 2020/12/06 20:40

Maiatzean joan zitzaigun bere burua rock’n’rollaren arkitekto izendatu zuena. Afrikar-amerikarra zen, baina bazituen halaber arbaso cherokeeak. Sarritan zabaldu zuen judua ere bazela. Bolada batzuetan kosher jaten zuen, sinagogara zihoan (urte oso batean behin bakarrik huts egin ei zuen) eta sabbatha errespetatzen zuen (ostiralean hasita gainera). Bere bizitzako auto-istripurik bortitzena nozitu zuenean, ospitaleko ohean esnatu eta han zuen edonon edonoiz ageri den Bob Dylan aulki batean eserita. Dylan etenik gabeko zazpi orduz mintzatu zitzaion sabbatha errespetatu beharraz. Richardek sabbath zelako uko egin zion Rod Stewarten etxera festa batera joateko gonbite bati. Judua zelako ez omen zion inork jaramonik egiten, ez rock’n’rollaren benetako arkitektoa izan zela esaten zuelarik, ezta bestelako adierazpenei ere.

Familia baptista txit erlijioso batean hazi zen. Apaiz adbentista zuen aita. Ez zuen semea maite. Aitaren hizkera erabiltzeko, Little Richard jaiotzez zen amorfo samarra: eta egia da, besteak beste, hanka bat bestea baino franko laburragoa zuela, eta arazoak zituela ezkerreko aldakan (izar distiratsu bilakatu eta gero ere, elbarri-aulkian eserita agertu beharko zuen batzuetan oholtzan). Bestalde, makillatzeko eta emakumeen soinekoak janzteko joera zuen. Nerabezaroaren hasieran aitari aldarrika entzun zion semeaz lotsa zela, hobe marikoi ergel hura jaio izan ez balitzaio. Gogor jipoitzen zuen.

Arrakastaren gailurrean politoxikomano bihurtu eta sexu gehiegikeriatan amildu zen. Autobus-geltoki bateko komunetan gizonei txiza egiten zuten bitartean espiatzeagatik atxilotu zuten. Zenbait urteren buruan, Jainkoak seinale batzuk bidali zizkion eta haurtzaroko federa itzuli zen, eta bide batez juduen federa ere bai. Konbertsiora arte gay izana zen, armairutik irteten aurrenetakoa, baina Jainkoak jakinarazi zion zerbaitengatik sortu zituela Adam eta Eva, eta ez Adam eta Manolo; epifania horri esker bihotza Jesukristori eskaini eta hetero bilakatu zen, nahiz eta aurrerantzean ere behin eta berriro eroriko zen bekatuan.

San Agustinek, Xabier Letek eta heroinazale eta alkoholiko-ohi askok bezala (George W. Bush margolaria konparazione, AEBeko presidente-ohia), bere konbertsioa era teistan interpretatu zuen Little Richardek ere. "Esperientzia erlijiosoaren ugaritasuna" hitzaldi-bilduman, William Jamesek, teistaz gain, konbertsioaren beste bi interpretazio-mota nabarmendu zituen: bata, estoikoenaren edo hippienaren gisako panteista-idealista, Pierre Hadotek 1981ko Gogo-jardunak eta antzinako filosofia-n eta ostean argitaratu zituen liburu gehienetan ikuspuntu desberdinetatik azalduko zuena; eta, bestea, mediku-positibista.

Azalpen teistaren arabera, grazia jainkotiarrak erabakitzen du izaera berri baten jaiotza, behin zaharra zinez utzi eta gero. Panteisten ustez, berriz, birjaiotza ni pribatu estuak unibertsoaren izpirituarekin edo inkontziente kolektiboarekin bat egitean gertatzen da, orduantxe erortzen baitira bakartzen gaituzten mesfidantzaren eta antsietatearen hesiak. Azkenik, azalpen mediku-materialistak dio prozesu mentalik sinpleenak libreago dabiltzala beren kabuz jarduten uzten diegunean. Baldin eta sinpletasun hori goraldu nahi badugu, gailurreraino igo, han goiko prozesuek erregula ditzaten, soilik lortuko dugu oinarri sinple hura inhibitzea. Esperientzia erlijiosoaren ugaritasuna-ko laugarren hitzaldiko 23. oinoharrean deskribatzen ditu William Jamesek hiru ziaboga-mota horiek. Liburu hori Erlijioaren Filosofiari zaio Good Golly Miss Molly rock’n’rollari izan zitzaionaren antzeko zerbait.

Alfonso Guilló
Alfonso Guilló dio:
2020/12/08 12:07
Zenbat datu Little Richard-i buruz!
Nerabeak ginela rock´n rollaren zela ikasi bagenuen ere, urte dexente pasa ziren haren grabaketak entzutea lortu genuen arte, gaur egun YouTuben bata eta bestea bertsio batean zein bestean entzun eta ikus daitezkeelarik.
Mexikoko Teen Tops-en bidez ezagutu genuen rock´n rolleko abesti asko, tartean Little Richard-en zenbait, izan ere, ingelesez zetorrenari ez zeritzan ongi zentsurak.
The Beatles-en Long Tall Sally ere bai.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2020/12/08 19:21
Alfonso, zer da Mexikoko Teen Tops hori?
Alfonso Guillo
Alfonso Guillo dio:
2020/12/20 10:54
Barkatu, galdera ikusi gabe pasatu zait.
https://es.wikipedia.org/wiki/Los_Teen_Tops
Ez duzu sekula entzun Popotitos rock'n rolla?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2020/12/23 21:37
Zuk erakutsi arte ez nuen ezagutzen Popotitos rock'n'rolla, "a mi Popotitos yo le doy mi amor". Interneten begiratzen ibili naiz eta ikaragarriak dira Los Teen Topsen itzulpen batzuk, gaur egun autozentsurak debekatuko lizkieke. Gure etxean gehien entzun ditugun mexikarrak Los tremendos gavilanes dira, eta kasualitatez: inork ez daki nondik nora agertu zen haien kasete bat autoan eta behin eta berriro jartzen genuen. Iraultzari buruzko korrido ugari, Pantxo Villa protagonista, edo Emiliano Zapata, edota, hain ezaguna ez den arren, Pascual Orozko jenerala:

https://www.youtube.com/watch?v=yb27PEiozYo

Hemen Pantxo Villari buruzko "Durangon hasi zen":

https://www.youtube.com/watch?v=J2ErivudBhs


Nik dakidala, Tapia eta Leturia dia euskal "Gabirai izugarriak".
Alfonso Guilló
Alfonso Guilló dio:
2020/12/28 16:32
Horixe gartatzen da, bakoitza mundu desberdin bat gara. Politak dira ipini dituzun abestiak eta estiloa.
Hemengo trikitiak asko ireki zen eta ondo etorri zaio, izar berriak azaldu dira eta jendeak gustura entzun eta dantzatzen ditu estilo berriak ere bai.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.