Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Otsoen gizona eta depresioa

Otsoen gizona eta depresioa

Markos Zapiain 2020/11/10 11:44

Otsoa joan den mendeko ametsik esanguratsuenetako baten funtsa da.
Sergei Pankejeff amesgileari “otsoen gizona” deitzen zaio. Berak ere, telefonoa hartzen zuelarik, “otsoen gizona naiz, bai, esan” agurtzen zuen. Eta bere autobiografiari “Otsoen gizonaren oroitzapenak” izenburua jarri zion.

Sergeik arreba bat zuen, bi urte nagusiagoa. Arreba hori zen aitaren ideala: inteligentea, aktiboa. Sergei berriz geldoa zen, pasiboa, laburragoa. Garai hartako aurreiritzien ildotik, jendeak zioen neskak zirudiela mutila, ahalmen intelektualengatik, ekimenagatik eta izaeragatik; Sergeik berriz neskatxa, otzantasunagatik, pasibotasunagatik.

Behin batean, gurasoak arrebarekin oporretara joan eta Sergei inudearekin bakarrik utzi zuten. Ezin hobeto konpondu ziren, kariño handia hartu zion Sergeik inudeari. Gurasoak bigarren bidaia batera joan eta Sergei arrebarekin, inudearekin eta institutriz ingeles batekin utzi zuten. Bigarren bidaiatik itzuli zirenean, semea erabat aldatuta aurkitu zuten: apetatsu, kaskagogor, desafioka. Kanpoan zirela, gatazka piztu zen Sergeik ikaragarri maite zuen inudearen eta institutriz ingelesaren artean, eta gorroto handia hartu zion Sergeik institutrizari. Freuden ustez, arrebaren aurkako gorroto inkontzientearen desplazamendua zen hura.

Freudek Sergeiren amets biren berri ematen digu.

Lehen ametsean, Sergeik arrebari arropa erantzi eta seduzitzen du. Aktiboa eta maskulinoa da Sergeiren jarrera.

Freuden interpretazioaren arabera, benetako bizitzan arreba izan zen Sergei seduzitu zuena; sedukzio errealean arreba aktibo, Sergei pasibo. Hori izango da Sergeiren bizitzan lehenbiziko gertaera traumatikoa. Eta arrebaren aurkako gorrotoa, bera pasibotasunera behartzeagatik sortuko da.

Bigarren gertaera traumatikoa: Sergeik 15 urte zituelarik, arrebak, bi urte
nagusiagoa, eldarnio baten ostean bere buruaz beste egin zuen. Biziki
mingarria izan zen dena: arrebak suizidatzeko pozoia irentsi zuen, egarri
izugarria eragin zion, errekara joan zen zoro lez ura edatera eta itota hil zen.

Handik bi urtera, Sergeiren aitak ere bere burua hil zuen. Gainera, garai hartan berean, Sergeiri, prostituta batekin izan zuen harremanaren ondorioz, gonorrea sortu zitzaion. Depresioan erori eta klinikaz klinika ibili zen.

Bizitza aurrera doa eta Sergeiren jarrera femeninoak jarraitzen du nagusi izaten, aitak arreba aukeratu izana oinarri. Nolabait, aitak bigarren mailara baztertu izanak behartzen du Sergei jarrera femeninoa hartzera.

Dena den, Sergeik erresistentzia erakusten du aitak kokatzen duen jarrera femeninoaren aurka, askatu nahi du aitak ezartzen duen pasibotasun horretatik, baina ezin. Inoiz ez du barne borroka hori gaindituko.

Lau urte zituen Sergeik, izena eman zion ametsa egin zuenean.
Ametsa Sergeik berak kontatua, hitzez hitz: "nire ohean nengoen, gauez. Parez pare nuen leihoa, errealitatean bezala. Supituki leihoa ireki egin zen, itxuraz berez, eta zeharo izutu nintzen: lorategiko intxaurrondo handiko adarretan sei-zazpi otso zuri zeuden eserita, niri tinki so. Zuriak ziren eta otsoarena baino antz handiagoa zuten azeriarena edo artzain-zakurrarena, azeriaren buztan handia baitzuten eta belarri tenteak. Erabat larriturik, beldurturik otsoek jango nindutelakoan, garrasika hasi eta esnatu nintzen."

Sergeik ez zuen benetako otsorik ikusia; hala ere, ametsaren erruz, fobia hartuko zien. Otsoen irudiak ikuste hutsaren ondoriozkoa da ametsa eta bilakatuko da Sergei otsofobiko. Freuden iritziz, Hans txikiari fobia eragiten zion zaldia aita zen bezala, Sergeiren otsoa ere aita izango da. Otsoek jango ote duten ikara, aitak zikiratua eta suntsitua izateko arriskuak eraginikoa da.

Ametsa aztertu ahala, hauxe nabarmendu zen: Sergei hamazortzi hilabeteko umea zelarik sehaskan zetzan uda arratsalde bero batean, siesta orduan. Esnatu eta gurasoak larrutan ikusi zituen, aita belauniko eta ama lau hankatan.

Otsoen zuritasuna gurasoen kamisoien oihalari dagokio, belarri tenteak eta otsoen buztan larderiatsua, berriz, esan gabe doa.

Freuden interpretazioaren arabera, ametsean Sergeik amaren jarreran ikusten du bere burua identifikaturik: aita aktiboak maitatua. Baina aldi berean aitarekin ere identifikatzen da: ama lau hankatan dagoen bitartean, aita zutik dago, eta horri dagokio otsoen jarrera zutak; eta otsoen buztan eta belarri tenteek ere Sergeiren falogabetze eta feminizatzearen konpentsazioa adierazten dute.

Ametsaren edukietatik tiratuz, asoziazioei esker, nabarmendu zen Sergei umeak amaren alua ikusi eta kastrazioaren ondoriozko zauri gisa interpretatu zuela.

Ametsetan ohikoak diren alderantzikatzeak era ageri dira: ametsean otsoek berari begiratzen badiote tinko, horrek esan nahi du errealitatean Sergeik iltzatu zuela begirada gurasoengan.

Eta otsoak geldi-geldirik ageri badira ametsean, alderantzikatzeak erakutsiko du benetan gurasoek arratsalde hartan mugimendu handia izan zutela, hortxe ikasi zuela nolakoa den guraso zaharren mugimendua.

Otsoen ametsak Freud ideia baten arrastoan jarri zuen, gerora
eztabaidaezintzat joko zuena: txikitan guztiok ikusi ditugu gurasoak txortan, edo horman zehar entzun bederen eta irudikatu.

Otsoen gizonaren gisara, inork ez dugu unean bertan jakin zer gertatzen ari zen. Freudek uste du gurasoen gorputzen jarrerak eta egiten dituzten hotsak kontuan hartuta, umeak ia beti aitak ama hil nahi duela ondorioztatzen duela.

Ezin hori ordea bere horretan onartu, gogorregi zaio, pairagaitz, arima arrakalatuko ote dion, eta bere burua babestearren gurasoen irudi hori inkontzientera bidaliko du.

Inkontzientea antzeko irudi, sentimendu eta gertaera jasangaitzez beterik omen dugu, atezuan beti, kontzientera jauzi egin ahal izateko edozein aukeraren zain.

Eta ametsa da Freuden ustez aukera nagusia, gurasoak otso bilakatzen
zaizkigun agertokia.

Amak Sergei lasaitzeko asmoz Biblia irakurrarazi zion, baina kontrako efektua erdietsi zuen, Sergei Jesukristoren jarrera otzanaren aurka matxinatuko baitzen: beste masaila ipini, etsaia maitatu, gurutziltzatua izatearen onarpena… oro har, ahuldade hori gaizki iruditu zitzaion otsoen gizonari. Sergeik bere otzantasun ahula proiektatu zuen Jesukristorengan, eta bera pasibotasun hori gainditu nahian dabilen bitartean Jesusek goitik behera mamitzen duela ikusteak amorratuko du. Sergei ere abenduaren 25ean jaio zen.

Hil arte luzatuko da Sergeiren barne borroka, bere alde homosexualaren eta aitarekin identifikatzearen ondoriozko aktibotasunaren artean. Heterosexuala zen. Bera zaintzeko beti aukeratu zituen andreak, amatxo erizainak; hori bai, kultur eta ekonomia maila baxukoak, bere nagusitasuna garbi gera zedin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.