Arratoien gizona eta neurosi obsesiboa
Esaten da erlijioa, sexua eta eskatologia direla tabua gordetzen duten hiru eremuak. Tabu politiko-ideologikorik, hortaz, definizioaren arabera, ez dago. Politika eta ideologia baldin badaude, ez dugu taburik. Eta tabua ageri delarik, ez dago ez politikarik ez ideologiarik.
Ideologia eta politika tabu bilaka litezke ez ideologia eta politika diren heinean, baizik erlijioari edo heriotzari dagokienez ondorio gogorrak eragin dituztelako. Mahomari edo Auschwitzi barre egitea ez da tabu politiko-ideologikoren bat haustea. Erlijioari eta heriotzari loturiko tabuak hautsi dira hor.
Horregatik, gaur egun ez dugu tabu afektiboa besterik. Nik dakidala, artisten artean, ustezko tabu-haustea tradizio aspergarri bilakatu da. Eta tabu politikorik ez dago.
Ondorioz, tabu afektiboak gelditzen zaizkigu. Eta horiek oso erlatiboak dira, eta partikularrak, norberaren sekretuei edo oinarrizko mamu zapalduari lotuak.
Barnebiltzen duten sentimendu-korapiloa oso gogorra eta beroa denez, irudi eta oroitzapen horiek osatzen duten tabua aipatze hutsak eritasuna, ezusteko erantzun bortitza edo heriotza bera ere ekar liezaguke.
Freudentzat, ezaugarri askotan bat datoz neurotikoaren obsesioa eta tabua.
Freudek 1907an hartu zuen Ernst Lanzer, ezagunagoa zaiguna Freudek eman zion ezizenaren bidez: arratoien gizona. Psikoanalisia bederatzi hilabete eta erdiz luzatu zen. Lanzerrek, tratamenduan zehar, zakarki eta lizunki iraindu zituen Freud eta honen emazte Martha eta alaba Anna. Terapeutak hartzen jakin zuen; horretarako ordaintzen omen diete.
Lanzer gizon zahar samar baten eta emakume gazte baten semea da, eta sentimendu deigarriak dauzka gurasoengana. Aita adoratu egiten du; aldiz, ama ez du batere maite. Kiratsa omen dario, bai sexu aldean, eta bai hesteetako eritasun baten ondorioz. Inkontzienteak, usaimen fina izaki, gorroto ditu usain txarrak.
Freudengana kontsultara datorrenerako, Lanzerrek entzuna du psikoanalisiaz zerbait. Ideia obsesiboak jasaten dituelako dator. Zeharo obsesionaturik dabil, ezer txarrik gertatuko ote zaien biziki maite dituen bere aitari eta bere ametsetako damari. Aitaren edo maitearen heriotzak obsesionatzen dute; baita bere burua mutilatzeko beldurrak ere; eta baten bat hiltzeko irrikak.
Freuden ideiak ezagunak dituenez, Lanzerrek berehala azaltzen dizkio haurtzaroko sexu-oroitzapenak. Sentsualak dira oroitzapenok: begiz jo eta zelatatu egiten zituen neskame biluziak, hauen kamisoien barruan sartu eta aluak laztantzen zizkien. Utzi egiten zioten. Era berean, hurbildik eta bero behatzen zion arreba nagusiari.
Sexualitatea oso txikitan piztu zitzaion, beraz; ikusteko plazerari loturiko sexualitatea. Ordea, berehala uztartu zitzaion ikara obsesibo bat. Zehazki hauxe: “Baldin neska bat biluzik ikusi nahi badut, aita hilko da.”
Tratamendu psikoanalitikoaren bidez oroituko da soldaduskan kapitain batek txinatarrek erabiliriko zigor baten berri eman ziola, hots, ipurdian arratoiez beteriko ontzi bat lotzea, halako eraz non arratoiek uzkitik sartzea baitute ibilbide bakar. Lanzerrek, hau entzun orduko, arratoiez beteriko ontzia bere aitari eta ametsetako damari aplikatzen zietela otu zitzaion. Eta, Freuden adierazpen jenial horietako batek dioenez, tabuari perfektuki egoki lekiokeena, Lanzerrek “bazenik ere uste ez zuen plazer mota baten aurreko izu-ikara” sentitu zuen.
Halako batean, Lanzerrek, aitaz bizirik balitz bezala mintzatua zena ordu arte, agonia luze baten ondoren hil zitzaiola aitortuko dio Freudi. Semeak arduraz eta goxo zaindu zuen; azken hatsaren uneak, ordea, lotan harrapatu zuen Ernst Lanzer, eta ez dio bere buruari makalaldi hori barkatu. Lurperatzera halako presaz joan zen lasterka, “putre” ezizena jarri baitzioten, eta arau antzeko bat eman zion bere buruari: pentsamendu erotikorik ez izatea, aita berriro hilko zaion beldurrez. Hala ere, arratoiak uzkitik doazeneko torturaren berri eduki zuenez geroztik, aitari eta maiteari aplikatuta irudikatu izan du behin eta berriz.
Ikara eta gozamena sentipen bakar batean bildurik dauzkagu. Hau da Lanzerrengan ezartzen den pentsamenduetako bat: “Orgasmo baten truke, merezi du aita hiltzea”. Psikoanalisian, geldika-geldika, aita benetan izan zen bezala ageri da, hil osteko idealizaziotik urruti. Ernsten aita Spielratte bat izan zen; alemanez “joko-arratoia”. Bestela esanda, jokalaria, ludopata. Ez oso luzaro, egia da, baina bai aski semearengan txertatzeko zor errealak edo ikusgaitzak ordaintzeko grina itsua.
Freuden ekuazioaren arabera, arratoia zakila da eta aldi berean aita. Ernst Lanzerren neurosi obsesiboak ezkutatu eta adierazi egiten omen du aitak popatik eman diezaion nahi duela.
Behin desira ordu arte zapaldu hori arratoien gizonaren kontzientziara ekarrita, Freudek ziurtatzen du azkenik sendatu egin zituela Ernst eta uzkian zeraman putrea. Ernstek ez omen zuen ideia obsesibo gehiagorik pairatu eta lehen Mundu Gerran hil zen, frontean. Hori da Freuden jarraitzaileen bertsioa, sendaketarena. Ostera, Jungek, “Psikoanalisiaren liburu beltza”ren egileek eta Onfrayk ez dute sinesten, eta arrazoi sendoak dituzte.