Ahaztea garaile
Joan den astean Jose Angel Meaurio lankidea fisioterapeutarengana joan zen, Iker Alonso ikasle ohiarengana, minberatua baitzuen bizkarra.
Ikerrek sakonki aztertu eta galdetu zion ea mindutako tokian kolperen bat hartu ote zuen aspaldi. Bai, orain dela hogeita hamabost urte, Busturi inguruan, leizezulo batean. Arroka batetik erori nintzen. Ikerren diagnostikoa: kolpe haren ondorio duzu oinaze hau, hainbeste urte igaro diren arren.
Azalari buruz ere esaten da oroimena duela, pikorta, ebaki eta zauri bakoitzaren gomuta gordetzen duela, jasotako eguzki izpi bakoitzarena.
Eta arimak? Itxuraz behinik behin, gertatu zaizkigunetatik gehienak ahaztu egiten ditugu. Aditu batzuek aitzitik uste dute gure arimak den-dena gordetzen duela, ezkutuko zokondoetan bada ere, ordenagailuetako caché horien antzekoetan.
Freudek, euskaratu berri den Egonezina kulturan liburuan, Erromarekin alderatzen du giza arima: oso garai desberdinetako aztarna eta hondakinak dauzkagu aldi berean, eta etxe berriak eraikitzeko ez ditugu antzinakoak zertan suntsitu eta desagerrarazi. Arkeologo eta psikologo onek badakite estalia, garrantzitsua bada, desehorzten.
Romain Rollanden ustez, erlijio guztien sustraia sentimendu ozeanikoa da, zure burua unibertsoarekin bat eginik sentitzea, ura uretan legez, zorion goxo bat. Funtsezko sentimendu hori gero erlijio bakoitzak bere mitologia eta irudigintza desberdinaren bitartez interpretatuko luke.
Zein da ordea sentimendu ozeanikoaren sustraia?
Umekiak amaren sabelean, edota titi umeak jaio ondoko hilabeteetan, ez du bere eta amaren artean bereizten, bere eta munduaren artean. Bat eginik bizi da amarekin, ez daki bera banandua dela, aparteko batasun bat. Hori pixkanaka ikasiko du, titia etor dakion garrasi egin beharra duela ohartzen delarik, edo oinaze batzuk bere barruko organoetatik datozkiola. Ordutik aurrera bere buruaren kontzientzia hartuko du, heldutasunera abiatuko da, bakardade metafisikoaren kontzientziara: bakarrik jaio ginen, bakarrik hilko gara, bakarrik amets egiten dugu, bakarrik pairatzen dugu bizkarreko mina.
Sentimendu ozeanikoa nire eta amaren arteko bereizketarik sentitzen ez nuen garaira itzultzea litzateke, erregresio bat amaren sabelera edo Romulo eta Remorekin batera otsemearen errapetik zintzilikatzera.
Meauriok, etengabe dagoen arren sentimendu ozeanikoan murgildurik, ezin du bizkarreko oinazea ahaztu.
Oraindik orain hurbileko bat Alzheimerrak jota hil zaigu; amaieran jan ere ezin zuen egin: janaria ahotik sartzen bazenion ere eztarriak ahaztua baitzuen irensteko mekanismoa.
Estreinako zurrupaketa, zakilaren ikuspuntutik
Inkestek diotenez, gizon heterosexualak gara atzera begirako jelosian sarrien jausten garenak, neskalagun berria tankera honetako kezkez nazkatzen paregabeak: “Eta lehengo mutilagunak nola ukitzen zintuen, non egiten zenuten larrutan, ederragoa al zuen zakila nik baino?” “Bai noski”. “Gezurrra! Puta zikina!”
Ederki kontatu du Philip Roth-ek Suminez eleberrian atzera begirako jelosia horren aldaeretako bat: Messner protagonista unibertsitate puritano batean dabil, nekez bilatzen dute bertan hemeretzi urtetik gorako neska-mutilek elkarrekin ibiltzeko bideren bat, Messner eta mutilak oro har potroetako minak jota bizi dira, baina halako batean, ezustean, Messnerrek neska batekin hitzordua egin, afaltzera joan eta, erabat irudikaezina eta txundigarria, lehenbiziko hitzorduan bertan auto barruan neskak zakila zurrupatzen dio.
Zorion betean eta guztiz esker oneko eta maiteminduta gelditzen da Messner, harik eta deabruak zalantza itsatsiko dion arte kaskoan: zurrupatu ote dio besteren bati niri baino lehen? Trebetasun polita erakutsi baitu, eta jakinduria hori ez da zerutik erorita tanpez eskuratzen.
Hots, Messneren kasuak nabarmentzen du gizon heterosexualaren nahia (sentimendua, apeta), zurrupaketari eta gisako beste sexu jarduerei dagokiena, paradoxazkoa dela eta irtenbiderik gabekoa, ezinezkoa: iaiotasun handiz zurrupa diezaguten nahi baitugu, baina aldez aurreko inongo esperientziarik gabe.
Ordea, zurrupaketaren arloan maisutasunari dagokion grazia eta soltura ezin da erdietsi ariketa eta entrenamendu luze baten bitartez baino, gainerako arlo guztietan bezalaxe.
Messnerrek azkenean galdetu egin dio neskalagunari aurretik besteren bati zurrupatua ote dion, eta neskak inongo lotsa edo arazorik gabe erantzuten dio “bai noski”.
Etikan 10
Alaba batek kontatu dit Institutuko beste ikasgela batean Etikako azterketan irakasleak “Zer da etikoki ausarta izatea?” galdetu duela, eta ikasle batek ez duela erantzun “Hauxe!” baizik, ez duela ezer gehiago idatzi, eta irakasleak 10 jarri diola. Ikerketa arin batek erakutsi dit ez dela benetan gertatu.
Orain dela hogeita hamar urte Hondarribiako Institutuan ikasten ari nintzela pasadizo berdina zebilen bolo-bolo.
Jean-Bruno Renard adituak istorio horixe bera dakar hiri-kondairen gaineko bere liburuaren hasieran, hiri-kondaira eredugarritzat jotzen baitu Etikako azterketari dagokiona.
Nondik nora iraunaldi eta hedadura hori? Zer da zehazki hiri-kondaira?
Renardek ezaugarri hauek ikusten dizkio: kontakizun anonimoa da, aldaki ugari dituena, laburra, harrigarria, egiazkoa eta berriki gertatua balitz bezala adierazia, eta kokatua eta kontatua den jendarteko beldurrak eta nahiak adierazten dituena.
Etikako azterketaren kondairak nabarmentzen du ikaslea irakaslea bezain azkarra izan daitekeela. Hamar bat ipiniz omenduko du irakasleak ikaslearen trebetasuna. Pasadizoak ikasleen gurari gutxi-asko inkontziente hau ere adierazten du: ekintza eta bizitza gogoetaren gainetik jartzeko nahia, ikasi beharraren eta bibliografiaren gainetik. Beste zergatiko bat istorio hori nerabeei atsegina izan dakien: ikasleen mendekua dakar irakaslearen nagusitasunaren aurka, ikasketa zailek eragiten duten estresaren aurkako antidotoa da, azterketengatiko estualdia sendatzeko botika.
Renarden ustez, hiri-kondairek jendearen larridurak eta desirak adierazten dituzte, egia bailiran kontaturiko ipuin sinbolikoak dira.
Zurrumurrua eta hiri-kondaira
Herriak goretsi egiten du esamesari uko egiten dion laguna, erdi heroitzat du, erdi santutzat. “Horrek egundo ez dik inoren gaineko berba zantarrik erabili, ez dik zurrumurrurik zabaldu, hain gutxi asmatu”. Santuaren belarritik sartu bai, sartu egiten da zurrumurrua, baina gero ez zaio ahotik irteten, santuaren gorputzaren baitan itzaliko da. Bere buruari inperatibo kategoriko bat ezarri dio zorrozki: ez duzu inori kaltegarri izan dakiokeen zurrumurrurik aipatuko. Are gehiago, hain izaten da zenbaitetan erradikala santu mota hau, kaltegarri izan litezkeen egiak ere ez baititu ahotan erabiltzen.
Aire hotza maite du, garbia, eta nazkatu eta gaixotu egiten du zurrumurruzko zaratak, esamesak, errazkerian jausiriko giza gogoak.
Zurrumurruaren eta hiri-kondairaren arteko desberdintasunari dagokionez, luzera hartu izan da kontuan, zabaltze-prozesua, egitura…
Baina etikoki ere bereiz litezke:
Zurrumurrua ia beti gaiztoa izaten da, lagun jakinen bat baitu jomuga, eta gezurraren bidez bere izen ona suntsitu nahi izaten du.
Aldiz, hiri-kondaira ez da hain koipeztoa, kontatzeko atseginak bizi du (zurrumurrua berriz seinalatzekoak), eta kontalaria eta entzulea ez ditu etsai baten aurka biltzen, baizik pasadizo bitxi baten aurreko harriduraren inguruan.
Sarritan praktikoa ere izaten da. Hurrengo hiri-kondairak, interneteko kontrola zure alde erabiltzeko bide bat erakusten du.
Agure arabiar bat AEBetako Idahon bizi da, orain dela berrogei urtez geroztik. Urtero bezalaxe, aurten ere baratzean indabak erein nahi zituen, baina lurra iraultzea gogorregi egiten zaio dagoeneko.
Bere seme bakarra, Ahmed, Frantzian da, ikasten. Agureak email bat bidali zion, arazoa azalduz:
“Ahmed maitea: triste nabil, aurten ezingo baititut indabak baratzean erein. Zaharregia nauzu halako lanetarako. Hemen bazeunde, badakit niregatik lurra irauliko zenukeela. Dagoela Ala zurekin. Aita.”
Lau egun igarota, semearen erantzuna jaso zuen epostan:
“Aita maitea, kontuz mesedez, ez irauli baratzeko lurra, otoi eta arren, hortxe ezkutatu bainuen hura. Ez adiorik. Ahmed.”
Egun hartako gauean bertan, goizaldeko laurak aldera, Udaltzainak, FBIko agenteak, CIAkoak eta Pentagonoko kide batzuk baratzean sartu eta lur guztia irauli zuten, antrax bila, lehergailuak egiteko osagaien xerka. Ez zuten ezer aurkitu haatik; ospa egin zuten.
Biharmanunean, agureak semearen beste email bat hartu zuen:
“Aita maitea: honezkero ziur aski indabak erein ahalko dituzu. Egoera kontuan hartuta, bururatu zaidan egokiena izan da. Maite zaitut. Zure seme Ahmed.”
Neska gaztearen errua?
Biharamuneko pilulari buruzko eztabaidak erakusten duenez, neska gazteak errudun dira larrua jotzeagatik. Are, larrua jo nahi izateagatik.
Zergatik onartzen da berehala eta berezko egia balitz bezala neska gaztea gizon heldua baino txoriburuagoa dela?
Oro har, sexu indar handiagoa duelako. Sexu gogo handiagoa beharbada ez, baina sexu indarra bai.
Dena den, horren erantzule ez da neska gaztea, baizik biologia, bizitza bera. Hilekoa duenez geroztik, neska gaztea prest dago biologiari dagokionez seme-alabak ekartzeko.
Arazoa sortzen da gizarte tradizionaletan ez bezala, bertan aski parean baitoaz bizitzaren eskakizunak eta gizarte ohiturak, gure gizarteetan gero eta denbora tarte luzeagoa ezartzen dela umeak ekartzeko ahalmenaren eta umeak ekartzeko normaltzat jotzen den adinaren artean.
Biologiatik gero eta libreago ibiltzeak ez dirudi txarra. Edonola ere, hori ez du neska gazteak erabaki. Eta Rouco eta Mayor Orejaren adierazpenak irakurrita, ematen du neska gazteari leporatzen zaiola bizirik egotea eta neska gaztea izatea.
Legearen arabera, hamasei urteko neskak gurasoen baimenik gabe lan egin dezake, maitasuna, haurrak eduki eta ezkondu; nondik nora orduan biharamuneko pilula hartzeko gurasoen baimen behar hori?
Bide batez esanda, deigarri gertatzen da hamasei urtekoek inoren baimenik gabe lan egin ahal izatea, amodioa, haurrak, abortatu… eta ezin bozkatzea.
Biharamuneko pilula eta Eliza
Aski korapilatsua da bizitza berez; baina Elizak gainera erantsi eta larritu egiten ditu arazoak, oraindik gehiago konplikatu. Biharamuneko pilularen aurkako gurutzada, bizitzaren aurkako Elizaren borroka luzean kokatu beharra dago, honezkero bi mila urte inguru.
Borroka horren alde bat errukiaren erabilera da, sadismoaren mozorro gisa. Zehazki, hildakoarenganako gupida, biziaren aurka hobeki egiteko eraso. San Inaziok zioenez, gizakiak hilotz bilakatu behar luke, hila da gizaki perfektua.
Adibidez, hileta elizkizunetako ohitura hori: lehenbiziko bankuetan alarguna, seme-alabak… Eta behin meza bukatutakoan, alargunak eta seme-alabak, ordurako arras hunkituak, ilaran datozkien ezagunen eta ezezagunen doluzko adierazpenak eta oroitzapen hunkigarriak eta abarrak jasan behar dituzte, bat-banaka. Une gorena, alargunak ezin gehiago irentsi eta hausten delarik lortzen da, negarrez eta intzirika hasten delarik. Orduan eliztarren sadismo ezkutuak “ai, bai alargun sentsiblea” komentatzen du, “bai seme bihozbera, ezin izan dio eutsi gizajoak, hori bai dela ama maitatzea”.
Ez ordea, ez gaituzue engainatuko: ez duzue hilikoa oroitu nahi, bizirik gelditu dena makurrarazi nahi duzue, bere malko eta aieneek eragiten dizueten zirraraz gozatu.
Era berean, etor litekeen umearenganako errukiak emakume biziaren aurkako sadismoa ezkutatzen du. Rouco, Mayor Oreja eta enparauen aldarrikapenen azpian garbi nabari da bestelako zerbait: “Ez egin larrutan, puta zikinak, desira asetzea bekatu da, sufritzeko sortu ginen, bizialdi hau malkozko putzu bat da, eta gorputza berriz irrika-zaku gaizto bat”.
Zertarako nahi ditu haatik Elizak umeak? Berriki ospetsu egin diren apaiz irlandar horiek irudikatzen ditut emakumeei aholkatuz: “Ez ezazu pilula hartu, ez izan tuntuna, nik zainduko dizut umea, zaude lasai.”
Gandi kastu
Gogaide ugari dauzka Gandik gurean borroka politikoaren arloan; gutxiago dira ordea kastitatearen bidetik jarraitzen diotenak, gure kultura katolikoa haztegirik eskasena ez den arren kastitatea lora dadin: apaiz katolikoei kastitatea exijitzen zaie; aldiz, artzain protestanteei, pope ortodoxoei, errabino juduei eta iman islamdarrei ez. Zaila behar du kastitateak, baina bizitzan behin bederen komeni da isuri gabe ahal bezain luzaro eustea, ea zer gertatzen den, funtsezko aldaketarik dakarkien gure gorputz-arimei, bertsolari bilakatzen ote zaren. Igor Elortzaren bertsoerako sintaxiari sumatzen zaio sublimazio lana, zeren garrantzi handia ematen baitie bere atributuei.
Jean-François Dortier-ek garbi erakutsi du Gandirengan kastitatera eraman dezaketen arrazoi ia guztiak aurkitzen ditugula: biografikoak, erlijiosoak, psikologikoak, ideologikoak, moralak.
Ezkondu zirenean hamahiru urte zituzten Gandik zein Kasturbaik. Gandik emaztearengandik bereizi zen bolada batean aurkitu zuen kastitatea, Hegoafrikan. Beti izan zituen ordea bere baitan zein inguruan kastitatera eramango zuten eraginak eta bultzadak. Esaterako, Indian hainbat dira kastitatea aldarrikatzen duten tradizio mistikoak: hinduistak, budistak, jainistak, yogiak, brahmanistak. Gero Londresen kristau puritanoekin ibili zen. Bazuen gainera pitagorikoen, judu eseniarren eta gnostikoen berri, kristauen lurraldean berean kristauek baino lehenagotik erabiltzen zutenak kastitatea, III. mendera arte ez baitzuten desertura jo lehenbiziko eremutar kristauek. Azkenik, Gandik beti irakurri zuen irrikaz Leon Tolstoi errrusiar bizardunaren obra, kastitatearen aldezle sutsua berau.
Borrokalariaren ideal heroikoak ere indar guztiak misioari eskaintzea eskatzen du, eta Gandik Indiaren askapen borroka Ingalaterraren aurka, espiritualtasunarena bezala ikusten zuen materialismoaren aurka. Gainera, britainiar soldaduek sarritan bortxatzen zituzten neska indiarrak, eta horrek sexuaren alde nazkagarria nabarmendu zion.
Gandi anorexiaren mugetan ibili zen beti gainera, oso gutxi jaten zuen, eta hori lagungarri zaio kastitateari, anorexikoak maiz lotzen baititu sexuari ukoa eta goi arnasa intelektual eta espirituala.
Bada hala ere haren biografian zartako bat bai Jean-François Dortier-ek (Comment être chaste?) eta bai Aitor Zuberogoitiak (Gandi, Elkar) erabakigarritzat dutena, Gandi kastugai bilakaraziko zuena erremedio barik eta behin betiko: izugarri maite zuen bere aita. Aita hilzorian zenean, gau eta egun egon zen orduan hamasei urte zeuzkan Gandi aitaren oheburuan, aitaren agonia zaintzen, egunak joan egunak etorri. Behin batean, osaba hurbildu zitzaion, joan zedila atseden hartzera, berak ordeztuko zuela. Gandi lo-gelara joan zen Kasturbai emaztearekin eta, amodioa egiten ari zirelarik jo zien patuak atea. Hil berria zitzaion aita.
Ez zion sexu grinari barkatu bere seme-betebeharretatik aldendu izana. Aurrerantzean sendoagoa izan zen bere ukoa sexuari. Ez, eta eskerrak, Alexandriako gotzain Origenesena bezain errotikoa, zakila ebaki baitzuen. Bide batez esanda, Origenesek imitatzaile mordoa izan zuen bere garaian, Eliza kezkatu egin zen eta Nizeako kontzilioan erabaki zuen bere burua borondatez zikiratukorik ez onartzea apaiz gisa.
Dena den, bada hainbat bide menperatu nahi duzun grina zapaltzeko. Nietzschek sei aipatzen ditu “Egunsentia”n, baina Gandik erabilitakoa ez, aski ezohikoa baita.
Neska gazte biluziekin oheratzen zen Gandi gauero, bere ilobekin edo beste batzuekin. Neska bakar batek ere ez zuen salatu, dirudienez ukitu ere ez zituen egiten. Usadio horri buruz galdetu ziotenean, ukatu egin zuen hasieran. Ebidentziak pilatu ahala onartu eta ohea eta gorputza berotu beharra aipatu zuen. Geroxeago aitortu zuen ohitura horren zinezko xedea: sexu-bulkada ahal bezain zorrozki menperatu nahia: izan ere, erraza baita tentabidea gainditzea urruti dagoenean; zailagoa eta aldi berean goresgarriagoa berriz zure alboan izara beraren pean goxo-goxo duzula garaitzea.
Transgresioa eta sakrifizioa
Bataille, Roger Caillois, Kojève, Jean Wahl, Klossowski, Michel Leiris eta beste batzuek Soziologiako Eskola fundatu zuten 1937an eta bertan ibili ziren 1939an desegin zen arte.
Elizarik gabeko sakratutasun baten bila aritu ziren, sakratu laiko baten bila.
Bataillek transgresioari lotu zion beti sakratutasuna.
Esaterako, bere amaren gorpuaren aurrean masturbatu zen, ama hilaren gainean isuri zuen hazia.
Bestalde, Bataillerentzat sakratuak aldez aurretik sakrifizioa eskatzen du; nabarmena da hori kristautasunean, René Girardek azpimarratu duenez.
Hilketa baten ostean, hiltzaileak eta lekukoak biltzen dituzten oroitzapenek, damuek, sentimendu nahasiek adieraziko lukete sakratua.
Eskolakideen artean lotura erlijiosoa piztu nahian, Soziologia Eskolako zenbait partaidek biktima bat aurkitu zuten, bere burua sakrifikatzeko gertu zegoen emakume idazle bat, ingelesa.
Baso batean hiltzea erabaki zuten.
Idazlea gertu zegoen sakrifizioaren biktima izateko, baina Bataille eta bere lagunak ez ziren hura hiltzeko gai izan, eta emakume idazlearen ordez zimino bat immolatu zuten.
Ana Garcia Obregon
Espainiako bi zurrumurrurik ospetsuenak dirateke, batetik armairuan gorderiko Ricky Martini buruzkoa Sorpresa sorpresa programan, eta bestetik Ana Garcia Obregoni hegazkinean zihoala presioagatik titiak zartatu eta aulkiak, bidaiariak, azafatak silikonaz zipriztindu zituenekoa.
Hegoaldean oso ezaguna bada ere, iparraldeko haurrideei Garcia Obregon aurkeztu beharko dizuet: artista osoa da, abeslaria, dantzaria, arrakasta handiko aktoresa. Gainera berak dio Biologia ikasi zuela AEBetan, inork sinesten ez dion arren. Madrilgo aberaskumeen hizkera amorragarria darabil, baina badu zerbait Espainia liluratzen duena, telebistako audientziek erakusten dutenez.
Ana y los siete enanitos izan zen telebistarako egin zuen azkenetariko seriea, Ana eta zazpi ipotxak, eta, egia esan, etikari dagokionez Espainia oso txikia da Anaren aldean.
Titi-eztandaren
zurrumurrua, bistan da, mendeku gogorra da.
Zer leporatzen dio zehazki Espainiak Garcia Obregoni? Funtsean, bere sexu
bizimodu librea. Hedabide hori eta arroxen gaitzespenak gorabehera, bikotekide
ugari izan du, zein baino zein ederragoa gorputzez, zein baino zein indartsuagoa.
Ia ez dakite hizketan, baina Anari ez zaio axola: futbolistak, kondeak,
modeloak… badator futbolista bat Real Madridera, Anari gustatu, futbolista
Madrilen dabilen bitartean ondo pasatu eta gero Liverpoolera joan behar badu,
agur eta etorriko da besteren bat, edo harrapatuko dut.
Anaren aurkako herra fideltasuna eta pudorea bezalako balioak gorde ez izanak eragin du, eta ez aktore txarra izateak: askoz ere txarragoa da Antonio Resines, eta herriak ez ditu bere aurkako zurrumurruak asmatzen. Fideltasuna eta pudorea berez ez dira txarrak, baina Espainian ezinbestean hartzen dute kutsu kristau-frankista okaztagarri bat, eta zentzu horretan Ana Garcia Obregon Etikako andereño eta gidari zuzen eta egokia dugu.
Bestalde, titi-zurrumurru hau teknofoboa ere bada, Jainkoak edo naturak eman digun gorputza bere horretan ez uztea eta nork bere modura asmatzeko nahia ere zigortzen duen heinean: kontuz teknologia berriekin, onartu sorkuraz jaso duzuna, baztertu Prometeo.
Zurrumurru horrek naturaren mendekua adierazten du, natura aldatzen gehiegi ausartu den gizakiaren aurka; zurrumurruaren mezu morala, daukazuna bere horretan onartzearen aldekoa litzateke. Utzi bakean eman zaizkizun titiak, bai, baina gainera hobe oinez ibiliko bazina eta ez hegazkin harro horietan. Zurrumurru honetan Thoreau, Orixe, Heidegger eta Pablo Sastre genituzke barnebildurik Ana gaixoari errieta eginez.
Jaurlaritzen biltze askatasuna
Maldivetako gobernuak urpean egin du berriki ministro-kontseilua. Lehenbiziko aldia da historian. Ministroek hilabete bi zeramatzaten entrenatzen. Helburua, beroketa klimatikoaren ondorio penagarrien gainean arreta deitzea, bereziki kaltegarriak baitira Indiako Itsasoko artxipelago horretan.
Presidentea izan zen uretan murgiltzen aurrenekoa; ondoren ministroak, lohihartzeko egokiak eta eskafandrak jantzita eta aire-botilekin.
Hamar bat ministro murgildu ziren sei metro inguru, eta ferra formako mahai baten inguruan kokatu ziren. Gero, mundu osoan eragingarria izango den ekintza bat abiaraztea erabaki zuten, karbono-isuriak murriztea xede.
Gizatasun sakon baten adierazpena da ministro-bilera urpean egite hori. Izan ere, gainerako animaliek naturak predeterminatu dizkien eremuetan baino ezin dituzte beren bilerak egin: itsasoan legatzek, miruek zeruan. Gizakia den piztiari, berriz, lur azala dagokio berez. Ordea, artifizioen bidez, urpean ere mugitzen eta bizitzen badaki, urpekarietan; airean ere bai, hegazkin eta sateliteetan. Polita litzateke gure Jaurlaritzak askatasun hori baliatzea Pluton aukeratzeko hurrengo batzarleku.