Montaignek bere buruaz: Vasco
1581ko pazkoan, badoa Montaigne Lorette-ko Notre-Dame-ri debozioak egitera. Heldu denerako, ordea, ofrendek eta zinopariek dena betea dute ofrenda-gunea; hala ere, azkenik, eskupeko handia tarteko, Montaignek erretaula bat kokatzeko toki apur bat erdietsi du. Zilarrezko lau figura daramatza itsatsirik: bere emaztea, alaba Leonor, Ama Birxina... Laugarrenak Montaigne bera irudikatzen du, eta idazleak hauxe inskribarazi du halaber zilarrezkoa den azpialdean: "Michael Montanus, Gallus Vasco".
“Ez ‘Burdigalensis’, baizik ‘Vasco’”, kexu da Jean-Marie Planes "Montaigne est-il bordelais?" artikuluan. Baina ez larregi hunkitu, aldi eta alde hartan "Vasco"k "Gaskoi" esan nahi baitzuen. "Gascon", edozein gisaz, "Basque" bezala, "Vascon"etik dator.
Montaigne XVI. mendean bizi izan zen arren, XXI. honetako euskaldun askori hurbilagoa zaigu bezperako eta alboko Baroja, Unamuno, Pinilla edo Kureishiren "Intimitatea" baino, besteak beste ezohiko grazia zuelako eskolastika giro hartan bere zakilaren txikitasuna aipatzeak. Aldiz, gaur egungo "biluzte zirraragarri" literarioak ez dira telezaborraren gainean autozaborra pilatzea baino, sinonimoen hiztegia erantsirik.
Hurbiltasunarena, dena den, irizpide lausoegia da, ia edozertarako txarra, eta arriskutsua, Fred Vargasek gaztigatzen digunez: “Beranduegi duzu, behialako mutiko hark barka zaitzan. Mutikoa gizondu baita honezkero, eta hurbildu egin zaizu." Kontuz.
Montaigneren amaren familia judu marranoa zen. Calatayuden zeuzkan sustraiak, eta Espainiatik egotzi zuten. Ama-semeak ez ziren batere ongi konpontzen. Aitaren abizena “Eyquem” zen, arrunt erabilia Girondan, germaniar jatorrikoa; “Aighelm”etik dator; “Aig”: jabetza eta “Helm”: kasko. Aitaren aldetiko birraitonak Ramon zuen izena, XX. mendeko hirutasun sainduak bezala Espainian: Ramón Gómez de la Serna, Ramón María del Valle-Inclán, Juan Ramón Jiménez.
Estoikoak
-Patua, arrazoia eta natura bat datoz; Jainko ere deitzen diote
-Gertatzen den guztia derrigorrez gertatzen da: ez du zentzurik aurka egiteak, negar egiteak, edo barre; onartu egin behar da, kito; Seneka: fata volentem ducunt, nolentem trahunt; zoriona bat dator bertutearekin, guztiaren onarpen lasaiarekin
-Zenonen eta Senekaren heriotza bareak, kantuan eta bainuan; estoikoak, suizidioaren alde: ke ilunak gela itogarri bihurtuz gero, atea ireki eta alde
-Bereizi behar da gertaera, gertaeraren irudia eta irudiari buruzko iritzia eta oroitzapena; gertaerak ez baizik eta gertaeraren irudiak hunkitzen gaitu, ezin dugu saihestu gure baitan sartzea; ordea, gure esku dago irudiari buruzko pentsaera; eta zuzen filosofatzeari esker, gertaera mingarriek sufrimendu iturri izateari utz diezaiokete
-Eskola filosofiko helenistiko guztiek darabiltzate gogo jardunak, Inazio Deunak baino askoz ere lehenago, eta bereziki estoikoek; gogo jardun tipiko batzuk (P. Hadot):
1-egunean zelan jokatu dugun aztertu gauez, biharamunean hobeto jarduteko
2-bizitzak ekar lezakeenaren okerrenerako prestatu zure burua: goxo besarkatzen duzunean ere, irudikatu zure emazte edo ume maitea hiltzen dela; horrela, benetan hilko balitz, prest edukiko zenuke gogoa, ohituta (autarkia, apatia, afobia, ataraxia)
3-gogoratu derrigorrez hil behar duzula eta edonoiz hil zaitezkeela; azkenekoa balitz bezala bizi egun bakoitza, lehenengoa balitz bezala; bizitzea ez da irautea; jakintsua bizitzan dago; occupati-a, berriz, denboran, eta txorakeriatan ematen du, betirako balitz bezala
4-goitik behera murgildu oraingo une honetan, gure esku dagoen denbora bakarra, erreala den bakarra; iraganeko damua eta errua baztertu, orobat etorkizunarekiko durduza eta ikara; are itxaropena: Seneka: "Bizitzaren eragozpenik handiena da biharamunari begira gaurkoa galtzen duen esperantza"
5-fisika etikaren zerbitzura dagoela darakutsan gogo jarduna: kosmosaren egitura eta ezaugarriak sakonki ezagutu ondoren, egizu hegan izarren artean:
a) halatan, batetik, giza harreman mingarriei espazio zabaletik hegan zoazela begiratuz gero, izar urrun batetik, erlatibizatu egiten dira, hurbildik izugarriak iruditzen zaizkigun malurek eta porrotek garrantzia galtzen dute: gure oinazeak ezdeusak dira behin kosmosaren benetako neurriak aintzat harturik
b) bestetik, zure adimena kosmosarenarekin bilduz gero, gozamen handiz sentituko duzu unibertsoaren zati huts zarela; zure burua unibertso osoaren altzoan kokatzeak libreago eta jakintsuago egingo zaitu; egizu bat, horrenbestez, unibertso bakar betierekoaren taupadarekin
-Soilik zure esku dagoenaz arduratu; zugandik kanpoko deusek ez zaitu kezkatu behar: patxadaz onartu; esaterako, besteen iritziak zuregan duen eraginetik askatu: besteek zer pentsatzen duten eta zer egiten duten ez dagokizu
-Zeure bertutea duzu zinezko ondasun bakar; zeure gaiztakeria, zinezko zoritxar bakar
-Jakintsu estoikoaren etika defentsazkoa da, minik ez pairatzeko prestatzen du gogoa, gotorleku helezin; pertsona serioa izaten da, grabea
-Epikurok politikatik urrutiratzea aholkatzen duen bitartean, estoikoek ia beti aldeztuko dute besteen aldeko ahalegina, politikan esku hartzea barne
-Lehenbailehen ipini zure pentsaera zorionbidean, lehenbailehen ekin filosofatzeari, bihar bertan hil baitzaitezke
Diogenes zinikoa
-Alexandroren inperioak polisa desegin; filosofo berria “kosmopolita” bilakatuko da, alegia, munduko hiritar: kosmos osoa hartuko du aberritzat
-Indibidualista bihurtzen da Filosofoa; Sokrates, Platon eta Aristotelesek ez zuten beren burua polisetik berex irudikatzen; orain, aitzitik, filosofoak salbabide partikularra bilatuko du
-Eskola filosofiko desberdinek (estoikoak, zinikoak, epikurozaleak, eszeptikoak) autarkia bilatzen dute, burujabetza, besteen iritziekiko mendekotasunetik askatzea
-Doktrina teoriko sistematikoari beharrean eguneroko bizitzari ematen diote garrantzia, praktikari; jakitea soilik hartuko da kontuan bizimodu zoriontsura hurbiltzen duen heinean
-Teoria baino garrantzitsuagoa izango da jakintsuaren ideala, filosofo eredugarri beregaina (Diogenes, Zenon, Epikuro, Pirron)
a) zakur lotsabakoa
-zinismo modernoa eta antzinatekoa
-hitzaren jatorria: zakurra, kinosargosa
-zakurra, oro har animalia, eredu; gizakiaren eta Jainkoen artean dago animalia: zakurraz gain, igela, sagua, arrain masturbalaria
-nomosaren aurka, fisisaren alde; ez legeari baizik naturari obeditzeak dakar zoriona
-jarrera kontrakulturala; zoriona bakartia da, bizimodu zoriontsuak errotiko independentzia eskatzen baitu, eta ondorioz jende arruntaren kondena erakartzen du
-Diogenes: emigrante, sendirik ez, aberrigabe, lehenbiziko kosmopolita
-aitak dirua faltsifikatzen zuen; Sinopetik ihes egin behar; Diogenes, harro
-zinikoak txiroak izaten ziren eta aberrigabeak, ez zuten deus galtzeko: konbentzioen salatari lotsagabeak, kontsentsuen eta legeen aurkako iseka eta zaunka, handiputzen eta banitatearen aurkako iseka, zaunka eta haginkada
-pikutara, gizartearen oinarri diren aidós (lotsa, begirunea) eta diké (justizia)
-edozeren gainetik, askatasuna
-libre izateko, zure buruaren jabe, entrenamendua behar, aszesia, konfortari uko; gogorra da autarkia lortzeko ahalegina: borondatea, tentsioa, beti erne eta kontuz autokonplazentziarekin eta ahuleziarekin; bigunkeriaren aurkako ariketak: neguan estatua zuriak besarkatu, udan harea gorian kiskali
-igelaren autarkia korrokalaria, eredugarri: urtaro orotan ur berdinetan, hozbero-aldaketei ezaxola
b) filosofo pailazoa
-bere burua hain serio hartzen duen Platonen idealismo hitzontziari Diogenesek pailazoaren “materialismo pantomimiko”z erantzungo dio (P. Sloterdijk): dualismo ontologikoa ukatzeaz gain, Diogenesek dio ez duela ezertarako balio Platonek bezala inor kezkatzen edo amorratzen ez duen filosofo batek
-teoriaren aurka, txiste, pasadizo eta antzerki jostalaria, probokatzailea, subertsiboa; errespetagarritasuna barregarri uzten du
-itxura eta janzkera: oinutsik, bizarra (ile naturalaren aurkako borrokarik ez), zikina, makila (besteak beste, eskatzen zuenean ematen ez ziona jipoitzeko), kapa (zulatua), bizkar-zorroa, katilua (umea esku ahurrez edaten ikustean, katilua bota, sinpletasunaren alde), treska
-eredu zaio edozer jaten duen eta edonon egokitzen den sagu azkarra
-sardinzarra eta dizipulua
-txokoko afaltiarrei txiza
-aberatsaren jauregian gorroa eta tu aberatsaren begian
-boxeo-eskularruak: pentsaera polemikoa
-antzerkian atzeko atetik sartu, palestratik atzez irten: transgresioa, balioen alderantzikatzea
-esaterako, intzestuaren alde: "amarekin, alabarekin, arrebarekin elkartuko zara", senidearekin oheratzeko debekua, baztertu beharreko ohitura irrazional apetatsua baita; hain arrakasta handiz ezarri izanak erakusten du zeinen txoriburua den giza arraza
-dena den, ospeari barre egiteagatik ospetsu: “Alexandro ez banintz, Diogenes izan nahi nuke”; Alexandro eta eguzkia; Platon eta Aristoteles agintarien eta printzeen aholkulari izan ziren, pentsalari ugari ibili da eta dabil boteretsuen arrimuan; Diogenesek bizkarra ematen die, barrikadaren kontrako aldean borrokatzen du
-gustuko zukeen bere gorpua zakurren eta txorien jaki izatea, elikagai natural; tabu itzela, bereziki Grezian (Antigona)
-Diogenesen Atenas gure lurraldea baino toleranteagoa arrasto nagusitik ateratzen diren bizimoduei dagokienez: gaur egun, Diogenesen aurka gutxienez “eskandalu publikoa”, “autoritateari men ez egitea”… isuna, eroetxea, espetxea
c) pasadizo bereziki antiplatonikoak (Onfray):
1) egunez, argipean, linterna eskuan, benetako gizaki baten bila:
-oro har, erokeriatzat hartu izan da (Platon: erotutako Sokrates da Diogenes)
-zinez: antzerki filosofiko antiplatonikoa, ez baitu gizaki jakin bat bilatzen “gizaki” izena mereziko lukeena, baizik eta gizaki platonikoa, gizakiaren ideia
-noski, ez ditu aurkitzen gizaki enpiriko zehatzak baizik
2) lumaturiko oilarra Platoni jaurtiki
-Platonek gizakia honela definitzen du: “hankabiko lumabakoa”
-Diogenesek oilar bati lumak kendu, hanketatik hartu eta Platoni botatzen dio, oihukatuz: “hor duk hire gizona!”
-orduan Platonek dio definizioari “eta azazkal zapalekoa” erantsi beharko diola
-Diogenesek anekdoten bidez ukatzen du Platonen doktrina, ez testuen bidez; aitzitik, filosofiaren historian testua bizitzari gailendu zaio
3) plazan masturbatu
-ezin Platon agoran masturbatzen irudikatu; Platonek Politeia-n irudikatutako hiri justuan Diogenes erbestera edo heriotza-zigorra
-ohitura deigarri horretan ere Diogenesek animalia bat hartu zuen eredu, arrain masturbalaria:
-portu batean arrain bat ikusten du harri baten aurka igurtzi eta igurtzi; behin lasaiturik, filosofatzen jarraituko du (metafora da, azaldu arrainak nola ugaltzen diren)
-arrainaren jokaera eredu gisa hartuta, Diogenesek berriz ere animaliaren inozentziaren eta sinpletasunaren inbidia adierazi nahi du, giza konplikazioaren arbuioa; egokiena: jateko olibak, edateko iturria, sexuan onanismoa
-besteen begiradak, txutxumutxuak eta gaitzespenak bospasei eta trufa
4) kanibalismoa, atomismoaren alde
-Zalantzan jarri izan da Diogenesek kanibalismoa aldeztu izana, baina Onfrayren ustez sinesgarria da:
-beste herri batzuek onartzen dute, zergatik ez greko batek?
-Anaxagoras atomista eta beraz Platonen etsaiaren ustez, guztia dago guztiarekin nahasturik, ezer ez da galtzen edo sortzen
-atomo mota guztiak daude gorputz guztietan sartuta: ogian, barazkian edo okelan bezala giza belarrian ere, partikula ikusgaitzei esker, poroetan irekitako pasabideak profitatzen baitituzte (spermata, homeomeriak)
-ez da hain desberdina txahal-xerra bat jatea eta giza beso bateko xerra saltsan; konbentzio apetatsuaren arabera dugu aurrenekoa normaltzat eta ez bigarrena
-normaltzat dugu halaber behi-mihia jatea, zerri-barrabilak eta giltzurrunak, zimino-garunak, gazta (Deleuze-rentzat kanibalismoa baino okerragoa da gazta jatea)
-lagun hurkoa afaltzea, hortaz, edozer jatea bezala, homofagia da, ariketa filosofiko antiplatoniko interesgarria
d) plazera eta autarkia
-plazerak ez dira txarrak berez; haiekin duzun harremanaren arabera dira on edo txar
-dena den, plazeren eskakizunei gailentzea da plazerik handiena, askatasunaren plazera; esan liteke Diogenesek edukitzearen plazera arbuiatu eta izatearena aldarrikatzen duela, errotiko burujabetzak dakarrena
-pasiozko maitasunaren aurka, sexu-beharra arin asetzearen alde: plazan masturbatu
-Diogenes, Lais prostitutaren adiskide; Laisek beste bezeroei egiten ez zizkienak egiten zizkion Diogenesi, doan gainera
-leporatzen ziotenei plazer errazen menpekotasunaren aurkakoa izanik hala ere putetxera joatea, erantzuten zien eguzkiak komun-zuloak ere argitzen dituela, argitsu izateari uzteke
-Afroditaren eskakizunak bezala, Demeter-enak ere lehenbailehen eta edonon asetzearen alde: agoran ematen ari zen hitzaldia eten, entzuleen aurrean kukubilko jarri, kaka egin eta aurrera hitzaldiarekin
e) Krates eta Hiparkia
-Metroklesen eta Kratesen uzkerrak
-Kratesen eta Hiparkiaren artekoa
-Sokrates, zinismoaren fundatzaile Antistenes-en maisu, Antistenes Diogenesena, Diogenes Kratesena; Krates zinikoa, estoizismoaren fundatzaile Zitio-ko Zenon-en maisu
Aristoteles
-Sokrates Platonen maisu, Platon Aristotelesena, Aristoteles Alexandro Handiarena; Alexandroren inperio filosofikoa: jatorri etnikoak ekar litzakeen abantailak ezabatzearen alde, konkistatzaileak eta konkistatuak biologikoki nahastearen alde
-Akademian 20 urtez ikasia; “biziki maite dut nire maisu Platon, baina are maiteago dut egia”; ideien teoriari kritika: hilemorfismoa
-Aldaketa, mugimendua, denbora, unea
-Gizakia animalia politikoa da, bere dohainak gauzatzeko gizartean bizi beharra du; soilik jainkoak eta animaliak bizi litezke erabateko bakardadean
-Gobernu mota zuzenak: guztien ongia bilatzen dutenak: monarkia, aristokrazia, errepublika
-Okerrak: gobernukideen interesak baino babesten ez dituztenak: tirania, oligarkia, demagogia
-Monarkia eta aristokrazia, teorikoki sistemarik onenak; baina errealismoaren izenean Aristotelesek errepublika hobesten du, erdiko klaseak gobernaturikoa, hiritar gehienak biltzen baititu
-Platonek ez bezala, Aristotelesek jabetza pribatua eta familia hiriko klase guztietan onartzen ditu
-Aristotelesentzat, hiriko erakundeetan parte hartzeko irizpidea ez da ez aberastasuna ez berdinen arteko zozketa, baizik eta merezimendua eta bertutea
-Hiriko biztanle guztiak ezin dira hiritar izan: esklabotza naturala da, esklaboak esklabo izateko jaio ziren
-Zintzo jokatzeko, jakitea beharrezkoa da, baina ez aski: zuhurtzia erabiliz, muturreko jarrerak saihestu eta erdibidea bilatu behar da: adibidez, koldarkeriatik eta burugabekeriatik urrutiratu eta ausardiaren alde egin; edo apalkeria eta harrokeria baztertu eta duintasuna onetsi; eta lizunkeriari eta sorgortasun edo hozkeriari muzin egin eta neurritasuna erabili
-Balio etikoak ohitura egokien bidez gure bizitzan eta hirian pixkanaka txertatuz bilakatzen gara zintzo eta zoriontsu gizabanako gisa, eta bilakatzen da hiria zuzen eta justu; funtsezkoa da jokabide artezak behin eta berriro errepikatzea
-Platonentzat, hiri justua hiritar bakoitzak bere gaitasunaren araberako zeregina betetzera mugatzen denean lortzen da; Aristotelesentzat, berriz, legearen arabera bizi garenean eta hiritar bakoitzari merezi duen tratua ematen zaionean erdiesten da justizia hirian
Platon
-Garaia: Peloponeso, hogeita hamar tiranoak, demokrazia
-Bizitza: Sokrates, Sirakusa, Akademia
-Obra: elkarrizketen kronologia
-Politeiako zenbait mito: Giges, leizezuloa, Er
-Ideien mundurako igobideak: dialektika, anamnesia, maitasuna, heriotza
-Metafora heliologikoa. Ongia, ederra, bakarra: mistika eta teologia
-Krisialdia: Parmenides, Sofista
-Arima eta hiria
Sokrates
-jende “normala”rentzat susmagarri, arraro: oso itsusia, txiroa, beti oinutsik, lanbide ezagunik ez
-sofistak eta Sokrates
-salaketak: jainko berriak asmatzea eta gazteak usteltzea
-egia beti eta nonahi adierazi, heriotza mehatxua gorabehera; filosofoak heriotzaren gainetik jartzen du egia
-ihes egiteko aukerari uko, beti bete behar dira hiriko legeak, zikuta patxada ederrean irentsi: filosofatzea hiltzen ikastea da, filosofoa ez da heriotzaren beldur
-azkeneko ametsak; Kriton, ez ahaztu oilar bat zor diogula Eskulapiori
-ezagutu zure burua (Tales, Pitagoras, Heraklito, Sokrates)
-okerragoa da sufriaraztea sufritzea baino, bidegabekeria egitea bidegabekeria nozitzea baino
-Pitiak: “Sokrates da atenastarrik jakintsuena”; Sokratesek berak Sinposioa-n: “ez naiz aditua maitasun kontuetan baino”
-ironia: Sokratesek solasari ekiten dio aitortuz dakien gauza bakarra dela ezer ez dakiela, eta, bere galdera ironikoen bidez, ustez dakien solaskideak ere benetan ez dakiela erakusten du
-maieutika: Sokratesek dio bere ama emagina bezalakoa dela, baina, ume fisikoak munduratu beharrean, ume espiritualak edo egiazko kontzeptuak ateratzen ditu solaskidearen arimatik
-antierlatibismo morala: balio moralak unibertsalak dira, arrazoia erabiliz ezagutu daitezke; ongiari eta gaizkiari dagozkionak aldaezinak dira
-definizioen unibertsaltasuna: matematika bezala, giza kontuei loturiko definizio zuzen oro ere edozein gizakirentzat da onargarri, beti eta nonahi; sakonagoa da gizaki guztiok batzen gaituena bereizten gaituena baino; Alexandroren inperiorantz, giza eskubideetarantz, Wikipediarantz
-intelektualismo morala: bihotz oneko ergelaren figura kristauek asmatuko dute; Sokratesentzat, berriz, lotuta daude zintzotasuna eta jakintza; inor ez da gaiztoa jakinaren gainean eta dakienak ondo jokatzen du, zintzotasun etikoz. Ez dakielako dabil gaizkilea bide txarretik. Gaizkilea kartzelara barik eskolara bidali beharko genuke
Sofistak
-Fisis eta Nomos-aren arteko eztabaida; presokratikoen ahalegina naturari buruz guztiok onartzeko moduko filosofia bat sortzeko, porrot; beraz, sofistek begirada filosofikoa naturatik aldendu eta herri barrura zuzenduko dute, giza kontuetara, etikara eta politikara
-Egoera sozio-politiko berria, demokrazia
-Maisu ibiltariak, herriz herri irakasten zuten hitzaren bidez arrakasta lortzen
-Politika eta erretorika; Gorgiasek hitzari buruz: izaki itxuraz ahul eta ezdeusena, erabiltzen jakinez gero negar eta barre eragin dezake, gaixotu eta sendatu (Antifon sofista, psikoanalisiaren aitzindari)
-Protagoras: erlatibismoa, gizakia da gauza guztien neurria
-Gorgias: eszeptizismoa, ez dago Egiarik; balego, ezingo genuke ezagutu; ezagutuko bagenu ezingo genuke komunikatu; komunikatuko bagenu inork ez liguke ulertuko
-Hortaz, ezin hitza, Sokratesek eta Sokratesen ostekoek bezala, egia bilatzeko erabili; liluratzeko erabili behar da, jendearen nahimenaz jabetzeko
-Legea; ez dator jainkoarengandik (Atenea, Korana, Biblia), ez da naturala eta kosmikoa (Heraklito), baizik eta konbentziozkoa, gizakiok hitzartua, gure beharren eta interesen araberakoa, aldagarria
-Etika: soilik konbentzionala? ala, sofista berantiar batzuek diotenez, antinaturala ote? Gure baitan naturala zer den zehazteko, animalia eta umea aztertu: animalien artean, indartsuenak agintzen du; umeak gozamena bilatzen du, oinazeari ihes; beraz, antinaturala da etika
Eleatarrak
PARMENIDES
-Platonen eta tradizio filosofikoaren arabera, Heraklitori Parmenides kontrajartzen zaio: Heraklitok guztia ari dela etengabe aldatzen baldin bazioen, Parmenidesek mugimenduaren ezina aldarrikatuko du
-Parmenidesen hilarriaren gainean: Y; bizialdiko uneren batean aukeratu behar, bide zuzena ala okerra
-Egiaren bidea: badena bada, ez dena ez da, ez da egia badena ez dela, ez da egia ez dena badela
-Benetako Izatea, hortaz, ez da jaio, hilezkorra da, osoa, betea, biribila eta geldia
-Bat datoz pentsamendua eta Izatea
-Iritziaren bidea faltsua da, zentzumenen bidez jasoa: mugimendua erakusten du
-A A da eta ezin da aldi berean B izan; identitate hastapena, zientziaren oinarri; magian, berriz, A aldi berean B ere izan daiteke (dantza erritual egokien bidez, tigrearen arima aztiaren gorputzean sartu); edonola ere, zientziaren lorpenak magiarenak baino harrigarri eta "magikoagoak"
-Alexandre Kojèveren eta Clèment Rosseten irakurketa ezohikoak
-Felipe Juaristiren poema
ELEAKO ZENON, Parmenidesen dizipulu; maisuaren filosofia sendotzearren asmatu zituen lau paradoxa hauek:
(Paradoxak: “nik inoiz ez dut egiarik esaten”; “nik beti gezurra esaten dut”; On Kixote-n, Insula Baratarian sartu ahal izateko galderari erantzuna: “urka nazaten etorri naiz”)
a) Espazioa infinituraino balitz zatigarri:
-Lasterketa estadioan
-Akiles eta dortoka
b) Espazioa ezin zatituzko puntuz balego osatua:
-Gezia, beti geldirik
-Hiru Ilarak, bata geldirik eta beste biak kontrako norabideetan: orduan ilara batek aldi berean zeharkatzen duena eta zeharkatzen duenaren halako bi aurreratzen du
Ondorio posible bat: filosofiak beti nahi izan du arrazoimenaren bidez dagoenaren berri eman. Ordea, dagoena mugitu egiten da. Eta logikak erakusten du mugimendua ezinezkoa dela. Beraz, giza arrazoimenak ezin du errealitatea adierazi, ez datoz bat: hobe filosofiari uko egin eta isildu.
Zeri buruz dio Parmenidesek "esti"?
Parmenidesek dioenez, bat datoz izatea edo benetan badena ("einai", "esti") eta pentsatzea ("noein"), eta badena bada, ez dena ez da, ez da egia badena ez dela, ez da egia ez dena badela. Ondorioz, izatea osoa da, betea, biribila, geldia, aldaezina, betikoa eta hilezkorra. Badena bada, ez dena ez da: horrek ez du erremediorik, eta, Parmenidesen hitzetan, ezinbestekoa da, zuzenbidea, legea eta patua.
Tradizioaren arabera, Parmenidesek Izateaz dihardu, Izate den heinean: aldaketa, denborazkotasuna eta errealitate enpiriko oro transzendituko lukeen Izateaz, edozein gauza partikularren gainetik legokeena.
Parmenidesen poemaz nagusi den ikuspuntua Platon, Aristoteles, Nietzsche eta Heidegger-engandik datorkigu eta ontologiaren eta zehazki dualismo ontologikoaren ernamuintzat dauka; ikusi nahi izan du poemak bereizten dituela, batetik, zentzumenen bidez jasotako izaki engainagarriak eta, bestetik, zinezko Izatea, gogoeta logikoak uler dezakeena, haraindikoa. Ikuspuntu hori indartzeko Parmenidesen biografiako pasadizo ez oso ziur batzuk ere aitzakiatu izan dira: Eleakoaren hilarrian Y bat ageri zen; ikur horrek adierazten omen du bizitzan bi bideen artean aukeratu behar izan zuela, iritziaren bidea ala egiaren bidea; hainbat sektetako kideen hilarrietan marrazten zuten Y hori.
Interpretazio horrek arazoak pizten ditu. Inork ez daki zer arraio egin poemako bigarren zatiarekin, kosmogoniaz, kosmologiaz, antropologiaz eta demonologiaz diharduena. Izan ere, Jainkosak lehenbiziko zatian ezagutarazten baitio egiaren bidea Parmenidesi: funtsean, badena badela; eta iritziaren bidea ezinezkoa dela diotso, alegia, ez dena badela: ez denaz ezin deus ere esan. Hala ere, poemaren bigarren zatia mintzo da ez egiaz baizik iritziaz, zentzumenen bidez jasotakoaz, eta Jainkosak jakinarazia da, halaber.
Alexandre Kojève-ren eta Clèment Rosset-en irakurketek hankaz gora jartzen dute tradiziotik datorkigun interpretazioa eta bigarren zatiaren izatea era koherenteagoan zuritzen dute.
Rossetentzat, sinonimo dira izate, existentzia eta errealitate. "Jakinduria- eta eromen-hastapenak" liburuan dioenez, izakien eta Izatearen artean bereiztea, Heidegger-en gisara, doktore mistikoen joera da, zentzu handirik gabekoa. Estrapolazio filosofiko bat egin da Parmenidesekin: beste filosofo batzuek beren kezken arabera interpretatu dute haren poema, Parmenidesenak ez diren kezkak, eta hala ere kezka horiei erantzunez aurkezten digute Parmenides Filosofiaren Historiek. Eleakoari esanarazi zaizkio hark gogoan sekula izan ez zituenak. Poema bera arretaz irakurri beharrean, interpretazio-ildo nagusia jausi da Bergsonek “pentsamenduaren erretroaktibitatearen ilusio” izendatu zuen horretan: Parmenidesi nahikeria ontologiko bat eta eternitate-ardura bat leporatu izan zaio, ez zena filosofikoki garatuko hura hil eta mende eta erdi geroago baino, metafisika greko klasikoan, Platon eta Aristoteles. Platon etengabe mintzo da eternitateaz, “aei on”; aldiz, Parmenidesek ez du halakorik INOIZ aipatzen.
Zehaztu dezagun: Javier Agirre eta Felipe Juaristiren itzulpenaren arabera, Parmenidesek badenaz (“esti”) dio: “jaio ez izana izanik, ezilkorra ere badela, eta betea, bakarra, geldia eta guztiz osatua; ez zen izan eta ez da izango, orain oro baita bat, bakar, etengabea.”
Rossetek onartzen du Parmenidesek izateaz esateak jaio ez izana dela, ezilkorra eta geldia, iradoki dezakeela hemen beheko errealitate denborazko eta aldagarritik bereiziriko zerbait duela aipagai, hots, ontologiak ezagutarazi digun Izate transzendentea.
Ordea, testuan bertan ez du ezer aurkitzen halako irakurketa bat derrigortzen duenik. Areago, ohiko interpretazio-arazo ugari desagertu egiten da, behin utziz gero Parmenidesengan ikusteari pentsalari bat desberdintasun ontologikoaz arduratua, existentziaren eta Izatearen artean bereizi nahi tematian.
Rossetek tzulpenaren bidez laguntzen dio bere interpretazioari. Orrialdeak aurrera, tradizioan gailendutako “jaio ez izana” eta “ezilkorra” bilakarazten ditu “iraganik gabeko” eta “etorkizunik gabeko”. Halatan, aiseago helduko da baieztatzera Parmenidesengan bat datozela izatea eta existentzia, poemako “esti”k ez duela aipagai errealitatea baizik.
Edonola ere, izateak ez badu iraganik, ez etorkizunik, ezta mugimendurik ere edo aldaketarik, zer ote da, ez bada ontologiaren betiko Zer transzendentea?
Horra giltza: ZERI BURUZ dio Parmenidesek ez duela iraganik, ez etorkizunik, ezta mugimendurik edo aldaketarik ere?
Rosseten ustez, ORAIN PRESENTE dugunari buruz. Parmenides mugatzen da esatera badena iragan barik eta gero barik dela, eta orain existitzen dela (“nun esti”).
Izatearen ezaugarri horiek (aldagaitz, iraganetik eta etorkizunetik independente) ez dira ontologiaren pribilegio, baizik edozein errealitateren ezaugarri, errealitate hori orain eta hemen dugun neurrian. Errealitate bakar bat ere ez da aldaketaren, iraganaren edo etorkizunaren menpekoa izan, orain baita beti. Aldaketaren, iraganaren edo etorkizunaren araberako errealitatea irreala litzateke, orain hemen ez den izateaz esan beharra baitago benetan ez dela.
Horri lotuta, bestalde, ulergarriago ageri zaigu Parmenidesen esan hau: benetan badena onartzeko beharrezkoa da bihotz ausart bat. Kontua da gizakiak beti babestu nahi izan duela bere burua benetan badenetik, zoragarria bezain arraroa eta krudela baita, eternitateren, haraindiren, iraganen edo geroren baten altzo haluzinaziozkoan; aski hedatua da eternitatea, haraindia, iragana eta etorkizuna oraina baino errealagotzat hartzen duen eromen mota. Parmenidesek behin betiko ixten digu aukera hori, eta benetan baden errealitate bakarrera kondenatzen gaitu, orain eta hemen aurrez aurre dugun horretara.
Erabatekoa da Parmenidesen izatearen eta errealitatearen arteko adostasuna, Parmenidesen “esti” horrek edozein errealitateren funtsezko ezaugarria adierazten baitu: existitzea ez da beste bat izatea, ez lehen, ez gero, ez beste nonbait, baizik orain eta hemen izatea: aldagaitz, betiko, hilezkor, geldi.
Pitagoras
-Samosetik Krotonara, Turkiatik Italiara
-Pitagorikoen sektaren arauak eta bizimodua
-Kateto ber 2 + kateto ber 2=hipotenusa ber 2 aurkikuntza ospatzeko idi bat sakrifikatu eta oturuntza
-Metempsikosia
-Monokordioaren bidez, musika-harmoniaren oinarri matematikoaz ohartu: zortzirena: 2:1 (diapasoia); bostena: 3:2; laurdena: 4:3
-Fisisaren arje-a, edo naturaren oinarria, dagoenaren funtsa: zenbakia, zenbaki osoa. Sentimenduak eta gertaerak ere, itxaropena zein ezkontza, zenbaki. Zenbaki perfektua: 10: 1+2+3+4: triangelu ekilateroa; Jainkoa: ekilateroaren baitan, begi kontenplalaria
-Platonen propedeutika-proposamen pitagorikoa (Politeia VII): aritmetika (puntuaz eta mugitzen den puntuaz: marraz), geometria (mugitzen den marraz: planoaz), estereometria (mugitzen den planoaz: solido geldiaz), astronomia (mugitzen den solidoaz: planetaz)
-Teoria, kontenplazioa, katarsia. Unibertsoaren funts matematikoa ezagutuz arima purifikatu. Estadioan.
-Esferen musika: isiltasuna
-Antilurra edo errealitatea gure irudi idealean kosta ahala kosta sarrarazteko giza grina
-Pitagorasen sektako arauetako bat: isiltasunarena. Metapontioko Hipaso, jendaurrean jakinarazteagatik karratuaren aldearen eta diagonalaren arteko harremana (√2) ezin dela zenbaki osoen bidez adierazi, salatu eta hil egin zuten. Zenbaki irrazionalen aurkikuntzak pitagorikoen mundu-ikuskera arrakalatu. π-ri buruzko errusiarren liburua
-Pitagorismoa gaur egun: fisika, fisika-matematikoa da; Mandelbrot eta fraktalak: hodeien eta kostaldeen forma aldakor itxuraz apetatsuak koherentzia matematikoaren arabera azaltzeko ahalegina