Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Aurkikuntza berriak hainbat hizkuntzaren jatorriaz

Markos Zapiain 2014/06/21 11:54
Azkenik baten bat ausartu da gehienok susmatu baina isildu izan duguna garbi adierazten. Mossad eta ezkutuko desinformatze lanak. Giza egitura mentalaren sekretua.

http://contraperiodismomatrix.wordpress.com/2014/06/19/el-castellano-iberico-es-un-idioma-fenicio-annunaki-de-la-atlantida/

Rik Mayall hil da. "Gazteak" Nahieran?

Markos Zapiain 2014/06/09 22:43

"Gazteak" serieko Rick zen; ondoren "Karakola eta barea" egin zuen  Adrian Edmondson "Gazteak"eko "Vyvyan Basterd" punkyarekin.

Ea heriotza triste horrek bultzatuta ETBkoek eskura jartzen dizkiguten, omenaldi gisa edo.

Zergatik ez daude "EITB Nahieran"en euskaratutako serieak eta filmak? Non dago, adibidez, "Harreman arriskutsuak" zoragarri hura?   

 

Mendekuaz (eta V)

Markos Zapiain 2014/05/28 10:39

-Jone Albeniz: Diego Sanchez Mecak, ikuspuntu filosofikotik, honelako baieztapenak egin ditu, Kant eta Nietzsche kontrajarririk: “El origen de ese bien y de ese mal están dentro de cada uno, no forman una ley moral establecida por Dios ni una estructura transcendental universal a modo de imperativo categórico, como creía y defendía Kant. Éste sería el primer argumento de la crítica de Nietzsche a Kant: el bien y el mal sólo están en nosotros como un contenido subjetivo; la ley moral es producto de nuestra educación y de la interiorización de nuestra cultura” Zeinekin zatoz bat? Eta zergatik?

-M.Z.: Nietzscherekin nator bat. Nietzschek maiz aztertu du mendekuaren eta moralaren arteko harremana, mendekua jo du Mendebaldean nagusi diren moralen sorburutzat. Dena den, ez dago ikuspuntu bakarra bere obran, bilakaera interesgarri bat dago “Gizatiarra, gizatiarregia” eta “Paseatzailea eta bere itzala”ko testuetatik “Horrela mintzatu zen Zaratustra” eta “Moralaren genealogia”koetara.

Ez dut uste lege moral eta agindu kategoriko unibertsal bat dagoenik, gizatasun behin betikoak ezarria; aitzitik, gizakia bilakaeraren ondorio da, bilakaera ez da amaitu, oso desberdina da jendea, oso historia desberdinak izan dituzte herriek, eta etikak, legediak eta justizia-sentimendua bera ere, horrenbestez, ugariak dira eta mutakorrak. Edozein herriren baitan ere askotarikoak eta aldakorrak dira taldeen eta gizabanakoen etikak, baina egia da aldi berean kutsu orokor berezia hartzen dutela herriz herri. Esaterako, eta Nietzschek berak kontatzen duenez, grekoek mendeku hartzea ohitura egokitzat zuten. Gaiztotzat zuten fundamentuz mendekatzen ez zekiena. Esker ona eta mendekua uztarturik zekuskiten eta bai esker ona adierazteko eta bai mendekatzeko gai ziren pertsonak zituzten zintzotzat. 

Mendekuaz (IV)

Markos Zapiain 2014/05/28 10:21

-Jone Albeniz: Zein izan da mendekuaren eboluzioa gizabanakoarengan?

- M.Z.: Mendekua ez da gizakion berezitasuna. Frantses Wikipediak mendekuari eskainitako sarrerak dio 2000 urtean Saudi Arabian babuino talde bat errepide ertzean ezkutatu zela hiru egunez automobilista bat mendekuz harrikatzeko asmoz, honek zimino talde horretako kide bat akabatu izanaren ordainez.

Begien bistakoa bada ere zimino-oinarriak eta mendeku basatiak bizi-bizi dirauela gizakiongan, zibilizatzeak mendekurako aukera berriak eskaini dizkigu, gorputzetik eta odoletik libreago; irudimentsuagoak, maltzurragoak. Ikasleei jotzea debekatu zuten garaian eztabaida interesgarri bat piztu zen irakaskuntzan: irakasle eta ikasle batzuek zioten debekua txarrerako izango zela, momentuko asaskatzea eragotzita bide ematen baitzaio epe luzerako mendeku psikologikoari. Zaplazteko bat garaiz jo ezinean umiliazio publikoak etorriko ziren, edo noten bidezko mendekuak. Ziur aski, debekua baino lehen ere zaplaztekoak ez ezik umiliazio publikoak eta noten bidezko mendekuak ere izango ziren, baina beldurra zabaldu zen, erantzun primarioa debekaturik ez ote zen sotilagoa areagotuko. Urte asko igaro dira orduz geroztik, eta orain arreta deitzen duena da gero eta irakasle gehiago dagoela inoiz ikara fisikoa sentitu duena, ikasleek eraginda. Zurrumurrua dabil zentzu horretan arazo larriak dauzkazuela Mondragon Unibertsitatean (txantxa).   

Mendekua alferrikako bihurtu zuen iharduki eredugarri baten adibidea gure Institutuan bertan gertatu zen, Tuenti nagusi zen garaian, artean ez zuen Twitter-ek ordeztu. Bazen ondo zebilen bikote bat. Mutilagunak kontatutakotik eta neuk ikusitakotik dazagut istorioa: ohi baino partzialagoa da ikuspuntua. Batxillergoko bigarren mailan ikasgela desberdinetan jarri zituzten.

Saizarbitoriak Martutene-n erakutsi du bikote batzuek tartean sartzen zaien hirugarrena suntsitzeko joera izaten dutela. Aldiz, bada jendea bikote itxuraz sendoak apurtzeko grina bultzatzen duena oroz gain, Edipo aroa gainditu gabeko sarkinak. Neskaren ikasgelan bazen horrelako morroi bat eta neskari fitxak sartzen hasi zitzaion takian-potian. Neska ez da borde bat eta kortesiaz erantzuten zion, atsegina baita eta komunikatiboa. Sarkinak interpretatzen zuen neskak bide ematen ziola. Neskaren ikaskide batzuek mutilagunari kontatu zioten, horrelako notiziak ematea beti baita bihotz-altxagarri. Mutilagunak hasieran ez zion inori eman bere kezkaren berri, baina urduri hasi zen txirrina jo bezain laster pasillora irteten, zaintzera ea neskalaguna eta sarkina elkarrekin agertzen ziren, nola begiratzen zioten elkarri. Mutilagunak oraindik ez zekien aldi berean Tuentiren pribatutik sarkina egundoko mezu-zaparrada lerde-jarioa bidaltzen ari zitzaiola neskari. Neska bera moskeatu eta erakutsi egin zizkion. Mutila oso txarto jarri zen, Institutuan igartzen zitzaion, irakasleok gure artean komentatu genuen. Alegia, ez zen ihardukitzeko gai, erreakzioa aktibatu beharrean sentimendu bilakatu zitzaion. Zeharo galdua zuen ekimena, beste bien artekoa zelan zihoan kopetilun eta amorruz ikustera mugatzen zen, ikusle pasibo, goibel eta herratsu.

Konponbidea ekimena berreskuratzetik etorri zen, iharduki polit bat asmatzetik. Neskalagunarekin mintzatu eta erabaki zuten mutilak berak erantzungo ziola Tuentiko pribatuan sarkinari, neskaren izenean. Orduan hasi zen mutila eraso gisa sentitutakoari ondo pasarazten zion erantzun bat ematen, sarkinarekin jolasten. Gerra irabazi egin du; oraingoz bai, behintzat. Aspaldion, oker ez banago, ez mutilak ez neskak ez dute Tuentirik, eta behin krisia gaindituta neskak pasahitzaz babestutako bere esparru pribatua berreskuratu du interneten, mutilagunaren behakotik at, psikologoen aholkuari jaramon eginik. 

Mendekuaz (III)

Markos Zapiain 2014/05/28 10:01

-Jone Albeniz: Ze muga izan ditzake pertsona batek ez mendekatzeko?

-M.Z.: Esaten da biktimari oinazearen handitasunak eta indarraren txikitasunak eragozten diola iharduki eragingarri bat garaiz asmatzea. Tarte zabalegi horrek eragindako paralizatzeak bilakaraziko luke mendekati. Hau da ohiko ikuspuntua. Nietzsche ez dago ados.

Hemen giltza ez da neurria baizik tipologia. Gizaki tipo bat da Nietzscheren ustez mendekatia. Desberdinak dira Irene Villa edo Eduardo Madina eta Daniel Portero edo Enrique Mugika Herzog. Mendekatiarentzat, erabakigarria ez da jasan duen erasoaren tamaina edota bere minaren sakontasuna, ezta ere mendekatia bera zeinen indartsua den. Kontua da bere indar guztia, berdin dio neurriak, min horretara bideratu eta bertan finkatzen duela. Horregatik ez da gai erreakzionatu eta ganoraz erantzuteko. Mendekatiaren erreakzioa ez da sekula amaitzen, sentitua baita, esan bezala, eta ez aktiboa.

Hobe da, behin egoerak eskatzen duen erantzun merezi bezain bortitza eman ondoren, mendekua ahaztea. Mendekua ez baita amaitzen eta mendekatiari berari zapuzten dio bizitza. Erantzun efektibo eta artistiko bat behar da, nire ikasleak Tuenti erabilirik eman zuenaren antzekoa; gero kontatuko dizut. Edonola ere, saiatu, ahal izanez gero, zure orduak eta zure egunak ez galtzen mendekua bezalako pasio tristeen pean. Iraindu zaituzte, eraso, bidegabeki. Horrek goibeldu zaitu, etsitu. Ederrena litzateke erasotzaileari gogor ihardukitzea eta aldi berean ihardukiaren bidez zuk ondo pasatzea.

Infernua da mendeku-katea amaigabe horietako batean amiltzea, hala nola belaunaldiz belaunaldi luzatzen diren familien arteko liskarrak, edota herrien artekoak. Azkenean jendeak ez du gorrotoaren kausa gogoratzen; ez da gelditzen mendeku-behar gordina baino. Mendekua inpotentziaren adierazpen bat da. Ihardukitzeko gai ez denak jotzen du mendekura. Politika da mendeku gosea gainditzeko artea, horrela definitzen du Koldo Izagirreren “Metxa”k.

Ihardukitzailearen garuna malgua da, moldagarria, freskoa, zabalik dago kitzikapen berriak jasotzeko. Mendekatiarena, berriz, gogortu egin da, zurrundu, eta irainak burmuinean utzi duen aztarna ez da sendatzen, mendekatiaren bizi indarra aztarna horretan finkatzen baita. Psikoanalisten mintzamoldean: mendekatiaren libidoa aztarna mnemiko hori behin betiko inbestitzen du, mendekatiaren digestioa sekula bukatuko ez balitz bezala. Aurrerantzean, irainaren aztarnak mendekatiaren gogo osoaz jabetuko dira. Oinazea izango da nagusi bere bizitzan. Edonorengan sumatuko du erruren bat. Inork ez omen du bere mendeku-gosearekin bat egiten Etika Unibertsalak exijituko lukeen bezain sakonki. Biktima izatea da mendekatiaren izaeraren eta bizimoduaren funtsa. Baina inor ez du ezaugarri bakar batek definitzen, gaixorik ez badago. Mendekatiari lagundu behar zaio berriro jotzen biktima-tekla monokordeaz gain bere bizitzan ibili litezkeen bestelako musikak.  

Mendekuaz (II)

Markos Zapiain 2014/05/28 09:13

-Jone Albeniz: Nondik sortzen da mendekua?

-M.Z.: Bidegabeki eraso dizutenean aukera bi dauzkazu: erantzun edo ez erantzun. Jesusek ihardukiari ukoa aldarrikatzen zuen, beste masaila eskaintzea, etsaia maitatzea. Nietzscheren ustez, larregizko sentiberatasunaren eta ahuleziaren eraginez zegion uko Jesusek ihardukiari. Dena den, litekeena da borrokari ukoa ez etortzea beti eta ezinbestez makaltasunetik eta ezinetik; oraingoz ulergaitza zaigun kemen arraro batetik ere etor bailiteke. Historian uko hori ia ez da erabili izan, eta horregatik ez dakigu ez ote den lehen begiratuan dirudiena baino eragingarriagoa epe luzera. Esperimentua egin behar: eutsi zenbait hilabetez bizitza pertsonalean zure burua inondik inora ez defendatzeko erabaki irmoari.

Edozein gisaz, ia jende guztiari, Hegel barne, zuzenagoa iruditzen zaio irain injustuari erantzutea, ihardukitzea, borrokatzea, ekintza. Gero gerokoak, baina makurtu eta injustizia isil-isilik irenstea saihestu beharra dago, barrualdea usteltzen baitizu eta ondorioz baita kanpoaldea ere, proiekzioz. Mendekatiak joera du jende guztia errudun sentiarazten ahalegintzeko, bere mendeku-grinarekin bat egiten ez duen heinean.

Nietzschek ihardukia eta mendekua bereizten ditu. Lagun on, zintzo, osasuntsuak iharduki egiten du, ondoren ahaztu eta bizitzen jarraitu ahal izateko. Erantzun ezazu behar bezain bortizki, eta kolpe horrek eragingarriki uxa ditzala etsaiaren irainak, traizioak eta gainerako eltxo gogaikarriak. Ahaztea ez da gabezia bat, baizik eta ezin onuragarriagoa zaigun fakultate aktibo bat. Asko ahaztu beharra dago berriari leku egitearren.

Mendekatiak ordea ezin du ahaztu. Ez denez une egokian eta ganoraz erantzuteko gai izaten, iraina irentsi egiten du eta aurrerantzean irainean finkatuko du bere sentimendua, inoiz ez du iraina ahaztu ahal izateko moduko ihardukirik joko. Mendekatiaren oroimena eta bizitza bera oinaze hutsa da. Ikaragarrizko oroimen indartsua izaten du, gomuta orori zornea dariola. Mendekatiarengan, ekintza beharrean, ihardukia garaiz, sentimendua dugu, erresumina, etengabeko marmarra, kexua eta irudimenezko konpentsazioak. Deleuzek dio osasuntsuak badakiela haizea alde jartzen zaionean mamitzen bidegabekeriaren aurkako bere ihardukia. Gai da bere erreakzioa abagune egokian aktibatzeko. Aldiz, mendekatiak ez du erreakzioa aktibatzen eta oinazea barneratu egiten du, sentimendu bilakatu. Mendekua sentimendu bihurtutako erreakzio bat da, aktibatzen ez dena. Mendekatiaren barrualdea erruz, damuz eta erantzukiz dago osatua. Mendekua tarantula da, iraganeko ausiki zornetsua, eta osasuna mendekutik askatzea da.

Mendekuaz (I)

Markos Zapiain 2014/05/28 08:55

-Jone Albeniz: Ikuspuntu filosofikotik nola definituko zenuke mendekua?

-M. Zapiain: Jarrera eta jokabide egokia nahi bezain ahoberoki aldarrikatuta ere ez da erraza izaten zure buruari eta zure bizitzari aplikatzea. Mendekutik libre bizi banintz bezala mintzatzen ahaleginduko natzaizu, arraroa egingo zaidan arren. Baina ikuspuntu filosofikotik jarduteko eskatu didazunez distantzia hartu behar, eta aholkulariaren jarrera, filosofia-tradizio ezagun beneragarri bati jarraiki.

Spinozaren definizioa izan daiteke abiapuntu egoki bat. “Etika”ko hirugarren zatiko berrogeigarren proposizioaren bigarren korolarioak dio: “Nornahik irudikatzen baldin badu berak lehenago afekturik izan ez dion norbaitek gorrotoz gaitz egin diola, berehala lehiatuko da hari gaitz horren ordainez itzultzen.” Eta proposizio horren beraren eskolioan: “Gorrotatzen dugunari kalte egiteko ahalegina, hira deitzen da; eta egin diguten kaltea itzultzeko ahalegina, mendekua.”

“Etika”ren hirugarren zatian bertan, amaieran, afektuen definizioen artean mendekuarena aurkitzen dugu. Hogeita hamazazpigarrena da. Honelaxe dio: “Mendekua da, gorrotozko afektu berberaz kalte egin digunari, gorroto ordainez gaitz egitera bultzatzen gaituen desira.” Piarres Xarrittonek eta Jose Luis Alvarez Santacristina “Txelis”ek euskaratu ziguten “Etika”.

Spinozarentzat, mendekua pasio triste batek bultzatzen du; pasio tristea den heinean, murriztu egiten ditu nire jarduteko ahalmena eta hunkitua izatekoa. Mendekuak harrapatzen nauenean ergeldu egiten naiz. Hortaz, arrazoi egokiak erabiliz mendekutik askatzen ahalegindu beharko nuke. Noski, mendekua sentimendu bat da, eta arrazoi batek ezin du sentimendu bat ordeztu. Eta zenbait irain eta erasoren ondorioz, ezinbestez jausten da edozein gizaki mendekuaren atzaparretan, ezinbestekotasun matematiko batez. Dena den, arrazoimenak eta artez pentsatzeak badute nolabaiteko eragina afektuengan, bidera gaitzakete mendekua bezalako pasio triste bat, tenteltzen eta ahultzen gaituena, pozgarri litzaigukeen afektu aktibo bilakaraztera, ahaztu gabe beti ere erritmoak errespetatu beharra eta pasioen gaineko arrazoimenaren eragina mugatua dela. Edonola ere, merezi du, jakina, mendekutik askatzen ahalegintzea.

Eritasun bat baita. Zoritxarraren hainbat ezaugarri darakutsa: batetik, mendekatia iraganaren arabera bizi da. Iraganak erabakitzen du bere oraina zein bere asmo nagusia. Eta sentimenduen ekonomiak erakusten duenez, afektu-kopuru handiagoa baduzu iraganean inbestiturik orainean eta etorkizunean baino, orduan ezingo duzu behar bezala ekin, eta are gutxiago gozatu edo gozarazi.

Bestetik, pasiozko amodioan bezala, mendekatia etsaiaren esku dago, bere boterea eman baitio. Etsaiarengan du arreta finkatua. Ordea, ondo xamar bizi ahal izateko zure buruak behar du abiapuntu, ez zaio garrantzi berezirik eman behar bestek dagienari edo gogoan darabilenari. Etsaia zertan dabilen ez dagokizu, zu zara erdigunea. Ahaztu txotxolo horren aurkako mendekua eta zentratu zure baitan.

Leibnizen infinitu batzuk (eta V)

Markos Zapiain 2014/05/05 12:35

 

INFINITU BER INFINITUREN ERDIGUNE INFINITUA

-izaki indibidualari “monada” ere deitzen dio Leibnizek; monada atomo metafisiko bat da; indibiduo bakoitza da monada, dela gizaki dela inurri; baina ez dira monada taldea, saldoa, armada, eskola, estatua

-izaki indibiduala Jainkoaren inbertsoa denez, eta Jainkoa ∞/1, orduan indibiduoa: 1/∞

-izaki indibidualak ez du ez leihorik ez aterik, kanpotik ez dio ezerk eragiten, automata espirituala da, aldez aurretik dago programatua; aurrezarritako harmoniagatik iruditzen zaigu izakiek elkarrekin komunikatzen dutela

-arimaren eta gorputzaren arteko lotura ere, aurrezarritako harmoniaren araberakoa: hasieratik sinkronizatuak leudekeen bi ordulari desberdin

-beste metafora bat: zirkunferentzia (gorputza) eta bere erdigunea (arima); zirkunferentziako lerro guztiak, gorputzezko ugaritasuna, erdiguneko arima bakun zatiezinera datoz elkartzera

-izaki bakoitzak, eta infinituak dira izakiak, unibertso osoa, halaber infinitua, barnebiltzen eta adierazten du: izaki bakoitza atomo bat da, baina ez fisikoa, baizik eta filosofikoa

-pertsona jakin baten nozio zehatza kiribildurik dago geuretzat; baina, adimen infinitu batek egin lezakeen eran, pertsona horren nozioa askatu eta deskiribilduz gero, guztia genuke osotoro ezagutuko: pertsona ezezagun horrengan dautza Epikuroren jakinduria zein biharko eguraldia, Erromatar Inperioa nahiz Francoren garaipena; halaber patata guztiak eta izar guztiak. Hori bai, barnebildurik, tolesturik, biribilkaturik; ezagutu ahal izateko analisi infinitua behar

-Leibnizen infinituak era islatzaile edo are biderkatzaile batez funtzionatzen du: esan bezala, izaki infinituetarik bakoitzak unibertso osoa bere ikuspuntutik barnebiltzen eta adierazten duenez, eta beraz, nolabait, gainerako izaki infinituak ere barnebiltzen eta adierazten dituenez, orduan, ezinbestez, infinitu bakoitza bere buruaz infinitu aldiz biderkatzen da, eta biderkatze infinitu hori potentzia maximoan edo infinitu maximoan burutzen da, hau da, Jainkoarengan. Jainkoa infinitu aktual eta birtual guztien erdigune infinitua litzateke 

-apalago, gure tamainari egokitua, Goethek: “Infinitua ezagutu nahi duzu? Orduan zeharkatu finitua zentzu guztietan”

Leibnizen infinitu batzuk (IV)

Markos Zapiain 2014/05/05 11:30

 

PERSPEKTIBISMOA

-Leibniz arte: perpaus analitikoa egiazkoa da

-Leibniz: perpaus egiazkoa analitikoa da

-Leibnizentzat, analitikoak ez dira soilik identitatezko egiak, logikoak, esentziazkoak, matematikoak, beharrezkoak

-baita existentziazkoak ere, kontingenteak, egitezkoak: Zesarrek Rubikon ibaia zeharkatu du; Julio Zesar subjektuaren nozioan barnebilduak daude eternitate osotik Zesarren ekintza guztiak; denborak deskiribildu eta erakutsi egiten du gutako edozeinen nozio eternoan kiribildurik dagoena

-beraz, egia existentzialak ere analitikoak dira

-hori bai, analisiak infinituraino jo behar du, kausaz kausa eta ondorioz ondorio

-gutako bakoitzaren baitan den-dena dago barnebilduta, baina tolesturik

-Unibertsoan guztiak konspiratzen du, guztia dago guztiari loturik harreman guretzat ikusgaitzen bidez; tximeleta-efektua, metereologia

-gutako edonor eta edozer agertzeko beharrezkoa izan da unibertso osoaren historia; eta gure agerpenak unibertso osoaren etorkizuna baldintzatu eta aldatuko du; are, gure edozein ekintza edo esaldik

-gutako bakoitzak unibertso osoa barnebiltzen eta adierazten du, baina bere ikuspuntu edo perspektiba berezitik; era berean, hiri osoari, bat eta berdina izan arren, biztanle eta turista bakoitzak desberdin begiratzen dio, arauz-eta non dagoen; gizakiok ezin dugu hiri osoa aldi berean perspektiba guztietatik ikusi

-gutako edozeinen nozioa infinituraino analizatuz gero, unibertso osoa azalduko da; hori bai, osotasun hori modu ilun eta nahasian adierazten da; soilik dagokigun esparru finitua dagokigu modu gutxi-asko argi eta garbian, gauez aurrera doan autoaren leihotik ikusten dena bezala

Leibnizen infinitu batzuk (III)

Markos Zapiain 2014/05/03 15:30


INFINITUKI TXIKIA

-ezer ez da ezerezetik sortzen, ezer ez da erabat hiltzen; aldatu egiten da dena, tolestu, txikitu, gorde eta berriro agertu, garatu eta handitu

-edozer gauzakik infinituraino doazen tolesak barnebiltzen ditu; esan bezala, ura arrainez betea dago, arrainetan ura dago, eta arrain horien uretan arrainen arrainak daude; horixe da besteak beste analisi infinituak erakusten duena: mundu honetako atomo bakoitzak unibertso infinituak gordetzen ditu; eta gure mundu osoa atomo bat izan liteke unibertso handiago batean

-gu gizakion adimenak gordean ditu ezagutzen ez ditugun hainbat eta hainbat pertzepzio eta egia

-batetik pertzepzio infinituki txikiak ditugu, kontzientziara heltzen ez direnak; eta bestetik apertzepzioak, pertzepzio kontzienteak

-apertzepzio arrunt batez ohi bezala jabetzeko, aldez aurretik infinitu pertzepzio inkontziente txiki-txiki izan ditugu gure kontzientziaraino helduko den sentipenaren norabidean

-itsasoaren burrunba hautematen duzunean (apertzepzioa), olatu bakoitza ez ezik olatu bakoitza osatzen duten tanten soinu txki-txiki infinituetako bakoitza ari zara oharkabean hautematen (pertzepzioak)

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.