Ume basatia
Filma hemen
1-Victorren rola antzezteko ijito bat aukeratu zuen Truffaut zuzendariak, “Manitas de plata” gitarra-jole flamenkoaren iloba, hain zuzen. Iritzi-emaile batzuek arrazakeria leporatu diote, aditzera ematen baitu ijitoa paioa baino naturatik hurbilago eta kulturatik urrutiago dagoela. Ados zaude?
2-Zein uste duzu izan dela zuzendariaren helburua film hau egiterakoan? Jacques Itard doktoreak idatzitako txostena ahal bezain fidelki islatzea, beste barik?
3-Victor aurkitzen dutenean, ezagutzen ditugun gizakiak ez bezalakoa da oso. Zer ezaugarrik bereizten dute horrenbeste besteengandik? Zein ezaugarri dira, orduan, gizabanako naturala pertsona zibilizatu bilakatzen dutenak?
4-Zer dio zure intuizioak: hamaika urteko isolamenduak basoan sortu dizkio Victorri arazoak hizkeran? Ala pertsona gorra edo autista zelako abandonatu zuten bere gurasoek, hiltzen ahalegindu ostean, lepoan duen orbain luzeak erakutsiko lukeenez? Beste hipotesiren bat?
5-Aipatu Jean Itard-ek Victor hezteko erabiltzen dituen teknika batzuk. Zein iruditu zaizu baliagarriena?
6-Victorrek ura edaten duenean basorantz nola begiratzen duen, nostalgiaz bezala, edo umearen poza euripean dantzan, edota bere ihesaldiak basora Itard despistatzen denean, horrek adierazten du baduela bizimodu naturalera itzultzeko joera bat. Zilegi al da Victor bizitza basatitik aldendu eta irakaskuntza-prozesuan murgilaraztea? Itard eta bere ingurukoek eskubidea dute Victor izaki sozial bihurtzen saiatzeko, nahiz eta umeak nahi ez izan? Zergatik?
7-Aristotelesek dio soilik Jainkoak edo animalia batzuk daudela bakardadean bizitzeko eginak. Aldiz, gizakiaren berezitasunik garrantzitsuena, alegia, logos, arrazoia, mintzamena, soilik gizartean gara liteke. Beraz, Itardek aitzakia etiko aristoteliko bat leukake Victor bizimodu bakartitik erauzi eta zibilizaziora erakartzeko: Victorren beraren ahalmen nagusiak bakarrik mamituko dira baldin beste gizaki batzuekin harremantzen bada. Zer deritzozu?
8-Film hau ikusi ostean zer iruditzen zaizu, gizakia izaki soziala dela berez, edo sozial bilakatzen dela jasotzen duen hezkuntzaren eta ingurukoen eraginez? Alderatu Victorren eta Robinson Crusoeren kasuak.
9-Victorrek ikasketen aurkako erresistentzia bortitzena adieraziko du Itard hizkuntzaren oinarria irakasten ahalegintzen zaionean, hala nola orrazia “orrazi” hitzari lotzea. Zergatik ote da, Victorrek sumatzen duelako hizkuntza dela ordu arte bizileku izan duen naturatik behin betiko aldenduko duena?
10-Itardek gela ilunean sartuta zigortu eta Victorrek lehenbiziko aldiz negar egin ondoren, orduan bai, ondo burutuko du hizki marraztuak eta egurrezko hizkiak erlazionatzeko ariketa. Hizkuntzaz jabetzea litzateke ume basatia zibilizatzeko iniziazio-prozesu funtsezkoena?
11-Itarden ustez, basatia pertsona moral izatera igotzen duena da justiziaren eta injustiziaren arteko bereizketa ulertzea. Itardek bidegabeki zigortzen duenean, Victor matxinatu eta eskuan haginka egingo dio. Horrek hunkitu egingo du Itard, pozez beteko du jakintsuaren bihotza. Mintzamenaz gain, sentimendu etikoak izateak bihurtuko luke agian gizabanako naturala pertsona zibilizatu? Edo litekeena da basatiak ere gurean nagusi diren etikak ez bezalako bat izatea, bere bizimodu desberdinak ahalbidetua?
12-Uste duzu filmaren amaieran Victor pertsona zibilizatutzat har daitekeela, edo zibilizatu izateko bidean dagoela, behintzat?
13-Jakinik benetako gertaeretan oinarritutako filma dela, uste duzu Victorrek noizbait gainditu zuela berriz basoan aske bizitzeko gogoa? Zer da garrantzitsuagoa, gizarteak ematen diguna ala kentzen diguna?
14-Zein litzateke askeago: Victor basoan, gizarteaz ezjakin, inongo kulturarik gabe, senek gidatua, mintzatzen ere jakiteke, edo gure antzekoren bat, gizartean zeharo sartua, pertsonez inguratua, gailu teknikoak etengabe darabiltzala, trepeten menpe?
15-Zure ustez, zer da askatasuna, nahi duzuna egitea, alegia, biologiak agintzen dizuna, ala era arrazoizkoan zure buruari eman diozun legeari obeditzea?
16-Victorren eta Itarden garaian bizi izan zen Rousseauren ustez, gizakia, zenbat eta hurbilago naturatik, orduan eta bihotz onekoagoa. Zibilizazioak gizakia usteltzen ei du. Gure gizartea patologia gogor batek joa dagoela erakutsiko lukete edozerengatiko lehiak, benetan asetzen ez zaituzten helburu ergelen bila zeharo estresatuta bizitzeak, txutxumutxu eta zurrumurruen nagusitasunak. Bat zatoz Rousseaurekin?
17-Egokia iruditzen zaizu Jacques Itard-en jarrera Victor hezteko orduan, diziplina ezartzeko orduan tinko, are zigor fisikoak erabiltzeraino, baina aldi berean hurbiltasun afektibo bat erakutsiz; zorroztasunez irakasteko gai baina aldi berean umearekin jolasean, danborrarekin, argia islatzen duen ispiluarekin, eta abar?
18-Heziketa eta instrukzioa bereiziko zenituzke? Pedagogo batzuen ustez, soilik etxean behar bezala heziriko ikaslea izango da eskolan ikasteko gai. Ados zaude banaketa horrekin, edukazioa etxean eta ikasketa eskolan? Jolasa eta autoerrealizazioa etxean eta eskolan, berriz, diziplinaren bitartez ikaslearen jakintza-maila igo?
19-Zarena garatu eta barruan daukazuna loratu dadila, hori da jarrera pedagogiko batek heziketari eskatzen diona: zu zeu izaten jarraitzea. Beste ikuspuntu baten arabera, berriz, ikasleak aldatu egin behar du, beste norbait bilakatu. Lehenengo jarrerak hezkuntza jolasari lotu izan dio, eta bigarrenak diziplinari. Zure ustez, nola ikasten da hobeto, lan eginez ala jolastuz? Autoritate jakintsuari obedituz ala barruan daukazuna espresatuz? Hobeto ikasten da Matematika xakean eta musean, ariketa zailak diziplinaz ebazten baino?
20-Guztiok ezagutu ditugu DBHn ez irakurtzen eta are gutxiago idazten dakiten ikasleak, adinagatik mailaz automatikoki igotakoak. Nietzschek XIX. mendean zioenez, hezkuntzaren funtsa da zenbatzen, irakurtzen, pentsatzen eta idazten irakastea. Eta helburua, ostera, nor bere baitaraino eta bere goi-mailaraino heltzea, bere aukera onenetaraino. Eta hori ezin ei da modu masiboan eta teknikoan egin. Nietzschek hori idatzi zuenez geroztik 150 urte igaro diren arren, ez al da gaur egungo irakaskuntzaren arazo nagusia ere, ez duela lortzen gazteek behar bezala irakurtzen, pentsatzen eta idazten ikas dezaten, salbuespenak salbuespen?
21-Nietzscheren iritziz, merezi duen heziketa orok dantza barnebildu beharko luke: oinekin dantzatu, ideiekin, hitzekin, eta, esan gabe doa, baita boligrafoarekin eta teklatuarekin ere. Ondo idaztea da boligrafoa eta teklatua bizkor eta harmoniaz dantzaraztea. Aski sartua dago gorputza eta erritmoa gure hezkuntza-planetan?