Metodo arriskutsu bat
1-Freuden ustez, sexua da guztiaren oinarri; hori ukatzea, suizidioa litzateke psikoanalisiarentzat. Telepatia, parapsikologia, edozein mistizismo, umekeria irrazionalak iruditzen zaizkio, psikoanalisiaren zientifikotasuna barregarri utz lezaketen superstizioak. Jungek onartzen du sexuaren garrantzia, baina ez dio erabateko determinismoa aitortzen. Material klinikoaren interpretazio soilik sexuala leporatzen dio Freudi. Zabaldu egiten da telepatia, parapsikologia eta oro har mistizismora. Misterio asko dago, sexualitatearen teoriak eta oro har arrazoiak azaltzen ez dituenak; besteak beste, sinkronikotasuna. Halakoak ikertu nahiko ditu Jungek. Freudena ala Jungena, zein jarrera iruditzen zaizu egokiagoa, Freud ateoarena ala Jung mistikoarena?
2-Egia ote da amets batzuek etorkizuna aurreikusten dutela, Jungen ametsetako odolezko uholdeak Lehen Mundu Gerra igarri zuen bezala?
3-Gross: terapiaren helburua da pazienteari libre izaten laguntzea. Eta horretarako arauak hautsi behar dira. Askatasuna nahi duzuna egitea da, zure desirari uko ez egitea. Gross: ez ezazu inoiz ezer erreprimitu. Pazienteekin sexu harremanak, bai. Freud: inolaz ere ez. Beti bete behar da legea, distantzia egokiari eutsi. Jung: ez baina bai baina ez. Zein da zure iritziz jarrera zuzena?
4-Otto Gross: monogamia eta sexuaren errepresioa da gizarteko neurosi orokorraren erruduna. Grossen eraginez apurtuko ditu Jungek Freudek ezarritako arauak eta oheratuko da Spielreinekin. Eta litekeena da horri esker sendatu izana Spielrein. Ordea, Freuden iritziz, kalte handia egingo dio Grossek psikoanalisiari. Zer deritzozu?
5-Zure ustez, esan daiteke Jungen maitasunaren bitartez sendatzen dela Spielrein? Haien arteko transferentzia eta kontratransferentzia basatiei esker? Amodioa da sendabidea?
6-Badago sormenari buruzko ikuspuntu erromantiko antzeko bat, Spielreinek adierazten duena: soilik bekatutik sor daiteke sublimea, intzestutik heroikotasuna. Behar bezalako astronauta aurretik meatzari izan da. Barne-muinetan sufritzen ez duena ez da ganorazko ezer sortzeko gai, axalkerian geldituko da. Gainera, edozein sorkuntzak behar du aurkakoen igurtzia, hala nola juduarena eta ariarrarena. Sexu harremanean indibidualtasuna suntsitzen da, eta hortik sortzen da umea. Suntsitze demoniakoa eta sorkuntza batera doaz.
Badago bestelako ikuspuntu bat, lasaiagoa, sormen artistikoa eta artisautza identifikatzen dituena: sortzaileak teknika ondo menderatu behar du, pazientzia izan, lan egin. Balizko inspirazioak lanean harrapatu behar zaitu. Ematen du zahartu ahala sortzaileak gero eta gehiago egiten duela bat bigarren jarrera honekin.
Zein iruditzen zaizu egiazkoagoa?
7-Sabineren aurkako aitaren joera biolentoak neskaren haurtzaroan, Sabineren sexubidea eta bizitza osoa erabakiko du. Horrela funtzionatzen dute benetan maitasun grinek? Amarenganako edo aitarenganako haurtzaroko sentimenduak errepikatzen ditu gaztaroko eta helduaroko maiteen segidak?
8-Freuden kontzeptu garrantzitsuenetako bat, “heriotza-irrika”, Spielreinen ideietan oinarritu zen. Gozamena bilatzea baino sakonagoa du gizakiak errepikatzeko grina, nahiz eta errepikatutakoa mingarria izan. Bat zatoz?
9-Jungek dioenez, plazera konplikatua da; Grossen ustez, berriz, plazera oso sinplea da. Artifizialki konplikatzen eta gaixotzen du gizarteak. Gaixotasun horri deitzen zaio heldutasuna. Grossek dioenez, “heldutasun” deitzen dena onartzea errendizioa da, koldarkeria. Ados?
10-Spielrein: bada zerbait maskulinoa emakume ororen baitan, eta halaber zerbait femeninoa gizon ororengan. Jungek gerora ideia hori garatuko du: emakumearen baitan animus maskulino bat dago, eta gizonaren baitan anima femenino bat. Zer deritzozu?
11-Jungen emaztea eta amorantea gai dira era zibilizatuan hitz egin eta adostasunetara iristeko. Errazago onartzen ote du, filmak iradoki bezala, andreak bere senarraren amorantea, gizonak bere emaztearena baino?
12-Kontatu amets bat eta interpretatu filmean Freudek Jungen ametsak interpretatzen dituen moduan. Ez baduzu ametsik gogoratzen, asmatu.