Zinezko kalipua
1-Filmak Mattieren ikasbidea erakusten du, ume izatetik heldu izatera, ez jakitetik jakitera. Iniziazio-bidaia horretan, heriotza izango da nagusi: aita hil diote, hiru gizonen urkatzea, urkatuen gorpuen artean lo, Cogburn aukeratuko du ez duelako gaizkileak hiltzeko arazorik, adar altuegi batean eskegita dagoen urkatua ikusiko du, txabolan Emmet eta Moonen heriotzaren lekuko izango da, Moonen agoniarena, ikusiko du nola hilko duen Cogburnek Moon honi sufrimendua amaitu dakion, Chaneyren gaizkide berrien sarraskiaren lekuko izango da txabolaren kanpoaldean, eta azkenik berak hilko du Chaney. Gero, leizezuloaren barruan, hildako gizon batean ezkutatuko da suge pozoitsua. Hori gizakiei dagokienez. Baina agian Little Blackieren heriotza egingo zaio gogorrena.
Gainera, zehaztasunez hitz egitera amaiera-heriotzak ez izan arren, Mattiek heriotzaren hainbat aurrekari eta adierazpeni ere aurre egin beharko dio iniziazio-bidaia horretan: jipoia, odola, bakardadea, sufrimendua, abandonoa, gaixotasuna, gaua.
Ipuin tradizional askotan, heroiak, osasun argira iritsi baino lehen, hainbat proba gainditu beharko ditu: uraren mehatxua eta indarra menperatu (Mattiek Little Blackierekin batera erreka harrotua igarotzea lortzen du); leizezuloko azpimundu hilgarriari aurrez aurre begiratu (Tom Chaneyri tiro egin ostean horrelako batean jausiko da atzez); suge satanikoaren pozoiagatik gaixotu; gaua zeharkatu… Horiek osatuko dute, besteak beste, Mattieren gurutze-bidea.
Ados zaude interpretazio honekin? Zergatik?
2-Esan bezala, iniziazioan ohikoa izaten da ura, trantsizio-bidea uraren bitartez egitea. Bataioaren zeregina, adibidez, kristaua jatorrizko bekatutik garbitzea eta askatzea da. Cogburn Mattierenganako begirunea sentitzen hasiko da ikustean gai dela bera bakarrik zaldiz ur biziak dauzkan erreka zeharkatzeko. Ordu arte ez du serio hartu. Bat zatoz?
3-Ezagutza-prozesu horretan, Mattiek ezinbesteko laguntzaile izango du Cogburn. Nietzscheren aholkua: ez bazaizu zure aita gustatzen aukeratu beste bat; aita hiltzen bazaizu, edo bestelako arrazoiengatik aitaren falta baduzu, asmatu edo sortu beste bat. Mattieri aita hil diote eta filmak erakusten du psikologian funtsezkoa den gertakizun bat: transferentzia. Aita biologikoa hil zaio eta geldika-geldika Cogburn mariskal begi-bakarrarengana bideratuko ditu aitari dagozkion sentimendu anbibalenteak.
Aitaren pistola heredatua eskuetan hartzean benetan hunkituko da. Aita berria bereziki trebea da pistola erabiltzeko orduan, zahartzen ari den arren. Gainera, pentsa liteke Cogburnen zigarretak biltzeko duen trebetasuna aitarenak prestatzen landu zuela eta berez eta segituan igaroko dela aitarenak biltzetik alguazilarenak biltzera. Gero sortuko dira trabak, Mattiek gogoan duen aitaren etika eta Cogburnena ez datozelako bat.
Dena den, lotuta daude Mattiek ez ezagutzetik ezagutzera egingo duen iniziazio-bidaia eta maisu desastroso eta azkenik salbatzaile izango duen Cogburnenganako transferentzia-prozesua. Cogburnek badu seme bat, Horace, baina izango ez balu bezala, ez dute harremanik; eta pixkanaka alabatzat hartuko du Mattie, babestu eta salbatu egingo du.
Zuk ere sumatu duzu Cogburn aitaren ordezko bilakatze hori Mattierentzat, eta Mattie Cogburnen alaba?
4-Ipuin tradizionaletako beste ezaugarri bat: Hanselek harrixkak eta ogi-apurrak edota Erpurutxok ogi-apurrak bezala, Cogburnek botila hutsak utziko ditu basoko zuhaitzetako adarretan zintzilik, itzulerako bidea seinalatu eta ez galtzeko. Zertan bereizten dira Hansel eta Cogburn? Eta zertan harrixken eta ogi-apurren funtzioa eta botila hutsena?
5-Fort Smithen badaude legeak, sarritan betetzen ez badira ere; behin-behinekoak dira, hauskorrak. Chaneyren bila indiarren naziora joan beharko dute ordea, lurralde basati legebakora (gerora Oklahoma izango zena).
Bestalde, Cogburn legearen agente bat da, baina baita mozkor hiltzaile bat ere; haren jokabideak beti zuzenak ez diren arren, badu hala ere kode etiko partikular bat. Harentzat erosoa litzateke Mattie gaizkileen esku uztea, baina neska salbatzen ahalegintzera itzuliko da, bere bizia arriskuan jarri beharko badu ere. Prest dago bere odola Mattieren alde emateko, bere bizitzaren gainetik ipiniko du Mattierena. Zein litzateke Cogburnen balio etiko nagusia? Gertu egote hori bere bizitza sakrifikatzeko, bera baino indartsuago, zintzoago eta bizkorrago datorrenaren alde? Fideltasuna beharbada, emandako hitzari eustea?
6-Mattieren asmoa da Tom Chaney hiltzea baldin eta Justiziak ez badu egiten. LaBoeufek eta Cogburnek bi bider abandonatuko dute Mattie, honen aitaren hiltzailearen bilaketan. Hain zuzen, bigarren aldiz neska abandonatzea erabakitzen dutenean agertuko da Tom Chaney. Neskak erakutsiko du prest dagoela Chaney hiltzeko. Psikologikoki ulergarria den arren, etikoki zuzena iruditzen zaizu? Zer gertatuko litzateke legea eta legearen aplikazioa nahikotzat jotzen ez duen jende guztiak justizia bere esku hartuko balu? Desobeditzearen eta legea beti eta nonahi betetzearen dialektikan, uko egin beharko genioke apika edozein irizpide unibertsali?
7-Amerikako Estatu Batuak bertan bizi ziren indiarren genozidioaren gainean eraiki da. True Grit-en bi aldiz ageri dira indiarrak: filmaren hasieran hiru lagun urkatu behar dituzte: zuriak eta beltzak urkatuak izan aurretik hitz batzuk esaten dituzte ikusleen aurrean; aldiz, indiarra hizketan hasi bezain laster urkatuko dute, ez diote utziko; berehala hil behar badute ere, azkeneko hitz horiek ere ukatuko dizkiote.
Gero, Chaneyren bila doazela, txabolaren kanpoaldean bi ume indiar daude eta, aurretik inongo probokazio ez elkarrizketa izan ez duten arren, Cogburnek portxetik lurrera botako ditu ostikadaka.
Zer iruditzen zaizu Europarrok kolonizatutako herri eta jendearekin erabili izan dugun jarrera?
8-Ez soilik AEB, historiako zibilizazio guztiak eraiki dira biolentziaren gainean. Batetik, esan bezala, AEBak indioen genozidioa du oinarri. Bestalde, Cogburn mariskalak AEBen sortzean berebiziko garrantzia izan zuten pioneroak ordezkatzen ditu; eta Mattiek, berriz, pioneroen ostean etorri ziren kolonizatzaile merkatari puritanoak. Bi figura horiek erabakigarriak izan ziren mendebaldea gobernatzen duen AEB egikaritzeko orduan. Biolentziak bien gorputzetan utzi ditu aztarnak: Cogburn begibakarra da, eta Mattie besobakarra. Bai ala ez?
9-Bai Cogburnek eta bai LaBoeufek gizon gogortzat dute beren burua, bi matxoman dira, eta hortaz erdi naturala dirudi beren arteko lehiak: zu baino hobea naiz pistolarekin, zurea baino interesgarriagoa da nire bizitza… Lehia hori, edonola ere, ez al du Mattieren presentziak areagotzen? Ez al diete umekeriazko norgehiagoka horiei ekiten, neurri batean, Mattieren mirespena nork erakarriko? Edo berdintsua litzateke zure ustez Mattie gabe ere?
10-LaBoeufen eta Cogburnen arteko lehia horren aitzakietako bat AEBeko gerra zibila da. Sezesio-gerraren oihartzunak bizirik daude oraindik, eta Cogburn eta LaBoeuf, bi-biak konfederatuak izan ziren arren, elkarren etsai ziren azpitaldeetako kideak ziren, Cogburn gerrillari-talde batekoa eta LaBoeuf armada ofizialekoa; nolabait esateko, Cogburn ETAkoa eta LaBoeuf ertzaina. Konfederatuen ala unionisten alde egingo zenuke AEBetako gerra zibilean? Zergatik?
Hemen daukazu gerra hura barrutik bizi izan zuen galtzaile baten ikuspuntua darabilen kanta eder bat, The Night They Drove Old Dixie Down.
11-Jendetza erakarri izan dute beti exekuzio publikoek: urkatzeak, gillotinak… Angiolillori Cánovas hiltzeagatik Bergaran garrotea sartu ziotenean, Euskal Herriko edozein muturretako baserritarrak oinez joan ziren mendiz mendi exekuzioa ikustera. Kondenatua aulki elektrikoan nola hiltzen duten telebistatik botatzen dutenean ere, audientzia ikaragarri igotzen da. Zeuk ere erakarmen hori sentitzen duzu? Jendeari berdin litzaioke erakargarria exekuzio publikoa hildakoa gaizkilea ez balitz ere?
12-Infernu iluna, bizitzaren jatorri biolentoa edo amaren altzoa irudika lezakeen leizezuloan erori eta suge biblikoak pozoia sartuko dio Mattieri. Inoiz baino hurbilago izango du neskak orduan heriotza, baina Little Blackiek eta Cogburnek salbatuko dute. Mattie salbatzeko, haatik, beharrezkoa izango da zaldi maitea hiltzea.
Hegelen ustez, pertsona izatera iritsi eta izpirituaren txinparta pizteko biologia sakrifikatu behar izaten da, edo prest egon behar duzu behintzat bizitza arriskatzeko, animaliatasun inozentea galtzeko, gorputza hiltzeko.
Biologiari nagusitzeko bezain ausarta denak nagusi gisa bizitzea merezi du; aldiz, beldurragatik gai ez dena bere bizitza arriskuan jartzeko ez da izango langile arrunt bat baizik, inoiz ez behar bezalako buruzagi bat. Bat zatoz Hegelekin, soilik heriotza fisikoari aurre egiteak ahalbidetzen du gizatasunera jauzia, izpiritua piztea? Ala izan zaitezke goitik beherako izpiritu eta pertsona zure animaliatasuna salbatu nahi izan arren, edo koldarra izanik, edota heroitasunik gabeko bizimodu arrunt eta eroso batean? Badago biologiaren menpe legokeen giza askatasunik?
13-Jipoiak gorabehera, eragotzitako maitasun-harreman bat da LaBoeuf eta Mattieren artekoa? Zuzena iruditzen zaizu Cogburn-aita sinbolikoa eta LaBoeuf-senar sinbolikoa eskema?