Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Amazon Video eta PNVko aldeanoak

Markos Zapiain 2020/11/22 16:50

Jeltzaleek Madrilgo botere politikoa popularrei kendu eta sozialistei ematea erabaki zutenean, lerroburu hau jarri zion José Antonio Zarzalejos kazetariak bere iruzkinari, zuzentzen duen El Confidencial-en:

El PNV y la victoria de los aldeanos en la moción de censura.

Horrela bukatu zuen artikulua:

"El 'aldeanismo' (propio del EBB) es casi una filosofía de comportamiento que se refleja muy bien en una canción bilbaína (“El aldeano tiro la piedra y no la encontró”). Consulten Google y se lo explicarán."

Zarzalejosek bultzatu du Amazon Videon arrakasta handia izaten ari den El desafío: ETA miniseriea. Torturatzeagatik zigortutako Manuel Sánchez Corbí guardia zibilaren liburu batean dago oinarritua: Historia de un desafío.

Ez dago esan beharrik ikuskizun objektibo bezain alaia dela.

 

Chomskyk Pettiren azken diskoa goraipatu du

Markos Zapiain 2020/11/14 11:30
Manipulazio estrategiak lanagatik Petti eta Harkaitz Cano zoriondu ditu. Canoren letrei buruz idatzi du "very quotable" direla

Chomskyren gogoetetan oinarrituta, Sylvain Timsitek Manipulazio mediatikoaren hamar estrategiak osatu zuen. Estrategia horietako bakoitza kantu bana bihurtu dute Pettik eta Canok, eta Manipulazio estrategiak diskoan bildu dituzte. Chomskyri berari bidali eta erantzunean jaso dute laudorioa. 

Ezetz asmatu bertso hauen artean zein goraipatu dituen bereziki hizkuntzalariak?

 

1-Zenbat damu, hainbat amu.

Egia bihar jakingo dugu.

---

2-Poxpoloak ahaztu du nola erraten den su.

---

3-Ispilu ispilutxo, erreinuko ergelen,

Atleta naizela dio, eta naiz buru-herren.

---

4-Errua errun duen oiloa zara:

Zure errua, zure pozoia, zure bazka.

 

Maldan behera zoaz, erruberari bultzaka;

erru ezberdina da erru bera. 

 

Erruak dakar erru-dantza;

erruak soilik du erruaren antza.

Zer izan zen lehenago, errua edo arrautza? 

 ------  

5-Txutxu-mutxu ziztrinena notizia bihurtua,

bihotzeko albisteei gibeletik lotua.

Euli baten hegadak  nau  hagitz distraitu,

moda, sona, txorimalo eta freakyen maisu. 

 

Saten traje baten bila  dabil Satan kaikua...

“Nork nori eman dion, badakizu muxua,

Lolita probokatzaile, ala haren maisuak?”

Ergelen gelan sartzeko jakin beharrekoa. 

-------

6-Zeure begia, haien zizare;

hor geldirik, zeren zain zaude?

 

Pantailen lohian sartuta ez da mundua,

baizik zingira hatz puntetan duzuna. 

--------

7-Izenik ez daukan kezka ez da benetakoa,

izenik ez daukan kezka ez baita arazoa.  

 

Zinezko kezkei izena kentzea da gakoa,

sortu nahi diren arazoz betetzeko auzoa. 

-----

8-Ergelen gela, guztietan goxoena;

berogailua etxe osoan barrena. 

 

Ergelen gelan giro fahrenheit epela.

Elkarrizketa halaxe da: zozoa gozo,

belea zuri, txepetxa beti txepela.  

------

9-Zaldia izan arren, zabiltza asto lanean...

Otsoen gizona eta depresioa

Markos Zapiain 2020/11/10 11:44

Otsoa joan den mendeko ametsik esanguratsuenetako baten funtsa da.
Sergei Pankejeff amesgileari “otsoen gizona” deitzen zaio. Berak ere, telefonoa hartzen zuelarik, “otsoen gizona naiz, bai, esan” agurtzen zuen. Eta bere autobiografiari “Otsoen gizonaren oroitzapenak” izenburua jarri zion.

Sergeik arreba bat zuen, bi urte nagusiagoa. Arreba hori zen aitaren ideala: inteligentea, aktiboa. Sergei berriz geldoa zen, pasiboa, laburragoa. Garai hartako aurreiritzien ildotik, jendeak zioen neskak zirudiela mutila, ahalmen intelektualengatik, ekimenagatik eta izaeragatik; Sergeik berriz neskatxa, otzantasunagatik, pasibotasunagatik.

Behin batean, gurasoak arrebarekin oporretara joan eta Sergei inudearekin bakarrik utzi zuten. Ezin hobeto konpondu ziren, kariño handia hartu zion Sergeik inudeari. Gurasoak bigarren bidaia batera joan eta Sergei arrebarekin, inudearekin eta institutriz ingeles batekin utzi zuten. Bigarren bidaiatik itzuli zirenean, semea erabat aldatuta aurkitu zuten: apetatsu, kaskagogor, desafioka. Kanpoan zirela, gatazka piztu zen Sergeik ikaragarri maite zuen inudearen eta institutriz ingelesaren artean, eta gorroto handia hartu zion Sergeik institutrizari. Freuden ustez, arrebaren aurkako gorroto inkontzientearen desplazamendua zen hura.

Freudek Sergeiren amets biren berri ematen digu.

Lehen ametsean, Sergeik arrebari arropa erantzi eta seduzitzen du. Aktiboa eta maskulinoa da Sergeiren jarrera.

Freuden interpretazioaren arabera, benetako bizitzan arreba izan zen Sergei seduzitu zuena; sedukzio errealean arreba aktibo, Sergei pasibo. Hori izango da Sergeiren bizitzan lehenbiziko gertaera traumatikoa. Eta arrebaren aurkako gorrotoa, bera pasibotasunera behartzeagatik sortuko da.

Bigarren gertaera traumatikoa: Sergeik 15 urte zituelarik, arrebak, bi urte
nagusiagoa, eldarnio baten ostean bere buruaz beste egin zuen. Biziki
mingarria izan zen dena: arrebak suizidatzeko pozoia irentsi zuen, egarri
izugarria eragin zion, errekara joan zen zoro lez ura edatera eta itota hil zen.

Handik bi urtera, Sergeiren aitak ere bere burua hil zuen. Gainera, garai hartan berean, Sergeiri, prostituta batekin izan zuen harremanaren ondorioz, gonorrea sortu zitzaion. Depresioan erori eta klinikaz klinika ibili zen.

Bizitza aurrera doa eta Sergeiren jarrera femeninoak jarraitzen du nagusi izaten, aitak arreba aukeratu izana oinarri. Nolabait, aitak bigarren mailara baztertu izanak behartzen du Sergei jarrera femeninoa hartzera.

Dena den, Sergeik erresistentzia erakusten du aitak kokatzen duen jarrera femeninoaren aurka, askatu nahi du aitak ezartzen duen pasibotasun horretatik, baina ezin. Inoiz ez du barne borroka hori gaindituko.

Lau urte zituen Sergeik, izena eman zion ametsa egin zuenean.
Ametsa Sergeik berak kontatua, hitzez hitz: "nire ohean nengoen, gauez. Parez pare nuen leihoa, errealitatean bezala. Supituki leihoa ireki egin zen, itxuraz berez, eta zeharo izutu nintzen: lorategiko intxaurrondo handiko adarretan sei-zazpi otso zuri zeuden eserita, niri tinki so. Zuriak ziren eta otsoarena baino antz handiagoa zuten azeriarena edo artzain-zakurrarena, azeriaren buztan handia baitzuten eta belarri tenteak. Erabat larriturik, beldurturik otsoek jango nindutelakoan, garrasika hasi eta esnatu nintzen."

Sergeik ez zuen benetako otsorik ikusia; hala ere, ametsaren erruz, fobia hartuko zien. Otsoen irudiak ikuste hutsaren ondoriozkoa da ametsa eta bilakatuko da Sergei otsofobiko. Freuden iritziz, Hans txikiari fobia eragiten zion zaldia aita zen bezala, Sergeiren otsoa ere aita izango da. Otsoek jango ote duten ikara, aitak zikiratua eta suntsitua izateko arriskuak eraginikoa da.

Ametsa aztertu ahala, hauxe nabarmendu zen: Sergei hamazortzi hilabeteko umea zelarik sehaskan zetzan uda arratsalde bero batean, siesta orduan. Esnatu eta gurasoak larrutan ikusi zituen, aita belauniko eta ama lau hankatan.

Otsoen zuritasuna gurasoen kamisoien oihalari dagokio, belarri tenteak eta otsoen buztan larderiatsua, berriz, esan gabe doa.

Freuden interpretazioaren arabera, ametsean Sergeik amaren jarreran ikusten du bere burua identifikaturik: aita aktiboak maitatua. Baina aldi berean aitarekin ere identifikatzen da: ama lau hankatan dagoen bitartean, aita zutik dago, eta horri dagokio otsoen jarrera zutak; eta otsoen buztan eta belarri tenteek ere Sergeiren falogabetze eta feminizatzearen konpentsazioa adierazten dute.

Ametsaren edukietatik tiratuz, asoziazioei esker, nabarmendu zen Sergei umeak amaren alua ikusi eta kastrazioaren ondoriozko zauri gisa interpretatu zuela.

Ametsetan ohikoak diren alderantzikatzeak era ageri dira: ametsean otsoek berari begiratzen badiote tinko, horrek esan nahi du errealitatean Sergeik iltzatu zuela begirada gurasoengan.

Eta otsoak geldi-geldirik ageri badira ametsean, alderantzikatzeak erakutsiko du benetan gurasoek arratsalde hartan mugimendu handia izan zutela, hortxe ikasi zuela nolakoa den guraso zaharren mugimendua.

Otsoen ametsak Freud ideia baten arrastoan jarri zuen, gerora
eztabaidaezintzat joko zuena: txikitan guztiok ikusi ditugu gurasoak txortan, edo horman zehar entzun bederen eta irudikatu.

Otsoen gizonaren gisara, inork ez dugu unean bertan jakin zer gertatzen ari zen. Freudek uste du gurasoen gorputzen jarrerak eta egiten dituzten hotsak kontuan hartuta, umeak ia beti aitak ama hil nahi duela ondorioztatzen duela.

Ezin hori ordea bere horretan onartu, gogorregi zaio, pairagaitz, arima arrakalatuko ote dion, eta bere burua babestearren gurasoen irudi hori inkontzientera bidaliko du.

Inkontzientea antzeko irudi, sentimendu eta gertaera jasangaitzez beterik omen dugu, atezuan beti, kontzientera jauzi egin ahal izateko edozein aukeraren zain.

Eta ametsa da Freuden ustez aukera nagusia, gurasoak otso bilakatzen
zaizkigun agertokia.

Amak Sergei lasaitzeko asmoz Biblia irakurrarazi zion, baina kontrako efektua erdietsi zuen, Sergei Jesukristoren jarrera otzanaren aurka matxinatuko baitzen: beste masaila ipini, etsaia maitatu, gurutziltzatua izatearen onarpena… oro har, ahuldade hori gaizki iruditu zitzaion otsoen gizonari. Sergeik bere otzantasun ahula proiektatu zuen Jesukristorengan, eta bera pasibotasun hori gainditu nahian dabilen bitartean Jesusek goitik behera mamitzen duela ikusteak amorratuko du. Sergei ere abenduaren 25ean jaio zen.

Hil arte luzatuko da Sergeiren barne borroka, bere alde homosexualaren eta aitarekin identifikatzearen ondoriozko aktibotasunaren artean. Heterosexuala zen. Bera zaintzeko beti aukeratu zituen andreak, amatxo erizainak; hori bai, kultur eta ekonomia maila baxukoak, bere nagusitasuna garbi gera zedin.

Whiskey

Markos Zapiain 2020/10/26 20:30

Aurreko gau batean, Telmoren tabernan nintzela, hartz bat sartu eta esan zuen: "Eman whiskey bat... eta soda."

"Nondik nora pausa luze hori?", galdetu zuen tabernariak.

Hartzak bizkarra altxatu eta erantzun zuen: "Ez dakit, horrelakoxea jaio nintzen."

Lady Gagak kontatu omen zion pasadizo hori Bob Dylani.

Horrelako beste asko, whiskeyaren inguruko Bob Dylanen Theme Time Radio Hour txinpartatsuan.

Arratoien gizona eta neurosi obsesiboa

Markos Zapiain 2020/10/20 20:40
Catherine Clémenten laguntzaz, Freuden bost kasu ospetsuen berri emango dut hemen pixkanaka: Dora eta histeria, Arratoien gizona eta neurosi obsesiboa, Otsoen gizona eta depresioa, Hans txikia eta fobia, Schreber presidentea eta paranoia

Esaten da erlijioa, sexua eta eskatologia direla tabua gordetzen duten hiru eremuak. Tabu politiko-ideologikorik, hortaz, definizioaren arabera, ez dago. Politika eta ideologia baldin badaude, ez dugu taburik. Eta tabua ageri delarik, ez dago ez politikarik ez ideologiarik.

Ideologia eta politika tabu bilaka litezke ez ideologia eta politika diren heinean, baizik erlijioari edo heriotzari dagokienez ondorio gogorrak eragin dituztelako. Mahomari edo Auschwitzi barre egitea ez da tabu politiko-ideologikoren bat haustea. Erlijioari eta heriotzari loturiko tabuak hautsi dira hor.

Horregatik, gaur egun ez dugu tabu afektiboa besterik. Nik dakidala, artisten artean, ustezko tabu-haustea tradizio aspergarri bilakatu da. Eta tabu politikorik ez dago.

Ondorioz, tabu afektiboak gelditzen zaizkigu. Eta horiek oso erlatiboak dira, eta partikularrak, norberaren sekretuei edo oinarrizko mamu zapalduari lotuak.

Barnebiltzen duten sentimendu-korapiloa oso gogorra eta beroa denez, irudi eta oroitzapen horiek osatzen duten tabua aipatze hutsak eritasuna, ezusteko erantzun bortitza edo heriotza bera ere ekar liezaguke.

Freudentzat, ezaugarri askotan bat datoz neurotikoaren obsesioa eta tabua.

Freudek 1907an hartu zuen Ernst Lanzer, ezagunagoa zaiguna Freudek eman zion ezizenaren bidez: arratoien gizona. Psikoanalisia bederatzi hilabete eta erdiz luzatu zen. Lanzerrek, tratamenduan zehar, zakarki eta lizunki iraindu zituen Freud eta honen emazte Martha eta alaba Anna. Terapeutak hartzen jakin zuen; horretarako ordaintzen omen diete.

Lanzer gizon zahar samar baten eta emakume gazte baten semea da, eta sentimendu deigarriak dauzka gurasoengana. Aita adoratu egiten du; aldiz, ama ez du batere maite. Kiratsa omen dario, bai sexu aldean, eta bai hesteetako eritasun baten ondorioz. Inkontzienteak, usaimen fina izaki, gorroto ditu usain txarrak.

Freudengana kontsultara datorrenerako, Lanzerrek entzuna du psikoanalisiaz zerbait. Ideia obsesiboak jasaten dituelako dator. Zeharo obsesionaturik dabil, ezer txarrik gertatuko ote zaien biziki maite dituen bere aitari eta bere ametsetako damari. Aitaren edo maitearen heriotzak obsesionatzen dute; baita bere burua mutilatzeko beldurrak ere; eta baten bat hiltzeko irrikak.

Freuden ideiak ezagunak dituenez, Lanzerrek berehala azaltzen dizkio haurtzaroko sexu-oroitzapenak. Sentsualak dira oroitzapenok: begiz jo eta zelatatu egiten zituen neskame biluziak, hauen kamisoien barruan sartu eta aluak laztantzen zizkien. Utzi egiten zioten. Era berean, hurbildik eta bero behatzen zion arreba nagusiari.

Sexualitatea oso txikitan piztu zitzaion, beraz; ikusteko plazerari loturiko sexualitatea. Ordea, berehala uztartu zitzaion ikara obsesibo bat. Zehazki hauxe: “Baldin neska bat biluzik ikusi nahi badut, aita hilko da.”

Tratamendu psikoanalitikoaren bidez oroituko da soldaduskan kapitain batek txinatarrek erabiliriko zigor baten berri eman ziola, hots, ipurdian arratoiez beteriko ontzi bat lotzea, halako eraz non arratoiek uzkitik sartzea baitute ibilbide bakar. Lanzerrek, hau entzun orduko, arratoiez beteriko ontzia bere aitari eta ametsetako damari aplikatzen zietela otu zitzaion. Eta, Freuden adierazpen jenial horietako batek dioenez, tabuari perfektuki egoki lekiokeena, Lanzerrek “bazenik ere uste ez zuen plazer mota baten aurreko izu-ikara” sentitu zuen.  

Halako batean, Lanzerrek, aitaz bizirik balitz bezala mintzatua zena ordu arte, agonia luze baten ondoren hil zitzaiola aitortuko dio Freudi. Semeak arduraz eta goxo zaindu zuen; azken hatsaren uneak, ordea, lotan harrapatu zuen Ernst Lanzer, eta ez dio bere buruari makalaldi hori barkatu. Lurperatzera halako presaz joan zen lasterka, “putre” ezizena jarri baitzioten, eta arau antzeko bat eman zion bere buruari: pentsamendu erotikorik ez izatea, aita berriro hilko zaion beldurrez. Hala ere, arratoiak uzkitik doazeneko torturaren berri eduki zuenez geroztik, aitari eta maiteari aplikatuta irudikatu izan du behin eta berriz.

Ikara eta gozamena sentipen bakar batean bildurik dauzkagu. Hau da Lanzerrengan ezartzen den pentsamenduetako bat: “Orgasmo baten truke, merezi du aita hiltzea”. Psikoanalisian, geldika-geldika, aita benetan izan zen bezala ageri da, hil osteko idealizaziotik urruti. Ernsten aita Spielratte bat izan zen; alemanez “joko-arratoia”. Bestela esanda, jokalaria, ludopata. Ez oso luzaro, egia da, baina bai aski semearengan txertatzeko zor errealak edo ikusgaitzak ordaintzeko grina itsua.

Freuden ekuazioaren arabera, arratoia zakila da eta aldi berean aita. Ernst Lanzerren neurosi obsesiboak ezkutatu eta adierazi egiten omen du aitak popatik eman diezaion nahi duela.

Behin desira ordu arte zapaldu hori arratoien gizonaren kontzientziara ekarrita, Freudek ziurtatzen du azkenik sendatu egin zituela Ernst eta uzkian zeraman putrea. Ernstek ez omen zuen ideia obsesibo gehiagorik pairatu eta lehen Mundu Gerran hil zen, frontean. Hori da Freuden jarraitzaileen bertsioa, sendaketarena. Ostera, Jungek, “Psikoanalisiaren liburu beltza”ren egileek eta Onfrayk ez dute sinesten, eta arrazoi sendoak dituzte. 

Dora eta histeria

Markos Zapiain 2020/10/18 17:50
Catherine Clément-en "Inkontzientearen iraultzak: arimako eritasunen historia eta geografia"tik egokitua

Freud gizona zen. Gizonak ez dira fidagarriak, batez ere gizon batek neska bat psikoanalizatzen duenean. Beraz, Doraren kasuaren berri ematen duen Freuden testuaz gain, hemen Catherine Clément adituaren oharrak ere kontuan hartuko ditugu, Freuden ikuspuntuak erlatibizatzen baititu, Doraren jarreren mesedetan.

Dora gazte histeriko bat zen. Freuden tratamenduak ezin izan zuen Dora sendatu. Garai hartan, gaur egungo deontologia psikoanalitikoaren oinarriak ez zeuden ezarririk, eta Freudek adiskide paziente baten alaba psikoanalizatzea onartu zuen. Gizonak, Philip Bauer-ek, sifilisa zuelako jo zuen Freuden kontsultara. Freudek larregi ezagutzen zuen Bauer. Orobat honen alaba Ida. “Histeria kasu baten analisiaren atal bat” idazkian Idari Dora deitu zion.

Bauer jauna ezabaturiko emazte baten senarra zen. Freudek krudelki deskribatzen du haren “etxekoamorante psikosia”: etxeko altzariak, zola, hormak, hainbeste garbitu, distirak azkenik eguneroko erabilerarako ezgai uzten baititu. Bauer jaunak maitale bat du, K. anderea. Honek Bauer, gaixoaldi sifilitikoan, debozioz jagon du. K. anderearen senarrari dagokionez, Dora seduzitu nahi du. Dorak hamalau urte zituenean, lizunki besarkatu eta ezpainetan musu eman zion. Dorak, Freudengana doalarik, 17 urte ditu. Sintoma txiki bat pairatzen du, eztul nerbioso bat, ezin duena gainetik kendu. Nahiago ditu emakumeentzako hitzaldiak eta ikasketa serioak ohiko denborapasak baino. Ez da inondik inora neska inozo bat.

Aurreko urtean, aintzira baten ertzean, K. jauna berriro saiatu da Dora seduzitzen. Eta bere hurbilketak hobeki onar ditzan asmoz, esaldi klasiko hau botako dio: “Nire emaztea ez da ezer niretzat”. Erantzun gisa, Dorak masaileko bortitz bat joko dio eta guztia amari kontatuko dio.

Amak, Bauer andreak, etxekoamorante ezabatuak, bere aldetik, senarrari kontatuko dio. Bauer jaunak K.ri azalpenak exijituko dizkio, adarrak ipintzen dizkion K. jaunari hain zuzen. Sumindura hipokrita batez, K. jaunak Dora sexu-obsesutzat salatuko du. Eta Bauer jaunak bat egingo du alabaren aurkako salaketarekin. Soluzioa: Bauerrek Dora Freud adiskidearengana bidaliko du. Dora nerabea goitik behera ohartu da inguruko helduen maitasun-trapitxeoez. Baina Freudek, Doraren gurasoen belaunaldiko kide, ez daki horretaz ezer, eta ez du jakin gura. Guztiz gertu dago K. eta Bauer jaunen salaketak onartzeko: oroz lehen, neska guztiak dira biziotsu hutsak. Freudek ez zuen hori hitzez hitz idatzi, baina C. Clément andereak garbi nabaritu dio lerroartean.

Freudek ez daki deus Bauer jaunaren eta K. andrearen arteko harremanaz. Freudek Dora K. bikotea gorrotatzera bultzatu zukeen trauma urruna bilatzen du; trauma horren ondorioz maiteminduta genuke Dora, K. jaunarenganako maitasun erreprimitu batez. Freuden ustez, Dorak sentitzen duen nazka, sexu-beroaldi zapaldu bat da funtsean. Histerikoari, definizioz, sexu-kitzikadura desatsegina zaio. Ziur da Freud honi dagokionez: Dorak, seduzitu nahi duen gizonari masaileko bat joz, neska eszitatu bat dela adierazi du, ohartzeke. Ohartzeke halaber, Freudek ganoraz lagunduko dio Bauer lagunari honen asmo sekretuan: alaba Dora K. jaunaren besoetara bultzatzea, eta Freudek lor dezan Dorak onartzea bere aitak, Bauer jaunak, amorante bat duela.  

Dora, K. jaunaz amorosturik? Hemen, dirudienez, Freudek hanka sartu zuen. Dorak eskubide osoa du mesfidatzeko K. jaunaren altzora bultzatuko lukeen negozio horretaz, Doraren aitak K. andereaz gozatuko zukeen bitartean.

Denbora luzea beharko du Freudek ulertzeko Dorak egia dioela; eta luzeagoa oraindik atzemateko Dora gogorki erakartzen duela ez K. jaunak (masailekoa hortaz benetakoa zen), baizik eta K. andereak.

Bai, K. anderea, bere aitaren amorantea. Dorak maiteminduaren ohiko goxotasunaz deskribatuko du haren “azal zuri maitagarria”. Bestalde, Bauer jaunak ezin du gauza handirik egin, inpotente gelditu baita. Hain emakume xarmanta eta inork ez du gozatzen: ez senarrak, zeinarentzat ez baita deus, ez maitaleak, ezin baitu. Dena den, Dorak imajinatzen du bere aitaren eta K. anderearen arteko sexu harremana ahozkoa dela, K. andereak felazioak egiten dizkiola. Eta hortik datoz eztarriko arazoak, eztula eta afonia. Sintoma histerikoa eta sexu oinarriaren berezitasunak lotuta daude. 

Edonola ere, poliki-poliki Dora K. jaunarekin identifikatu da; baina gaztearen nahia ez da honen sedukzio ahaleginak onartzea, baizik emazteari dagozkionetan K. ordeztea. Ez da egia masailekoaren arrazoia K. jaunarenganako Doraren maitasun zapaldua dela. Arrazoia K.ren lotsagabekeriaren aurka altxatzea da, emaztea beretzat ez dela ezer aldarrikatzera ausartzeagatik.

Freudek ez du ulertzen. Boluntarismoz, sutsuki ahaleginduko da Dorak onar dezan K. jaunak erakartzen duela eta K. jauna bere aitaren, Bauer jaunaren, ordezko dela. Adibidez, Dorak amets hau egin du: “Etxe bat sutan. Nire aitak, nire ohe ondoan zutik, esnatu egin nau. Arin janzten naiz. Nire amak bere bitxi-kutxa salbatu nahi du, baina nire aitak dio: ‘Ez naiz nire bi umeekin batera erreko zure bitxi-kutxaren erruz’. Eskailerak ziztu bizian jaitsi ditugu, eta etxetik irteten ari nintzela iratzarri naiz”.

Freudentzat bitxi-kutxa alua da. Dorak erantzungo dio: “Banekien hori esango zenuela”. Freudek bere interpretazioa bikoiztuko du. Aurrena, ametsa alderantzikatu: baldin Dorak amets egiten badu aitak salbatzen duela, horrek adierazten omen du Dorak justu kontrakoa desira duela, aitarekin batera kiskali. Hurrena: gaiztoa, lehiakidea, ama da, bere bitxi-kutxarekin. Dorak eskainiko dio aitari bere bitxi-kutxa, amak ukatzen diona. Doraren kontzientziak ezin du hori onartu, eta ondorioz Dorak aitarengana eta K. jaunarengana sentitzen duen maitasuna zapalduko du.

Dorak uko egingo dio Freuden interpretazio horri. Hain zuzen horrexegatik joko du Freudek interpretazio zuzentzat. Doraren erresistentziek frogatzen omen dute Freudek asmatu duela. Horrela, Freud beti dabil zuzen: arrazoia ematen diozunean, listo; eta arrazoia ukatzen diozunean, ukoak berak frogatuko luke Freudek arrazoi duela, ukoak egia gordinaren aurkako erresistentzia adierazten baitu.

Azken amets baten ostean, 1899ko abenduaren 31n, urte berrirako onurak opa dizkion bitartean, Dorak Freuden kontsultara ez itzultzea erabakiko du, eta eutsi egingo dio.

Freudek beranduegi ulertu du nola erotizatu duen neska gazteak K. anderearen gorputza; orobat, histeriaren osagai homosexual erreprimitua.

Horri guztiari eransten zaio Freuden itsutasuna beraren jarreraren aurrean, berak geroago “kontratransferentzia” izendatuko duena. Freudek inkontzienteki Bauer adiskidearekin bat egin du, Doraren kalterako. Ez du harrapatuko Dora gazte azkarrak Freuden inguruan irun dituen sareen artean bakar bat ere. Dorak Freudengan aldi berean aita, babeslea, seduzitzaile erakargarria eta amorante bat ikusten baitu.

Zenbait urte geroago, Lacanek esango du andre histerikoak maisu bat bilatzen duela, hau menperatu eta honen erregina izateko.

Atea atzean itxita, Dorak Freudi bere mezua utzi dio: ez duzu nire maisua izan nahi, ez nauzu amorante gisa maite? Orduan agur!

Dora ez zen sendatu. Bikote-bizitzan zoritxarreko, eztarria berriro garramatuta eta marrantatua, 1922an psikoanalista bat kontsultatzera itzuliko da. Huts eginiko terapia honen berri on bakarra da Ida Bauer, ezizenez Dora, naziengandik ihes egitea lortu eta AEBen hil zela.

Freud, oso zabala izan arren mugimendu psikoanalitikoan emakumeen zeregina onartzeko orduan, inoiz ezin izan zituen baztertu emakumearen kontrako bere garaiko aurreiritziak. Umeak ohean seduzitzen dituzten aiten eta osaben eta kontu hauen inguruan gezurretan dabiltzan nesken artean, Freudek gizonen alde egin zuen.

Freudentzat, halatan, K. jaunak ezinbestez erakarriko du Dora. Ezinbestekotzat bide du hamalau urteko neska birjina kitzikatzea, baldin eta puruak erretzen dituen gizon heldu batek estu besarkatu eta musukatzen badu. Inor gutxik onartzen du hori gaur egun. Bestalde, Freud, Dora bere maitearen senarrarekin identifikatzen dela ulertzean, “zakilaren bekaizkeriaren” ideia eratzen hasiko da. Freuden ustez, zakilaren inbidiak inkontziente femeninoa sutzen eta irensten du. Feministek sarritan kendu diote mozorroa Freuden misoginia sakonari, eskubide osoz; dena den, 1900 inguruko Vienan, Freud ez zen bere hirikideak baino zuzenagoa edo okerragoa.

Edozelan ere, C. Clémentek uste du hori ez dela Freuden bekaturik larriena, baizik pesimismo hauxe: hain konbentzituta dago Freud histeria ezin dela sendatu, ausartuko baita aldarrikatzera itxaropen terapeutiko bakarra  dela “miseria histerikoa zoritxar arrunt bilakaraztea”.   

 

Txuleta zoriontsuak

Markos Zapiain 2020/10/17 12:40
Bilbokoa izan ez daitekeen metro batean

Adi barrote-hesiaren atzealdeko mutil beltz handiari, poltsa zuri handi bat daukana: emanaldiak liluratuta, berandu iritsi zen lanera, ez da harritzekoa: 

Lucky Chops, 2016ko neguan

Gaur egun, saioa hasi aurretik maskarako kremailera ireki eta amaitzean itxi, arazorik ez.

Bob Dylan orain dela 45 hasi zen jendaurrean musukoaren atzealdetik abesten, Renaldo eta Clara-ren lehenbiziko minutuetan Bob Neuwirth-ekin batera When I Paint My Masterpiece interpretatu zuenean ikus daitekeenez. Egia esateari dagokionez, Dylanen ustez, maskaratuengandik egia entzutea ez da ezinezkoa; aitzitik, maskarabakoak ez du sekula egia esan.  

Koronatua

Markos Zapiain 2020/10/10 10:48
Hiztegi Batuaren hurrengo argitalpenari begira

Gure ikastetxeak 508 ikasle ditu eta dagoeneko 50ek etxean gelditu behar izan dute koronabirusaren erruz. Eri ez izan arren aste pare bat etxean, badaezpada ere, kutsatutako norbaitekin harremana izan dutelako edo, eta atzera Institutura. Bai kutsatutakoen eta bai zer gerta ere etxean konfinatutakoen egoera aipatzeko "koronatua dago" esamoldea erabiltzen dute ikasleek. "Izaro zergatik ez da etorri?" "Koronatua dago." "Beñat ere koronatua?" "Ez, billarrean gelditu da."   

Musukoa pixkanaka erantzi

Markos Zapiain 2020/10/04 13:50
Arazo eta konponbide berriak

Joan den astean nire tutoritzakoek argazki bat ateratzeko eskatu zidaten, taldeko whatsappean jartzeko. Ikastetxe desberdinetatik datoz Botikazarrera, askok ez dute elkar ezagutzen, eta, musukoen erruz, inoiz ez diote ikaskideari aurpegia ikusi.

Argazkia atera baino lehen, gela ondo aireztatu eta musukoa segundo batez eranzteko proposatu nien, argazkian behintzat elkarren aurpegiak ikusi ahal izateko. Aita Santuak ahal badu, hemen Bilbon ez gara ba gutxiago izango. Ikasleek ez zuten nahi izan. Zuhurtziagatik, pentsatu nuen, beldurragatik.

Biharamunean, ordea, uko horretaz hizketan ari ginela, ikasleek esan zidaten ez zela zuhurtziagatik izan, baizik eta lotsagatik. Belarriak, begiak, bekokiak eta ileak iradokitzen dutena ederragoa izaten da errealitatea baino: Gestalt-ak, pertzepzioa ikertzen duen pentsamendu-korronteak, erakutsi digu zatitzat jotzen dugun edozein figura ikusiz gero, berez jotzen dugula osotasuna irudikatzera, eta, hauxe da garrantzitsuena, onerako joera ei du gure pertzepzioak, borondate onez jokatzen du, osotasun hori aiseago edo automatikoago irudikatzen baitu eder itsusi baino.

Bestalde, ikasle batzuek Instagram-en bitartez baino ez dituzte beste batzuk ezagutzen, eta Instagramen, kontrolpean duzunez zer igo eta zer ezkutatu, itxura ahal bezain ederra ematen ahalegintzen zara, Photoshop-a lagun edo bestela.

Batez ere ikaskideen dezepzioa ez eragiteko egin zioten uko musukoa eranzteari. Gero eta konfiantza handiagoa behar da lagun hurkoari ezpain-sudurrak erakusteko. Belo islamdarraren kasuan bezala, ahoa pixkanaka desestaltzeko prozesua erotizatzen ari gara, musukoa eranztea streaptisaren aldaera bat ari da bilakatzen.  

Piszina eta menturaz

Markos Zapiain 2020/09/08 20:00
Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa

Lagun bat suminduta, piszinari “igerileku” deitzeko joeragatik, eta “piszina” ez erabiltzeko Euskaltzaindiaren gomendioagatik. Piszina bereiztearen alde dago laguna, piszina bezain igerileku baitira hondartza, arrokak, erreka... Ez zaio arrazoirik falta.

Zenbait herritan (herri batean bai, gutxienez), haitzetan edo errekan bainatzeko erabiltzen den eremuari igerileku deritzo. Zehazki, ugerleku. Horregatik ez da menturaz kontuan hartuko.

Preseski, André Comte-Sponvillek "Montaigneren hiztegi amodiozkoa"n dakarrenez, Montaignek “à l’aventure” idazten zuen (esaten ere bai, Entseiuak, antza denez, diktatu baitzituen) gaur egun frantsesek “peut-être” erabiliz diotena adierazteko. Euskaraz bizirik daude bai “menturaz” eta bai “litekeena da”. Eduardo Gil Berak “menturaz” ematen du “à l’aventure”.

Ondorio garrantzitsurik atera ote liteke datu jakingarri horietatik, koronabirusaren bolada gaizto honetan? Bai, lehenbailehen jarri behar dela sarean Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa.   

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.