Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Prousten omenez

Prousten omenez

Markos Zapiain 2021/07/10 18:30
Gaur 150 urte Proust jaio zela. Ezin ederragoa, Denbora galduaren bila-ren gaineko Gilles Deleuzeren interpretazioa "Proust eta zeinuak" liburuan.

Luzaro izan zen Prousten Denbora galduaren bila-ko bilaketa oroimenak gorderiko sekretu sakonenen bilaketatzat hartua, harik eta Deleuzek erakutsi zuen arte, 1964ko “Proust eta zeinuak” liburuan, Proust, oroz lehen, egiaren bila dabilela. Emmanuel Macronen maisu Paul Ricoeur-ek, “Denbora eta narrazioa”ren bigarren liburukian, 1984koa, ez zuen Deleuzeren interpretazioa onartu. Eztabaida piztu nahi izan zuen. Ordea, Deleuzerentzat ez dago eztabaidarena baino giro antifilosofikoagorik. Platonen Elkarrizketetan ez omen dago eztabaida bakar bat ere.

Deleuzeren interpretazio ausartaren arabera, Prousten bilaketa etorkizunera dago zuzendua, ez iraganera. Eta Prousten egia ez da razionalismoarena, ez da egia greko klasikoa, borondate onez adostasuna bilatzen duten lagunen arteko elkarrizketan aurkitua, baizik geuk nahi gabe ere indar ezkutu kontrolagaitzek bilatzera bultzatzen gaituzten egia arraroa, esaterako maiteak sufriarazten digun jelosiak. Eta ez darabil ironia sokratiko argia, umore judutar iluna baizik, egia bilatzera beheko pasioek behartzen dituztenena, eta ez goiko Izpiritu Sainduren batek. Proustentzat, askoz ere interesgarriagoa eta sakonagoa da maitaleen arteko harreman isila, maitaleak maitearen enigmak interpretatzeko darabilen suzko tentua, ezen ez lagunen arteko solasa, lagunak hizketan hasi baino lehen ados egoten baitira hitzen esanahiaren inguruan, eta ez dituzte, horrenbestez, zentzu berriak asmatzen. 

Razionalismo klasikoaren arabera, pentsalariak egia berez maiteko luke, eta era librean erabaki duelako abiatuko litzateke haren bila; beraz, benetako egia aurkitzeko, aski luke metodo egokia erabiltzea kanpoko eragin gaiztoak saihestearren, gezurra egia bailitzan agerrarazi eta gogoeta bide okerretik leramaketenak. 

Ostera, Proustek, horrela aurkituriko egiari abstraktu eta arbitrario deritzo, ez baititu aintzat hartzen pentsatzera behartzen gaituzten alde ilun bortitzak. Oldozteko ez da aski borondate ona eta metodoa, egia ez baitzaigu eskaintzen, baizik traizionatzen; ez da desiratua, nahigabekoa baino; eta ez zaigu komunikatzen: interpretatu egin behar dugu. Razionalismoaren egiari, politikan, kontsentsua lantzea eta federalismoa dagokio; Deleuzek, aldiz, desberdintasun librearen sustatzailea izaki, independentziaren alde egiten du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.